blogosfera

17
Ots
2009

Ikasleak blogari

Blogaren heriotza iragarri eta iragarri dabiltzan sasoi honetan ondo dator blogosferari errepasoa egitea. Eta gure unibertso txiki honi dagokionez, uste dut badagoela azkenotan aipagarri den gauza bat: ikasle blogariak.

Ez euren kopuruagatik, gutxi dira egia esanda, baina ikasleari horrelako edozein ahalegini ekiteko daukan merituaz gainera, blog hauen bizitasuna da aipagarria.

Une honetan hiru dauzkat nik "fitxatuta"

Hiruretan erantzun eta saltsa gutxi irakurleen partez. Blogariok badakigu zein etsigarria izaten den idatzi eta inork "kaixo" batekin ere ez erantzutea. Ikaslea izanda horrelako gauza bati ekiteko behar den gogoa, ilusioa eta adorearekin larriagoa. Ikaslea izanda behar eta bilatzen duzun elkarreragin ditxoso horren falta hain zuzen ere.

Sare sozialak daude gaur egun modan. Baina ahazten zaigu blogak ere sare sozialak ehuntzeko tresnak direla. Eta sare sozialez ari garenean pertsonen sareez ari gara. Gogoetak, kezkak, berriak, zalantzak, ideiak eta  sentipenak hizkuntzaren bidez partekatzen duten pertsonak, komunikazio guneak. Pertsonen arteko konexioak esango lukete aurreratuenek, ez makinen arteko konexioak.

Ikasleak behar du sare soziala hizkuntzan trebatuz joateko, eta internetek eskaini ahal dio sare sozial bat, eta sare sozial horrek zerbait erakargarri eman behar dio pertsonari.

Batzuek nahiago izango dute nabarmentzea eta "famosoa" izatea baino ez dela bilatzen eta interneten inguruko halako mito mediatiko guztiak. Ez da hala izaten nire ustez, baina ez naiz horretan sartuko. 

Pertsona batzuk ahalegintxo bat ari dira egiten, ilusioaz. Ez da edonorentzako ahalegina, ez posiblea edo erakargarria guztientzat, argi dago. Baina ahalegin horrekin batera komunikatzeko eta ikasteko bide posible bat ari dira zabaltzen beste batzuentzat.

Eta, egia esanda, eredu eta laguntza pobrea ematen diegu eredutzat gaituzten irakasleok. Ala ez?

PD. Eredu pobrearena autokritika parte batekin dator.

27
Ots
2008

Aipamenak aipagai

Karrajuak bi aipamen berezi izan ditu sarean aste honetan, estimatzeko modukoak biak benetan.

Batetik, Patxo Landa lagunak Espiral sarietara aurkeztu digu Karrajua. Hizkuntza irakasle askok bisitatzen gaituztela eta ideiak eta materialak aurkitzen dituztela, saridungai izateko meritua aitortu digu. Egia esanda, Espiral sarien berri izanda (gogoratu lehengo urtean Euskaljakintza saritu zutela), ez zait burutik pasatu ere egin Karrajua hezkuntzaren munduarekin lotutako sariketa horretara aurkeztea. Genero asko eta ona han gainera, beraz ez ezpero Joselito batekin etortzerik.

Ez dut inoiz Karrajuaren bisitarien tipologiarik egin, hasiera batetik helduen euskalduntze-alfabetatzearen inguruko jendea eduki dut "target". Edozelan ere, pozgarria da benetan beste arlo batzuetako jendeak ere Karrajuan zerbait interesgarri eta baliagarria aurkitzen badu. Eurengandik ere nahikotxoa jasotzen dugu guk bestela, eta blogosfera deritzon honen izpirituan horixe dago azken batean, partekatzea eta zabalkundea.

Bestea Joxe Aranzabal blogari ezagunak egin digu Euskadi Irratiko 8. probintzia saioan (klikatu hemen entzuteko). Zapatu guztietan blog pare bat gomendatzen ditu Joxek eta aste honetan Karrajua izan da bat (Bidasoatik interesgarriarekin batera). Lore politak bota dizkigu benetan, eta bihotzez estimatzen dira hauek ere, areago Joxerengandik etorrita.

(Hori bai, norberagatik inori instituzioa entzunda, poztu ala ikaratu geratzen zara derrepenteko batean.) Wink

Biei ala biei, eskerrik asko aipamenagatik eta animoagatik, berdin Karrajua jarraitzen duzuen guztioi. Hori da hori saria!

Edozelan ere, aipamenetan esandakoen gainean ohartxo pare bat:

  • Patxok Espiralerako aurkezpenean hau idatzi du: "Es un blog colectivo que se mantiene desde el departamento de didáctica de la coordinadora AEK que gestiona la alfabetización en Euskera de adultos". Blog kolektiboa izateko asmoa bai, azkenotan hemen dabilen jendearekin gehiago, eta inoiz baino hobeto (lore guztiak haientzat ere badirela ez dago zertan esanik ere), baina Karrajuak ez dauka lotura organikorik AEKrekin. Nik han egiten dut lan, baina hau (AEKren laguntza eta sustengua inondik ere kendu barik) proiektu pertsonal modura sortu zen, eta, kolaborazio maila eta klase guztietara irekita (eta deseatzen) bagaude ere, horrela jarraitzen du gaur egun, euskalduntze-alfabetatzean dihardutenentzako gune ireki, independiente eta esperimental modura. (Google-edo oferta batekin etorri bitartean, noski ) Money mouth
  • Joxek esandakoari ere zehaztapen txikitxo bat. Ni neu euskara irakaslea izan banaiz, baina neure buruari merituak kendu beharrean nago: Karrajuan aipatzen ditugun baliabideak eta tresnak, zoritxarrez, ez ditut erabiltzen euskara irakasteko, hau da, une honetan ez dut klaserik ematen. Egiten dudan bakarra da han eta hemen aurkitzen dudana -edo burura etortzen zaizkidanak- lankideei eta interesatuei zabaldu, haiekin konpartitu, eta mundutxo honi saltsa apur bat ekartzen saiatu, beste barik.

Tira, eskerrak eta estimua guztioi berriro eta aurrera goaz. Ezta?

Sindikatu edukia