15
Ira
2008

Azterketitis kronikoa

Helduen euskalduntzeari buruzko artikulu interesgarri bi agertu dira egunotan erabili.com-en. Roberto Alkarterri hasi zen HABEren egiaztapen-mailak eta baliokidetza izenburu duenarekin, eta Bittor Hidalgok jarraitu du Atariko probak. Bai ala ez? artikuluan sokatik tiratzen.

Tituluak, probak eta azterketak dituzte biek mintzagai: proben (ez)egokitasuna, azterketitisa, haien inguruan sortzen diren arazoak eta ondorioak, kezkak... Bistan da egiaztatze-sistemak zer esana ekarri duela.

Era berean, bietan nabaritu dut lelo berdintsua: sistema honek zer hobetu asko dauzka, eta, oro har, zerbait "komunikatiboagoa" beharko litzateke.

Azkenotan "komunikatibo" hitza entzun-irakurtzen dudan bakoitzean mundu honetan egon bai, baina non-nola inork ez dakien zerbait aipatu dela izaten dut sentsazioa. Bestelan, hasiera batean ez dago konforme ez egoteko motiborik. Kontua berriz, hori guztia gauzatzeko orduan etortzen da, aspaldi etortzen izan da hobeto esanda.

Kontuak kontu, gauzatxo bat baino ez nuke azpimarratu nahi oraingoz. Ikasturte hasiera-hasieran (aurre hasieran hobeto esanda) gaude, eta azterketak eta tituluak gora-behera gabiltza dagoeneko? Gai hau beldur apur bat ematen hasi da. Ezta?

Loturak:

Robertori erantzuten edo...

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Iraila 21 - 23:19-(e)an bidalia.

Ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkiot Robertori eta zoriondu, bide batez, artikulu hau idazten egindako esfortzu eta ahalegin intelektualagatik, eta bertan guztiontzat iradokitzaileak eta mamitsuak diren gaiak proposatzeagatik. Ildo honetatik, arraroa begitandu zait orain arte beste inorlerro batzuk idaztera animatu ez izana, planteatutako gaiek guztiok, nola edo hala, ukitzen baikaituzte. Akaso opor osteko sindromeagatik edo...

"Azterketitisak jota"k eragin didan bigarren inpresio orokorra hauxe litzateke: sendagileak, azkenean, sendatu nahi zuen gaixotasunak jota edo kutsatatuta amaitu du. Izan ere, deialdien murrizketa, atariko proba baten premia, agiri guztien iraungipena... eta antzeko kontuak planteatzearekin batera, indar, pisu eta garrantzi handiagoa ematen diela azterketei iruditzen zait.

Bestetik, sinetsita nago emandako urratsa (hau da, titulu edo agirien homologazioa), azken batean, azterketitisaren antidotorik onenetarikoa izango dela, bai baitirudi behar den titulazioa akreditatzeko bidea erraztuko duela eta euskararen inguruan (gizarte sektore jakin batek edo sentsibilitate ideologiko batek hauspotuta) zabaldu den halako mantu iluna uxatzen ere lagunduko duela. Hala espero dut nik, behintzat.

Honek guztiak, bestalde, ez du alde batera uzten Robertok, bere gogoetaren hondarrean planteatzen duen, dagoeneko karraju honetan erabili izan dugun beste gai hori: irakasleon betebeharra edo funtzioa. Euskara irakatsi, azterketara bideratu... hori ote da gure zeregin bakarra edo nagusia? Ezezkoan nago, baina hori ezin da lan-hitzarmen batean inposatu. Hori bizi egin behar da/dugu. Eta, gainera, beste hau ere uste dut: gaur egun euskaltegietara hurbiltzen zaizkigun ikasle asko (Joseba Erkiziak hilaren 12ko agerraldian gehienak ez direla aipatu bazuen ere)agiriren baten bila hurbiltzen direla. Agiri hori edo dena delako helburu hori lortzen modurik profesionalenean laguntzea izan daiteke ikasle hori bigarren urrats batean euskaltzaletzeko. Baina beren helburuak aintzat hartu gabe (edo, are gehiago, kritikatuz) uste dut ez dugula ezertxo ere lortuko.

Dena den, jokaera arau-emale edo gramatika-zentrista hori deskribatzeko "gu" baten izenean mintzo da Roberto. Ez dakit datu nahikorik izango duen jarrera edo joera hori horren zabal agertzeko.

Azkenik, Robertoren beste ideia baten inguruko gogoeta labur bat egin nahi nuke. "Egiaztapenak berak giltzarri izan beharko luke euskaltegian matrikulatzerakoan." Adibidez, ekainean edo irailean ikasle batek 2. mailako azterketa gaindituko ez balu, ezin izango litzateke matrikulatu hurrengo ikasturtean 3. mailarako. Ez dut uste irizpide hau zuzena denik. Euskaltegiko ebaluazioak eta HABErenak independienteak izaten jarraitu behar dutela uste dut. Orain arteko bidean IVAP edo IRALEko hizkuntz eskakizunen bat, edo EGA bera ez gainditzeak ez dio inoiz inori hurrengo maila baterako bidea itxi euskaltegian. Kasu honetan argi esaten da halako eta halako maila gaindituta izan behar duela ikasle batek maila bereko agiriren bat akreditatzeko azterketara aurkeztu ahal izateko. Ez luke zentzurik izango euskaltegian aprobatutako maila bat ondoren desaprobatzea HABEren azterketa ez gainditzeagatik. Gainera, edonork izan lezake egun txarren bat eta nerbioek ere beren eragina izan lezakete azterketari batengan. Hori bai, euskaltegiak-irakasleak ahalik eta bermerik handienarekin eman beharko lioke azterketa hori egiteko aukera. Horretarako ahalik eta irizpiderik argienekin jokatu beharra dugu euskaltegietan.

Beste ideia askotan bat nator Robertorekin (izendapenean lortu behar den batasunean, euskaltegi eta HABEren arteko koordinazio estuagoan, duela urte askotako emaitzetan oinarritutako historialen desegokitasunean...) Eskerrak adierazi nahi diziot berriro, egindako hausnarketagatik eta berau plazaratzen izandako adoreagatik.

Gainditzea, mailak, urratsak....

Benito-(e)k 2008, Iraila 22 - 00:57-(e)an bidalia.

Neuk ere izan dut halako sentsazioa. Komunikatibotasunaren erreibidinkazio antzeko zerbait dabil, baina harira joateko orduan mailak, gainditzea, ebaluazioa, konbalidazioa, notak... Azalekoan geratzen da erreibindikazio hori azken batean.

Edozelan ere, beste fenomeno bat gehitu behar zaio honi guztiari, irakasleak "nota" bat ipini beharra, hau da, zorioneko "urratsak". Duela gutxi, adibidez, Bilboko Udalaren gurasoentzako kanpaina honetan baldintza hau agertu zen diru-laguntzak eskuratzeko:

eta, azkenik, laguntzinoa eskuratzen jarraitzeko gitxienez bi urrats gainditzea kurtso bakotxean'.

Urratsak zer eta zertako diren argitu beharko da egunen batean, horretaz ere jardun beharko dugu inoiz.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia