ikasleak

09
Ira
2009

Euskaldun berriei hitza

Euskadi Irratian denboraldi berrirako programazioa atontzen dabiltza, eta EITBren asmoen artean guri arreta emateko moduko bat:

Euskadi Irratiak, bere aldetik, hurbileko albistegia egingo du. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako berri gertukoenak bilduko ditu. Horrez gainera, arratsaldero 20:00etan albistegi nagusi bat egingo du. Etxeko txikienek ere euren irratsaioa izango dute igandero, eta Euskaldunberrientzat tarte bat prestatzen ari dira.

Halaxe berretsi digu gaur Rosa Diez Urrestarazu zuzendariak Berrian:

Ikasturte berrian, saiatuko gara irratia euskaldun berriei hurbiltzen. Ea euskara munduan sartzen ari direnak erakar ditzakegun.

Sozialisten programan aipamen lauso bat egon zen, hain zuzen ere. Akaso hau haren ondorioa da:

También habrá de clarificarse el papel que debe jugar la enseñanza del euskera promovida por el Gobierno Vasco a través de EITB e Internet

Programa politikoaren ondorioa bada, gehiago edo bestelakoa ere esperoko genuke euskararen irakaskuntzari begira. Ikaskuntzari zuzendutako saioak edo programazioak beharbada, baina tira, ez da asmo txarra edozelan ere, eta, oro har, euskaldun berriak edo euskara ikasleak euskarazko hedabide guztietara hurreratzeko politikak eta estrategiak (kanpainak baino hobeto, ezta?) garatuz gero hobeto.

Dena dela, hedabideen kontsumoa ("hedabideen erabilera" gustatuko litzaidake gehiago) eta euskaldun berrien asunto hau direla eta, burura etorri zaizkit ideia eta kezka batzuk:

Euskaldun berria terminoarekin datorkit lehenengo zalantza. Termino zabala, oso.

  • Euskara ikasi eta euskaltzale sutsu bilakatu, edo euskaltzale sutsua izanda euskara ikasi duena dugu alde batetik. Eta esango nuke multzo hau euskarazko hedabideen bezero fidela eta debotoa dela dagoeneko, fidelena ere ausartuko nintzateke esatera. Ikus-entzunezkoak, paperezkoak nahiz internetekoak.
  • Bestelakoak ere badira euskaldun berriak dena den. Euskara interes zehatz bategatik (laborala adibidez) ikasi dutenak, eskolan euskaldundutako gazteen belaunaldi berri horietako asko, eta -kontzeptuaren mugak non dauden ondo igarri ezinik- ikas-prozesuaren tarteko mugarriren batean dabiltzanak edo han kateatuta geratu diren heldu asko.

Bistan da azken multzo hau izango dela euskara arlo honetan erabiltzera (ETB1, Hamaika edo GoienaTB ikustea ere euskara erabiltzea da, ezta?) ekartzea zailen suertatuko dena. Zergatik?

Hizkuntza zailtasuna da, eta maila guztietan seguruenik. Hasiera edo Tarteko mailako ikaslearentzat zailtasuna zein den ez dut uste azaldu beharra dagoenik, baina EGAdunarentzat edo maila altua erdietsi duenarentzat ere ohikoa ez duen hizkuntza batean hedabideak jasotzea ez da samurra izaten, euskaldun zahar-peto-betiko askori ez zaie natural-natural egiten filmak euskaraz ikustea adibidez, ezta? Komunikazioaren artearen menperatu beharreko guztiei oztopo hori gehitu behar diete programatzaileek eta profesionalek. Psikologikoa edo soziala izan liteke, linguistikoa baino gehiago askotan, baina hizkuntza-kontua ere bada akabuan.

Euskaldun berriak (esparrua zabaltasun oso-osoan hartua) interes desberdinak izan ditzake hedabide batera hurreratzeko orduan. Bistan da hori, denok ez ditugu albiste, saio edo emanaldi berdinak intereseko eta gogoko. Baina ikas-prozesuan murgilduta dagoenaren kasuan bada interes komun bat: hizkuntza, hizkuntza ikastea eta hizkuntza bera. Ikasten lagunduko dionak piztuko dio interesa duda barik, eta horri gehitzen bazaizkio eduki interesgarriak eta eduki interesgarri horiek interesgarri egiteko trebezia koktel ona aurkituko dugu seguraski.

Hala ere, aspaldian dabil eztabaida erdi-ezkutu bat honen inguruan, ez dakit inoiz inon argi plazaratu den (literaturan bai, uste dut), baina dilema baten muturretan kokatu daiteke: hedabideetako hizkuntza ikasle eta ailegatu berriei begira "egokitu" behar da, ala hizkuntza erabat normalizatua balitz bezala jokatu, hartzaile guztiak jatorrizko hiztun alfabetatu-normalizatuak bailiren alegia?

Alde bien aldeko argudioak topatzen ditut nik neuk egia esanda, baina neurri handi batean aintzat hartu behar da euskaraz egiten dugunon koadrila etengabe dabilela elementu berriak jasotzeko moduan, inguruan ditugu arrimatu guran, eta gurea hizkuntza ikasten ari den herria oraindik ere. Martin Rezolak dioen modura denok ez gara "pixkabatesmucho" koadrilakoak eta erdiko gunea da bihotza duda barik, baina inguruko horiek ere ez dira gutxi, ez horixe, eta merezi dute hitza eurei ere zuzentzea, ezta?

PD: Kontsumoa, hitza zuzentzea, jasotzea... Ez dakit, baina sentsazioa hartu dut hedabideen inguruan komunikazioa norabide bakarrean jarri dudala, bipuntozerismoaren hastapenetatik zabaltzen dabilen kontu bat ahaztuta: komunikazioa norabide bikoa edo norabide ugarikoa da, gero eta gehiago. Beharbada euskaldun berriak / ikasleak erakartzeko giltzarritxo bat daukagu hor: hitza zuzendu ez ezik, eman ere egin beharko zaie.

13
Mar
2009

Hiru bidaia

Korrika 16ren Ongi etorri horren harira euskara ikasle batzuek egin duten bidaia horren berri izan dugu asteotan, Bidaia intimoak dokumentalean adibidez. Asteon Argia aldizkariak ere ekarri dizkigu bidaia batzuen testigantzak. Euskara ikasi duten hiru pertsonarena hain zuzen ere: Hiru bidaia euskarara.

Hiru bidaiari horiek esandako batzuei bueltatxo pare bat eman dizkiet.

Enrike Díaz de Durana gasteiztarra, oftalmologoa lanbidez. Inguru euskaldun batean lanean zebilela, hizkuntzaren bizitasunak eta oposaketak prestatu beharrak ipini zuten bidean. Egunero Zumarragatik Bilboko euskaltegira arrapaladan. Han:

Alde batetik, ondo euskaltegian, baina gelan denbora asko galtzen genuela iruditzen zitzaidan. Etxean ikasten ohituta nago, eta ez eskolan hainbeste ariketa egiten.

Jakin mina geratu zait askotan barruan eta ikasleei behin baino gehiagotan galdetzeko egon naiz. Azkenean ausartu ez, edo erantzun politikoki zuzenegia (ez arduratzeko edo alferrikako tentsiorik ez sortzeko gezurra alegia) emango zidatelakoan hortxe geratu da zalantza. Modulazio luzeak, ordu asko, egunero eta... denbora galtzen ari direla sentitzen dute hauek? Ordu kopurua justifikatzearren ari garela zer eginak ematen pentsatu dute inoiz?

Egiten duten ahalgina ez da makala izaten egia esanda: 1000 ordu inguru egin ditzake ohiko ikasleak bi, hiru edo lau urtetan zehar, egunero. Nekagarria izan behar da "Uste dut zaila dela lan egin eta euskara ikastea, oso zaila". Bidaia hori antolatzeko beste modurik ez dago? Bide beretik luzera berdineko etapak bata bestearen atzetik errepide berdinetik... hori baino ez? Ez saihesbiderik, ez laburbiderik? Beti autobus berdina?

Eta bidaiaren akabuan:

Dakidana erabiltzen saiatzen naiz, baina kosta egiten zait, asko: lotsa ematen dit, okerra besterik ez dut egiten hitz egiterakoan, jabetzen naiz horretaz eta ez dut batere ondo eramaten. Denbora behar izaten dut esaldiak osatzen, pazientzia handia behar du nirekin euskaraz hitz egin nahi duenak: nekagarria naiz!

Bidaia nekagarriaren ostean norbera egin da nekagarri akaso? Lotsa, okerra... Autobide perfektua, ondo seinalizatua, erradarrez betea baino ez ote dugu erakusten? Ez gara inoiz galtzen basoko bidezidorretan? Errebueltaz beteriko errepide komarkalaren xarmak ikaratu egiten gaitu? Potentzia gutxiko autoarekin -edo bizikletan ere bai- kaleartean lasai eta patxadan ere ibil daiteke, ezta?

Mixele Aguerre Bidaia intimoak dokumentalaren protagonistetako bat da, eta Argiakoek ere egin dute berba berarekin.

Kolegioan nintzelarik talde bikain horretan, trukea egin genuen Leitzako ikasle batzuekin. Hara iritsi ginenean, ikustea mundu hori, guk hemen ezagutzen ez genuena, hau da, karrikan jendeak, gazteak, zaharrak, denbora guztian euskaraz... ni harriturik nintzen! Hartan ez nuen halakorik ezagutzen, eta anitz markatu ninduen, biziki oroitzen naiz. Pentsatu genuen guk ere berdin egin beharko genukeela, eta horrela ere euskaraz egitera animatu ginen

Enrikek ere Zumarragako ospitalean euskara bizirik ikusita sentitu zuen akuilua. Motibazioaz berba egiten denean faktore bati daukan garrantzia ematen ez zaiolakoan nago. Bizindar etnolinguistikoa-edo deitzen den hori. Inora joateko bidean jartzeko azken etapa hartako postal politak erakutsi behar dira seguruenik, ez hango pasaportearen zigiluak soilik. Baina hara helduta bidaiariak postalean ikusi duena ez dadila izan dekoratu hutsa edo miseria tapatzen duen monumentu turistiko hutsala.

Azken elkarrizketatua Jose Pérez Maroto leioztarra da, 30 urterekin ikasten hasi eta hor dabil

"Lehenengo eta behin, gustatu egiten zaidalako euskara".

"Eta zergatik ikasi nahi duzu euskara?" galdetu ohi dugu lehenengo egunetan, eta ez dakit erantzun estandar ote den, edo ondo deskribitzen ez dakigun zerbaitetarako formula, baina esango nuke gehien entzun ditudan erantzunetako bat dela, bere sinpletasunean: "gustatzen zait". Zer dago horren atzetik?

Gauza asko seguruenik, ez denak berdinak, baina bai sentimendu positiboa behintzat. Herri hau bidaiari askorentzat erakargarria da oraindik ere. Egia da askorentzat bidaia barik  odisea luzea bihurtzen dela erraz asko, erbesteratzea iritziko dio baten batek igoal, urrunegia, luzeegia, bisa eta tramite askokoa... baina bada era berean Ulisesek bezala Itakako etxea gogoan duenik ere. Eta bai, egia da, Shangri-la baten bila dabiltzan asko ere bai.

Gaurko osteratxo hau amaitzeko, neuretzat misterio apur bat daukan pertsonaia bat, bidean zehar askotan agertzen ei dena:

Oraindik kostatzen zaizu euskaraz jardutea, baina ikasi duzun hori erabiltzen duzu?

Lagunekin bai...

Lagun horien berri izan dut sarritan: "Lagunekin praktikatzen dut", "Beno, lagunekin hitz egiten dut noizean behin", "Euskaraz lagunekin bai, gero lanean ez...". Beti jakin nahi izan dut nor den lagun misteriotsu hori, euskara ikaslearekin euskaraz egiten duena. Ez dakit zergatik baina pertsonaia hori leienda urbanoa dela pentsatzeko joera izaten dut.

Eszeptikoegia naiz? Egia da badirela ikasleen lagunartean, harreman-sare hurbilean, euskara ikasten dabilela jakin eta hizkuntza-ohiturak apurtzera ausartzen diren lagun euskaldunak? Neure esperientziagatik badakit-eta harreman hurbilean hizkuntza berri bati tartea egitea ez dela erraza izaten, are inguruak laguntzen ez badu, baina gauzak bestela badira pozteko motiboa izango litzateke.

Tira, gaitz asko sendatzen omen ditu bidaiak.  Bistan da lagun hauei bideak ez diela batere kalterik ekarri.

Argazkia: Bus. Egilea: Elsie esq. Flickr-en. Lizentzia.

17
Ots
2009

Ikasleak blogari

Blogaren heriotza iragarri eta iragarri dabiltzan sasoi honetan ondo dator blogosferari errepasoa egitea. Eta gure unibertso txiki honi dagokionez, uste dut badagoela azkenotan aipagarri den gauza bat: ikasle blogariak.

Ez euren kopuruagatik, gutxi dira egia esanda, baina ikasleari horrelako edozein ahalegini ekiteko daukan merituaz gainera, blog hauen bizitasuna da aipagarria.

Une honetan hiru dauzkat nik "fitxatuta"

Hiruretan erantzun eta saltsa gutxi irakurleen partez. Blogariok badakigu zein etsigarria izaten den idatzi eta inork "kaixo" batekin ere ez erantzutea. Ikaslea izanda horrelako gauza bati ekiteko behar den gogoa, ilusioa eta adorearekin larriagoa. Ikaslea izanda behar eta bilatzen duzun elkarreragin ditxoso horren falta hain zuzen ere.

Sare sozialak daude gaur egun modan. Baina ahazten zaigu blogak ere sare sozialak ehuntzeko tresnak direla. Eta sare sozialez ari garenean pertsonen sareez ari gara. Gogoetak, kezkak, berriak, zalantzak, ideiak eta  sentipenak hizkuntzaren bidez partekatzen duten pertsonak, komunikazio guneak. Pertsonen arteko konexioak esango lukete aurreratuenek, ez makinen arteko konexioak.

Ikasleak behar du sare soziala hizkuntzan trebatuz joateko, eta internetek eskaini ahal dio sare sozial bat, eta sare sozial horrek zerbait erakargarri eman behar dio pertsonari.

Batzuek nahiago izango dute nabarmentzea eta "famosoa" izatea baino ez dela bilatzen eta interneten inguruko halako mito mediatiko guztiak. Ez da hala izaten nire ustez, baina ez naiz horretan sartuko. 

Pertsona batzuk ahalegintxo bat ari dira egiten, ilusioaz. Ez da edonorentzako ahalegina, ez posiblea edo erakargarria guztientzat, argi dago. Baina ahalegin horrekin batera komunikatzeko eta ikasteko bide posible bat ari dira zabaltzen beste batzuentzat.

Eta, egia esanda, eredu eta laguntza pobrea ematen diegu eredutzat gaituzten irakasleok. Ala ez?

PD. Eredu pobrearena autokritika parte batekin dator.

08
Ots
2009

Beretaren abizena

Bidaia intimoak: trailerra from korrika on Vimeo.

Korrikaren ebentoak hasi direla jakin duzue honez gero, atzo edizio honetarako egin den Bidaia intimoak filma estreinatu zen Bilbon. Lau pertsonak euskara bizi nahi duen herrira egin dituzten bidaiak, ikasleak azken batean. Kontxole! Ea zer dioten, ikasle jendeak dioena entzuteko aukera gutxi eta zineman gutxiago, joan egin beharko da (ez, AEKn ez gaituzte joatera derrigortu, Artezkaritzak ez gaitu hainbeste "arteztu" oraindino).

Dokumentala ei da generoa, protagonistak ez dira pertsonaiak, pertsonak baino. Euren bizipenak kontatzen dizkigute bakoitzaren ibilbidearen mapa moduko bat egiten den bitartean. Euskararekin egin duten ibilbidearen mugarri garrantzitsu bakoitza puntu bat eta izen bat (bide batez, ideia ona begitandu zait ikasleekin egiteko, euskararekin izan duzun harremanaren une inportanteenei izena ipini eta mapa egin. Biografia linguistikoa egiteko modu grafiko eta atsegina nonbait).

Lau istorio beraz, batetik euskara txikitan galdu eta gerora berreskuratu zuten bi lagun: Mixele lapurtarra eta Jesus Mari ermuar-gasteiztarra; bestetik, Euskal Herritik kanpotik etorritako lagun bi: Rami tuareg-a eta Tereixa galiziarra, amodioak eta Ruperren kontzertu batek bertoratuta, hurrenez hurren.

Kanpotik etorri eta euskara ikasten duen jendearen istorioak entzuten-irakurtzen ohitu gara, azken urteotan gehien bat. Inoiz esan dugun legez hedabideetako jendearentzat erakargarriak izaten dira halako kasuak. Tereixa eta Ramirenek hala ere ez dute erakargarritasunik galdu, are gutxiago ibilbidea kontatu duten modura eta eman zaien denbora eta trataera zinematografikoarekin. Atseginez eta freskotasunez ikusi ditut istorioak neuk behintzat.

Euskara txikitan galdu duen jendearena berriz, uste dut orain arte gutxi zabaldu den gaia dela oro har. Nortasuna, hizkuntzen gatazka familian bertan, eskola, ingurua, jarrerak... Transmisioaren etenak familian eragin duen inkomunikazioaren kasu latz bi kontatu dizkigute: Jesus Mariren opor isilak eta Mixeleren amatxirekin mintzatu ezina. Euskararen azken mendeko atzerakadak horrelako asko eta asko ekarri ditu seguruenik: atsekabeak, lotsak, tristurak, haserreak eta saminak... eta erreakzioak ere bai, Mixele eta Jesus Mari horren adibideak dira azken batean, sustraiak galtzeari uko egin dioten pertsonak. Eta sustraiak hitza guztiek aipatu dute. Besteek ikuspegi desberdina eman dute baina: sustraiak non ezarri bilatzen duen nomadarena edo -arbolek ez bezala- erroak, dagoen lekuan dagoela, hazi ahal dituen pertsonarena.

Lau istorio polit azken batean. Maiak, Zapirainek eta besteek eman dieten trataerarekin erakargarri, hunkigarri eta, gehien bat, argigarri izan daitezke hemen hizkuntzarekin zer gertatzen den ulertu nahi duenarentzat.  Honetan gabiltzanoi enpatia eta emozioa piztuko dizkigute gehien bat, urrunagokoari ere bai akaso. Azpitituluak edo bikoizketa komeni dira nire ustez

Ez naiz zinezale amorratua, are gutxiago kritikaria, baina gustatu egin filma. Ideia ona izan dute egileek: pertsonak eurak protagonista izatea (zinema 2.0 deitu beharko zaio honi? :D ). Horrez gain tonu intimoa eta pertsonalean egin da. Ideiak, aldarrikapenak eta halakoak nabarmendu barik, pertsonen barnea eta bizitza ditugu hor: sentimenduak, ilusioak, pozak, harremanak... Honelako trataerarekin konturatzen zara gure mundutxo honetan soilik halako milaka istorio ditugula, kontatu beharrekoak.

Hutsunetxo bat nabaritu dut hala ere. Euskara ikasi dute lau pertsona hauek, bidaia emozionala kontatu zaigu batez ere, "zergatik ikasi", "zertarako ikasi" ematen du izan direla tema nagusiak, ondo. Ez da film honen asmoa izan seguruenera, baina uste dut askotan gertatzen dela: ez zaizue iruditzen "zelan ikasi" horri heldu behar zaionean halako elipsi moduko bat egiten dela, ez dela horretaz asko esaten? "Hemen datoz didaktikari birtuosoak euren temarekin!" ;-) . Baliteke, baina bidaiaren etapa hori kontatzeko ez dago teknizismoetara jotzea beste biderik? Kontuan hartu, askotan arazoa zergatia eta zertarakoa baino gehiago "nola" izaten dela.

Tira ba. Amaitzeko buruan geratu zaizkidan gauza bi. Lehenengo Tereixak fimaren ostean irakurri dizkigun Castelaoren hitzok:

Un can de Turquía ouvea igual que un can de Dinamarca; un cabalo das Pampas arxentinas rincha igoal que un cabalo da Bretaña. ¿E sabedes por que? Porque os probes animaes aínda están no idioma universal...”

Ideia bat honekin batera: euskararekin egiten dugun lanak gurean ez ezik, munduko beste hizkuntzetan izango du eragina.

Bigarrena, Ramiri gaztetan "beret basque" hitzaren bigarren atala zer zen galdetu zuenean erantzun ziotena:

Bizitzen bazara, ikasiko duzu

Filma datozen asteotan hainbat lekutan izango duzue ikusgai.

30
Aza
2008

Kaixo neska

Ez nauzu ezagutzen, nik zu bai. Ostiralean ezagutu zintudan. Barkatu atrebentzia, baina badakit 34 urte dauzkazula, bizkaitarra zarela (auzokideak ez gara izango?) eta  unibertsitateko titulua daukazula. Indiskrekzioa mortala  izan da, bai, arrazoiaz haserretuko zara nirekin. Baina -ez dakit zergatik- ezin dut agoantatu eta idatzi behar dizut.

Ez daukat asmo txarrik. Ez pentsatu horrelakorik, mesedez. Ez zaitut ikusi kaixomaitia.com-en, ez. Zure irudia beste leku batean ikusi dut. Polita zara argazkian, zure "look" hori apur bat modernitzatzea gomendatuko dizut akaso (barkatu berriro konfidantza eta lotsagabekeria).

Euskara ikasten ari zara, hori ere badakit. Zure irakaslea ere ezagutuko dut seguruenik, badakit hura ere emakumea dela, zu baino apur bat zaharragoa, baina lan honetan (ni ere irakaslea naiz, ez dizut esan, barkatu) jendeak beti ematen du gazteagoa eta freskoagoa. Apur bat golfoak garela uste dute batzuek, hori izango da arrazoia igoal. Baina beno, zaharrak ez gara, jendea baino zaharragoak ez behintzat.

Zuri idatzi ez idatzi egon naiz pentsatzen, ez da normala ezezagun bati besterik gabe horrela idaztea, baina lehengo egunean entzun nuen emakumeok "sozializatzeko" hobeak zaretela, eta animatu naiz idaztera. Neska hau niri entzuteko prest egongo da, seguru.

Gainera zure moduko jendea behar dela entzun nuen, euskaldunoi entzungo diguna, kostata baina entzun. Akaso horregatik idatzi dizut, beti entzuten didate betikoek eta jende gehiago behar dugu bizitzan. Eta horregatik idatzi dizut euskaraz gainera. Sentitzen dut hau "pixka bat" ez bada, baina daukat "mucho" zuri esateko.

Hori ba, gauza batzuk kontatuko dizkizut (oso aditz zailak esaten ditut?) neska. Nire intentzioak onak direla ikusteko eta zu animatzeko.

Begira, euskaltegietan gizon gutxi daude. Konturatu zara? Entzun dut gizonak ekartzeko zerbait egin behar dela eta laster igoal gizon gehiago egongo dira zure gelan. Ez dakit zuretzat albiste ona ala txarra den, edo asko inporta zaizun ere, baina horrela ez duzu sorpresarik hartuko.

Gero beste gauza bat entzun dut. Ekarriko dizute material berria. Bai, oraingoa zure look-aren denborakoa da. Ikusiko duzu ze txuloa! Beno, ekartzen dutenenean ez zaude euskaltegian igoal. Baina internetetik bajatzeko egongo da, ze, interneti buruz asko hitz egin zuten ostiralean, eta zu interneten ibiltzen zarenez.

Ez daramazu denbora asko ikasten (zuretzat agian bai) baina asko falta zaizu. Zelan dakit? Begira, -lagun baten abisu modura hartu- euskaltegian egiten duzun denbora kontrolatuta dago. Badakite zenbat ordu egin dituzun hor, zenbat "pira" egin dituzun, zenbat falta zaizun... Terriblea, ezta?

Ba, hemendik aurrera gehiago. Orduekin obsesio moduko bat dabil, neska. Ez dago kamararik euskaltegian, ez, baina kronometro pila bat dago ezkutatuta, egiten duzun guztia kronometratzen. Big Brother ez, "Big Clock" da hau.

Pena bat da, ematen du ez garela zugatik preokupatzen, eta ez da egia. Begira, zure irakasleari eta niri eta jende askori gauza hauek interesatzen zaizkigu: Gustura zaude? Ikasten duzu? Laguntzen dizugu? Animatuta zaude? Badakizu zer ikasiko duzun? Badakizu nola? Ondo egiten dugu? Zer pentsatzen duzu? Zertarako balio dizu honek? Zer lortu duzu? Agian ez zaigu gustatuko esango duzuna, baina jakin nahi dugu.

Ez dakit zure maila zein den. Beharbada zuk ere ez, ze, batzuetan esaten dute ezdakizer "maila", beste batzuetan zenbaki bat eta "urratsa". Gainera euskara ikasten ari diren lagun batzuk dauzkazu eta haien euskaltegian beste gauza bat esaten dute. Ze kristoa, ezta? Ba, esan digute laster denek deituko diotela berdin. Europako ez dakit zer mobida eta orain zure "nibela" deituko da abatbi edo abihirulau edo horrelako zerbait. Esatea zaila da, baina lortzen duzunean ikusiko duzu zer ondo geratzen zaren lagunekin: "estoy en abibat". Eta denek ulertuko dute gainera.

Batzuetan pentsatu duzu euskara ikasteko beste modu bat egon behar dela. Egunero klasera, horrela bi, hiru edo lau urte. Nekatu egiten zara, eta bizitzan gauza gehiago daude. "Eta ez daukazue besterik?" galdetu duzu euskaltegian. Eta esan dizute ezetz, edo badagoela autoezdakizer deitzen den gauza bat, baina ez duzu ondo ulertu zer den eta gauza konplikatua ematen du, arraroa.

Beno, ba orain edukiko dituzu modu gehiago euskara ikasteko. Betiko modura klasera joan, edo zure kontura ikasi irakasle baten laguntzarekin (tutorea esaten badute ez beldurtu), edo klasera joan baina gauza batzuk etxean edo ordenadorean egin, edo ipiniko dizute gauza bat beste batzuekin hitz egiteko, klase barik, hitz egin bakarrik.

Ea horrela hobeto ikasten duzun. Eta ea geuk ere ikasten dugun.

Tira, neska, nahikoa oraingoz. Plazerra izan da zurekin hitz egitea, benetan. Barkatu berriro nire atrebentzia, ez nizun molestatu nahi. Barkatu berdin-berdin hau entzuteagatik denbora kendu badizut. Euskara ikasteagatik dirua kendu eta denbora ere kentzea ez da oso dotorea, ez.

Hala ere, gauza gehiago dauzkagu zuri kontatzeko. Bai "dauzkagu", badakizu, "gu" (barkatu, "guK", la KA de los....). Ez nago bakarrik. Nik bezala, jende gehiagok ezagutu zaitu (ze lotsa, ez?), eta hemen dabiltza lagun horiek ere zuri zerbait kontatzeko deseatzen, ze, irakasleok kontakatilu batzuk gara eta beti gaude elkarri edo besteei dena kontatzen. Interneten ere bai. Batzuetan gezurren bat ere kontatzen dugu, je, je, je...

Begira ze kotilak garen.Lehengo egunean ehun eta piku bildu ginen zuri buruz hitz egiteko. Kepasada!

Baina lasai egon neska, asko maite zaitugu. Ezagutu zaitugunetik zutaz pentsatzen gaude, benetan.

Mxxxx asko

13
Urr
2008

Ato(i)an: ikasleak

Badakizue aspaldian sarean ikusten ditugun printza txikiak hona ekarri beharrean Atoan() izeneko azpigunean batzen ditugula. Hasi nintzenean ez nuen espero hainbeste emango zuenik, baina tontamentean egunero bospasei kontutxo botatzen ditut: nonbait ikusi dugun web interesgarriren bat, baten batek esandako zerbait, bideoak... Sarea oparoa da, baita euskararen/hizkuntzaren irakaskuntzaren ingurumari honetarako ere.

Gauzak jaso eta bota egiten dugu zuzenean, ez dugu asko jorratzen normalean. Horretarako dago karraju nagusia hain zuzen ere, eta aste honetan gauza batek eman dit komentatzeko gogoa Atoanen atoian.

Euskara ikasle batzuen berri heldu zaigu asteon saretik. Batetik Bilbon ikasten duten euskalerritar biri egin diete elkarrizketa El Correon, eta bestetik urruneko euskara ikasle pare baten berri eman digute Argiak eta Gaur8k: puertorricoarra bata eta japoniarra bestea hurrenez hurren.

Gutxitan ikusten dira bertoko ikasleekin elkarrizketak eta haien inguruko erreportajeak, gehienetan matrikulazio sasoiekin lotuta etortzen dira. Bestelakoa da atzerritik etorrita edo atzerrian bertan euskara ikasten dihardutena. Albiste golosoa bide da hedabideentzat hegoamerikarra, afrikarra, japoniarra edo poloniarrak euskara ikastea. Seguruenik txakurrak pertsonari haginka egin edo pertsonak txakurrari kontu haren bidez azaltzen da hau.

Aste honetakoan dena dela gauza bati erreparatu diot, ez nuke esango orokorra denik, baina aipamenen bila ibiltzen naizenean, gauza batek eman dit arreta. Kanpotarrek gehiago egiten dute berba euren ikas-estrategiez, hain zuzen ere Shinohara japoniarrak kontatu digu nola bere buruarekin egiten duen berba euskaraz, eta Ricardok Puerto Ricon EHtik euskaraz heltzen zaizkion mezuak jaso, behar den denbora hartu eta ondo ulertu arte egosi eta gero beti idazten duela erantzuna.

Bilboko ikasleen elkarrizketan baina, gutxi egiten da berba nola ikasten duten, gehiago zergatik, motibazioa eta -gehien bat- dirua, matrikula, diru-laguntzak eta halakoak. Euskaltegian ari dira biak, eta han jakingo dute zelan ikasi bestela.

Eta detailea, bertotik milaka kilometrora ikasi duten horiek egin duten gasturik handiena EHra etortzeko biletea izan dela dirudi.

Ekonomiaz eta krisiaz ari dira bazterretan, diruaz gu. Eta Jozulinen premonizioak bete ezean, beharbada Ken Carroll-en gomendioa hartu beharko dugu aintzat laster batean. Urruneko ikasleak irudimen eta ikuspegi zabalaren  faltan ez daude behintzat.

07
Urr
2008

Ahozko(aren) azterketak

Duela hilabete inguru erabili.com-en zabaldu zen hariak jarraitu egiten du. Roberto Alkarterrik eman zion hasiera, eta Bittor Hidalgok galdera batekin erantzun: Atariko probak. Bai ala ez?. Robertok galderari erantzun eta Bittorrek gaur eman du bere erantzuna: Atariko proboi, bai EDO ez? Ba, EZ

Ezezko horretara heltzeko tesi batetik abiatzen da: gaur eguneko probek ahozko euskara bizia ez dute baloratzen eta euskara era naturalean erabiltzen duen euskaldunaren kalterako ere izan daitezke, "euskaltegikumearen" onerako. Bere hitzetan:

Garbi dago. Duten zehaztasun, zuzentasun, erantzun on bakar eta beste oso antzeko distraigarri -maiz erabiliak diren- gehienen gaitzespen eskaerekin, atariko probek saritzen dute euskara soilik euskaltegian ikasten eta erabiltzen duen euskaltegikumea.

Azken batean probetan euskararen erabilera naturalerako gaitasuna neurtzea proposatzen du, euskaraz egin beharko denaren eta norberari egokituko zaion ingurunearen (berba honekin ametsetan hasiko naiz benetan) arabera, ahozko hizkuntzari pisu gehiago eman eta idatzizkoari kendu.

Eta berriz, euskaldun berri etorriari, eskatu diezaiogun, eta saritu, lehenik, euskaldun zaharren mailaz mailako ahozko erabilera bereganatu dezan, benetan behar dutena hauekin komunikatzeko, denbora galarazi gabe A2, B1 edota B2 mailetan, gauzak idatziz ezin zuzenago emanaraziz (inoiz argitaragarri edo artxibagarri ezin izan litezkeen idatzietan); edota okerrago, zehaztasun eta zuzentasun alferrikakoenak eskatzen dizkieten atariko probak pasaraziz, hauek batere laguntzen ez dietenean euskaldun aktiboekiko interakzioan.

Eztabaida behintzat badago erabili.com-en. Bittorek jende gehiagoren iritzia eta eztabaida zabaltzea eskatu du. Tira ba, erabili.com-en daukazue kantxa.

Hemen ere jardunda gaude azterketen eta agirien inguruan apur bat. Baten bati dokumentatzeko balio badio.

04
Urr
2008

Ikasteko ingurune soziala eskura

Euskara ikasi nahi duen baten kexa irakurri nuen lehengo egunean Euskara21en. Astirik ez euskaltegira joateko eta BOGAren bidez egin nahi lukeela, 1560 euro, Eusko Jaurlaritzaren webgunea sartu berriz, eta han 45 euroren truke egin omen daitekeen bitartean.

45 euroena lehenengo momentuan ez dut jakin zer izan den. Handik gutxira iragarkia ikusi dut ETBn: Ikasten.net hizkuntzan ikasteko plataforma, euskara barne. Hiru.com-en barneko zerbitzua da, bertora joan eta begiratu dut informazioan, 45 euro ez, hau debalde da bata! Egia da

Euskara21koak aipatu duena beste zerbait izango da orduan. Edonola ere, EJren eskutik euskara online ikasteko bi aukera (hirugarrenik ez badago behintzat).

Lehenengo erreakzioa. Baina hauek zer dabiltza? HABEren bidez BOGA kolokatzen digute, eta gero EJak berak debaldeko aukera zabaltzen du beste leku batean (eta beste sail baten esku seguruenik)? Prezioan halako aldea gainera! Lotsagarria, salagarria eta garri guztien parrastada...

Bigarren erreakzioa. Egunotan Hizpideren kontura bota ditugunak gogoan. Kontxo! Orduan euskara ikastea ez dago pentsatzen dugun bezain araututa. Debaldeko aukerak lehendik ere egon dira, baina orain administrazioa bera hasi da sustatzen. Eta aukera horiek debalde, eta libre. Beste zerbaitekin osatzeko modukoak alegia.

Ikaslearen autonomiaz sano jardun da azkenengo Hizpide horretan, teknologia aitzakia gehienetan. Hau da hau autonomia eta ikaskuntza konbinatua! Ikasi nahi duenaren esku aukera desberdinak jartzen hasi dira, berak aukeratu eta nahi duen modura konbinatzeko. Ez asko, egia esanda, baina egon badaude:

Adibidez. Ikasten.net-eko ikastaroa egin, praktika apur bat hartuta mintzapraktika egitasmoren batean sartu, bitartean lantzean behin han edo hemen dauden baliabideak eta ikasmaterialak erabili, hiztegia segapotoan kargatu, nonbaiten galdetu zalantzak, euskaraz zerbait irakurri, zerbait idatzi ere bai, euskaltegi edo zentroren batean ikastaro laburren bat egin, tailerren bat edo, doako ikastaroak bilatu... Posiblea da hau guztia une honetan, ezta?

Eta gu ultramodernook, PLE, ikaskuntza informala eta halakoak hemendik urte askotarako entelekiak bailiren, pentsatuaz interneteko webgune berri zoragarriren batek ekarriko dituela horiek guztiak (HABEri bonbila pizten zaionean akaso). Eta berton dugu uste dugun baino gehiago.

Ikas-paisaiarena gogoratu dut (ez dut ahaztu hobeto esanda). Eta ez da hori azken batean ikasteko ingurune soziala?  Ikasteko aukera ugari, eskuragarri eta norberak antolatzeko modukoak sustatzea eta eskaintzea? Ikaslea, irakaslea eta edukiaren arteko elkarreragina testuinguru, une, gune eta bide desberdinetatik jorratzea.

Eta Plistik dioen modura -erabat ados gure objektua den hizkuntza zein den eta zertarako ari garen jakinda- triangelu horri kubo itxura emanda, hiztunen komunitatearekiko elkarreragina gehitu, hau da, hizkuntza errealitatean erabiltzea ikasteko bidea eta gainera helburua ere badela aintzat hartzea. Ikasteko ingurune soziala emateko ezinbestekoa dela uste dut.

Baina muga batzuetatik harago joan behar da:

  • Ikastea = ikastaroa = erakunde homologatua  ikuspegia.
  • Ikaslea = matrikula ikuspegia
  • Hausnarketa hau guztia teknologia kontuetara (teknologia = ordenagailua = internet = autoikaskuntza kateara hobeto esanda) soilik bideratzea.
  • Ikasprozesuaren antolaketa = mailak = agiriak
  • Irakaslea = irakaslea
  • Ingurunea = ikastaldea / erakundea
  • Helduen euskalduntze-alfabetatzea = euskaltegiak
  • Euskaldunak = hori ez da gure ardura.
  • Euskara = kontu sinbolikoa

Eta zer egin daiteke bada? Une honetan badira bideak, lehen aipatu ditugu batzuk. Baina horrez gain, esaterako:

  • Ikasle eta irakasleen arteko komunikazio bide berriak ireki, ikastaroen mugetatik aparte. Adibidez, eta norberarengandik hastearren, euskara irakasle blogari-interneterook ikasi nahi dutenekiko kanalak jorratu.
  • Ikasteko baliabideen bankuak hobetu, ugaldu eta ireki.
  • Kontsultak eta aholkularitza puntualerako kanalak zabaldu.
  • Euskaldun ez irakasleen ekarpenerako bideak jorratu. Ideia tonto baina interesgarri bat ingelesez.
  • ...

Aukerak uste dugun baino eskurago daudela begitantzen zait.  Downes-ek dio errealitatea dela berrikuntzaren arerio nagusia. Baina orain esango nuke errealitateak berak dakarrela berrikuntza. Kontua da errealitatea ikusteko (edo ez ikusteko) erak daudela.

Irudia: e-Learning Interaction MatrixJason Rhode).

Sindikatu edukia