euskalduntzea

12
Ots
2011

Denboraren kontra

one face, 24 hours

"Aprender euskera en 80 horas". Hala esan dit Google Readereko lerrokada batek. Badakizue Interneteko irakurketaren lehen pausoa testu laburren zerrenda baten aurrean jarri eta haietatik irakurtzeko deseatzen egon zaitezkeenaren pista ematen dizutenak diskriminatzea izan ohi dela, dela agregatzilea, dela hedabide digitalaren titularren zerrenda, dela Twitter edo Facebook bezalakoetako timeline-a. Ondoren link koloreko titular horien gainean sakatuta zapuztu edo puztu egingo zaizkizu ilusioak.

Titular horrek irakurtzeko ilusioa piztu dit bada. Egia esanda ez dut espero izan gure harri filosofala aurkitzerik, ez. ez da hori nire ilusioa izan, euskararen edo euskara ikastearen gainean azken WTFarekin gozatzea baizik. Eta azkenean ez bata ez bestea. Titulargintza profesionalen tranpa batean jausi naiz, besterik gabe.

Lerro horren atzean Iruñeko Arturo Campion euskaltegiaren ideia bat egon da, baina ez euskara ikasteko metodo definitiboa, ezta xelebrekeria baskonikorik ere. Krisiaren ondorioz denbora tarte handiagoa dutenentzat euskara ikastaro trinko, labur eta merkea. Albistea irakurrita ez du ematen IKAkoek horrelako titularra eman dutenik, hau da, ez dute adierazi nahi izan euskara 80 orduan ikasi ahal denik. Esan bezala, titulargileen trikimailu linguistiko batera garamatzate zantzuek.

Euskara ikasteko denboran ez da hainbesteko murrizketarik gertatu derrepentean.

Zenbat denbora behar da hizkuntza ikasteko? Galdera hori ez da izango hausnarketa pertsonal edo kolektiboetan sarri plazaratzen den gogoetagaia. Bai, ordea hizkuntzaren irakaskuntzan diharduten erakundeen harrera bulegoetako FAQen osagai ezinbestekoa esango nuke: Zenbat ordu-egun-aste-urte-diru behar da hizkuntza hori ikasteko? Eta ez dut uste inon "80 ordu" izan denik erantzuna, beti ere hizkuntzaren ikas-prozesu osoari buruz ari bagara, noski.

Gurean adibidez, seguru nago erantzuna orduetan formulatuta lau digitutik gorakoa izango dala gehienetan, 1000 ordutik gora alegia.

Eta gogoratu dut lankide batek behin beste lankide baten lagun baten ezagun batek esan ei zuena. "Euskararen irakaskuntza iruzurra da". Hala heldu zitzaidan ggb katea horren katabegi horiek guztiak pasatuta.

Zertan da iruzur hori bada? Ez zioen azkenotan prentsa serioan euskararen gaineko albisteetako iruzkin serioetan azkenotan agertzen den "euskara negozioa baino ez da" lelo horregatik, ez (sentitzen dut halakoak zabaltzen dituztenei oihartzunik ez ematea). Hizkuntza ondo dakizula esateko moduko maila batera ailegatzeko ibilbide "komertzialaz" ari zen. Gurean eskaintzen diren modulazioak eta ordu kopuruak eskandaluzkoak ziren beste hizkuntza batzuetan ikasteko eskaintzen denaren aldean. 

Ez dut helduentzako hizkuntza ikastaroen eskaintza ondo ezagutzen, ez naiz aztertzen hasi ere. Entzunda nago ingelesa edo frantsesa ikasteko zentro eta akademietan modulazioak eta klase-denbora gurean baino askoz laburragoak izaten direla. Gogoratu dut bidenabar, orain estandarra dugun modulazioa (astean 8-10 ordu urte guztian) lehenagoko batean (30 urte?) "ikastaro trinkoak" zirela. Ohikoa gau-eskoletako eredua zen nonbait, hizkuntz-akademietatik hurbilago.

Euskara ikasteko denbora luzatuz joan dela pentsa daiteke. Arrazoiak egongo dira, eta ez dut uste arrazoi komertzialak izan direnik. 80 orduan ikastera ez gara helduko, ez gu ez inor, baina efikazia eta efizientzia neurgailu jartzen badira, oraingo denborak zelan murriztu pentsatu beharko litzateke akaso.

Ikasteko denbora laburtu, ez ikastaroen luzera bakarrik, noski.

Argazkia: one face, 24 hours. Egilea: Camil Tulcan (Flickr). Lizentzia.

26
Urr
2010

Zer da jarrera ona?

Oskar Elizburu | 2010, Urria 26 - 09:31

Oskar Elizburu AEK-ko lankideak euskara eta euskalduntzeaz kolaborazioa egiten du Info7 irratian. Lehengo ostiralean ikasleen motibazioaz eta administrazioaren jarrerez gogoeta utzi zigun ipuinaren soinekoaz jantzita. Info7n duzue entzungai: Euskara ikasteko aitzaki ezberdinak.

Hemen ere ipuinzaleak gara, eta zer pentsatuta eta zer esana ematen duten ipuinak badira, gehiago. Horra Oskarren kontakizuna:


Epa, lagunok!

-Zer da jarrera ona?

Galdera, bilobak egin dio amamari. Amamak badaki azalpenak emateko modurik onena ipuin estiloko zerbait dela eta hala kontatu dio mutikoari.

Behin  bazen herri bat eta bertan, bere hizkuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, laguntza sorta jarri zuten. Dirudienez, sailaren ardura zuenak ez zeukan oso argi baliagarri izango ziren ere, baina, probatzea pentsatu zuen. Laguntzen berri egunkarietan eta bestelako medioetan ere eman zen eta herritarrek informazioa jaso eta begi onez ikusi zuten. Gehienek behintzat, bertako hizkuntza ikasteko bideak eta laguntzak jartzea komenigarria zela pentsatu zuten eta.

Hiru lagun agertu ziren ikasteko asmoz;

Lehenak lanerako behar zuen, baina ordura arte, beti, dirua  aipatzen zuen aitzaki gisa. Nola liteke, ba, bertako hizkuntza ikasteko horrenbeste ordaindu beharra? Egunen batean, ikasteko erreztasunak badaude, ikasiko dut. Ez zeukan, ez, motibazio afektibo edo identitario handiegirik, baina… Ikastarora joan zen eta zintzo-demonio bete zuen egutegia; klase guztietara joan zen eta, ikasi, ikasi zuen. Ikastaroaren bukaeran irakaslearekin komunikatzeko gaitasuna eskuratu zuen eta pozik zegoen. Baina bere lanpostuan eta inguruan ez zen erabiltzen hasi; hobeto eta erreztasunez egiteko gauza naizenean, orduan bai, orduan erabiliko dut! Esaten hasi zen.

Bigarrena kanpotarra zen, etorri berria, eta gizartean txertatzeko aukera moduan ikusi zuen hizkuntza ikastea. Baliabide gehiegirik gabe dagoenarentzat laguntza ekonomikoa izatea ederra da beti, dirurik xahutu beharrik ez izatea. Laguntzak jasotzeko asistentzia ona eduki behar zela eta, lagun honek ere egoki erantzun zion ikastaroari. Bertan aritzearen eraginez, motibazioa pizten joan zitzaion, gainera, eta ikastaro erdirako erabiltzen hasi zen. Txertatzen hasi zen bere ingurukoen artean, eta, horretan, hizkuntzak asko lagundu zion. Ikastaroa bukatu eta 2 hilabetera, baina, lana dela eta, herri hartatik alde egiteko beharra izan zuen,  zoritxarrez.

Hirugarrena aurrez hizkuntza jakin eta erdi galdu zuenetako bat zen. Bizitzaren bueltak eta birak eraginda zeukan galduta. Laguntzak egoteak zirikatu egin zuen eta barruan zeukan harra berpiztu. Ez zeukan denbora libre gehiegirik eta ikastarora halamoduz joan zen, asistentzia ez zen egokia izan, baina lehendik zekienarekin moldatzen joan zen, berreskuratzea lortu eta eguneroko bizimoduan moldatzeko beste ikasi zuen. Helburua lortutzat emanda, ez zuen ikastaroa bukatu ere egin eta, jakina, ez zioten dirulaguntzarik eman.

Hurrengo ikasturteari begira, sailaren ardura zuenak emaitzen irakurketa egin zuen: bik kobratu zuten eta batek ez. Erabilerarako pausorik hirurek eman zuten, baina eraginkorregiak ez: lehenengoaren martxa motelegia zen eta bidean egongo zen luzaroan, ausardia faltagatik; bigarrenarena, berriz, ondo zihoanean eten egin zen eta, azkenik, hirugarrenaren helburua motzegia zen eta bere hortan geratu zen prozesua.  

Horren guztiaren aurrean, arduradunak honako neurri hauek hartu zituen: Hasteko, gutxieneko asistentzia  malgutu egin zuen, apur bat bazen ere, denbora arazoa zutenek  laguntza jasotzeko aukera izan zezaten. Bestalde, sustapen kanpaina bat bultzatu zuen, bertakoen alfabetatzearen beharra zabaltzeko. Bestetik, ausardia nahikorik ez zutenentzat, erabilera-gune bat sortzeko programa bultzatu zuen. Azkenik, etorkinaren ibileraren txostena beste herriko hizkuntza arduradunari bidali zion, han ere kontuan har zezaten.

Ipuina bukatu eta amamak galdetu egin zion bilobari - zure ustez zeinek eduki zuen jarrera ona?

-Jo amama, ez dakit, hirurek egin zuten zerbait, ahalegindu ziren, baina bidean geratu zirenez…jarrera onena… ez dakit ba!

Eta orduan amamak – Begira, maittia, jarrera ona izan duena, arduraduna izan da; lehenengo aukera eman zuelako eta ondoren, aukera hori hobetzen eta eraginkor egiten saiatu delako.

Gurean ere, ipuinean bezala, horrelako jarrerak beharko genituzke administrazio zein gizarte eragileen artean; Euskara ikasteko prozesuan laguntzak eta bideak zabaltzeko jarrera hain zuzen ere. Gure hizkuntza ikasteko doakotasunerako pausoak eman beharra dago, alde guztietan, ikasten duenaren lepora jausi ez dadin kostea. Dena dela, gero, ikasten diharduen horrek ere bere partea bete beharko luke, erantzukizunez jokatu, doakotasun hori irabazi.

Ipuinetan bakarrik ote horrelako arduradunik? Amamaren lezioa baliagarria izango ote zaio inori, aldaketa egiteko?

Ondo ibili eta euskara erabili! 

Irudia: Niño con su abuela (Flickr). Egilea: Francisco Ponce Carrasco. Lizentzia

21
Eka
2010

Akademikoa

Ekainaren 22a, udako lehenengo eguna. Urtea abenduan edo ekainean amaitzen ote den ondo ez dakigun latitudeotan itxiera eta despedida ekitaldietarako gorde ohi dira horrelako datak, eta duela egun batzuk gonbidapena heldu zitzaidala halako baterako gonbitea izango zelakoan, eta ez. Donostiako Vitoria-Gasteiz kaletik zetorren gutunazalaren barruan 2010-06-22 Batzorde Akademikoaren bilera irakurri nuen.

2009ko martxotik ez da bildu Batzorde hori, eta honez gero -honegatik eta beste hainbat seinalerengatik- Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean gurekin ahaztuta zeudelakoan (han inor bizi ote den dudan ere bai) San Juan bezperaren bezperan gonbitea. Hau menua:

Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikulua: Egoera: azpimailak, datuak eta lehentasunezko adierazleak, Proposamena: HEOK birbatua, Helburua: HEOK bakarra euskararen herritarren eremuetarako.

Akreditaziogintza: 2010eko gaitasun-proben egoera, Azterketak sortzeko Baliabideen Biltegia (ASBB), 2003ko abuztuaren 6ko Agindua berritzeko proposamena eta lan-egutegia.

Prestakuntza: 2009-2010 ikasturtearen balantzea, 2010 udaldirako egin eskeintza, 2010-2011 ikasturtearen hasiera-ekitaldirako proposamena, 2010-2011 ikasturterako 4. mailako gaikuntza-ikastaroa, Teknikari zein hizkuntza irakasleen etengabeko prestakuntzarako HABE liburutegiaren alerta-sistema.

Tira, sorpresaz beteriko eguna datorrela dirudi. San Juan suaren garra elikatzeko bestekoak ote?

05
Mar
2010

Euskaldun ikasia

Azkenenengo Hizpideri tarteka kolpetxoa egiten jarraituta, Kepa Larrearen Fizkiozko euskaldun berriak ezagutzen jarri naiz. Kepak aurreko batean klasean umoreraren erabileraz jardun zigun, eta oraingoan literaturara jo du euskaldun berrien bia, baita aurkitu ere: Merimee-ren Carmen harengandik hasita (bai, euskalduna zen Karmentxu), Rodney Whitaker Trevanianen  Shibumi eleberriko Nicholaï Hel hiltzaile eleanitz euskalduna deskubritu digu ondoren. Ez ditut ez liburua ez pertsonaia ezagutu izan, baina deigarri eta erakargarri egin ditu Keparen aipamenak, Hannibal Lecter edo Tom Ripleyren eskolako bat nonbait, plazerragatik ikasi du euskara era metodiko batean eta gramatika bat sortu du horretarako, azkenean praktikan jarriko du Zuberoako bazter batean erretiratua. Irakurtzeko gogoa eman dit bada.

Fizkiozko irakasleen errepasoa ere egin du, Maisu Juan klasikoa,Kutsidazu...ko Koro, Iban Zalduaren Joseba Anabitarte,..  Eta ikasleengana jo du gero: Euskalduntzen metodoko Peru eta Alaitz, Sagastizabalen Juan Martin ezaguna, eta Jon Alonsoren Euskal karma "rapsodiako" B-12 martiztarra edo Joxean Sagastizabalen Gerturik daukagu odola liburuko banpiroak bezalako izakiak.

Gustura irakurtzen da artikulua, baina serio jarri da Kepa amaieran, ideia komuna barruntatu du kasu gehien-gehienetan: euskara ikasteko hizkuntza zaila da, ez da diplomatiko ingelesen asmakuntza beraz. Idazleek ere esaten badute...

Edozelan ere arreta eman dit pasarte batean egin duen aipamenak:. Xabier Kintanak eta Joseba Tobarrek 1975ean Euskaldun berriekin euskaraz lanean proposatu zuten euskaldun ikasiaren "kode deontologikoa". "Euskaldun berriaren" ordez "euskaldun ikasia" terminoa proposatzearekin batera (bistan da ez zutela arrakasta handirik izan), gerora errotuta sentitu ditugun (norberarengandik hasita) hainbat ideia jaso ziren. Aipamen batzuk:

Euskaldun ikasia ez da lotsa. Ba daki ez duela euskara egiten baserritar edo arrantzale jator batek bezain ongi eta errax, baina etengabe ikasiz doa... eta dakientxoaz toki guztietan baliatzen da"

Euskaldun ikasiari mingarri zaio euskaldunak elkarren artean erdaraz mintzatzen ikustea, eta areago, berauk "abertzale" horietakoak direnean.

Euskaldun ikasia, eskuharki, kaletarra da... Hori dela eta, onhartezinezkoa du "euskara=baserriko hizkuntza" delako berdintasuna.

Euskaldun ikasiak ez du mordoiloa maite, baina isiltzea baino erdarakada batez irtetea nahiago du, geroago, etxeko trankiltasunean hiztegiari, hurrengo baterako hobe guran, begirada bat egin arren.

1975eko hitzak dira. Ez dakit orduan nolako jarrerak ziren nagusi euskaldunen artean, ikasleen artean, baina bistan da ideia horiek soka luzea ekarri dutela euskaldun "ikasiongan" ez ezik, euskaltzale guztiengan ere bai.

Amaitzeko Anaitasuna aldizkarian liburuari egin zioten kritika honetan aurkitu dudan beste aipamen hau:

gaur egun euskara ez jakitea Euskal Herrian jadanik kulturarik ezaren ezagugarria bat da sektore askotan, eta zenbait buruzagi herritar publikoki lotsarazteko aski motibo ere bai

Hori ere 1975ekoa da, Franco hil zen urtekoa.

26
Urt
2010

Etorriko dira berriak

Durangon ibili ginen larunbatean, Topaguneak antolatu zuen hausnarketa-jardunaldian. Moderatzaile-idazkari papera egokitu zitzaidan talde batean, eta han juntatu zirenak ikusita (eta ezagututa) zortea izan nuen duda barik (haiei tokatu zitzaien moderatzailearekin baino askoz gehiago ;) ). Euskaltzale animosoak, animatuak, gogotsuak eta arduratuak hausnarketak, bizipenak eta kezkak konpartitzeko gogoz, eta aurrera egiteko bide bila gogotsuago.

Eta kezka eta galderen artean behin eta berriz errepikatu zen bat. Jende berria etorri behar da, lan handia egin dugu (uste dut ez zela inor ausartu esaten, baina igartzen zaie guztiei harro daudela egindakoekin. Ala ez?), baina denbora aurrera doa eta gure atzetik norbait etorri behar da, eta etorri dator askotan. Baina, nola transmistitu gure baloreak, gauzak egiteko gure modua, gure esperientzia eta eskarmentua, urteetan ikasi eta ikusi dugun guztia? Ez daitezen berriro zerotik hasi, ez daitezen geure erroreetan jausi eta gure lanak jarraipena izan dezan.

Galdera ona, eta kezka nahikoa orokorra euskara elkarteen munduan. Eta transposizioak egiten hasita, gurera ekarri nuen galdera. Eta hemen ere ez gabiltza antzera? Urteetako ibilbidea dute eginda guretako askok (hala dio urtero zaharrago egiten gaituen estatistika horrek), eta noiz edo noiz berriak etorri beharko dira. Etorri, geratu eta lema hartzen hasi esan gura dut, zoritxarrez etorri eta alde egiten digute askok.

Baina, jakina, nola transmititu dizkiegu horiei guztiei geure baloreak, historia, ikasiak eta ikusiak. Badute nondik jaso? Mugatuko gara paper batzuk pasatzera zeremonia informal-instantaneo batean? Materiala non dagoen seinalatuko diegu eta listo? Gauza izango ote gara zerbait argi uzteko (iraultza egiten datorrenak zer irauli behar duen jakin dezan sikieran)?

Ala aurkituko du erreferentziarik gabeko anabasa, nondik oratu jakingo ez duena, eta horren aurrean bere mundua eraikiko du ahal duen modura? Geuk egin ditugun errore eta hutsak behin eta berriz errepikatuko ditu? Aurretik gertatu denaren berri bakarra ahozko tradizioaren bertsio finkatugabeetatik jaso beharko du, jasotzeko zortea baldin badu?

Kezkatzen nau asuntoak. Euskaltegien mundua ez da ondo ezagutua kanpotik. Topiko gehiegi dabiltza batzuetan, baina barrukoa misterioa izaten jarraitzen du askorentzat. Areago datorren jende berriak mundu honekin aurretiaz gero eta harreman gutxiago duela. Pasatu da ikasleak irakasle bilakatzen ziren denbora hura alegia. Eta mundu hau ezezaguna izateaz gainera, uste dut hortik kanpotik pentsatzen dena baino konplexuagoa dela. Lau hitzetan kontatzeko konplexuegia.

Edo zahartzen hasita nago igual.

07
Aza
2009

Juan Jose Zearreta hil da

Ricardo Gomezek eman digu albiste latzaren berri, eta Euskaltzaindiaren oharrera bideratu: Juan Jose Zearreta euskaltzain urgazlea hil da gaur egurdian auto-istripuz.

Euskaltzain urgazlea izan eta erakundearen kudeaketa lanetan ziharduen gaur egun, baina Zearretaren bizitzak eta lanak lotura handia izan du helduen euskalduntze-alfabetatzearekin, Euskaltzaindiaren oharra irakurri besterik ez dago:

Juan Jose Zearreta Urigoitialdekozea Zornotzan jaio zen, 1947ko ekainaren 10ean. 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen euskalduntze eta alfabetatze kanpainetan parte hartzen. Hala, 1968-69 ikasturtean Deustuko San Felicisimon euskarazko eskolak sortu ziren, Zearreta talde horretako partaide izan zelarik.

1970ean Lehen Urratsak liburuaren prestaketan jardun zuen, besteak beste, Patxi Elgezabal eta Ricardo Badiolarekin.

Urte horietan lanean zebilen Bizkaiko alfabetatze batzordeko kide izan zen. 1975-76an, herrialde guztietako batzordeak batu eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean, bera izan zen sortzaileetariko bat, idazkari lanak ere bete zituelarik.

1973an hasi zen lanean Euskaltzaindian, Ekonomia arloan, Jose Luis Lizundia orduko idazkariordearen lankiderik hurbilena izan zelarik. 1975eko ekainaren 27an euskaltzain urgazle izendatu zuten.

2003an  Euskaltzaindiaren kudeatzaile izendatu zuen Akademiak.

Euskalduntze prozesuarekin loturik beti ere, hainbat lan argitaratu zituen, elkarlanean:

  • Euskalduntzen (3 liburuki), 1972
  • Alfabetatzen (1975)
  • Euskara: Hizkuntza Ariketak (1976)
  • Euskal Hiztegi Modernoa (1977)
  • Sortzen - I (1978)
  • Hiztegia 80 (1980)

Bilbon euskara eskolak antolatu, ikasmaterial historikoen egile (Lehen Urratsak, Euskalduntzen, Alfabetatzen...) eta AEKren sortzaile. Ez da aipatu gabe uzteko moduko ibilbidea, baina aspaldian beste lanetan hasita, seguraski gaur egun askori ez zaie ezaguna egingo Zearretaren izena.

Ni neu behin suertatu nintzen berarekin. Duela hainbat urte, irakasle lanetan ia hasi berritan, ikasle talde batekin Euskaltzaindia bisitatzera joan nintzen. Plaza Barrian egoitza jarri baino urte batzuk lehenago izan zen, orduan Diputazioaren inguruko kale batean (ez dut orain zeinetan gogoratzen) pisu txiki batean zeukan Euskaltzaindiak Bilboko egoitza.

Ez zen hura gaurko etxe dotorea, ez. Dokumentuak eta altzariak ahal zen moduan apailatuta ziharduten han. Hantxe hartu gintuen Zearretak, eta Euskaltzaindia zer eta zertan zen eta han zegoena erakutsi eta azaldu zigun. Gogoan dut oraindino han zeukaten bilera-gelako horman egon zen organigrama moduko bat: Euskaltzainburua, euskaltzainak, sailak, eta han  behean adartxo bat: AEK.

Ikasleak apur bat harrituta geratu ziren egia esanda, baita neu ere. Eguneratu barik zegoen organigrama hura, urteak ziren AEK Euskaltzaindiaren babesetik irten zela, eta, esango nuke orduko hartan erakunde bien artean harreman handirik ez zegoela. Hala ere, Zearretak organigrama hartaz baliatuta historia kontatu zigun: gau-eskolak, alfabetatze batzordea, koordinakundea...

Helduen euskalduntze-alfabetatzeak gorabehera handiak izan ditu, ordura arte ordutik aurrera: bereizketak, hausturak, pertsonak... Eta organigrama hartako AEK eta nik gaur egun lan egiten dudan lekua urrun daude duda barik. Baina urrun egon arren, lotura asko egon dira bitartean, pertsona eta esperientzia asko. Eta memoria historikoaz hainbeste jarduten den sasoi honetan, gogoratu dezagun geurean ere historia dagoela, nonbaitetik gatozela eta esperientzia ugari ditugula atzetik, gerora begira atzean utzi ezin direnak.

Bego beraz geure gogoan Juanjo Zearreta, bera eta bere lana. Kasualitate latz horietako batean auto-istripuan joan zaigu, helduen euskalduntzearen historian giltzarria izan zen Rikardo Arregi bezala.

Doluminak senideei, lagunei eta lankideei.

Argazkia: Euskaltzaindia

04
Aza
2009

Lehengo lepoko sorpresak

Eusko Jaurlaritzaren aldaketak Helduen Euskalduntze-Alfabetatzearen bazter hauetara zer ekarriko zuen galdetzen hasi ginen duela hilabete batzuk. Eta, egia esanda, orain arte ez dugu aparteko berrikuntzarik edo berririk jaso, kargu aldaketa pare bat kenduta.

Aurrekontuetan ere berri gutxi, hobeto esanda, berririk ez, edo -nondik ikusten den- bai. HABE da diru-murrizketatik salbatu den bakarra antza, euskararen inguruko politikan bazterrak aztoratuta dabiltzan egunotan hori zerbaiten seinalea izango da, ez dakit zerena baina...

Eta gu zain, zer etorriko eta... gaur gutuna heldu da, HABEtik HABEren gutunazal ofizialean. Zer da ba (pdf eta hemen Ikasbileko lotura)?

"Sinposioa" irakurri dut. Dio! Bost hogerlekoko berbak dabiltza hemen. HABE eta EALTA... dedio! Kategoria ere badabil gero! "Ebaluazioan eta hizkuntza-probetan jokabide egokiak sustatzeko gida-lerroak". Dediole! Serioa da hau ba! Ondoren titularreko subjektu-objektu horiek perpaus konposatuan apaindu dizkigute dagozkion leku-denbora osagarriekin: "Ekitaldia 2009ko azaroaren 13an izango da, 09:00etatik 17:00etara, Donostiako Teknologi Elkartegiko Auditorioan...". Azaroaren 13an? Hori datorren astea da bata! Jeseus! Horrelako gauza serio-kategoriakoetarako ez dira ez dakit zenbat hilabete lehenagotik kanpaiak soltatzen. ala?

Beherantz segitu eta, joño! Good Practice-Buenas prácticas. Internazionala! Hortik aurrera HABEren siglak behin eta berriz, baina sarrera inpaktantea izan da, duda barik.

Hau ez da txikiteoaren erdian derrepentean antolatzen den afaria, ez. Eta orain derrepentean dator horrela? Despistatuta ibili naiz?

Inguruan galdetu dut. Zuek honen berri? Ez,ez, ez.... Ene! Asko da ba!

Zer ote den hausnarrean hasi eta, aaaaamigo! Erregalua gordeta eduki digute. Aldaketak etorri dira, HABEk horrelako sorpresak emango dizkigu hemendik aurrera. Espero ez duzula, tak! To sinposioa! Hurrengoa zer izango? Jakin minaren ilusioa piztu digute. Ole!

Gustatzen zaizkit sorpresak. Txikitan errege magoei gutunean direnak eta ez direnak eskatu ondoren ekarritakoak ikusita hartzen nuen sorpresa gehien bat.

Hori bai, espero dezagun sorpresa hauek ez etortzea "ebazpena" edo "xedapena" abizenekin, baten batek ikatza ekarri diotela pentsa dezake eta.

Hala ere, esango nuke sorpresazaletasun hori ez dela sorpresa izan, ezta?

PD: egiaztatze probekin zerbaitetan dabiltzala dirudi. Ea datorren ostiraleko horretan zer kontatzen duten. Sorpresa gehiago akaso.

12
Urr
2009

Uribarriko gau-eskola aurrera doa

Lagun batek kontatu zidan behin ingeles-hiztun batekin elkartu zela Bilbon eta ingeles arinaiztarrean "city" hitzarekin definitu zuela lekua, ingelesdunak zuzendu-edo egin ei zion: Bilbao "city" berbara baino gehiago hurreratzen dela "town" adierara. Ez da hain handia alegia.

Bilbaino batentzat ingelesaren bereizketa horiek (hala baldin bada) purrustada edo bilbainada bat botatzeko modukoak izango dira seguruenik. Bai, bistan dago Bilbo ez dela ez London, ez New York, ez Sidney (gura lukete haiek ba!), baina mundu asko daude Pagasarri eta Artxanda bitarte honetan. Titaniozko museoa eta erreka bazterreko paseo horietatik alboetarantza apur bat eginda.

Era berean, Bilbo izango da euskara jende heldu gehien ikasten dabilen udalerria, euskaltegi eta ikastegi asko eta jendetsuak, Boluetatik Zorrotzaraino, baina mapamundiko mundu guztietan ez dago aukera hori ziurtatuta: Uribarri, Zurbaran, Otxarkoaga, Abusu edo Errekalde lako auzo jendetsuetan ez dago helduek euskara ikasteko berariazko zentro eraturik. Alboko auzoetara edo erdigunera jaistea izaten da aukera hangoentzat. Bestelako alternatibarik sortzen ez bada behintzat, eta egon da halakorik.

Uribarri auzoan adibidez, partida bat urte dira han egon zen euskaltegia itxi zenetik, eta beste aukerarik ezean lehengo eredura bueltatzea pentsatu zuten bertako euskaltzale batzuek, gau-eskolara hain zuzen ere. Hala bada, bost urtez ibili dira doako eskolak antolatzen interesa duten auzokideentzat, boluntario jardunda eta auzoko eskolako lokalak erabilita, klaseak nahiz bestelako aktibitateak. Eta aurten ere hala egiteko asmoa eduki dute, baina...

Aurten urtero legez, gelak eskatzera joan, eta ez die eskolako lokalak erabiltzen utziko. Hala adierazi dute Bilboko beste elkarte eta euskaltzaleoi bidali diguten mezuan:

Uribarriko Gau Eskolako ikasle eta irakasleok bosgarren ikasturteari ekingo diogu datorren 14an hasiko den ikastaroan. Denbora honetan Uribarriko eskola erabili izan dugu geure jarduerak aurrera eramateko; honela, helduei euskalduntzeko aukera eman diegu, euskara klaseak doan eskainiz. Urte hauetan zehar auzokideen erantzuna gero eta hobea izan da, euskarara musu truk hurbiltzeko aukera topatzeaz gain lagun arteko giro polita sortu baita, auzoko egunerokotasunera ere iritsi dena.

Aurten, ordea, geure harridurarako, EZ DIGUTE URIBARRIKO ESKOLA ERABILTZEN UTZIKO. Gure ustez, erabaki honen zergatiak oso irristakorrak dira, iraingarriak ez direnean, baina ondorioz,  Uribarriko helduei euskalduntzeko aukera bat kentzen zaiela iruditzen zaigu.

Ez dakit zehazki zer gertatu den, baimena nork eta zergatik ukatu dien. Bilboko eskola askoren jabea eta kudeatzailea Udala bera da, beraz azken erabakia Erkoreka plazaren bueltan ibiliko da. Esan dudan modura, ez dakit zein arrazoi izan den tartean, baina Uribarriko euskaltzale horien haserrea pizteko modukoa bai behintzat, eta horrela lanean dabilen jendeari haserretzeko arrazoiak ematea ez dut uste bidezko eta ganorazkoa denik.

Are gutxiago jakinda Bilbon euskara ikasi nahi duen hiritarrak dituen aukerak ez direla beste hainbat udalerritan daudenen bestekoak: ez udal euskaltegirik edo euskaltegi publikorik, eta euskaltegi pribatuetan ikasteko diru-laguntza sistema murritza (gurasoentzat, langabeentzat edo kasu zehatz batzuetarako besterik ez). Hau da, euskara ikasten duten bilbotar askok HABEren diru-laguntza baino ez dute jasoko ( zati handi bat probak gaindituz gero gainera). Doan ikasteko aukera ematen duenari gauzak ez erraztea ez da oso ulergarria, ez.

Tira, arrazoiak arrazoi eta kontuak kontu, Uribarrin aurrera doaz eta asteazken honetan (urriak 14) matrikulazio festa egingo dute auzoko kanpan, euskarara urrun joan barik hurreratu nahi duenari arrimatzeko festa.

Ikusten duzuenez, Bilbon badira beste mundu batzuk, titaniotik eta Q87tik haragokoak. Ea kontua zentzu apur batekin konpontzen den.

Sindikatu edukia