28
Ots
2006

Zer dago hemen?

Karrajua.org

Karrajua.org webgune hau esperimentua da. Euskaltegien munduan nabil eta honen bidez probatu nahi dituti internet-ek ideiak plazaratzeko eskaintzen dituen aukerak.

Karraju hitza euskaltegian lanean hasi nintzenean ikasi nuen lehenengo hitzetariko bat izan zen. Gaur eguneko hiztegian ez da apenas topatzen. Pasiloa edo korredorea esan gura ei du. Karrajuan irakasleok sarri klaseko kontuak bota eta komentatzen genituen. eskolen arteko tarteetan, komunikazio gunea izaten zen gure euskaltegian (eta gaur egun ere badela uste dut). Nik karraju hau halako zerbait izatea nahi nuke, euskaltegien mundukoentzako karrajutxo bat, beste irakasleekin lasai jarduteko gunea.

Hau ez da beraz inoren webgune "ofiziala". Hala ere, konpartitzko aukera zabaldu nahi dizuet gure munduan zabitzaten horiei guztioi, internet-en aukerak esploratu nahi badituzue.

Zer dago hemen?

Hemen apurka-apurka okurritzen zaizkidan gauzak sartzen ahalegindu naiz. Horretarako lehenengo eta behin blog baten azalduko ditut aldaketak eta ekarpenak. Era berean orri honetan azalduko ditut sartzen direnak.

Une honetan hau daukagu hemen:

 

  • Karrajuaren bloga. Webgunean sartuta ikusten den lehenengoa. Karrajuaren bitakora da lehenengoa, hor webgunearen inguruko berriez gainera, helduen euskalduntze-alfabetatzean ikusten dudanaren inguruko gogoetak, harrikadak eta astakeriak botatzeko erabiliko dut. Blog gehienen modura erantzuteko aukera ematen du, beraz hemen esanekoari zeozer gehitu, ñabardura eman, eztabaidatu edo egurra emateko aukera egon badago. Bestalde, plataforma honek erabiltzaile desberdinei bere bloga egiteko aukera ematen die, beraz norbaitek bloga egiteko interesa badauka hemen ere egin ahal du. Kantxa behintzat badaukagu.
  • RSS jarioak. Sarean webgune dinamikoak (blogak, albistegiak,...) gero eta ugariago dira, eta berton eskaintzen den informazioa jarraitzeko edukien sindikazioa, rss, feed edo jarioak ezinbesteko tresna bihurtzeko bidean daude. Euskaduntzaren munduan gabiltzenontzat interesgarriak izan daitezkeen jarioen jarraipena egiteko halako rss irakurlea atondu dut. Jariook kategorietan banatuta daude (blogak, euskaltegiak, praktika jarduerak, hezkuntza, albistegiak,..) eta banan-banan edo kategoriaka egin ahal zaie jarraipena.
  • Klaserako ideiak: Honekin jarraipena eman nahi izan diot del.icio.us klaserako ideiari. Hemen internet-en aurkitzen direnekin ideiak plazaratu eta garatu ahal dira. Ez dute derrigor internet-eko esteken gainean egin behar. Edonork daukan ideia ere plazaratu daiteke, edo hemen daudenak komentatu, osatu edo aldatu.
  • Klaserako baliabideak: Sarean irakasleoi eskola prestatzen, ideiak ematen edo gure lana hobeto egiten lagundu ahal diguten guneak edo baliabideak hemen zerrendatu eta etiketatuko ditut. Lastermarken zerrenda antzeko zerbait da, baina komentatuta eta dinamikoagoa.
  • Foroak: Debate librerako foro batzuk daude hemen. Norbaitek bloga egin barik zerbait plazaratu eta eztabaidatu nahi badu hemen dauka aukera.
  • Testuak. Didkatika lanetan hainbat gauza pentsatu eta garatu behar izaten dira. Eta norberaren ordenadorean gordeta eduki beharrean bistan jartzeko lekua ere atondu behar dela pentsatu dut. Blog baten gaurkotasuna eduki barik nonbait jarri behar diren idazkiak. Ez dut eduki norberaren artikuluen bilduma egiteko asmoa. Bakar-bakarrik ideiak, gogoetak edo interesgarriak izan daitezkeen apunteak konpartitzeko gunea. Ikusten duzuenez wiki moduko zerbait. Testu biribilduak baino etengabe itxura hartzen eta garatzen diren ideien eta gogoeten erakusleihoa. Eta jakina, eztabaidari eta kolaborazioari irekita dagoena.

Nork erabili dezake gune hau?

Lehen esan den bezala euskaltegien munduan dabiltzan guztiei zabalik dago. Dena dela, guneko aukera batzuk erabiltzeko (bloga sortzeko, klaserako ideiak editatzeko,...) erabiltzaile erregistratua izan behar da. Erregistratzea dohainik da. Norbaitek interesa badauka administratzailearekin formulario honen bidez harremanetan jarri baino ez du egin behar honakoak azalduaz:

  • Zer egin nahi zenuke gune honetan?
  • Zertan zabiltza zehazki? Irakaslea, teknikaria, zalea, ikaslea,...?

Errejistratuz gero, zer eduki dezakegu hemen?

  • Norberaren bloga.
  • Klaserako ideiak sortu eta editatzeko aukera.
  • Proposamenak lantzeko aukera.

Errejistratu gabe zer egin ahal da?

  • Webguneko edukiak irakurri eta saltseatu.
  • Foroetan parte hartu.
  • Blog-ak eta bestelako edukiak komentatu.
  • Ekarpenak, iradokizunak eta kritikak egin.

Zergatik Karrajua?

Blogaren lehenengo mezuetako batean bota genuen azalpena. Badaezpada hona ekarriko dugu berriro:

Karrajua izena ipini diot blogari. Hiztegietan pasillo-ren itzulpena topatzen hasi naiz, eta batzuetan (Elhuyar, 3000) karrajua ez da agertzen itzulpenetan. Pasiloa, korridorea, pasabidea eta halakoak bai ordea. Karrajua euskaltegian lanean hasita neure hiztegi pertsonalera pasatu ziren hitzetako bat izan zen (Karrajura irten behar genuen erretzen esate baterako). Arrakasta handirik ez duela izan dirudi.

Berdin dit, ez dut izena aldatuko, ze haren balio sentimentala ez dute hiztegiek jaso. Eta abisua ere bai: baten bat honen inguruko eztabaida filologiko-normatibo-psikolastikoekin etortzen bada, atoan baneatuko dut.