Gaurko eguna, otsailak 21, Nazio Batuek Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izendatu dute, hizkuntzen aniztasuna eta ugaltasuna ospatu eta sustatzeko eguna. Ekarpen txiki batekin gatoz gu, Aitor gure kolaboratzaileari esker:
Aitorri ideia gustatu, eta dekalogo horrek euskarazko bertsioa (pdf) ere baduela, halako bat egitea polita izango zela pentsatu zuen. Maketazioaren egilearekin harremanetan jarri, eta gustura hartu zuen hark euskarazko bertsioa egiteko ideia. baita atoan egin ere.
Hemen behean duzue beraz HIzkuntzen irakunkortasuna bultzatu dekalogoa. Eskerrik beroenak Aitor Etxebarriari ideiagatik eta gurekin konpartitzeagatik, eta bereziki, Vigoko Frian Teis ikastetxeko Monica Muñozi, diseinuagatik eta lanagatik. Unha aperta ben grande para ti, Monica.
Hizkuntza ikastea hizkuntza erabiltzeko gaitasuna eskuratzea bada, eta euskararen kasuan "dakiten" guztiek erabiltzen ez badute, eta erabilera horrekin kezkatuta bagaude, orduan "ikasi" behar dutenak ez dira (gara) izango "ez dakitenak" baino gehiago akaso?
Paradoxa usaina dauka gogoeta horrek, eta seguraski tranpa logikoren bat dago tartean. Edo igual ez. Hitz-ideien jolasa baino ez agian. Baina zer pentsatua eman dit, bai. Zuei ez?
Hizkuntza ikasiko bada, prozesu hori etengabe elikatzen duen paisaia, ingurunea behar da, ikas-paisaia edo. Inoiz ibili naiz ideia horri eragiten hemen.
Paisaia hitza euskara kontuetan aipatu, eta lehenengo lotura "hizkuntz-paisaia" kontzeptuarekin egingo dugu. Lehenengo lotura eta bakarra akaso. Ikutu soziolinguistiko apur batekin beti ere.
Harago goaz ikas-paisaiaren ideiarekin hala ere. Agertzen den hizkuntza, ikusten den hizkuntza, inguruan dabilen hizkuntza, inguratzen gaituena, lanbroak bezala blaitzen gaituena. Hark errazago ipintzen ditu martxan ikasteko mekanismoak: emozioak, hausnarketak, galderak, erantzunak, jarduna, esanahiak... Konturatu gabe ipini ere, konturatzen ez bagara ere.
Zerbait esaten badigu, zerbait esan behar badigu, zerbait esatea behar badugu, zerbait esan beharra badakarkigu eta zer esan hori nabarmentzen bazaigu ingurutik besarkatuko gaitu - konturatu gabe ere- norberarengan norberaren egin arte.
Baina paisaia ez da irudi homogeneoa, mosaiko baten antzera elementu askok osatzen duten irudia da, osagai nabarmenak eta osagai txikiak, ia ezkutuak sarri.
Argazkilaria era askotan jaso ahal du paisaia: panoramika zabalenean edo bazterreko detaile xehea, horren arabera egokituko ditu begia eta objektiboa. Konposizioan bata edo bestea nabarmenduko ditu horrela. Angularra edo teleobjektiboa, enkoadraketa zabala edo itxia, fokoa zehaztuko du horren arabera.
Kamararekin irten nuen lehengoan. Etxe inguruan osteratxoa, paisaien bila. Teleobjektiboa jarrita, distantzia luzeenean, detaileen bila. Eta hantxe aurkitu nuen hizkuntza, fokoaren azkenengo muturrean, enkoadraketa itxi-itxian, nabarmentzen zaila. Begia luze-luze eginda han nonbait.
Zaila da horrela ezer esatea, ezer esan behar izatea, ezer esateko ematea edo inor inguratzea. Begi-belarria luze eta zehatz ipini behar izanda.
Teleobjektibo astun eta konplexu batekin bilatu beharreko motiboa; pazientzia, teknika eta tresneria on eta garestiarekin harrapatu beharrekoa. Zaila kamera merke-dibertigarri batekin gozatzea.
IV. mapa soziolinguistikoa aurkeztu digute egunotan. Lehenengo begi-kolpe batean ETBra ei datorren eguraldiaren mapa berriaren irudia etorri zait, EAEko mapa perfektoz josita dago dokumentua eta. Bigarrengoz, Txerrak bota duen galdera bera akordatu zait neuri ere. Ea hemen ere aipatuta baten batek argitzen digun.
Nolanahi ere, kolpe egin diot gainetik. Eta mapa horretan kokatzen saiatu naiz. Ea zer edo zer asmatu dudan.
Gero eta zaharragoak gara, eta gero eta urbanoagoak, kaletarragoak.
Atzerritar asko etorri da azken hamar urteotan. Haiek ere gero eta zaharragoak eta kaletarragoak izango direla suposatzen dut.
Gero eta hiritar gehiagok ikasten/ikasi dute euskaraz eskolan, hauek ere gero eta zaharrago eta kaletarrago.
Gero eta zaharrago, gero eta kaletarrago eta gero eta hizkuntza gehiago dakizkigu.
Zenbat eta zaharrago, hizkuntza gutxiago jakin.
Hizkuntza gehien dakiten lekuetan, gero eta zaharrago eta gero eta gutxiago.
Hizkunta gutxien dakiten lekuetan, gero eta gehiago dakite.
Kaletarrik kaletarrenak gero eta kaletarrago eta gero eta hizkuntza gehiago jakin haiek ere.
Euskaldunak zaharretik gero eta gutxiago.
Euskarak kaletarretik gero eta gehiago, etxekotik gero eta gutxiago alegia.
Badirudi euskara ikasteko prozesuaz hitz egiten denean prozesuaren beraren gorabeherak, sentsazioak eta egindakoak ez direla aipatzen askotan. "Elipsi" bat egiten dela iruditu zitzaidan.
Hitz hori geratu zait buruan, eta elipsi pare bat gehiagorekin akordatu ere bai.
Txerrak lehengoan erreparatu zuen Patxi Baztarrikaren elkarrizketa batean. Transmisioa zelan lortzen da? galdearen erantzuna elipsi batean dagoela dirudi. Inork ez bide dio erantzun behar, esatearekin bakarrik denok jakingo dugu zer den alegia. Jeneralean "nola" galderak du elipsirako joera handiena.
Hitz eliptiko bat aurkitu dudala uste dut: "landu". Inguruan behin eta berriz erabiltzen da berba hori: "konpletiboak landu", "argudio testuak landu", "autonomia landu", "euskal kultura landu", "motibazioa landu"... Berba gehiago behar ez duen hitza. Hura esatearekin prozesua automatikoki abiatzen da, buruan baino ez bada. Denok dakigu edozer zelan "lantzen" den.Lanketaren azken exekutorea den irakasleagandik hasita.
Elipsi hitza ez da euskarazko sinonimo hiztegietan agertzen. Tabua ez da esanahikidea orduan.
Irudia: Bilboko Moyua plaza (aka "eliptikoa"). svet-en argazkia Flickr-en. Lizentzia.
Lehengo ostiralean HABEren jardunaldi akademikokodance-aren ondoren, arratsaldean euskaltegi sare batzuetako martxosook chill out apur bat izan genuen Bilboko Euskararen Etxean. Badakizue, session batekin nahikoa ez, eta after hours baten bila hasten direnetakoak gara.
Hantxe beraz AEK, IKA eta Batuzeko 20 bat lagun DJen zain. Laster agertu ziren: Patxi Baztarrika EAEko Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Erramun osa HPSko koordinazio zuzendaria. Sessioneko programa:
Baztarrikak hasi zen inkestarenak jorratzen. Datuen azalpena nahikoa grafiko eta amenoa egin zigun (beste session batetik gentozela estimatzekoa dena). Funtsean hainbat lekutan azaldu dituztenak eta, adibidez, hemen dituzuenak.
Gauza batzuk apuntatu nituen.
2006ko datuak dira, urte horretan hogei urte lehenago baino 300.000 elebidun gehiago daude. Haietatik 100.000 inguru helduen euskalduntzeren fruitua direla estimatzen da.
Elebidunaren tipologia aldatuz joan da. Herri txikietatik ingurune urbanoetara, adinaren batez bestekoa beherantz. Oraingo elebidunaren tipologia hau dela esan daiteke: Ingurune urbanoan bizi den gaztetxoa ama-hizkuntza erdara duena.
Erdaldun elebakarren kopurua beherantz egin du etengabe.
Euskara jende gehiagok daki, erabili ere gehiago egiten da horren ondorioz, baina oraingo elebidunak ez du euskara lehengo elebidunak baino gehiago erabiltzen.
Ideia pare bat azpimarratu zituen Baztarrikak, dagoeneko ezagunak: familia-bidezko transmisioa da euskarari geroa emateko giltza nagusietako bat, eta elebidun pasibo gehiago behar dira.
Euskarari "modernitate" ikutua eman behar zaio, eta elebakarrak euskal mundura erakarri egin behar dira, ezin ditugu erdal mundura kondenatu.
Euskara eskola eta euskaltegien bidez ari da transmitizen gero eta gehiago, horrek elebidun berriengan gabezia funtzionalak ekar ditzake: erregistro kolokiala, hizkuntzaren osagai afektiboa, familia-hizkera...
Ondorio eta gogoeta moduko batzuk:
Estimagarria da erakunde publikoetatik euskalgintzan gabiltzanoi gauzak zuzenean eta jarduteko aukerarekin ematea. Aurkezpena landuta zeukaten biek eta nahikoa zuzen eta natural jardun ahal izan genuen. Entzuten denarekin edo hitz egiten duenarekin konforme egon daiteke edo ez, baina horrelako aukerak ez dira ohikoenak izaten, eta, berriro diot, estimatzekoa da.
Elebi hitz-erroa han eta hemen:. elebiduna, elebitasuna, elebiduntzea, gizarte elebiduna, elebakarrak, elebidun pasiboak... Euskalgintzan berriz "euskalduna" izan da orain arte hitz-ardatza: euskalduntzea, euskalduna, euskaldun berria, erdalduna, Euskal Herri euskalduna... Hitzak hitz eta ideiak ideia, uste dut halako talka ekarri duela izendatze horrek. Bere logika eduki dezake: EAEn ofizialak diren hizkuntza biak jakin beharko genuke denok, inork ez luke "beste" hizkunza zertan ez jakin; eta horrela, eztabaida eta hausnarketarako gai izan daiteke, baina elebitasuna-diglosia bereizketatik hasita, elebitasun kontzeptua nahikoa estigmatizatuta eduki duten euskalgintzaren sektore aktiboenetako askori terminologia-jasa horrek ez dizkie belarriak asko goxatzen. Eta uste dut ez duela asko laguntzen euskalgintzaren gutxieneko sustengua eta adostasuna bilatzen.
HEAri begira
Elebidun/euskaldunaren tipologia berriak gabezia funtzionalak eduki ditzake hizkuntz-erregistro informal edo "beroenetan". Hizkuntzarekiko identifikazioan eta transmisioan eragina du horrek, eta, ondorioz erabileran ere bai. Hemendik aurrera bizimoduko gauza hurbilenak euskaraz egiteko arazoak dituzten heldu euskaldunak gero eta gehiago izango dira horren arabera. Helduak euskalduntzea bada gurea, bistan dago hortik erronka bat etor daitekeela guretzat.
Elebidun pasiboak behar ditugula dioskue behin eta berriz. "Pixka bat es mucho", 1 maila eta azpimailak garatu eta hornitu behar direla, elebakarrak euskarara erakarri behar direla, euskaraz jarduteko oinarri-oinarrizko gaitasuna behintzat lortu behar dela... Tira, ez dut ezetzik esango, baina:
Orain arte euskarara hurbildu ez diren elebakar askorekin -benetan "hurbilduko" badira- lan egin beharko da, eta ezagunak ditugu aspaldian kolektibo horretan aurkitzen diren jarrerak, jokaerak, aurriritziak eta lan egiteko zailtasunak. Materialak eta (azpi)mailak egokitzeaz gainera, nago ez ote ditugun beste gauza batzuk ere egokitu beharko. Euskal mundura "erakartzeko" ahalegina egiteko prest egongo gara gehienok, baina ez da samurra izango.
Oinarrizko komunikazio-trebakuntza batekin konformatu beharko dugu askoren kasuan. Ondo, beti ez gara ibiliko "dena ala ezer ez" horretan. Baina oinarrizko behar izan komunikatibo horiek ondo identifikatu eta horra begira jarri beharko ditugu jarduna, metodologia eta tresnak. Dudan nago hala ere oraingo egiaztapen eta diru-laguntzen sistemek horretan lagundu edo lana kakaztu noraino egingo diguten.
Nik neuk beti pentsatu dut inor "euskal mundua" deritzan honetara ekartzeko biderik eraginkorrena hark "mundu" osasuntsua, bizia, komunikatua, ikusgarria eta irekia ondo-ondo ikustea dela. Eta ez naiz ausartzen esatera adjektibo horiek euskaldunen komunitatearen oraingo deskribapena egiteko onenak direnik.
Edonola ere, solasaldi interesgarria izan genuen Baztarrikarekin. Lehen esan dudan modura estimatzekoak dira horrelakoak, betiko hasiera ekitaldietako zeremonia-diskurtsoetatik aparte. Eta askotan ez bezala, komunikaziorako ateren bat irekita dagoela dirudi behinik-behin.
Horrezaz gain, Osak Euskara21 ekimenarren berri eman zigun labur-labur, aurrekoarekin luzatu egin ginen eta ez zitzaion tarte handirik geratu. Funtsean webgunean dagoen informazioa eman zigun eta horren ondoren parte hartzeko gonbidapena luzatu zigun guztioi eta gonbitea luzatzeko gonbitea ere bai, hemen doa beraz.
Erakunde eta sektore gehiagotako jendearekin ere arituko ei dira horrelakoetan. Beraz, zuetako inork horrelako batean parte hartu eta zerbait komentatu edo osatu nahi badu, hemen ere kantxa daukagu.
Nik neuk urte guztia kontuarekin eta egun hori deskantsurako nahi nuke. Baina gaur Enric Serraren Aprendre llengües blogean mezu pare batean Katalunia partean dekalogoak egiten dabiltzala ikusi dut. Kataluniako unibertsitateetako hizkuntz-zerbitzuek GELArekin (Grup d'Estudi de Llengües Amenaçades) batera egin dute bat, eta besteaIsidor Marik proposatu zuen duela urte pare bat.
Dekalogoak, kartilak eta mandamenduen zerrendak ez ditut irla batera eroango nituzkeen genero testualen artean, baina gaurko eguneko solemnitate ikutuarekin ondo ematen dutela, eta pottoki erretxinarena ez egitearren, botako dut neure aletxoa eta lehenegoa dekalogoa itzuli/bertsioneatuko dut. Biba festa!
Hizkuntz jasangarritasuna (sostenibilitat lingüística) dabil leiv motiv bietan. Decàleg per la sostenibilitat lingüística honek unibertsitari eta hiritar guztiei hau eskatzen die
Hizkuntza guztiak errespetatzea;
Norberaren inguruko hizkuntzetan interesatzea
Hizkuntza gehiago ikasteko erreparorik ez izatea;
Hizkuntzetan dauden jakintza-iturriei uko ez egitea;
"Minoritarioei" ahotsa ematea;
Hizkuntza menperatzaileak ez inposatzea eta mehatxatutako hizkuntzak sustatzea;
Entzungo dizutenen hizkuntzaren erabilera aintzat hartzea eta errespetatzea, baita hizkuntza txikien kasuan ere;
Munduan zehar dabiltzanean aniztasun linguistikoa praktikan ipintzea;
Euren askatasun espazioari eustea, hizkuntza bera;
Inori hizkuntza bat ikastea eta erabiltzea ez galaraztea;
Tira, aletxoa botata, eta baten bati kartel polita egiteko ideiaren bat eman badio, pozik. "Bart ze lo ona!" itzartuko naiz bihar.
Ez zaizue inoiz pasatu? Bolada batean berba bat atzetik dabilkizula ematen du. Erlaziorik gabe han eta hemen entzun edo pentsamendura etortzen zaizu. Egunotan euskaraz (eta hizkuntza guztietan) sinonimo asko dituen batekin pasatu zait niri.
Sinonimo batekin definitu du gaur batek "kuadrilategi" egitasmoa, eta irakurri dudana interpretatzen jarraituta egiten ditugun beste hainbat gauza ere adiera berdinarekin ezaugarrituko lituzkeela begitandu zait. Hori ez da serioa, ez da inportantea... Inportantea "Y" da.
Atzo Leireren Frantziako tourrekoak irakurtzen... Hango teknologia eta hango bitartekoak hona ekarrita...pentsatu. Eta zenbatek esango ligukete "Ba! Hori guztia X bat baino ez da"?
Eta entzun diet gero auzokideeiTas-Tasen. Berbalaguna, euskara elkartea... hau eta bestea egiten dela. Eta batzuen ahotsa berriro: "Ba! Xak!"
Eta Euskara Irakasleak han dabilela, jendea dabil batzen apurka-apurka. Gauzatxo batzuk esaten dira... Tira. "Bo! Beste X bat! Inportanteena "Y" da.
Eta zer esanik ez! Esaizu helduen euskalduntze-alfabetatzean zerbait berria behar dela, ikuspegi irekiagoa behar dela, gauzak betiko triunbiratoaren menpetik atera behar direla. Eta entzungo dituzuen guztien hasieran X bat egongo da, eta gero Xen adiera esparrua hedatzen joango da, lotura semantikoaren kateak berbak eta esakuneak ekarriko ditu parrastaka. Patologia, ostrazismoa edo anatemizazioan amaitu arte. Triunbiratoaren purrustadak.
Eta pentsatzen paratzen zara. Egunean zehar esan-entzun ditudan gauzetatik (edozein hizkuntzatan) zenbatek gaindituko lukete X kategoria hori? Gehienek ez. Eta egiten ditugunak? Berdintsu. Eta, txarrena, hotzean pentsatuta Y kategoriako zenbat ez dira Y jantzi soilak? X kategoriatik (handi)ustez altxatutako mozorroak. Y plantak egiten Xaren ustezko miseriak estaltzeko.
Letretakook ez gara izaten matematiketan onak. Baina egingo nuke X askok ez dutela Xn egiten, akaso Y da X askoren batuketa. Edo, ezpabere, azken batean den-dena da X.
Enpin, baten batek esan zuen modura: "Pilosopia baino, hobeto oilozopia".