Iñaki Uribe HABEko Zuzendariari gutun irekia
Zuzendari jaun hori:
Etsipenez, ezen ez harriduraz, zoritxarrez, irakurri ditut zure hitzak Argia aldizkariko 2.317. alean. Laster langintza honetan 30 urte beteko ditudanez eta urte hauetan guztietan HABEren pean lan egin dudanez, hartu dut beta iruzkin batzuk egiteko, gaizki ez baderitzozu.
Diozu: "Partaidetza handia izan da; barruko teknikariek, euskaltegiek, irakasleek eta ikasleek hartu dute parte. Denei galdetu zaie zer aldatuko luketen, hori izan da abiapuntua." Jakin beharko zenuke partaidetza handia izatea ez dela, berez, ezeren bermea: hainbesteri galdetzea alferrikakoa gerta liteke hainbeste horien erantzunetan islatutakoa kontuan izaten ez bada. Bestalde, aukera anitzeko galderen eredua egokia da oso dauden erantzunen artean aukeratzeko. Daudenen artean.
Diozu: "Besteak beste, HABE dena agintzen ari zela ikusi genuen, dena erregulatzen eta arautzen euskaltegiekiko." Ez naiz oso abila hitzen bigarren zentzua harrapatzen, baina esango nuke iradoki nahi duzula orain bestela jokatzen duela HABEk, orain ez duela "dena agintzen". Ez dut adibiderik jarriko, hau irakurriko duen edozein euskaltegi-irakaslek jarriko lizuke sorta bat, baita sorta bat sorta ere.
Diozu: "Udal euskaltegietakoak funtzionarioak dira, nolabait esateko" eta beherago "Euskaltegi pribatuetan irakasle denak ez dira finkoak". Pentsatu nahi dut hau ez duzula asmo txarrez esan, baina, ezjakintasuna kenduta, ez zait beste arrazoirik bururatzen neurri honetako arinkeria esateko. Udal Euskaltegi gehien-gehienetan ez dago funtzionariorik, bat ere ez. Eta zin dagizut Udal Euskaltegietan irakasle "ez finko" asko eta asko dagoela, batzuetan kontratu eta lan-baldintza lotsagarrietan. Eta HABE, Zuzendari jaun hori, horren jakitun da.
Diozu: "On-line ikastaroek, beharbada, ikasgelako ikastorduak murrizten lagunduko digute". Ederto! Ados! Baina galdera bat: Nora joan dira "talde mistoak"? Non daude, zein larretan?
Diozu: "On-line sistemak arazo oso inportantea dauka, mintzapraktika gutxi egin daiteke." Hemen ere ados, hoba ez! Beraz, ulertu behar dut hemendik aurrera online ikasleei mintza-saio eta tutoretza ordu gehiago eskaini ahal izango dizkiegula, ezta? Bai, ezta?
Diozu: "Problema da adin batetik aurrera oso zaila dela hizkuntza ikastea. Ondo aztertu behar da. Batzuetan pentsatzen dugu alferrikakoa dela irakaskuntza mota hori." Elkarrizketa honetan diozuzan arinkeria guztietatik hauxe begitandu zait larriena, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeko Zuzendariaren ahotik atera delako batez ere. "Loro viejo no aprende a hablar" esan zuenari arrazoia ematen helduen euskalduntzeaz arduratzen denak; hamaika ezezik, hamabi ere ikusten ari gara, baiki. Zer nahi duzu esatea, ikusi ditut nik euskaldundu diren helduak eta ez bat eta ez bi. Baina, tira, zeuk ere jakin zenezake horrenbeste.
Besterik gabe, eta esan dudan guztia ezerezean galduko den uste erabatekoan, agurtzen zaitut.
Josu Lezameta, euskara irakaslea.
Kazetarien gremioari
Lehengo egunean urtetik urtera topatzen duzun senide horietako batekin juntatu nintzen, eta badakizue, halakoetan norberaren bizimodua, umeak, lana eta abarren partea elkarri ematea izaten da ohitura.
Umea dauka senideak, hamar urte ingurukoa, eta jakinda ni zertan nabilen "umea euskaltegian daukagu, HABEra joaten da" kontatu zidan. Umearen adina jakinda eta euskaltegiaren jabea entzunda "HABEra? Nora ba?" galdetuko nuela suposatuko duzue.
Alderdi politiko baten egoitzaren izena izan zen erantzuna. Umeei klaseak ematen dizkien euskaltegi edo akademia modukoa dago bertan. Bilbo inguruan behintzat aspaldian dira ezagunak alderdi horren ingurumarian antolatzen diren euskara-klaseak.
Suposatuko duzue gaizki ulertua argitzen saiatuko nintzela: "Ez, hori ez da HABE", "Hori X da", "HABEk helduen klaseak kudeatzen ditu, 16 urtetik gorakoak", "Horiek ez daukate zer ikusirik HABErekin orduan", eta "gainera, HABEk ez dauka euskaltegirik", "euskaltegi asko daude, baina HABErenak ez", "HABEk diru-laguntzak kudeatzen ditu eta horrela, Gasteizko gobernuaren erakunde bat da, baina eurek ez dute klaserik ematen", "euskaltegi publikoak eta pribatuak daude, HABEk batzuk homologatzen ditu, gureak, AEKrenak adibidez", "Nik AEKn egiten dut lan, baina beste "enpresa" batzuk daude, hemen inguruan X, Y eta Z dauzkazu adibidez" eta abar.
Senideak baiezko keinua egin eta ulertu zuela ulertarazi zidan, pertsona ikasia da eta ez nuen dudarik egin. Gure mundu honi arreta handirik ez dio ematen eta segurutik euskaltegien eta oro har euskararen irakaskuntzaren inguruko topiko zabalekin geratuta egon da, hainbat eta hainbat bezala.
Onartu beharra dago agian helduen euskalduntzearen ingurumari osoan ez diogula arreta eta ahalegin berezirik eman izan geure who's who hori herritarren eremu zabalenera hedatzeari, edo ez dugula asmatu behinik behin. Baina ez da erraza izango gure asmoekin, lanarekin edo hizkuntzarekin interes edo erlazio hurbilik ez duten askok eta askok horretaz jabetzea eta arreta ematea bestalde.
Okerragoa da berriz guretik gertuago dauden, eta gure berri izan eta ematearen ardura duten kolektibo batengandik honelakoak etortzea:
Aste honetan berton jasoak bi hauek:
Klase gehienak eguerditan izaten dira HABE eta AEK-ko euskaltegietan
Bilboko dendariak bezeroari begira (Argia)
HABEko euskaltegietan, ikasleen laurdenek 16-20 urte dituzte
Isabel Zelaa EAEko Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Berrian (kazetariaren galdera).
Kasu honetan HABEko eta HABEren arteko ñabarduraz konturatuta idatzi du kazetariak agian, baina edonola ere anbiguotasuna geratu dela esango nuke.
Bide batez, Zelaa sailburuak galdera horri erantzundakoak ez du argitzen lagunduko, ez:
Edo segitu nahi dutela, edo hobetu. 400.000 ikasleri buruz ari gara, eta HABEra joaten direnak proportzio txikia dira. Gure sisteman ondo funtzionatzen du euskarak.
Ez dira lehenengo kasuak izan. Duela gutxi Twitter-en oharra egin zuen @jozulin-ek Argiaren erreportaje honetan irakurritakoaren harira.
Eta aspaldiago, duela ia lau urte, hemen berton bota genituen batzuk Radio Euskadin entzundako batzuen ondorioz.
Euskal Herriko kazetariekin ez dut senide batzuekin bezala urtetik urtera jesarri, kafea hartu eta berriketan jarduteko zorte hori, baina bazkalostean familia artean eman nituen azalpen horiek guztiak kazetarien eta komunikatzaileen gremioarekin ere konpartituko ditut hemen plazer handiarekin.
Argazkia: Titulu barik. Egilea: hitzak_soberan. Lizentzia.
Dekretuak eta ebazpenak
Hiztegi juridikoa praktikatzen eta ikasten da gure sektorean aspaldian: ebazpena, xedapena, dekretua... Urtero halako pare baten edo gehiagoren pentsuan ibiltzen gara hain zuzen ere, ohikoak izaten direnak (diru-laguntzak, azterketak...). Lantzean behin zerbait berria dakarren baten bat edo dena hankaz gora ipintzen duenik ere izaten da ordea.
Eta etorri dira halakoak azkenotan:
Martxoaren 2an otsailaren 13ko bat etorri zitzaigun (hiztegi juridikoa ikasten gabiltza, baina denbora-paradoxa juridikoen jabe izateak goragoko maila bat eskatzen du). Urterokoa, HABEren azterketak nolakoak izango diren arautzen dituen ebazpena. Nobedadea han: ulermena eta irakurmena neurtzen dituzten probak euskaltegian bertan egingo direla-edo dio ebazpenak.
Interpretazioak, nahasteak eta saltsak ekarri ditu honek hasiera batean. Gerora neurriarekin pozik agertu dira euskaltegi batzuk. Euskaltegien lanaren eta gaitasunaren onarpena da haien iritziz. Beste euskaltegiek ez dute oraingoz iritzirik plazaratu honetaz. Ahots kritikoren bat entzun da ordea, eta interesgarria izan daiteke argudio eta jarrera desberdinak entzun-irakurtzea agian.
Nik neuk ez dut uste neurri honek berez aparteko ezer dakarrenik. Orain arte ekarri behar zuenetik aparte. Beste kontu bat da azterketak, zertifikazioak eta kristo hori guztia nola ari den gure jarduna baldintzatzen. Agian hor dago gakoa, ez probak euskaltegian, BECen edo San Mamesen egiten diren.
Bigarren bat ere etorri da. Ez dut honen erreferentzia juridikorik aurkitu, HABEren mezu telegrafiko bat baizik.
2012 urtearen barruan ez da egongo dirulaguntza-deialdirik, Eusko Legebiltzarrak onartutako aurrekontuetan ez baita horrelakorik jasotzen.
2013an HABEk dirulaguntza-deialdi hauek berreskuratzeko ahalegina egingo du.
2013ko aurrekontuetan aztertuko da 2012an HABEren mailaren bat gainditzen duten ikasleek dagokien dirulaguntza eskatzeko aukera izatea.
Bai, aurten euskaltegian ikasten dutenek ez dute matrikulan ordaindutakoa konpentsatuko dien diru-laguntzarik jasoko HABEtik. Matrikulan gastatutakoa hortxe joan da, gainditu zein gainditu ez. Euskaltegi pribatuek zerbait esan dute honetaz, hala jaso dute lehen ekarri dudan albistean.
Deigarria egiten zait, euskara ikastea garestiagoa izango da, eta ez da apenas ezer esan honetaz. Eta esango nuke euskara ikasi nahi duenarentzat oztopo eta faena handiagoa dela hau aurreko guztia baino. Faena ederra.
Proben eta azterketen basoko arbolen artean galdu da hau nonbait. Edo euskalgintzari oro har aplikatu zaizkion murrizketen basoan beste arbola bat baino ez da izan, baina ez garrantzi gutxiagokoa.
Eta gaur etorri zaigu hirugarrena. Aspaldian iragarritako filmaren estreinaldia: hezkuntza sisteman euskaraz ikasitakoei euskara agiria konbalidatzeko dekretua iragarri dute Zelaak eta Urgelle-ek.
Apirilaren 3an jarriko da indarrean eta 2008ko apiriletik aurrera ikasketak burututakoei aplikatuko zaie.
Iragarrita aspaldian, eta polemika ere ugari ekarri du, euskalgintzan oro har. Kontrako argudioen artean bat nagusitu dela esango nuke: hezkuntza-sistemak une honetan ez du ikasleen euskara maila egokia bermatzen, ez ikasketa ertainetan ez unibertsitatean.
Euskaltegien aldetik mehatxu modura ikusten da gehien bat. Agiria automatikoki eskuratuko duten pertsona horiek guztiek ez dute euren euskara maila hobetzeko euskaltegietara jo beharko, eta horrek ikasleen galera ekar dezake.
Honen harira interesgarriak IKAko Jon Zabala eta Mailu Lasateren hitz hauek, Argiako erreportaia honetan jasotakoak.
Bost urtean %30eko ikasle galera izango dugula. Plan estrategikoak dio hori, EAEko euskaltegiez ari dela. Zerk eragingo du jaitsiera? Besteak beste, dekretu zirriborro honek, hau da, hainbat lagun agiriak aurkeztetik salbuesteak. Bestalde, hor da beti krisia. Ekonomia. Gure galdera zera da: %30eko galera izango omen dugu ikasleetan. Hori horrela gertatuko da, ala hori gerta dadin bideak jarriko dira? Azken finean, egiten den hizkuntza politikaren gorabeheran dago hori
HABEren plan estrategikoak berak kontsideratu du %30eko galera bat horren arabera beraz. Arrazoien artean dekretu hau, baina duda barik, diru-laguntzak kentzeak ere izango du pisua. Eta horri beste hainbat faktore gehitu: krisia bera, euskara ikastearekin pertsona nabarmen batzuek erakusten duten jarrera, hizkuntza-eskakizuna behar duten lanpostuen eskaintzen murrizketa (administrazioan gehien bat)... eta enparauak.
Hain beltza dator? Euskaltegietan noraino igarriko dugu? Noiz? Prospektiba ariketak egiten hasi behar da nonbait, baina hileta jotzen abilak izaten gara eta ezkortasuna nagusituko den susmoa daukat.
Baikortasunari atea ireki guran, badira mehatxuak azken batean aukerak direla diotenak, edo horrela euskara benetan ikasi nahi duenak ikasiko duela pentsatzen duenik ere bai. Baliteke, baina aukerak aurkitzen jakin egin behar da batetik, eta bestetik ez dakit euskara ikastea "benetan" nahi dutenengana soilik eramanda inoiz euskara nahi dugun lekura eramango genukeen, horrez gain ikasi nahi duten horiek "ahal" ere izan behar dute, eta ez dute hain erraza izango.
Ez dakit zer gertatuko den, baina nola edo hala gertatuta gertatzen den hori traumatikoa izatea erraza da une honetan.
Hau guztia EAEri dagokiola noski, beste leku batzuetan beltz dago kontua aspaldian.
Ikasleen ikastaroak hornitzen
Lola Izagirre eta Josu Lezameta, Galdakaoko Udal Euskaltegiko Autoikaskuntza
Aurreko batean kontatu genizuen zelan hornitu eta aberastu izan ditugun ikastaroak. Azken aldion denboraz estuago gabiltza, badakizue, eta bestela planteatu dugu ikasleen eskura jarriko duguna zelan aurkeztu, honetarako ematen dugun denbora aurrezte aldera.
Moodle plataformaren bitartez sartzen dira gure ikasleak Boga ikastaroetara. Goitik behera hasita, behin ikastaroaren barruan, halako mosaikoa ikusten du ikasleak.

Irudi bakoitzaren gainean klik eginda, aukeratutako lekura joango da ikaslea: Berria, Sustatu, Euskaljakintza... Moodle-n bazabiltzate, ez da zaila halakoa txertatzea: Baliabidea gehitu => Etiketa gehitu => Testu editorean HTML aukeratzeko botoia <> sakatu eta hemen daukazuen kodea itsatsi; irudien neurria alda dezakezue, argazki eta esteka gehiago erantsi... nahi duzuena.
Goian eta eskuin aldera bideo bat jartzen dugu, noizean behin -astero, ahal delarik- aldatzen duguna. Hemen kodea, berdin egin nahi izanez gero.
Bideoaren azpian "Urteko egun bakoitzeko esaera zahar bat". Hortik zehar aurkitutako javascript tuneatu bat da: kutxatxo baten agertuko da automatikoki -voilà!- egun horretako data eta atsotitz desberdin bat. 365 ez daude, baina ia hirurehun esaera zahar izango dira, udako oporretakoak eta beste zenbait egunetakoak kenduta. Hemen duzue kodea, zuek ere inon txertatu nahi baduzue. Eta urtea osatu arte falta diren atsotitzak jartzen badituzue, ez ahaztu guztioi horren berri ematea ;-)
Urteko egun bakoitzeko esaera bat
Ikastaro bakoitzaren beheko aldean jarri ditugun karpetetan dauzkate ikasleek geuk sortutako HotPotatoes edo Webquestions tankerako ariketak (aditza, deklinabidea, entzunaren ulermena, birpasa...) Boga-ko ariketak egiten gogaitu direnerako edo bereziki zer edo zer landu nahi badute. (klik handiago ikusteko)
Azkenik, hemen duzue iazko udan ikasleei jarri geniena, aspertuz gero nora jo zezaketen erakusteko. Hemendik hartu genuen ideia, tunning apur bat eta... honatx kodea!
Badaki euskara?
Plisti-plasta |
2012, Martxoa 3 - 12:57
Lehengo egunean irakasle-bilera batean bigarren mailako azterketako idazlan bat aztertzen ari ginen. Ebaluazio zertifikatzailean ari ginen, azterketariak maila ematen zuen ala ez ebazten. Ebaluazio irizpideei jarraiki egokitasunaz, koherentziaz, kohesioaz, aberastasunaz eta zuzentasunaz hitz egin genuen. Aberastasunean eta zuzentasunean denok ados samar, justuan bazen ere maila ematen zuen, baina egokitasunera, koherentziara eta kohesiora heldutakoan oso iritzi ezberdinekoak ginen: ‘gai’ batzuentzat, ‘ez gai’ beste batzuentzat. Halako batean, irakasle batek zera galdetu zuen: ‘Baina badaki euskara?’
Galdera ohikoa izan arren, ez da hutsala. Harrezkero, buelta asko eman dizkiot eta artikulu hau idaztera ere bultzatu nau.
Badaki euskara? galdetzea ‘badaki historia?’ edo ‘badaki geografia?’ galdetzearen parekoa da; hizkuntza bera, eta ez komunikazioa, hartzen du ikas-irakaskuntzaren subjektutzat. Beraz, nahikoa genuke hizkuntzaren beraren ezagutza testatzearekin. Hor ez dute lekurik egokitasunak, koherentziak eta abarrek.
Baina, egia esate aldera, zalantza egin nuen gero. Ez nuen ondo gogoratzen ‘badaki euskara?’ ala ‘badaki euskaraz?’ galdetu zuen irakasleak. Eta orduan hasi nintzen pentsatzen galdera horrek gordetzen zituen elipsietan. Zer dago ‘badaki euskaraz’ horren atzean? Kasu honetan, ‘badaki euskaraz idazten’ egon liteke batzuentzat. Hauen ustean, nahikoa luke azterketariak gaitasun minimo bat erakutsita. Gaia kontuan hartu, eskema estandar bat (sarrera: gaiaren garrantzia/ lehen-orain / abantailak-desabantailak/ bukaera: iritzia) aplikatu eta aurrera.
Beste irakasle batzuentzat, ostera, elipsia luzeagoa, konplexuagoa eta, egitekoak horretara bultzatuta, aldakorragoa eta zehatzagoa da. Adibide baterako, honelakoa: ‘Badaki euskaraz tabakoaren legea onerako ala txarrerako izan den eraginkortasunez adierazten?’
Hiru galdera, hiru ikuspuntu, hiru paradigma. Bitxia da antzeko hitz ‘korporatiboak’ erabilita ere, zenbat ideia ezberdin ezkutatzen diren elipsi baten atzean. Baina nork du arrazoi?
Baten batentzat harrigarria izan daitekeen arren, hementxe hasten da nire arrazoibidea lausotzen. Ideologia didaktikoak hirugarren bidea hautatzera narama, zalantzarik gabe. Baina, ai lagunak!, idazmenaz ari gara. Ebaluazio zertifikatzaileak nabarmen gehiegizko pisua aitortzen dion trebetasun bati buruz, hain zuzen. Eta nik badakit zenbat eta zehatzago jokatu, orduan eta estuagoa eta zailagoa izango dela bidea; eta horrek trebetasun honen berrindartzea ekarriko duela. Hortxe hasten dira nire zalantzak eta beste irakasle askorenak.
Zalantzok argitze aldera bi dira hartu beharreko bideak. Batetik, norberaren sena eta eskarmentua abiapuntu, asko hitz egin, formazioa areagotu eta sarritan egiten ditugun elipsi horien atzean geratzen dena azaleratu. Eta, bestetik, trebetasunen pisua eta jitea (interakzioari askoz gehiago erreparatuz) berauen erabilera errealari begira orekatu (baita maila zertifikatzailean ere).
Imajinatzen al duzue bateratze-saio batean entzumenaz, irakurmenaz edo elkarrizketa-mekanismoez aritzea? Horixe da nire ametsetako bat.
Epailea eta iturgina
Materialen artean ikaslearentzako orrien subgeneroan bada ohiko figura bat. Zutabe biko taula edo grafikoa, eskuin-ezker “ongi” eta “gaizki” (edo haien sinonimoetariko bat) izenburu eta goitik beherako zerrendetan item bilduma sarri luzea, bostetik gorakoa normalean.
Lehengo egunean halako bat suertatu zitzaidan aurrean irakasle baten galderaren harira. Hark “baina hori “ondo”/”txarto” dago?” galdera bota zuen zalantzatan, eta kukutxoa egin nion zerrendari. Argitzen hasi nahi eta ez zitzaidan erraza egin item asko zutabearen alde batean edo bestean kokatzea, ez.
Eta une batean ongia eta gaitza apartatzen sentitu nuen neure burua, epaile paperean ustekabean. Norbait neure ebazpenak halako jurisprudentzia emango ziola esperoan zegoen, hark lege idatzi haren gainean eman beharko zuen-eta sententzia beste epaitegi batean, lehen auzialdiko auzitegian seguru asko.
Baina legea konplexua ei da, maila eta ñabardura askotakoa, ezin dena berdin arautu eta epaitu, eta item haien artean aldeak ikusi nituen:
- Lege gorena, oinarrizko eskubideak edo konstituzioren baten kontrako “gaizkiak” batzuk. Zentzunak ere onartuko ez lituzkeenak. Argi.
- Eskubide administratiboaren urradurak. Izapide jurdiko-administratiboetan onargarriak ez, baina bizimodu arruntean halako zorroztasunik eskatzen ez dutenak.
- Delitu eta falta komunak, pena luzea merezi dezakete batzuek, isunik ere ez beste batzuek, beti ere delituaren nork, nori, nor, non, noiz eta nolakoaren arabera juzgatzekoak.
- Auzi pertsonalak, moralak edo norberaren ideologiaren islak. Inondik inora ere eskubide orokorrak araututakoak, eta sarri bake-epaitegian bideratu beharrekoak, edo “Legearen” mundutik kanpokoak besterik gabe: sinismena, ideiak edo usteen arloko auzi hutsak.
- Lege-ohitura lokalak, tokian tokikoak, helbiderik eta norabide argirik ez daukan paper batean idatzita.
Hauek guztiak arautegi uniforme batean agertzen ziren, lege-liburuen erreferentzia barik eta arloaren edo larritasunaren arabera sailkatu gabe.
Eta epaileak sententzia guztiak autoritate berdinarekin botatzen dituela, zein den konstituzio, zein den lege sendoa, zein behin-behineko xedapena, zein ohitura eta zein lege-hutsune... ez da harritzekoa izango hiritar etorri berriari hiri berria legez eta arau zorrotzez betetakoa iruditzea, estua, konplexua...
Baina epaileari ez zaio errezagoa lege-iturriak aurkitzea. Arlo bateko lege-arau batzuk ezartzen ditu batek, haren helmena eta eskumenaren gainean bertsio kontrajarriak egoten dira baina nolabaiteko autoritate ofiziala duen bakarra dela dirudi.
Hura ez da bakarra hala ere, ez dago legelarien kolegiorik baina hainbatek autoritatea hartu dutela dirudi: besteak beste ospe zientifiko-literario-soziala, erudizioa, togaren dotorezia, epaiak botatzeko abilezia edo sententziatzeko afizioa izaten dira autoritate-iturri.
Oinarri juridiko printzipal bat ei dago legegintza honetan hala ere: oinarrizko legea hiritarrek eurek menderik mende egin dute eta lege gorena huraxe dela. Baina lege hori ez dago idatzita eta hiritarrak hasi dira segurtasun hori galtzen sarri, legelarien kopuruak eta aniztasunak ez diete asko laguntzen horretan.
Eta zer egin epaileak? Berak epaitu behar ditu hiritar berrien egintzak eta esanak, hiriko biztanle izateko lain diren ebatzi gorago edo beheragoko auzitegietan, eta legearen bidea erakutsi bidenabar. Konplexua epaile-lana, bai. Hiritarren eta hiritargaien epaiketan edo aholkularitza juridikoan beti, eta sarri legegile ere bai.
Toga erantzi barik ibili behar nonbait. Hiritargaiaren obrak onaren edo gaizkiaren zutabeetan kokatu eta kokatu, epaia bota eta hurrengorako gaztigatu. Hiritargaiak "Amen!" normalean, baina erreintzidentzia tasa handia izaten du epaileak, erori eta erori egiten dira, haiek hiritartzerik ez dagoela etsipenaz sinisten hasi arte.
Epailea eta hiritargaiak hirian murgildu dira egun batean, hiritar bizimodua egiten denak maila berean: auzitegiko kafetegian, aurreko parketxoan edo aretoan bertan epai eta epai artean... Hiritargaiak ziudadano ahaleginean eta epailea toga erantzita, txamarraren azpian gordeta egia esanda, epaigintza ez, baina aholkularitza jurdikoa beharko baita segurutik. Eta une horretan konturatu da hiritargai horiek epailea bezainbat iturgina behar dutela ziudadania berrira ailegatzeko.
Ez diote ongiaz eta gaizkiaz galdetu apenas, ez da euren kezka une honetan, badakite inoiz gorago edo beheragoko aretoren batean euren hiritartasuna ebatziko dela, bai, baina hiriko kaleetan dorpe ibiltzen direla eta atasko horietatik irteteko seinaleak eskatzen dizkiote epaileari: "nola esaten da...?" hasten da galdera bat, nahi duen lekura joateko nora jo ez dakiela trabatuta beste bat, kalearen beste aldera pasatu ez pasatu zalantzan beste bat... atasko asko, ugari. Hirian berria zarelarik naturala da hori guztia bestalde.
Mailua atera eta mahaia jotzeko tentazioa izaten du epaileak sarri, baina mailua togaren barruko poltsikoan gorde, mantenu-gelara joan eta desataskadorea hartu du handik.
"Hiri honek iturginak behar ditu" idatzi du sententzia liburuan, "edo prebarikazio gehiago" oharretan.
Argazkia: robo dunny dino. Egilea: mugley. Lizentzia.
Aihotzak eta iparrorratzak
Plisti-plasta |
2012, Otsaila 7 - 20:21
Azken egunotan pare bat bideo eta pare bat artikulu izan ditut gogoan jira-bueltaka. Bukaeran jarriko dizkizuet horien estekak baina lehenago aihotza edo iparrorratza hartu eta sasitzan bidetxoa egin beharra daukagu, norabide batekoa zein bestekoa izan.
1.norabidea: ‘Mundu bat, hizkuntza bat’ (Mark Pagelen bidea) (aihotza)
Gizakiak Lurrean beste animalia-espeziekiko nagusitasuna lortu du garapen gaitasunari esker. Garapen gaitasun horren funtsa ikaskuntza soziala da, gizakiak beste gizakiengandik ikasten du, beste animaliek ez bezala (ez neurri berean behintzat). Ikaskuntza sozial horren hedatzailea hizkuntza da. Beraz, hizkuntza aniztasuna oztopo da ikaskuntza sozialerako eta hedaduraz garapenerako. Alegia, munduko biztanle guztiok hizkuntza bakarra erabiliko bagenu, edota behintzat, ezagutuko bagenu, erraztu egingo litzateke ikaskuntza soziala eta, ondorioz, garapena biderkatu egingo litzateke.
Antonio Valdecantosek honen harira zera dio: ‘Kanpaina irmoak egin dituzte batzuek gaztelera politika linguistiko periferikoetatik defendatzeko baina horiek beroriek ez dute hitzik esan ingelesa eskolan eta unibertsitatean inposatzearen aurka’. ‘Ez du inork auzitan jarri asmo honen egokitasuna, eztabaidagai bakarra helburu hori lortzeko modua izan da’
Badugu, beraz, bide eta norabide bat eta horretan dihardute urteetan, nahiko modu traketsean bada ere, aihozkadaka eta aihozkadaka.
2. norabidea. ‘Mundu asko, hizkuntza asko’ (iparrorratza)
Begira diezaiogun arazoari beste ikuspuntu batetik. Bira dezagun puntu kardinala. Ez dezagun ukatu garapena, ezta ikaskuntza soziala ere, baina izan dezagun argi garapenak garapen izango bada, ez duela sekula suntsitzailea izan behar.
Nola lortu, baina, ikaskuntza sozialak ezinbestekoa duen elkar ulertzea eta ahalik eta hizkuntza gehienen biziraupena? Agian, teknologiari zenbait kandela piztuta.
Aspaldi batean txoko honetan bertan idatzitako hitzak kopiatuko ditut hitzez hitz: ‘epe ertainean, hizkuntza batean edo bestean sortutako testuak ezaguna dugun hizkuntzan jaso ahal izatea ez da ameskeria hutsa’. Oraindik orain hastapenetan badaude ere, sarritan erabiltzen ditugu itzultzaile automatikoak, edo telefono aplikazioak atzerrian elkar ulertzeko. Hastapenak dira, bai, baina bide honek ez du aihotz beharrik, zorionez. Bide honetan zeresan handia izan lezake teknologiak eta aurreko batean aipaturiko errealitate areagotuaren aldeko apustuak.
3- tarteko bideak: ‘Duolingo’
Badira tarteko proiektuak ere, Duolingo dugu horietako bat, Internet osoa hainbat hizkuntzatara itzultzean datza. Asmo erraldoi horretarako hizkuntza ikasleen lana eta adimen kolektiboa baliatu nahi dituzte, Wikipediaren bideari jarraiki nolabait. Proiektu honen arazoetariko bat asimetriarena da. Pentsa ezazue zenbat ingeles ikasle inplika daitezkeen eta zenbat euskara ikasle. Asimetria argia da. Ingelesak, gaztelerak edo txinerak askoz itzultzaile gehiago eta itzulpen lan gutxiago izango lukete. Eta, Interneten izaera dinamikoa eta iraunkorra kontuan izanik, hau bezalako proiektuek nire ustean ez dute bide luzea egiterik, are hizkuntza txikien kasuan.
Hauexek izan dira, ba, azkenaldian ibili ditudan burutazioak eta agindutakoa zor denez, bertan dituzue horien iturburu izan diren bideo eta artikuluak:
-
El saldo de la lengua. Antonio Valdecantos (El Pais)
-
Komunikazioa-inkomunikazioa (Plisti-plasta. Karrajua)
-
Duolingo (Atoan)
Internet: sarean zun-zun
Plisti-plasta |
2012, Otsaila 5 - 18:43
Gizartearen historian badira zenbait asmakizun ia perfektu, apenas aldatu gabe urteak eta mendeak irauten dutenak. Gure ingurura begiratutxo bat eginda, holakoak ditugu mahaia, euritakoa edo jantzita ditugun zapatak. Beste asmakizun batzuek, ordea, bide luzeagoa egiten dute, mutazio gaitasuna dute, eta errealitatea eta historia bera ere aldatzen dute. Honelakoak ditugu telebista, inprenta edo antibiotikoak. Bada gure garaian ere halakorik, internet deitzen da.
Batzuek uste dute internet eta beronen ingurukoak bitartekoak direla, eta bitartekoak soilik tresna direla, ez dutela inguruan eraginik. Alegia, boligrafoa erosteak ez zaituela idazle bihurtzen. Eta arrazoi dute. Baina zati batean bakarrik. Nire ustez, bitartekoa ez da neutrala, are bitarteko horrek mutazio gaitasuna duenean eta hedakorra denean. Nola pentsatuko zuen, ba, AEBko Defentsa Departamentuak abian jarri zuten asmakizun hark erraztu egingo zituela Tunez edo Egiptoko herri-matxinadak? Bitartekoa ez da neutrala, ez. Beste adibide bat jartzearren, esan, beti izan direla sare-sozialak, gizakiaren ezaugarri dira, baina eraldatuz joan dira teknologiaren altzoan; pentsa ezazue nolako jauzia dagoen, adibide baterako, telegrafotik Twitterrera edo Meucciren telefonotik smartphonera.
Begira diezaiogun, bada, interneti. Arrastoa ateratzeko garrantzitsua da jakitea zein bide egin duen orain artean. Honetaz hitz egitean berehala hasten dira batzuk zenbakiak jartzen, dela 1.0, dela 2.0, dela… Eta ondo dago baina betiere modu lineal-kontsumista batean ulertzen ez bada. Ez, internet ez da produktu bilduma bat soilik; ez da 1.0tik 2.0ra aldatzen, eskuko telefonoa aldatzen dugun bezala. Internet mutantea da eta geruzaka hazten da, estratifikazio dinamikoa eta saretzea ditu bere hazkunde moduak. Hasiera batean informazio iturri biltegia zen, bertara jo eta iturria zabaldu beharra geneukan; ondoren, internet bera arduratzen zen gure egarria asetzeaz eta une honetan taberna handi bat da; egarria asetzeko ez ezik, harreman-gune erraldoia. Baina bakoitzak nahi duen moduan erabil dezake, oraindik orain hor daudelako geruza guztiak (iturria, etxez etxeko zerbitzua eta taberna).
Zer ote da hurrengoa? Konturatzen bazarete, internet, aurrera egin ahala, gero eta errealagoa da, birtualitatetik ihes egin nahian dabilela dirudi. Gaur egun denok gara apur bat ziborg, birtualitatea gero eta errazago integratzen dugu gure bizitza errealean. Gero eta errealagoa da birtualitatea, beraz; eta errealitatea gero eta birtualagoa. Hitz-joko honek erakusten digu mugak lausotzen ari direla eta fusioa gure begi-bistan gertatzen. Honen erakusle argia da ‘errealitate areagotua’ deiturikoa. Adibide baterako, zeruari begiratzen diogunean zalantza izaten dugu urrunean ikusten ari garen izar hura zein ote den; ba, gaur egun, eskuko telefonoa atera, izarra fokuratu eta Google Sky Mapek esaten digu zein den izarraren izena. Errealitatea eta birtualitatearen batuketak eman diezagukeen jauziaren adibide xume bat baino ez da. Oso bide luzea eta oparoa dute aurrean alor honetan eta neurologian, egiten ari diren zenbait lanek.
Baina ezin gara horretan geratu. Lehenagokoan telebistako saio batean internet burmuin erraldoia zela zioten eta berari konektatuta zituela milioika eta milioika burmuin (zurea eta nirea, besteak beste). Burmuina bezala, beraz, internet ere errealitate konplexua da. Informazio biltegi eta ekoizlea, adimen kolektiboaren egoitza, harreman eta interakzio plaza handia, orain arteko errealitatea osatzera datorrena.
Buru asko ditu internetek eta erredukzionista da nire ustean industria eta zerbitzu-gizartearen ostean, informazioaren gizartea datorrela esatea. Hori baino askoz gehiago da. Funtsean zer edo zer izatekotan, harreman eta errealitate ugalduaren gizartea izango da. Baldin eta munduan diren Heraklesen jarraitzaileetako baten batek buruok mozten ez badizkio, behintzat.
Honezkero, zuetako baten batek pentsatu du zertaz ari naizen, Karrajua euskara eta didaktikari buruzko txokoa izaki. Ba, zeharka bada ere, euskarari eta didaktikari buruz ere ari natzaizue, lagunok.
Irudia: Deventer op Stelten de Generale. Egilea: Ronald Rugenbrink. Lizentzia.
‘Elkar’ egitura esplikatzen
Plisti-plasta |
2012, Otsaila 3 - 02:18
- Jope, zein zaila den ‘elkar’ egitura. Ez dakit erabiltzen!
+ Zaude lasai, ‘elkar’ egitura ondo erabiltzeko urrats batzuk eman behar dira eta. Apurka-apurka adieraziko dizkizut:
1. urratsa. ‘elkar’ egitura erabiltzeko bitariko harremana egon behar da. Honelakoa: A<-->
B. Adibidez:
Nik zurekin lan egingo dut <--> Zuk nirekin lan egingo duzu.
Haiek zuri lagunduko dizute <--> Zuk haiei lagunduko diezu.
2. urratsa. Kontuan izan ‘elkar’ deklinatu egiten dela: elkar, elkarri, elkarrekin, elkarrentzat… Adibidez: Nik zurekin / Zuk nirekin = elkarrekin; Haiek zuri / Zuk haiei = elkarri.
3. urratsa. Subjektuak gehitu egin behar dituzu. Adibidez, Nik + zuk = Guk (edo zuk eta biok); Haiek + Zuk = Zuek.
- Konforme. Orduan: Nik zurekin lan egingo dut / Zuk nirekin lan egingo duzu → Guk elkarrekin lan egingo… eta Haiek zuri lagunduko dizute / Zuk haiei lagunduko diezu → Zuek elkarri lagunduko… Aizu, barkatu baina ez dakit zein aditz ipini.
+ Izan ere, aditzarena da 4. urratsa. Begira, aditza ipintzeko ‘elkar’ egiturari beste izen bat jar zeniezaioke: Gabriel edo Aitzol, adibidez. Honela: Guk elkarrekin (Gabrielekin) lan egingo… Zuek elkarri (Aitzoli) lagunduko…
- Orduan, bai. Guk elkarrekin (Gabrielekin) lan egingo dugu. Zuek elkarri (Aitzoli) lagunduko diozue. Mila esker, orain ulertu dut. Egoki esplikatzen duzu gramatika.
+ Gramatika? Zer gramatika? Ez dizut gramatikari buruz hitz egin, barren!
- ??????!!!!!!. Beno, beno. Hurrengorako utziko dut hemen daukadan beste galdera bat.
+ Zein da galdera?
- Dena, guztia, guztiak, guztiok, denok… Nahaste galanta!
+ Ok. Hurrengorako.
Irudia: Curiosity..... what are they reading?. Egilea: Tommy Wong. Lizentzia.
Elkarreraginaren garrantziaz (II)
Plisti-plasta |
2012, Urtarrila 29 - 18:59Jarraian duzue aurreko sarreran agindutako adibidea. B2ko azterketa batekoa da, pena ezin dudala audioa erabili (baimen arazoak izan nitzake). Hala ere, baliagarria izango zaizuelakoan, hona:
Elkarrizketaren eskema
(klikatu gainean handiago ikusteko)
Elkarrizketaren azterketarako txantiloia: zuzenak eta okerrak
Zuzen
- Elkarri entzun diote.
- Ikuspuntua azaltzerakoan kontuan izan dute solaskidearen iritzia.
- Arestian aipatutakoa kontuan izan dute. Adibide baterako, Jonek hitztarte batean ‘ez hori bakarrik…’ esan dio solaskideari.
- Saiatu dira, nolabait, komunikazio-hutsak konpontzen. Elkarri txandarik apenas eman diotenez, bestearen jarioa eten behar izan dute. Jonek gaiaren barruan mintzabide berriak zabaldu ditu [jolasak eta osasuna/ jolasak eta jolasguneak (herria/hiria)].
- Biek ala biek jarrera aktiboa izan dute elkarrizketan.
- Modalizazioa egokia izan da. Nabarmenena mutilak umorea erabili duenean.
- Ez-hitzezko elementuak baliatu dituzte (keinuak, irribarreak…). Erritmoa onargarria izan da eta Anek oso ondo erabili du doinua, baita modalizatzeko ere; horrela adierazkortasun handia lortuz.
- Ez dute intseguritate handirik erakutsi.
- Ideia nagusia argia da.
- Erregistro egokia.
- Birformulazioa erabili ez badute ere, besteak esandakoa norbere diskurtsoari atxikitzeko gaitasuna erakutsi dute.
Oker
- Ez dute egoki adierazi gaiarekiko abiapuntu-jarrera. Norbere abiapuntutik abiatu beharrean, Anek galdera batekin ekin dio; bere abiapuntuari uko eginez eta mutilarena erabat baldintzatuz. Honela, jostailurik aproposenari buruz aritu beharrean: ‘Zer gustatzen zitzaizun jolasteko?’ galderatik abiatu dira.
- Ez dute jakin hitz egiteko txandak kudeatzen. Bestearen jarioa eten behar izan dute gehienetan, zerbait esan ahal izateko.
- Baliteke neskak solaskidearentzat desatsegin samarra izan den diskurtso modua erabili izana: abiapuntua eragozteagatik, bestearekiko behar besteko elkarkidetza ez erabiltzeagatik, mintzabideak ez zabaltzeagatik…
- Ez diote beti argudiobideari behar bezala eutsi: zauriei buruzko digresioa luzeegia izan da.
- Jarioari dagokionez, gauza bitxia gertatu zait. Izaten dira, bada, ilusio optikoak, non kolorearen edo kokapenaren arabera borobil edo laukiren batek beste batek baino handiagoa dirudien (nahiz eta berdinak izan). Bada, horrelako zerbait gertatu zait: hasiera batean Anek Jonek baino askoz denbora luzeagoan hitz egin duela iruditu zait baina neurtu eta konturatu naiz ez dela horrela izan: mutilak 1’49’’ / neskak 1’ 57”. Horrek eraman nau pentsatzera zer-nolako garrantzia duen elkarreraginean jarioak eta ideia/informazio-emariak (kantitateari zein kalitateari begira). Anek Jonen antzeko denbora erabili badu ere, hitz kopuru handiagoa igorri du eta horrek, nahiz eta berbaldia elkarreraginaren ikuspuntutik kalitate eskasekoa izan, mutilak baino askoz gehiago komunikatu duela pentsarazi dit. Baina sakonago aztertuta oso zalantzazkoa da baieztapen hori. Izan ere, jarioaren osagai garrantzizkoak dira automatismoak eta horretan gabezia dezente erakutsi ditu Anek.
- Argudioen kalitatea ez da nabarmentzeko modukoa izan. Dena behar alor honetan.
- Ideia nagusian biak ados egon direnez, ez dute errefusa gaitasunik erakutsi.
- Ez dute gehiegizko errepikapenik egin eta esaldiak ez dira solte geratu baina oso oinarrizko kohesioa erabili dute. Eta batzuetan txarto (‘ze herri batean bizi gara’ –mutilak-). Neskak bizpahiru aldiz erabili du modu okerrean ‘hori’ erakuslea esaldiak kohesionatzeko, gaztelerazko kohesio elementuren bat ere erabili du (es que…).
- Aberastasunari dagokionean, oinarrizko hizkuntz baliabideak erabili dituzte gehienbat, baina adierazi nahi zutena adierazteko behar bestekoak, lexiko akatsen bat salbu (ez dakit nola esaten den ‘cicatriz’).
- Zuzentasunean: ez dute autozuzenketarik erabili eta oinarrizko akats askotxo egin dituzte, Anek batik bat (ez du egoki monitorizatu bere jarduna). Hara:
| Ane | Jon |
|---|---|
|
|





Azken iruzkinak