ikasleak

01
Eka
2006

Itsaspepinoak, lehenengo ikasle-bloga?

Basauriko Udal Euskaltegia - ... Basauriko Udal Euskaltegia Euskara ikasi nahi baduzu, Basaurin aurki dezakezu leku on bat. Urbi auzoan dago, gartzelaren ondoan; beraz, ondo portatu!!Klasera piperra eginez gero, hara bidaliko zaituzte! Txantxaz aparte, hemen gustura egongo zara. Batzuetan, klaseak gogor samarrak izan daitezke, batez ere, trinko bat egiten ari zarenean. Hala ..

Itsaspepinoak [Technorati: euskaltegia bilaketa]


Technoratik txibatu dit, Basauriko Udal Euskaltegiko ikasle batzuek bloga montatu dute. Izena xelebrea: Itsaspepinoak.

Ez dakit izena nondik datorren baina egingo nuke euskaltegian hizkuntzarekin olgetan hasita sortzen diren halako berba-jokuetariko bat dela (egun baten bilketa egin beharko dugu).

"Euskaltegiblog" bat gehiago beraz, eta ez da azkena izango seguruenik. Honek berezitasuna dauka dena dela, ikasleek eurek sortu eta kudeatzen dutela dirudi. Ez dakit irakasleek hemen zer partizipazio eduki duten (interesgarria izango litzateke jakitea), edozelan ere hau da -nik dakidala- ikasleek eurek gidatzen duten lehenengo bloga.

Honela aurkeztu dute bloga:

Kaixo lagunok!!! Basauriko Udal Euskaltegiko lagun taldea gara. Luzaroan pentsatzen egon ostean, "Itsaspepinoak" izena ipintzea erabaki dugu. Zergatik sortu dugu bloga? Alde batetik, ikasleen arteko harremanak mantentzeko. Bestetik, euskara praktikatzeko aukera ona izango zela pentsatu dugulako. Gainera, hemen aurkitu ahal izango dituzu, besteak beste, gure esperientziak, gustoak, argazkiak, berriak, etab. Eta jakina, ZUK PARTE HAR DEZAKEZU!!

Blogaren edukian denerik, gai desberdinen inguruko iritziak, bertsoak, kantuak,... gauza gehiago sartuko dituztela ere esan dute. Puntu informala eta irekia dauka behinik behin.

Ikasleek zer kontatzen duten jarraitzea merezi du. Karrajuko agregadorean sartu dut jarioa. Uste duten baino irakasle gehiago edukiko dute begira

Hemen helbidea eta jarioa:

31
Mai
2006

Zapatuko plana


Mintzalagunblogak zapaturako kanpainan dabiltza.

I. mintza-eguna dugu, Euskal Herrian mintzapraktika egiten dabiltzanak ez dira bigarren dibisiokoak daborduko, eurek ere euren eguna daukate orain.

Egun hau ez da bereziki nabarmenduko ez ohiko prentsan ez euskalgintzaren medioetan seguruenik. Partaide kopurua ere ez da inondik ere Ibilaldia eta enparauen bestekoa izango. Partaideok gainera ez dira joango medioetan bala-bala dabilen makrojai batera, euren betiko jarduna beste leku baten egingo dute beste barik, jai giroan eta lagungiroan,... eta seguru egun honetan inor ez dela kexatuko jendetza bai baina denak erdaraz eta halakoekin.

Euskalgintzak eta euskaltegiok gutxietsitako fenomenoak izan dira mintzalagunen kontu hau eta  orohar euskara praktikatzearena. Eta ez dut zergatia ondo ulertzen.

Euskara erabil dadin bi gauza behar dira besteak beste: hizkuntza ondo jakitea, eta hizkuntza erabiltzeko aukerak. Hizkuntza praktikatzea ezinbesteko osagaia da bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan, hori Kutsidazu bidea Ixabel-en protagonistatik hasita umea EEBBra bidaltzen duten gurasoetaraino asumitzen da. Motibazio pittin bat daukan edozein ikaslek bilatuko du praktika hori. Ez dugu ezer deskubritu ez baina hizkuntza ondo menperatzeko tresna bati ez diogula behar besteko garrantzirik ematen sumatzen dut.

Bestalde, gurea bezalako hizkuntza baten kasuan praktikak beste bide bat zabaltzen du, hizkuntza praktikatzea erabiltzea da, eta praktikatzen duten horiek gutxi-asko erabileraren kantitatea ez ezik, euskaldunen arteko harreman sareak, hizkuntz ohiturak eta harekiko jarrerak ere onerako ari dira aldatzen, ikasi dutenari zentzua ematen eta sarritan (neure berbalagunekin konprobatu dut) gurditik tiratzen ere bai: jende gehiago ekartzen eta animatzen eta irudi positiboa ematen.

Ez dira hauek bakarrik euskara salbatuko dutenak seguruenik, eta Iruñean batuko diren berrehun, hirurehun edo laurehun lagunei Ibilaldietako milaka partaideen besteko zorionak, eskerrikaskoak eta bibak ez zaizkie dedikatuko. Ez dute espero izango gainera, ezta eskatuko ere. Euskaraz egiten, lagunartean eta jende berria ezagututa zapatua gustura emanda konformatuko dira.

Ez dakit zergatik baina niri zapatuko planak beste askok baino ilusio gehiago egiten dit. Burlatako aperitifagatik igual? Ala Atarrabiko bildotsa izango da?

26
Mai
2006

Berbalaguna: barre eta negar

Karrajua.org-ekin hasi naizenetik berbalagunaren aipurik ez dut apenas egin, gaur berbalagunetik bueltan konturatu naiz. Eta gaur berbalagunaren inguruan gainera kontu pare bat agertu zaizkit, biak seriotasuna eta alegriaren ingurukoak.

Bateko berba-mintza-parraplalagunen inguruko komentarioa heldu zait gaur: horiek ez dira kontu serioak, hori ez dela euskalgintzak behar duena, euskarak "ekintza" serioagoak behar dituela,,... Tira ba, berbalagunean hori guztia egia dela konturatu naiz.

Asteroko berriketan gabiltzala momentu bat ailegatu da solaskide biak NNN errepidea gurutzatzean halako ataskoa eduki dutena: Zioten, genion, zenioten, zizkion.... A ze kristoa! Asmatu ezinik derrepentean, biak argitu guran eta neuri begira, ni (superrirakaslea fueradeserbizio) barrez,...elkarri begira eta.... denok barrez. Tira, hemendik aurrera "nik ez nuen ordaindu, karneta gurasoek ordaindu lrllrxrlrr" esango dut letxes! Barre gehiago. Bitartean alboko tabernan bilbainadak: Enekerrisaskisimosalpasarrporrelsendejaaaaa,....! Barrea baretu barik, deskojonojenerala,....

Eskerrak etxerako ordua ailegatu dela, ezpabere...

Arrazoia ba, honako gauzak ez dira batere serioak. Ze jende serioari horrelako gauzek negargura ematen diote.

Enfin, ... ez diamante, ez perla, ez urregorririk... alegrantzia baino ez dago hoberik!!

22
Api
2006

Azterketak

Otsaila, ekaina eta  iraila izaten dira azterketa sasoi tipikoak  eskola-unibertsitateetan, gure mundu honetan berriz orain hasten da azterketen  "estazioa" atariko probekin eta testekin.

Helduen euskalduntzearen mundu honetan gainera gero eta gehiago dira azterketak, duela urte pare bat hasi ziren  1 eta 2 mailako probei aurten 4 maila gehituko zaie. Eta hauek guztiak aurreko EGAri  eta IRALE eta HHAEko hizkuntz eskakizunei gehitu.

Zertifikazioak  eztabaida piztu du beti  gurean. Bateko, ez dirudi logikoa Euskal Herrian (euskararen herrian) inori euskaraz dakiela ziurtatzeko agiria eskatzeak, besteko, lan eta zer egin batzuetan jarduteko gutxieneko hizkuntza-maila ziurtatzen duen zerbaiten beharra ere aldarrikatzen da. Honi euskaltegiratituluagatikbainoezdatorrenikaslearen mitoa batu zaio.

Eztabaidak gorabehera asteotan ikasle motibatuak eta euskaltzaleak ere  ez direla azterketafobikoak konprobatu dut. Nire berbalagunak hor dabiltza azterketa prestatzen, nerbioekin baina ilusioarekin ere bai, eta haiek ez dute titulurik behar. Usaia ere hor dabilkigu orain barnetegira bueltan azterketak gogoan.

Zer nahi duzue esatea bada? Ez dut uste hauei azterketa prestatzeak bat ere kalterik egiten dienik. Seguruenik beharleku horretan ikasiko dutenak azterketako notak baino gehiago balioko diela eta balioko digula.  Eta nerbioak notagatik baino euren konpromiso pertsonalagatik izango dira gehiago.

Animo ba neska-mutilok, eta azterketan espero ez duzuen nota ateratzen ez baduzue, trankil , neuk eta beste askok "cum laude" eman dizuegu aspaldian.

Sindikatu edukia