ikasleak

26
Api
2011

Konoaren bueltak

Duela lau urte Dale-ren konoaren aipamena egin nuen hemen, sarean zebilen irudi bat ekarri nuen hobeto esanda. Dale-k hobetoen zer ikasten dugun azaldu nahi izan zuen konoaren figura horrekin, eginaz ikastearen balioa azpimarratuz eta ikaskuntza instrukzio hutsetik harago joan behar duela nolabait adieraziz.

Gaur Clarión blogean jakin dut orduko irudi hura ez dela Dale-ren benetako konoa, enpresa batean 1967 inguruan hango batek egin zuen bertsio librea baino. Dale-ren figurari kuantifikazio batzuk gehitu zizkioten irudi serioago, zientifikoago eta "enpresarialagoa" eman guran. Badakizue enpresa munduan zenbat gustatzen diren grafikoak, portzentaiak eta zenbakiak oro har.

Zenbakietatik aparte ez bide dago alde handiegirik Dale-k adierazi nahi zuen ideiaren eta bertsio kuadrikulatuaren artean. Ikaslea ikasgaiaren esperientzian eta errealitatean zenbat eta inplikatuago ikaskuntza eraginkorragoa. Hizkuntzaren arlora ekarrita, hizkuntza zenbat eta gehiago erabili, erabilera hori ikaslearentzat zenbat eta baliagarriago, emozionalago, asebetegarriago eta esanguratsuago; hobeto, arinago eta gusturago ikasiko da nonbait.

Clarióneko artikuluan konoaren bertsio propioa egiteko bidea proposatu digute bestalde. Edozein ikastaro edo ikas-aktibitatetan aplikatu daiteke, formulario baten bidez ikasleei nola ikasi duten gehiago galdetu ahal diegu. Proba egin zuten eta emaitzak Dale-ren jatorrizko konoaren ideietara hurbildu zirela ikusi zuten.

Pentsaten jarri naiz nola egin litekeen horrelako bat euskara ikasleekin, eta duda bat etorri zait. Gure kasuan ikasleek erantzungo lukete praktikan eta hizkuntzaren erabileran murgilduz gehiago ikasten dutela? Ala instrukzioak, azalpenak eta jarduera mekanikoek pisu handia hartuko lukete?

Alegia, hIzkuntza ikastea hizkuntza horrekin gauzak egiten ikastea baino hizkuntza hori "kontrolatzea" eta "ezagutzea" delako ideia beste arlo batzuetan baino zabalduago ote dago gurean?

Beti etortzen zait gogora ikasle batekin gertatutakoa, egun batean klasean, halako digresio linguistiko-filologiko baten ostean ikasle hark: "Zenbat ikasi dugu gaur!"

Irudia: Cono de la experiencia (Wikimedia). Egilea: Jgaray.

26
Urr
2010

Zer da jarrera ona?

Oskar Elizburu | 2010, Urria 26 - 09:31

Oskar Elizburu AEK-ko lankideak euskara eta euskalduntzeaz kolaborazioa egiten du Info7 irratian. Lehengo ostiralean ikasleen motibazioaz eta administrazioaren jarrerez gogoeta utzi zigun ipuinaren soinekoaz jantzita. Info7n duzue entzungai: Euskara ikasteko aitzaki ezberdinak.

Hemen ere ipuinzaleak gara, eta zer pentsatuta eta zer esana ematen duten ipuinak badira, gehiago. Horra Oskarren kontakizuna:


Epa, lagunok!

-Zer da jarrera ona?

Galdera, bilobak egin dio amamari. Amamak badaki azalpenak emateko modurik onena ipuin estiloko zerbait dela eta hala kontatu dio mutikoari.

Behin  bazen herri bat eta bertan, bere hizkuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, laguntza sorta jarri zuten. Dirudienez, sailaren ardura zuenak ez zeukan oso argi baliagarri izango ziren ere, baina, probatzea pentsatu zuen. Laguntzen berri egunkarietan eta bestelako medioetan ere eman zen eta herritarrek informazioa jaso eta begi onez ikusi zuten. Gehienek behintzat, bertako hizkuntza ikasteko bideak eta laguntzak jartzea komenigarria zela pentsatu zuten eta.

Hiru lagun agertu ziren ikasteko asmoz;

Lehenak lanerako behar zuen, baina ordura arte, beti, dirua  aipatzen zuen aitzaki gisa. Nola liteke, ba, bertako hizkuntza ikasteko horrenbeste ordaindu beharra? Egunen batean, ikasteko erreztasunak badaude, ikasiko dut. Ez zeukan, ez, motibazio afektibo edo identitario handiegirik, baina… Ikastarora joan zen eta zintzo-demonio bete zuen egutegia; klase guztietara joan zen eta, ikasi, ikasi zuen. Ikastaroaren bukaeran irakaslearekin komunikatzeko gaitasuna eskuratu zuen eta pozik zegoen. Baina bere lanpostuan eta inguruan ez zen erabiltzen hasi; hobeto eta erreztasunez egiteko gauza naizenean, orduan bai, orduan erabiliko dut! Esaten hasi zen.

Bigarrena kanpotarra zen, etorri berria, eta gizartean txertatzeko aukera moduan ikusi zuen hizkuntza ikastea. Baliabide gehiegirik gabe dagoenarentzat laguntza ekonomikoa izatea ederra da beti, dirurik xahutu beharrik ez izatea. Laguntzak jasotzeko asistentzia ona eduki behar zela eta, lagun honek ere egoki erantzun zion ikastaroari. Bertan aritzearen eraginez, motibazioa pizten joan zitzaion, gainera, eta ikastaro erdirako erabiltzen hasi zen. Txertatzen hasi zen bere ingurukoen artean, eta, horretan, hizkuntzak asko lagundu zion. Ikastaroa bukatu eta 2 hilabetera, baina, lana dela eta, herri hartatik alde egiteko beharra izan zuen,  zoritxarrez.

Hirugarrena aurrez hizkuntza jakin eta erdi galdu zuenetako bat zen. Bizitzaren bueltak eta birak eraginda zeukan galduta. Laguntzak egoteak zirikatu egin zuen eta barruan zeukan harra berpiztu. Ez zeukan denbora libre gehiegirik eta ikastarora halamoduz joan zen, asistentzia ez zen egokia izan, baina lehendik zekienarekin moldatzen joan zen, berreskuratzea lortu eta eguneroko bizimoduan moldatzeko beste ikasi zuen. Helburua lortutzat emanda, ez zuen ikastaroa bukatu ere egin eta, jakina, ez zioten dirulaguntzarik eman.

Hurrengo ikasturteari begira, sailaren ardura zuenak emaitzen irakurketa egin zuen: bik kobratu zuten eta batek ez. Erabilerarako pausorik hirurek eman zuten, baina eraginkorregiak ez: lehenengoaren martxa motelegia zen eta bidean egongo zen luzaroan, ausardia faltagatik; bigarrenarena, berriz, ondo zihoanean eten egin zen eta, azkenik, hirugarrenaren helburua motzegia zen eta bere hortan geratu zen prozesua.  

Horren guztiaren aurrean, arduradunak honako neurri hauek hartu zituen: Hasteko, gutxieneko asistentzia  malgutu egin zuen, apur bat bazen ere, denbora arazoa zutenek  laguntza jasotzeko aukera izan zezaten. Bestalde, sustapen kanpaina bat bultzatu zuen, bertakoen alfabetatzearen beharra zabaltzeko. Bestetik, ausardia nahikorik ez zutenentzat, erabilera-gune bat sortzeko programa bultzatu zuen. Azkenik, etorkinaren ibileraren txostena beste herriko hizkuntza arduradunari bidali zion, han ere kontuan har zezaten.

Ipuina bukatu eta amamak galdetu egin zion bilobari - zure ustez zeinek eduki zuen jarrera ona?

-Jo amama, ez dakit, hirurek egin zuten zerbait, ahalegindu ziren, baina bidean geratu zirenez…jarrera onena… ez dakit ba!

Eta orduan amamak – Begira, maittia, jarrera ona izan duena, arduraduna izan da; lehenengo aukera eman zuelako eta ondoren, aukera hori hobetzen eta eraginkor egiten saiatu delako.

Gurean ere, ipuinean bezala, horrelako jarrerak beharko genituzke administrazio zein gizarte eragileen artean; Euskara ikasteko prozesuan laguntzak eta bideak zabaltzeko jarrera hain zuzen ere. Gure hizkuntza ikasteko doakotasunerako pausoak eman beharra dago, alde guztietan, ikasten duenaren lepora jausi ez dadin kostea. Dena dela, gero, ikasten diharduen horrek ere bere partea bete beharko luke, erantzukizunez jokatu, doakotasun hori irabazi.

Ipuinetan bakarrik ote horrelako arduradunik? Amamaren lezioa baliagarria izango ote zaio inori, aldaketa egiteko?

Ondo ibili eta euskara erabili! 

Irudia: Niño con su abuela (Flickr). Egilea: Francisco Ponce Carrasco. Lizentzia

28
Api
2010

Es ke....

Es ke....

  • zaila da
  • hemen ez da inoiz egin
  • lan egiteko zertarako behar da?
  • jendeak ez du egiten
  • ez daukat astirik
  • ezin izan dut
  • ezin dut
  • aspertzen naiz
  • honek ez daki
  • horrek ez daki
  • guk ez dakigu
  • zuek badakizue?
  • badaki inork?
  • ez dizut ulertzen
  • nekatzen naiz
  • ulertzen didazu?
  • han egiten da(?)
  • ezin da
  • ezin dut
  • ulertzen da?
  • ez dut ulertzen
  • zer da?
  • total...
  • ez nuen hori esan nahi

Es ke... hori esan duzu.

07
Mar
2010

Ikasgela kalean dago?

Nodos Ele blogean Roger Shanck-en hitz batzuk jaso dituzte:

La fórmula del profesor que da la clase magistral y los alumnos hacen exámenes no funciona. Deberíamos aprender como cuando éramos pequeños: nuestros padres no nos sentaron en una mesa y nos dijeron que nos iban a enseñar a hablar, que eso era la gramática y lo otro, el vocabulario. No. El niño habla y, cuando se equivoca, sus padres le van corrigiendo. Aprendemos conversando con los niños, usando el lenguaje.

Hitz politak, jarraian azpimarratzen eta zabaltzen ditugun horietakoak. Ondo ematen dute begi-belarrietan, eta, neurri handi batean halakoak predikatu behar izaten ditugu. Baina arazoa hori guztia praktikara eramatean agertzen da. Hori txalotzen duen irakasleak segidan egiten du galdera: eta neure ikasleekin zer egin behar dut orduan?

Ikuspegi komunikatibo-signfikatiboari mila buelta eman ahal zaizkio, baina funtsean hizkuntzarekin pertsonek zerbait egitean badatza kontua, ikas-ingurua pertsonek gauzak egiteko ingurune modura planteatu behar da, eta askotan dikotomia moduko bat egiten dugu: klasea eta kalea, klasean teoria eta kalean praktika, klasean hizkuntza eta kalean erabilera, klasean simulatu eta kanpoan egin...

Eta ikasgela ez da akaso pertsonak zerbait egiteko biltzen diren lekua? Kalea bezala azken batean. Kale gorria, taberna, etxeko egongela edo futbol zelaia nahi baduzue. Hau da ikasgela ere ez da espazio soziala? Eta espazio sozial horretan hizkuntzak ez dauka funtzionalitaterik hizkuntzaz hitz egitea ez bada? Eta espazio horretan geu (irakasleok ere) ez gara pertsonak?

Gurea bezalako egoera batean hizkuntza ezin dugu euskaltegiko hormetako santutegi batera mugatu, egia da, baina era berean, horma horiek ezin dira mugatu hizkuntzaren adorazioa eta dotrina egitera.

Kermanek ez luke euskaltegitik irten behar praktikaren bila, praktika eta hizkuntzaren gaineko gogoeta (izpirituala nahi baduzue) egiteko pertsona, gune eta une gehiago eta desberdinen bila baino.

Horixe bada, nahi badugu ikasgela kalean dugu (kale gorrian ez dugun bitartean, jakina). Zer egingo dugu kale horretan bada?

28
Ots
2010

Auskalogarren maila

8

Helduen euskalduntzearen inguruan albisteak eta elkarren berri jakitea ez da erraza izaten, eta apur bat adi egon nahi baduzu Interneten informazioa kudeatzen duten kontakatiluekin tratua egin beste erremediorik ez da izaten. Hala, osaba Google-i esanda diot "euskaltegi" hitza nonbait aurkitzen duen bakoitzean abisua emateko, eta jakiten dira gauzak horrela.

Gaur esate baterako kontatu dit Javier Madrazo EJko kontseilari ohia politika utzi eta, besteak beste, euskaltegira joan dela bueltan.  Ordu eta erdi egunean, jariotasuna hartzea kostatzen zaio, eta laster zortzigarren mailara heltzea espero ei du.

Madrazo euskaltegietan ari diren 40.000 horien artean askoren antzera ibiliko da seguru asko, baina zenbakiak entzuten hasita pentsatzen jarri naiz: 8. maila gainditzea espero du, seinale dabilen euskaltegian (ofizial edo ez-ofizial, irakasleen edo ikasleen artean) gutxienez 8 mailatan neurtzen dela euskara ikateko ibilbidea. Etxera begiratu eta 1a, 1b, 2, 3 eta horrelako izenak entzuten ditut, izenak diot, ze sarri "altua", "baxua" eta horrelako abizenekin bereizten dira neba-arrebak. Sarean apurtxo bat gehiago endredatu eta oinarrizkoa, erdikoa, EGA eta teknikoa abizenak darabiltzan euskaltegiaren berri izan.

Letra/zenbaki-zopa baten traza hartzen hasita dago hau. Euskara ikasten duten pertsona horiek argi dute nondik nora gabiltzan hemen? Gogoan ditut udan gurekin barnetegia egitera datozenak, etorri eta kokatu aldera orain arte zer egin duten galdetu eta zer mailataraino heldu diren. Erantzunak zenbakiak gehienetan, eta, non ibili diren-eta, zenbaki hori gure zenbakiekin ezkontzeko interrogatorio-ikerketa moduko bat behar izaten dugu, edo zuzenean mailaketa proba bat egin, bestela ez da modurik egoten.

Eta normala da hau? Euskara ikasten duen jendeak non dabilen bere mailarako izen-abizen desberdina eduki. Batzuek 12 urratsen klasikoarekin, beste batzuk HEOKen mailaketaren aldaerekin, beste batzuek bertoko produktuari bertoko izena, eta egon, Europako estiloko letra-zenbakiak datoz lapikora laster, porrusalda konpletoa egiteko.

Horrela daude gauzak, tradizio eta izendapen asko batu dira urteetan, eta nahaste hori argitzen edo artezten ez da inor jarri. Akaso ez da hain larria izango, baina -neure uste apalean- ez da itxura onekoa eta, gainera, ez dut uste ezer onaren seinalea denik ere.

Hala ere, gauza bat argi izatea komeni da: mailak ez dira ikastaroak, eta erreferentzia-mailetarako izendapen eta deskribapen homologatua egon beharko luke lehenago. Une honetan EEMren bidera jarrita gaudela dirudi, eta baliokidetzeak eta parekatzeak jarri dira abian, baina HABEren 12 urrats tradizional horiek fitxa-plantiletan bueltan dabiltzan bitartean ez dute asko lagunduko argitzen.

Bestalde, euskaltegi-erakunde bakoitzak eskaintzen dituen ikastaro-zerbitzuek ere izen argia izan beharko lukete. Hemen zailagoa izan daiteke homologazioa, ze -barruntaten dut- une honetan euskaltegien eskaintza ez da batere homogeneoa eta estandarra. Modulazio, ordu-kopuru eta osaketa desberdin askoko taldeak eta ikastaroak daude martxan ordea.

Baina sikiera pertsona baten maila deskribatu eta izendatzeko orduan ahalegintxoa egin beharko genuke terminologia bat erabiltzeko, ezta? Guk erabili, eta jendeak berak ezagutu dezan eta zoratu ez dadin/gaitezen.

Ala ez?

09
Abe
2009

Cicero -one

Ahots asko dabiltza munduan, eta sarean adi egonda ez da zaila interesatzen zaizkizunak entzutea. Euskara ikasleen ahotsa -zuzenean edo zeharka- ere entzuten da sarri. Asteon adibidez, Atoanen hiru aipamen ekarri ditugu euskara ikasle banari dagozkionak.

Mixel Usereau Quebec-etik euskara eta Euskal Herrira arrimatu zen, han elebidunak dira asko txikitatik, eta berak segitu eta bospasei hizkuntza dakizki une honetan, euskara haietako bat. Hala esan zien lehenegoan Euskadi Irratian Amarauna saioko lagunei:

Ikasi dudan hizkuntzarik errazena euskara izan da

Juan Martínez de Irujo pelotaria, lau eta erdikoaren finalaren atarian Diario Vascon:

Por mucho que vaya de nuevo al euskaltegi, me seguirá dando vergüenza hablar con la gente. Eso no tiene solución.

Euskaltegira joaten segitu arren, lotsa sentituko nuke mingaina askatzerakoan. Horrek ez du erremediorik (Anjel Lertxundiren itzulpena. Mersi ;-))

Aspaldian jakin genuen Irujo eta Eulate laguna euskaltegian zebiltzala. Gerora, Eulatek euskaltegiko lanaren fruitua erakutsi zigun. Irujok berriz ez du bide bera egin dirudienez.

Hirugarrena zeharkakoa izan da. Argian Onintza Iruretak Gipuzkoako herri euskaldun bateko erdaldun baten kasua kontatu zigun, han jaio, han ibili, integratu, giro abertzale-euskaltzelean murgildu, eta ikasteko ahalegina egin eta:

Herritar bakarra entzun dut gizon horri euskaraz egiten, duela urte batzuk euskaltegian izena eman baitzuen. Herritar bakar hori irakaslea zen, noski

Indioek bezala ez duela hitz egin nahi, eta ez doa aurrera, eta ingurukoek erdaraz egiten diote normal-normal.

Kasu tipikoak edo atipikoak izango dira hiru hauek. Lehenengoa, bistan da, ez da ohikoa izaten. Kanpotik etorri eta euskara ikasi dutenak gutxi izaten dira, nabarmanak izan (eta merezi izan) arren. Beste bien musika ezagunagoa egiten zait baina.

Nekane Arratibelen aspaldiko lan batera jo dut: Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioaren errola. Han euskara ikasteari ekiteko orduan faktore batzuk aipatzen dira, soziolinguistikaren munduan beste hainbat konturekin ere lotutakoak sarri: sare soziala eta bertako euskaldunen dentsitatea, bizitasun etnolinguistikoa, identitate etnolinguistikoa, jarrerak, ikuspegiak eta motibazioa.

Eta pentsatzen jarrita, Onintzak aipatu digun kasu horretan zerk egin du huts? Bizitasun etnolinguistiko handiko inguruan (Gipuzkoako herri euskalduna,%80ren bueltan ezagutza), pertsona euskaltzale eta abertzalea, lagun-sarean hiztun euskaldunak nagusi... Eta hala ere, ikas prozesuak huts egin du nonbait.

Irujoren ingurua ez dugu hain zehatz ezagutzen. Berez bizindar etnolinguistiko txikiagoko leku inguru batetik dator, Nafarroako erdi aldetik. Akaso pilotaren munduan ibilita euskararen eta euskaldunen dentsitatea handiagoa da, eta motibagarriagoa agian. Ikasten hasteko jarrera eta motibazioa behintzat eduki zuen, baita hasi ere.

Eta zerk egin du huts orduan? Bistan da prozesuaren erdian gertatu dela hutsa, ez hasieran. Akaso baldintza eta aldagai pertsonalak sartu dira jokoan. Baina hala balitz, ez dut uste lasaitzeko arrazoia direnik. Bi horien moduko kasuak ez dira gutxi, aldeko baldintza ugarirekin ere erdibidean geratzen dira asko alegia, eta hor zerbait pasatzen da.

Onintza Iruretak ingurukoen presio faltari egozten zion nonbait ("Mendian, euskaldun petoen koadrilan, gaztelaniara aldatzen dute (nik gaurtik aurrera ez) bera aurrean dagoenean"). Irujok ingurukoekin jarduteko lotsa aipatu du. Ahaleginak bota ditu atzera beharbada, eurek eman beharreko pausoa. Eta logikoa da era berean, ikasteko ez ezik, egiteko ere ahalegin gehiagarria eskatzen zaio sarri ikasleari, eta guztiak ez daude ahalegin horretarako, motibazioa, ilusioa edo ikasteko abilidadea gorabehera.

Herria irakasle aldarrikatu zen aspaldian. Eta seguraski horrek ez du esan nahi euskaldun guztiak klaseak ematen hasi behar dutenik, ez. Beste gauza bat akaso: euskara ikastea ez da soilik jakintza edo gaitasun baten jabe izateko bidea, hizkuntza batean gertatzen denaren partaide izateko prozesua ere badela esango nuke, eta etxe batekoa izateko bertako ateak (eta leihoak) zabaltzeaz gainera, sartzeko eta geratzeko gonbitea eta motiboak eman behar dira.

Hemen inguruan, Otxarkoaga auzoan kale bat dago Zizeruene izena daukana, lehenagoko baserri baten izena. Bati entzun nion behin etxearen izena Zizeron(e) batetik zetorrela, han ostatua edo halako zerbait egon zen, eta bertokoek egin ohi zuten harreragatik ipini ei zioten izena.

Zizeruene faltan gaude?

Irudia: Wikipedia (lotura eta lizentzia)

01
Abe
2009

Mondo difficile

Foreign Office-eko enplegatuek euskarari buruz duten ustezko pertzepzioaren berri haizeratu zen duela aste batzuk. Euskara munduko hizkuntza zailena diosku hango plantilak.

Diplomazia britainiarraren artean nondik zabaldu da hori? Misterioa oraingoz. Akaso enpresako afari batean James Bond (hura ere Foreing Office-ko nominan dago, ezta?) hasi zen kontatzen Bilbon zebilela zapatofonotik abisatu ziotela han "basque" egiten zela, eta Guggenheim-eko kafetegiko terrazan jarrita dagoela galdez hasi zela "shaken, not stirred" nola eskatu behar den "in basque", eta hango pertsonalak ez zion jakin erantzuten, edo baten batek zerbait esan eta halaxe-edo eskatuta martinia barik kaña atera zioten basotubo batean... Badakizue, James hau ezinbestekoa da enpresako afariak animatzeko orduan. Pentsa zelakoa izan daitekeen diplomatiko britainiarrez betetako afaria bestela.

Diplomazia britainiarrak itzal handia du mundu honetan oraindik orain hala ere, eta King Charles Street-etik datorrenari kasu eman behar zaio, izan ere polito janzten du edozein albiste "diplomatiko britainiarren ustez..." batek, eta King Charlesek euskara munduko hardest language dela esaten badu, hardest language izateko puntu asko ditu, dudarik ez. Titular indartsua ematen du gainera.

Well, batzuei aspaldian lau haizetara zabatzeko deseatzen egon direna zabaltzeko "argumentum ad verecundiam" ederra jausi zaie esku artean (latina bai hizkuntza argia!), eta hortik "argumentum ad nauseam" izateko bidean laster jarriko digute, abilak izaten dira horretan gero! Honez gero "argumentum ex populo" bihurtu ez denean.

Tira, beste aldetik era askotako argumentum-ak zabaldu dira: zailtasunaren erlatibitatea, interesak, auctoritate horren auctoritate eskasa horrelakoak esateko... eta abar.

Edozelan ere, gauza bat ezin da ukatu, euskararen zailtasuna topikoa da, eta topikoa izanda errazagoa da hori pentsatzea kontrakoa baino. Eta, zailtasun hori nabarmentzeko interes batzuez gainera, zerk zabaldu du topiko hori? Horren atzetik honako zerbait egon daiteke?

  • Hizkuntza berezia, desberdina, propioa, eta apartatua izatearen fama. "Ez da besteak bezalakoa", horrelako baten aurrean erraza da "zaila izango da orduan" pentsatzea, ezta? Misterio ikutu hori ez diogu geuk ere ematen askotan? Besteetatik zenbat eta urrunago geureago delakoan-edo.
  • "Nola esaten da euskaraz?" eta "Nola esan behar da?" galderak nahastea. Alegia, ez duzue inoiz ikusi jatorrizko euskaldun oso natibo aktibo betikoa euskaraz beti esan duen zerbait galdera horri erantzun modura onartu ezinda dudan eta noraezean? "Argumentum ad auctoritatem" baten faltan edo. Hizkuntza zaintzea eta hizkuntza deskribatzea ez dira gauza bera, ala bai?
  • Eztabaida linguistikoak. Honela esan behar dela, hala esan behar dela... gustatzen zaigu gero! Baina zer pentsatzen ote du urrunago dagoenak hizkuntzaren misterioaren jabe horiek misterioak argitu ezinik ikusita? Eta bera nori kasu egin ez dakiela.
  • "Egingo dizut erdaraz, bestela ez duzu ulertuko". Ummm, honekin ez ote dugu misterioa areagotzen? "Zaila izan behar da gero!" erraz pentsa dezake solaskideak, edo aurretik pentsatuta badauka, hipotesia baieztatzeko zantzua emango diogu.
  • Boligrafo gorria. "Ze txarto egiten dudan!". Inoiz bururatu zaigu ikasleari ondo egiten duenagatik zoriontzea? Seguru nago odolez betetako orri horietan gehienetan gehiago izango direla zuzenak erratuak baino, ez da hala izaten?
  • N-a-ki-o-ke, g-a-itza-te-n, ukan, dautza, elkarrenganako, zaintzuriak, almandrongilak... Ez duzue ukatuko euskarak iniziatuentzako zeinu kabalistikoez betetako kodearen antza har dezakeela askorentzat.
  • "Nire inguruan ez dago euskaldunik". Askoren begietara euskalduna eta bere hizkuntza ez dira halako leienda urbano baten antzerakoak? Ba omen dira, baina ez dira nigana arrimatzen, ez zaizkit agertzen... ez dira izango orduan. Jakina, halako hizkuntza zailarekin, ezinezkoak dira.
  • "Eske euskaldun zaharrei ez zaie ezer ulertzen, oso "itxiak" dira". Ene! Euskaldun zahar peto apartatua, baserrian gordeta. Beste hizkuntza bat da hori, bi hizkuntza orduan, bata bestea baino zailagoa, eta hikan egiten badute, misteriorik misterioena. Zaila da bai, solasaldi bateko partaideekin jardun gabe ulertzea, edo zer esaten den ulertzea zelan esaten den begira bagaude. Areago ezer ulertuko ez dugula asumitu ondoren.
  • "Zer polita den euskara!" Bai, polita, Laboa handiaren kantu hartan bezala, gure barruan pizten diren bazter miresgarriak askotan, lanbroak irudimenean sortutakoak. Baina lanbroak izkutatu egiten du bidea, eta gogortu, eta atertzen duenean bazterrak ez dira hain ederrak izaten.

Zaila da euskara? Ez dakit, diplomatiko britainiarrei egin diezaiekegu kasu, edo bederatzi urteko neskato japoniarrari. Zuek erabaki.

PS: edo hauei ere egin dakieke kasu, aspaldian esan ziguten.

PS2: jakina, ez ditugu ahaztu zailtasuna zailenetan zailena egiteko ahalegin paregabe hauek.

12
Urr
2009

Uribarriko gau-eskola aurrera doa

Lagun batek kontatu zidan behin ingeles-hiztun batekin elkartu zela Bilbon eta ingeles arinaiztarrean "city" hitzarekin definitu zuela lekua, ingelesdunak zuzendu-edo egin ei zion: Bilbao "city" berbara baino gehiago hurreratzen dela "town" adierara. Ez da hain handia alegia.

Bilbaino batentzat ingelesaren bereizketa horiek (hala baldin bada) purrustada edo bilbainada bat botatzeko modukoak izango dira seguruenik. Bai, bistan dago Bilbo ez dela ez London, ez New York, ez Sidney (gura lukete haiek ba!), baina mundu asko daude Pagasarri eta Artxanda bitarte honetan. Titaniozko museoa eta erreka bazterreko paseo horietatik alboetarantza apur bat eginda.

Era berean, Bilbo izango da euskara jende heldu gehien ikasten dabilen udalerria, euskaltegi eta ikastegi asko eta jendetsuak, Boluetatik Zorrotzaraino, baina mapamundiko mundu guztietan ez dago aukera hori ziurtatuta: Uribarri, Zurbaran, Otxarkoaga, Abusu edo Errekalde lako auzo jendetsuetan ez dago helduek euskara ikasteko berariazko zentro eraturik. Alboko auzoetara edo erdigunera jaistea izaten da aukera hangoentzat. Bestelako alternatibarik sortzen ez bada behintzat, eta egon da halakorik.

Uribarri auzoan adibidez, partida bat urte dira han egon zen euskaltegia itxi zenetik, eta beste aukerarik ezean lehengo eredura bueltatzea pentsatu zuten bertako euskaltzale batzuek, gau-eskolara hain zuzen ere. Hala bada, bost urtez ibili dira doako eskolak antolatzen interesa duten auzokideentzat, boluntario jardunda eta auzoko eskolako lokalak erabilita, klaseak nahiz bestelako aktibitateak. Eta aurten ere hala egiteko asmoa eduki dute, baina...

Aurten urtero legez, gelak eskatzera joan, eta ez die eskolako lokalak erabiltzen utziko. Hala adierazi dute Bilboko beste elkarte eta euskaltzaleoi bidali diguten mezuan:

Uribarriko Gau Eskolako ikasle eta irakasleok bosgarren ikasturteari ekingo diogu datorren 14an hasiko den ikastaroan. Denbora honetan Uribarriko eskola erabili izan dugu geure jarduerak aurrera eramateko; honela, helduei euskalduntzeko aukera eman diegu, euskara klaseak doan eskainiz. Urte hauetan zehar auzokideen erantzuna gero eta hobea izan da, euskarara musu truk hurbiltzeko aukera topatzeaz gain lagun arteko giro polita sortu baita, auzoko egunerokotasunera ere iritsi dena.

Aurten, ordea, geure harridurarako, EZ DIGUTE URIBARRIKO ESKOLA ERABILTZEN UTZIKO. Gure ustez, erabaki honen zergatiak oso irristakorrak dira, iraingarriak ez direnean, baina ondorioz,  Uribarriko helduei euskalduntzeko aukera bat kentzen zaiela iruditzen zaigu.

Ez dakit zehazki zer gertatu den, baimena nork eta zergatik ukatu dien. Bilboko eskola askoren jabea eta kudeatzailea Udala bera da, beraz azken erabakia Erkoreka plazaren bueltan ibiliko da. Esan dudan modura, ez dakit zein arrazoi izan den tartean, baina Uribarriko euskaltzale horien haserrea pizteko modukoa bai behintzat, eta horrela lanean dabilen jendeari haserretzeko arrazoiak ematea ez dut uste bidezko eta ganorazkoa denik.

Are gutxiago jakinda Bilbon euskara ikasi nahi duen hiritarrak dituen aukerak ez direla beste hainbat udalerritan daudenen bestekoak: ez udal euskaltegirik edo euskaltegi publikorik, eta euskaltegi pribatuetan ikasteko diru-laguntza sistema murritza (gurasoentzat, langabeentzat edo kasu zehatz batzuetarako besterik ez). Hau da, euskara ikasten duten bilbotar askok HABEren diru-laguntza baino ez dute jasoko ( zati handi bat probak gaindituz gero gainera). Doan ikasteko aukera ematen duenari gauzak ez erraztea ez da oso ulergarria, ez.

Tira, arrazoiak arrazoi eta kontuak kontu, Uribarrin aurrera doaz eta asteazken honetan (urriak 14) matrikulazio festa egingo dute auzoko kanpan, euskarara urrun joan barik hurreratu nahi duenari arrimatzeko festa.

Ikusten duzuenez, Bilbon badira beste mundu batzuk, titaniotik eta Q87tik haragokoak. Ea kontua zentzu apur batekin konpontzen den.

Sindikatu edukia