13
Mar
2009

Hiru bidaia

Korrika 16ren Ongi etorri horren harira euskara ikasle batzuek egin duten bidaia horren berri izan dugu asteotan, Bidaia intimoak dokumentalean adibidez. Asteon Argia aldizkariak ere ekarri dizkigu bidaia batzuen testigantzak. Euskara ikasi duten hiru pertsonarena hain zuzen ere: Hiru bidaia euskarara.

Hiru bidaiari horiek esandako batzuei bueltatxo pare bat eman dizkiet.

Enrike Díaz de Durana gasteiztarra, oftalmologoa lanbidez. Inguru euskaldun batean lanean zebilela, hizkuntzaren bizitasunak eta oposaketak prestatu beharrak ipini zuten bidean. Egunero Zumarragatik Bilboko euskaltegira arrapaladan. Han:

Alde batetik, ondo euskaltegian, baina gelan denbora asko galtzen genuela iruditzen zitzaidan. Etxean ikasten ohituta nago, eta ez eskolan hainbeste ariketa egiten.

Jakin mina geratu zait askotan barruan eta ikasleei behin baino gehiagotan galdetzeko egon naiz. Azkenean ausartu ez, edo erantzun politikoki zuzenegia (ez arduratzeko edo alferrikako tentsiorik ez sortzeko gezurra alegia) emango zidatelakoan hortxe geratu da zalantza. Modulazio luzeak, ordu asko, egunero eta... denbora galtzen ari direla sentitzen dute hauek? Ordu kopurua justifikatzearren ari garela zer eginak ematen pentsatu dute inoiz?

Egiten duten ahalgina ez da makala izaten egia esanda: 1000 ordu inguru egin ditzake ohiko ikasleak bi, hiru edo lau urtetan zehar, egunero. Nekagarria izan behar da "Uste dut zaila dela lan egin eta euskara ikastea, oso zaila". Bidaia hori antolatzeko beste modurik ez dago? Bide beretik luzera berdineko etapak bata bestearen atzetik errepide berdinetik... hori baino ez? Ez saihesbiderik, ez laburbiderik? Beti autobus berdina?

Eta bidaiaren akabuan:

Dakidana erabiltzen saiatzen naiz, baina kosta egiten zait, asko: lotsa ematen dit, okerra besterik ez dut egiten hitz egiterakoan, jabetzen naiz horretaz eta ez dut batere ondo eramaten. Denbora behar izaten dut esaldiak osatzen, pazientzia handia behar du nirekin euskaraz hitz egin nahi duenak: nekagarria naiz!

Bidaia nekagarriaren ostean norbera egin da nekagarri akaso? Lotsa, okerra... Autobide perfektua, ondo seinalizatua, erradarrez betea baino ez ote dugu erakusten? Ez gara inoiz galtzen basoko bidezidorretan? Errebueltaz beteriko errepide komarkalaren xarmak ikaratu egiten gaitu? Potentzia gutxiko autoarekin -edo bizikletan ere bai- kaleartean lasai eta patxadan ere ibil daiteke, ezta?

Mixele Aguerre Bidaia intimoak dokumentalaren protagonistetako bat da, eta Argiakoek ere egin dute berba berarekin.

Kolegioan nintzelarik talde bikain horretan, trukea egin genuen Leitzako ikasle batzuekin. Hara iritsi ginenean, ikustea mundu hori, guk hemen ezagutzen ez genuena, hau da, karrikan jendeak, gazteak, zaharrak, denbora guztian euskaraz... ni harriturik nintzen! Hartan ez nuen halakorik ezagutzen, eta anitz markatu ninduen, biziki oroitzen naiz. Pentsatu genuen guk ere berdin egin beharko genukeela, eta horrela ere euskaraz egitera animatu ginen

Enrikek ere Zumarragako ospitalean euskara bizirik ikusita sentitu zuen akuilua. Motibazioaz berba egiten denean faktore bati daukan garrantzia ematen ez zaiolakoan nago. Bizindar etnolinguistikoa-edo deitzen den hori. Inora joateko bidean jartzeko azken etapa hartako postal politak erakutsi behar dira seguruenik, ez hango pasaportearen zigiluak soilik. Baina hara helduta bidaiariak postalean ikusi duena ez dadila izan dekoratu hutsa edo miseria tapatzen duen monumentu turistiko hutsala.

Azken elkarrizketatua Jose Pérez Maroto leioztarra da, 30 urterekin ikasten hasi eta hor dabil

"Lehenengo eta behin, gustatu egiten zaidalako euskara".

"Eta zergatik ikasi nahi duzu euskara?" galdetu ohi dugu lehenengo egunetan, eta ez dakit erantzun estandar ote den, edo ondo deskribitzen ez dakigun zerbaitetarako formula, baina esango nuke gehien entzun ditudan erantzunetako bat dela, bere sinpletasunean: "gustatzen zait". Zer dago horren atzetik?

Gauza asko seguruenik, ez denak berdinak, baina bai sentimendu positiboa behintzat. Herri hau bidaiari askorentzat erakargarria da oraindik ere. Egia da askorentzat bidaia barik  odisea luzea bihurtzen dela erraz asko, erbesteratzea iritziko dio baten batek igoal, urrunegia, luzeegia, bisa eta tramite askokoa... baina bada era berean Ulisesek bezala Itakako etxea gogoan duenik ere. Eta bai, egia da, Shangri-la baten bila dabiltzan asko ere bai.

Gaurko osteratxo hau amaitzeko, neuretzat misterio apur bat daukan pertsonaia bat, bidean zehar askotan agertzen ei dena:

Oraindik kostatzen zaizu euskaraz jardutea, baina ikasi duzun hori erabiltzen duzu?

Lagunekin bai...

Lagun horien berri izan dut sarritan: "Lagunekin praktikatzen dut", "Beno, lagunekin hitz egiten dut noizean behin", "Euskaraz lagunekin bai, gero lanean ez...". Beti jakin nahi izan dut nor den lagun misteriotsu hori, euskara ikaslearekin euskaraz egiten duena. Ez dakit zergatik baina pertsonaia hori leienda urbanoa dela pentsatzeko joera izaten dut.

Eszeptikoegia naiz? Egia da badirela ikasleen lagunartean, harreman-sare hurbilean, euskara ikasten dabilela jakin eta hizkuntza-ohiturak apurtzera ausartzen diren lagun euskaldunak? Neure esperientziagatik badakit-eta harreman hurbilean hizkuntza berri bati tartea egitea ez dela erraza izaten, are inguruak laguntzen ez badu, baina gauzak bestela badira pozteko motiboa izango litzateke.

Tira, gaitz asko sendatzen omen ditu bidaiak.  Bistan da lagun hauei bideak ez diela batere kalterik ekarri.

Argazkia: Bus. Egilea: Elsie esq. Flickr-en. Lizentzia.

denbora galtze nekagarriak ikasgelan

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 24 - 13:34-(e)an bidalia.

Teoria pixka bat birpasatzen nabil egun hauetan, bereziki J. Cummins-en hitzak. Gauza berri askorik jaso ez badut ere, ondo dago kontzeptuak noizbehinka birpasatzea aurrez aurre ditugun egoerak interpretatzen laguntzen digutelako nire ustez.

Enrikek dio klaseei ez diela etekin nahikorik ateratzen, lan batzuk bere kabuz etxean hobeto egingo lituzkeela. Orokorrean, beldurra eta lotsa sentitzen dute ikasle askok euskaraz hitz egitean eta irakaslearen aurrean nabarmen ez geratzeko aipatzen dute lagunekin hitz egite hori.

Adierazpen horien atzean hiru kontu aztertuko nituzke:

1) ikasleei batzuetan ez zaie argi jakinarazten egiten ari diren jardueren balio pedagogikoa. Ikasle helduekin egonik, garrantzi handia du azaltzea egin duten jarduera horrek zertan laguntzen duen ikas-prozesuan, jardueraren amaieran bereziki. Adibidez, testugintzari lotutako ariketa askori ikasleak ez die graziarik ikusten guk helburua garbi azaldu ezean, eta batez ere, ez dira konturatzen zein baliagarri den gramatikaren lanketari lotutako ariketak binaka edo taldeka egitea. Jardueran kontzentratzen dira eta ez dira konturatzen zein baliotsua den ikaskideekin ariketaren negoziaketan duten elkarreragin hori, hain komunikazio naturala izanik.

2) berrikusi behar dugu zer egiten dugun ikasgelan. Cummins-ek aipatzen du pedagogia transmititzailea ona izan daitekeela, bai, baina pedagogia sozio-konstruktiboan eta kritikoan integratzen badugu. Ikasgela da ikaslearen hizkuntz identitatea garatzen laguntzen duen inguru naturaletako bat, gure komunikazio-era negoziatu eta besteenekin kontrastatuz garatzen duguna. Irakasleak lagundu beharko luke hiztun-identitate hori garatzen eta horretarako, ezinbestekoa da taldea. Cummins-ek proposatzen duen marko pedagogikoan, identitate horren eraikuntzan inbertitu behar da eta ikasleen artean identitate hori negoziatu ikasleak hizkuntzaren ikaskuntzan inplika daitezen (identitatearen gaiarekin teman nabil eta seguru beste nonbait idatziko dudala zerbait horretaz)

3) lagun ikustezinaren laguntza: ez pentsa hori hain txantxetakoa denik. Inguru euskaldunik ez duten ikasleei nik halaxe proposatzen diet: lagun ikustezinarekin mintzatuko balira bezala pentsatzea. Esperientziak erakutsi dit nork bere buruarekin dituen elkarrizketa horiek oso baliagarriak direla hizkuntza garatzeko. Lagun euskaldunak dituztenei edo lagunekin euskaraz hitz egiten dutenei urrunetik antzematen zaie, elkarreraginean akastun baina freskoak direlako eta gehiago garatzen dituztelako BICS deituriko gaitasunak (pertsonarteko komunikaziorako oinarrizko estrategiak) CALP deiturikoak baino (gaitasun linguistiko kognitiboa eta akademikoa). Ze, onartu behar dugu, kasu gehienetan gure klaseetan gehiago lantzen dugu gaitasun akademiko-linguistikoa pertsonartekoa baino (edo ez?)

Bikaina iruditu zait bidaien ideia eta serioski gomendatuko nuke bidaia horien kontaketa ikasgeletara eramatea. Irakasleoi proposatuko nizueke erne aztertzea nola, norekin identifikatzen den zuetako ikasle bakoitza, erabaki pedagogikoak hartzen lagunduko baitizue.

Bidaian aurrera

Karrajua-(e)k 2009, Martxoa 27 - 01:48-(e)an bidalia.

Interesgarriak oso zure gogoetak eta ekarpenak, Ainhoa. Lagun ikustezina baino "euskaraz hitz egiten dudan laguna" nuen gogoan. Ikasle askok aipatzen dute lagunen batekin edo bestearekin egiten dutela inoiz euskaraz. Ez dut esan nahi izan gezurretan dabiltzanik (ironiaren arriskuak), baizik eta lagun horiek nortzuk, nolakoak diren eta haiekin zer harreman izaten duten jakin mina pizten didatela horrelakoek.

Edozelan ere, lagun ikustezinarena gustatu zait. Egia esanda, askok erabiltzen dugun teknika izaten da ezer esan baino lehen bakarka berba eginez entsaiatzea. Teknika horri egingo nioke ekarpentxo bat: lagun hori eraikitzea. Nor da? Nolakoa? Zer harreman dugu berarekin? Zergatik entzungo digu? Zer espero dugu berarengandik? Ausartzen denarentzat jolas interesgarria izan litekeelakoan nago.

Bidaia gehiago

Benito-(e)k 2009, Martxoa 24 - 13:52-(e)an bidalia.

Korrika 16 dela eta, Nafarroatik heldu zaigu bideo hau. Bertan hango ikasle batzuek kontatzen dituzte euren bidaiak, hemen dauzkazue testigantzak:

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia