ikasleak

01
Mai
2007

Datozenak

N belaunaldia [Zertzeladak]

Txelisek Zertzeladak blogean aipu eta gogoeta pare bat utzi dizkigu datorrenaren inguruan. Mlearning gora eta behera ibili ginen lehengoan, teknologiak dakarrenaz eta datorrenaz hain zuzen. Pertsonetara pasatu da Txelis, eta Francisco Muñozen bidez Pello Salaburu eta bestek egindako ikerketaren berri eman digu, unibertsitate mailako ikasketak zenbat jendek amaitzen dituen. Ondoren Gabinete de informatica eta Concepcion Abrairaren blogetan agertu den artikulurekin lotuz N belaunaldia deritzanaz dihardu.

Lehenengo kontua gurera ekarri eta galdera plazaratu digu Txelisek. Zenbatek amaitzen dute euskara ikastearen prozesua? Hau da, gurean eskola-porrota zenbaterainokoa da?

Hau jakiteko ez dakit estatistika ofizialik ote dagoen. HABEk datuak kudeatzen ditu, eta handik informazioa ateratzea ez da bereziki zaila izango. Zenbat jende pasatu da euskaltegitik? Zer ibilbide egin dute? Noraino heldu dira?

Sektorean eta erakunde publikoetan emaitzokiko kezka aspaldian zabaldu zela uste dut. SIADECOk 1996an egin zuen azterketa (Kike Amonarrizen artikulua, pdf), orduan erantzun hauek agertu ziren ikasleek espero zituzten helburuak lortu ziren ala ez galdetuta:

  • Bai, nahi nuena baino gehiago: 4.0
  • Bai, nahi nuena lortu nuen: 26.8
  • Ez nuen lortu nahi nuena: 67.1
  • Ed/ee: 2.1

Datu zaharra da, baina gogoetarako abiapuntua izan daiteke.

Aurrera begira, zer dator? Fernando eta Concepcionen artikuluetatik ideia batzuk, honelako ei dator jendea:

  • Erratzeko beldur gutxiago, ez dute erantzun zuzena bilatzen,
  • Multimediarako joera, ingurune elektronikoak eta teknologia behar dituzte, lagun elektronikoak ere badituzte.
  • Informazio kopuru handiaren erdian murgiltzen dira, hura erabiltzeko erraztasun gehiago daukate.
  • Diskurtso zatikatuak eta azalekoagoak, testualtasun eta estrukturazio gutxiago.
  • Globalak, ez dute bereizketa kulturalik egiten.

Gurera ekarrita, beharbada adabaki pare bat gehitzera ausartuko gara:

  • Euskararen ezagutza handiagoa (aurrekoek baino). Hizkuntzaren bisioa ez da hain afektiboa izango.
  • Hizkuntza ikasteko jarduera estrukturatuak edo (Plisti-Plastak dioen modura) formalak ez dituzte hain atseginak izango.
  • Besterik?

Argazkia: wormtongue

23
Api
2007

Etorkinaren dotorezia galdua

L (ele.inicios) blogaren bidez abanguardiako artearen munduan hizkuntza ikastearen inguruan bilbatutako obra baten eta haren autorearen gogoetaren berri aurkitu dut, La canción del inmigrante mezuan hain zuzen ere..

Dragan Todorovic idazle eta multimedia artista serbiarra da, egun Kanadan bizi da. Deep Wireless musika edo soinuaren artearen festibalean In My Language I am Smart - The Immigrant Song (Nire hizkuntzan dotorea naiz - Etorkinaren kantua) izeneko obra aurkeztu du.

Etorkina ez da soilik tokiz aldatzen, hizkuntza batetik besterako bidaia ere badago, hotsetan eta sentimenduetan zeharreko bidaia, bestea baino luzeagoa eta ez samurragoa sarritan. Hori da piezaren ardatza.

Todorovicek kontatzen du zelan Kanadara heldu zenean bere ingelesa Hollywoodek eta R&Rak taiututako ingelesa zen, zikua eta zatarra, eta hala agertzen zen hangoen aldean (edo berak behintzat hala sentitzen zuen). Bere hizkuntzan (serbieraz) dotore agertzeko gauza zen, baina ingelesez zatarra. Frustrazioa eta amorrua ibiliko ziren hor nonbait.
Hemen haren berba batzuk (itzulpena neurea da, kontuz beraz).

(hizkuntza ikasten denean) Ikasten den esanahia azalekoa da. Soinuak hitza testuinguruan jartzen ditu, baina adierazpenaren ñabardura sakonagoak ez dira ikasten.(...) Serbieraz artearen aditua nintzen, nire hizkuntza berrian polizia zatarra besterik ez.
Zer-Nongoa naiz azken batean esperientzia honen ostean?
Hizkuntza ikastea ez da hain sinple eta biribila: lehenengoz, hizkuntza ez da bere osotasunean atzematen, aitzitik, hitz arrotzen sorta bat jartzen da norberaren ama-hizkuntzaren gainean. Ezinbestean, mutazio batean murgildu behar dugu, aldi berean mingarria eta pozgarria den mutazioa. Pieza etorkinaren esperientzia horren esplorazioa da.

Hemen eta hemen daukazue obra entzungai (Real Player).

Gustatu zait gogoeta, hizkuntz-etorkinaren figura gehien bat... Hizkuntza ikastea bidaia/emigrazio mutazio bezala sentitu duzue inoiz?

31
Mar
2007

Ikaslea euskara erabiltzen

Euskara ikasleak ikas-prozesuan zehar euskara erabiltzeari begira zer-nolako pausoak ematen dituen, edo, hobeto esanda, hizkuntzaren erabileran nolako progresioa gertatu ohi den pentsatzen jarri naiz lankide baten hausnarketari tiraka. Boteprontoko baten honakoa irten zait:

  1. Eskola-jarduerei begira erabiltzen da euskara. Irakaslearen diskurtsoa, praktika gidatua,...
  2. Eskola giroan (ikastaldean) erabiltzen da euskara, irakasleak "behartzen" du euskarazko komunikazioa, euskara ez da oraindik harreman hizkuntza "normala".
  3. Ikastaldean (klasean zein klasetik kanpo) erabiltzen da euskara hizkuntza "normal" modura. Irakaslearen eragin barik. Euskaltegiko harremanen inguruan edo barnetegietan.
  4. Ikastaldetik kanpo, oso ingurune edo sare espezifikoetan erabiltzen da. Gertutasun, erraztasun edo motibazio handikoak. Jeneralean irakaslea edo konfidantzako pertsonak gidatuta, edo praktikarako antolatutako sareak (Aizu!, ikasleentzako literatura, berbalagunak, mintza-praktika, barenetegiko ingurua....).
  5. Komunikazio-sare batzuetan autonomo erabiltzen da: motibazio edo aukera handikoak (afektiboa edo profesionala adibidez),  trebetasun hartzaileak (prentsa, kultura,..) martxan ipintzen dira sarriago. Edonola ere, oso testuinguru espezifikoak eta aproposak izaten dira.
  6. Norberaren harreman-sare euskalduna eratzen da (familia, lana, lagunartea,...), txikia eta bigarren mailakoa jeneralean. Zenbait kultur produkzio normaltasunez jasotzen hasten da (bertsolaritza, literatura, hedabideak,..). Euskara erabiltzeko gune zehatzak ezartzen dira.
  7. Aukeran, euskara erabiltzen da. Gaitasun erlatiboan euskara eta erdararen artean parekatze-maila handia dago.

Zirri-borro mentala da ezer baino gehiago. Kontua da pentsatzen gabiltzala euskararen irakaskuntzatik zelan eragin daitekeen normalizazioan eta erabileran, eta horretarako programazio batean nola garatu eta optimizatu daitekeen hau guztia.

Atzo hain zuzen ere, berbalagunek atera zuten gaia, bat lanean euskarazko lehenengo erlazioak eratzen hasi dela, bestea umearekin ohitura hartu duela, besteak Berria irakurtzen duela gero eta sarriago,... Ez dakit, 4. eta 5. pausoen artean dabiltzala sumatzen dut. Hau horrela bada (zer diozue?) interesgarria izango litzateke azken pausu horietara ailegatzeko estrategiak aztertzea.

27
Mar
2007

Egonaldiak Familia Euskaldunetan 2007

Ikasbilen irakurrita:

Egonaldiak Familia Euskaldunetan 2007 

Abian da Egonaldiak Familia Euskaldunetan egitasmoaren 2007ko ekitaldia. Parte hartu nahi duten familiek apirilaren 20a arteko epea dute izena emateko. Ikasleentzako epea maiatzaren 2tik 31ra bitarteko epea dago.

Egonaldiak Familia Euskaldunetan programak bere webgunea dauka:

http://www.egonaldiak.net

Han informazio gehiago dago:

Programa honen bidez, euskara ikasten edo hobetu nahian, nahiz bertako euskalkia ezagutzeko asmotan dabilen pertsonari familia euskaldun batean hilabete bat edo bi pasatzeko aukera emango zaio (uztailean, abuztuan edo irailean) eta, aldi berean, herri euskaldunen bizimodua eta ohiturak ezagutzeko parada ere emango zaio.

Epeak

Familientzat: Martxoaren 12tik apirilaren 20ra
Ikasleentzat: Maiatzaren 2tik 31ra

Informazio gehiago:

  • Familiak: http://www.egonaldiak.net/famili.htm
  • Ikasleak: http://www.egonaldiak.net/ikasle.htm
25
Mar
2007

Buru baten txapel bi

Binakako pilota finala amaitu berri da. Xala eta Eulate txapeldun. Partida amaitu eta ETBren kamara-mikrofonoak txapeldunen bila bero-berotan lehenengo hitzak jasotzera. Eulate, galdetu eta erantzun, pozarren eta arnas estuka aldi berean, ez da egoerarik xamurrena publikoan hitz egiteko izango, ez horixe! Are gutxiago euskaraz egiteko euskara ikasle batentzat. Hemen daukazue duela urtebete Berrian Eulate eta Irujo ikaskide eta orduko binakako txapelketarako bikotekideari egin zieten erreportajea:

Iruñazarretik finalera

Ez ei da telebistan edo irratian Eulatek euskaraz egiten duen lehenengo aldia, baina honen tamainakoak gutxi orain arte seguru asko. Duela urtebete honakoak esan zituen Eulatek:

Komunikabide batekin euskaraz jardun diren aurreneko aldia honako hauxe izan da, eta hurrengoaren aurretik denbora puska bat pasatu beharko dela diote, hala uste du behintzat Pedrok: «Oso zaila da, berez gaztelaniaz ez bada erraza, pentsa euskaraz. Urduritasunak ez dizu hitz egiten uzten. Noizbait euskaraz egingo dugu, ziur, baina oraindik goizegi da».

Tira Pello, ailegatu da eguna. Buru baten txapel bi ezin omen, zuk gaur bi jantzi behar dituzu.

Zorionak, zeuri, zeure irakasleei eta zeure ikaskideei. Honakoek Korrikaren besteko ospakizuna merezi dute.

21
Mar
2007

Astigarragako AEK euskaltegiko ikasleen kantua

Astigarragako AEK euskaltegiko ikasleek kantu batean bildu dute haien euskara ikasle esperientzia. Kantuaren inguruan "bideoklipa" ere prestatu dute. Horrelakoetan garrantzitsuena ez denez ahotsen kalitate edota afinazioa, mesedez ez erreparatu horrelakoetan. Kantua Morauk egin eta Bittor Ullak musikatu du. Hitzak, berriz, ikasleek egin dituzte eta esan beharra dago euskaltegi guztiak hartu duela parte prozesu horretan. Emaitza.... "Eurovision" jaialdia irabazteko modukoa.

15
Mar
2007

Txakurrak, umeak, tertuliak, lagunak,...

Blogosferan gauza eta gogoeta interesgarriak agertzen dira etengabe. Blog berri bi eta hausnarketa bi.

Aintzane Agirrebeñaren Bergetxeko ataipetik blogean hau topatu dugu Umiekin eta txakurrekin Berbetan mezuan bateko:

Euskaldun zaharrak topau ezinda zebizela esan zestenian ezin neban sinistu. Eta Kittok martxan ipini daben Berbetan proiektuan euskaldun barrixeri euskeria ahozkotasunian lantzeko aukeria eskaintzen jakue euskaldun zaharrekin tertulixak egiñaz.

Hau Aintzaneren azalpena:

Umiekin eta txakurrekin bakarrik euskeraz berba egitten dan herri honetan normala dala halakuak pasatzia

Besteko, Euskarazoak blogean Euskara eta lagunak mezuan, euskara ikasi eta koadrilan eta inguruan erdaraz jarraitzen dela ikusita:

Agian irtenbide bakarra denborak ekarriko du eta gakoa datozen generazioengan egongo da. Baina guk geuk zeozer egin behar dugu aldaketa hori lortzeko ere, oraindik garaiz gaude eta.

Esperantza bai, baina frustrazio eta etsipen puntua somatzen da mezu bietan. Euskara ikaslea eta euskaltzalea inguruan ikusten dutenak etsitzen hasita.

Ni Euskarazoakeko lagunarekin bat, garaiz gaude oraindino. Ea ikasten dutenen ilusio horren zatitxo bat hartzen dugun.

Berbalaguntzera noa.

09
Mar
2007

Noka-toka

Eztabaida interesgarria piztu da erabili.com-en Ekaitz Santazilia blogari eta filologia ikasleak hitanoaren inguruan plazaratu duen proposamenaren inguruan. Roberto Manjonek egin duen irakurketa soziolinguistikoa gehien bat. Irakurtzea gomendatzen dizuet.

Hitanoa unibertsitatean

Funtsean hor hizkuntzaren ikuspegi bi (ez derrigor kontrajarriak) ditugula begitandu zait, linguistikoa eta soziala. Hitanoa salbatu beharreko altxorra eta hitanoa hizkuntzaren funtzio batzuen adierazle. Hitanoa euskaltegietan "irakatsi" behar den ala ez horretaraino heldu barik (eztabaida interesgarria ala bizantinoa, zer diozue?), gurean "horrela esan behar da" zenbat biderrez esaten dugun etorri zait gogora. Alegia, "horrela esan behar da" eta "horrela esaten da" sinonimo egiten dira sarritan. Eta, gaur egun jakin, badakigu ez dela horrela izaten.

Beraz, horrela esaten ez den zerbaiti buruz "horrela esaten da" esaten dugunean, gezurretan ari gara? Ikasleari engainatzen? Geure buruari? Ala ikasleak berak intepretazen ditu "esaten da" eta "esan behar da" sinonimotzat? Gure autoritateak engainatzen ote die?

Adibidez, ikasle bati "elkar ikusiko dugu esaten da eta ez ikusiko gara" edo "hitanoa ez da erabiltzen" entzuten diogunean, zer egin behar dugu?

Sindikatu edukia