korrika

Argazkiak

Benito(e)k bidalita 2009, martxoa 30 - 16:42(e)an.

Badakit apur bat kaparra nabilela Korrikarekin egunotan, munduan besterik ez balego edo. Bihar gaia aldatuko dut, zin dagizuet. Bitartean gauza pare bat nahi nuke esan.

Korrika hau inoiz baino grafikoagoa da komunikazioari dagokionez. Karrerako ekipoari esker Flickr-en bidez egunero argazki partida handia daukagu errepidean zer-non dabilen ikusteko. Ikusi bai, ikusi dute batzuek. Eta ikusi dutena gustatu ez.  Haien gustukorik ez dut uste han topatuko denik baina.

Ez nau harritu Nafarroako Gobernuaren erabaki horrek, egia esanda ez nuen neuk ere gustuko ezer espero handik. Argazki kontuak denak hala ere.

Euskaltzale batzuk ere argazki kontuengatik kezkatuta era berean. Eta...

Erreibinkazioa, aldarria... sano irteten dira berbok Korrika dela eta ez dela, eta sano nahastu/batu batzuk eta besteak ere bai.  Erreibindikazioa, aldarria, eskakizuna, salaketa... amorrua, etsipena, haserrea islatzen duten berbak izaten dira horiek guztiak.

Argazkiak ikusten ibili naiz. Ostegunetik honakoak. Gehien agertzen diren elementuak: petoak, lekukoa eta... irribarrea. Karreristak ez dabiltza negarrez, lekukoarekin batera irria pasatzen diote elkarri, pasatzeko desiatzen daudela esango nuke, irria hedatzeko. Korrikan hitz gutxi egiten den arren, euskarak transmititu egiten ditu sentipenak.

"Ongi etorri" dio aurtengo leloak, eta hori nahi du Korrikak akaso. Elkarri ongi etorri eman. Ongi etorri lagunari, etorri berriari, aspaldian etorritakoari, hemen betik egon denari, hemen inoiz izan ez denari. Ongi etorriaren irribarrea ikusi dudala uste dut.

Eta goiko italiarren eta beheko andre honen irribarrearekin geratzen naiz. Askoz gehiago motibatzen naute irribarreok gobernante batzuen okurrentziek eta geure arteko riki-raka tradizionalek baino.

Askori Korrikak hemendik aurrerako erantzunkizuna ekartzen digu, eta hari ekiteko adorea irribarre horiek ematen digute, lagunok.

PD. Eskerrik asko karrerako argazkilariei hainbeste irribarre ekartzeagatik.

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | 7 iruzkin

Zainzurien festibala

Benito(e)k bidalita 2009, martxoa 26 - 13:02(e)an.

 Ebrok ureztatuta, Tuterako zainzuri eder horrek beste hainbat errekaren urak hartuko ditu hamaika egunetan. Apurka-apurka landu diren zainzuri-sail asko bistaratuko dira egunotan han-han-hemenka Tuterako lehengusuaren bisitarekin. Latorriak babestutako esparrago asko ere zabalduko dira ospakizun handietan legez, eta munduan esparrago zuri potoloez gainera esparrago berde-freskoak ere badaudela ikusiko dugu.

Zainzurien festibal hori nondik ikusi eta non erakutsi ere izango dugu.

Horiek denak ikusteko izango dira, baina norberaren uzta erakusteko parada ere badago:

Zainzuria abian da laster. Ura beharko du, bai, baina gogoratu: udaberrian ortuan ildoak, kanalak eta iturriak atontzen dira uzta oparoak jasotzeko, derrepentean datorren uriola ez dakigula errekan behera joan.

Zainzuriak bistan bai, eta aitzurra eskuan.

Irudia: Montxo Berrian.

Etiketak: |
Benito (r)en bloga | Iruzkin 1

Beretaren abizena

Benito(e)k bidalita 2009, otsaila 8 - 11:56(e)an.



Bidaia intimoak: trailerra from korrika on Vimeo.

Korrikaren ebentoak hasi direla jakin duzue honez gero, atzo edizio honetarako egin den Bidaia intimoak filma estreinatu zen Bilbon. Lau pertsonak euskara bizi nahi duen herrira egin dituzten bidaiak, ikasleak azken batean. Kontxole! Ea zer dioten, ikasle jendeak dioena entzuteko aukera gutxi eta zineman gutxiago, joan egin beharko da (ez, AEKn ez gaituzte joatera derrigortu, Artezkaritzak ez gaitu hainbeste "arteztu" oraindino).

Dokumentala ei da generoa, protagonistak ez dira pertsonaiak, pertsonak baino. Euren bizipenak kontatzen dizkigute bakoitzaren ibilbidearen mapa moduko bat egiten den bitartean. Euskararekin egin duten ibilbidearen mugarri garrantzitsu bakoitza puntu bat eta izen bat (bide batez, ideia ona begitandu zait ikasleekin egiteko, euskararekin izan duzun harremanaren une inportanteenei izena ipini eta mapa egin. Biografia linguistikoa egiteko modu grafiko eta atsegina nonbait).

Lau istorio beraz, batetik euskara txikitan galdu eta gerora berreskuratu zuten bi lagun: Mixele lapurtarra eta Jesus Mari ermuar-gasteiztarra; bestetik, Euskal Herritik kanpotik etorritako lagun bi: Rami tuareg-a eta Tereixa galiziarra, amodioak eta Ruperren kontzertu batek bertoratuta, hurrenez hurren.

Kanpotik etorri eta euskara ikasten duen jendearen istorioak entzuten-irakurtzen ohitu gara, azken urteotan gehien bat. Inoiz esan dugun legez hedabideetako jendearentzat erakargarriak izaten dira halako kasuak. Tereixa eta Ramirenek hala ere ez dute erakargarritasunik galdu, are gutxiago ibilbidea kontatu duten modura eta eman zaien denbora eta trataera zinematografikoarekin. Atseginez eta freskotasunez ikusi ditut istorioak neuk behintzat.

Euskara txikitan galdu duen jendearena berriz, uste dut orain arte gutxi zabaldu den gaia dela oro har. Nortasuna, hizkuntzen gatazka familian bertan, eskola, ingurua, jarrerak... Transmisioaren etenak familian eragin duen inkomunikazioaren kasu latz bi kontatu dizkigute: Jesus Mariren opor isilak eta Mixeleren amatxirekin mintzatu ezina. Euskararen azken mendeko atzerakadak horrelako asko eta asko ekarri ditu seguruenik: atsekabeak, lotsak, tristurak, haserreak eta saminak... eta erreakzioak ere bai, Mixele eta Jesus Mari horren adibideak dira azken batean, sustraiak galtzeari uko egin dioten pertsonak. Eta sustraiak hitza guztiek aipatu dute. Besteek ikuspegi desberdina eman dute baina: sustraiak non ezarri bilatzen duen nomadarena edo -arbolek ez bezala- erroak, dagoen lekuan dagoela, hazi ahal dituen pertsonarena.

Lau istorio polit azken batean. Maiak, Zapirainek eta besteek eman dieten trataerarekin erakargarri, hunkigarri eta, gehien bat, argigarri izan daitezke hemen hizkuntzarekin zer gertatzen den ulertu nahi duenarentzat.  Honetan gabiltzanoi enpatia eta emozioa piztuko dizkigute gehien bat, urrunagokoari ere bai akaso. Azpitituluak edo bikoizketa komeni dira nire ustez

Ez naiz zinezale amorratua, are gutxiago kritikaria, baina gustatu egin filma. Ideia ona izan dute egileek: pertsonak eurak protagonista izatea (zinema 2.0 deitu beharko zaio honi? :D ). Horrez gain tonu intimoa eta pertsonalean egin da. Ideiak, aldarrikapenak eta halakoak nabarmendu barik, pertsonen barnea eta bizitza ditugu hor: sentimenduak, ilusioak, pozak, harremanak... Honelako trataerarekin konturatzen zara gure mundutxo honetan soilik halako milaka istorio ditugula, kontatu beharrekoak.

Hutsunetxo bat nabaritu dut hala ere. Euskara ikasi dute lau pertsona hauek, bidaia emozionala kontatu zaigu batez ere, "zergatik ikasi", "zertarako ikasi" ematen du izan direla tema nagusiak, ondo. Ez da film honen asmoa izan seguruenera, baina uste dut askotan gertatzen dela: ez zaizue iruditzen "zelan ikasi" horri heldu behar zaionean halako elipsi moduko bat egiten dela, ez dela horretaz asko esaten? "Hemen datoz didaktikari birtuosoak euren temarekin!" ;-) . Baliteke, baina bidaiaren etapa hori kontatzeko ez dago teknizismoetara jotzea beste biderik? Kontuan hartu, askotan arazoa zergatia eta zertarakoa baino gehiago "nola" izaten dela.

Tira ba. Amaitzeko buruan geratu zaizkidan gauza bi. Lehenengo Tereixak fimaren ostean irakurri dizkigun Castelaoren hitzok:

Un can de Turquía ouvea igual que un can de Dinamarca; un cabalo das Pampas arxentinas rincha igoal que un cabalo da Bretaña. ¿E sabedes por que? Porque os probes animaes aínda están no idioma universal...”

Ideia bat honekin batera: euskararekin egiten dugun lanak gurean ez ezik, munduko beste hizkuntzetan izango du eragina.

Bigarrena, Ramiri gaztetan "beret basque" hitzaren bigarren atala zer zen galdetu zuenean erantzun ziotena:

Bizitzen bazara, ikasiko duzu

Filma datozen asteotan hainbat lekutan izango duzue ikusgai.

Etiketak: | | | | |
Benito (r)en bloga | 6 iruzkin

Ongi esan beharko #korrika16

Karrajua(e)k bidalita 2008, azaroa 15 - 02:41(e)an.

ongi etorri

"Ongi?" galdetzen zuen papertzarra izan zen lehenengo, lantokian jende gaztea zebilela konturatu derrepentean (kezkatuta gabiltza, eta aire freskoa berehala nabaritzen da), gaur kamarak eta saraoa beheko taberna-prentsa aretoan.

Ongi? Ongi esan beharko, ezta? Bi urterik behineko errituala hasi da eta, Korrikarena. 16 kontatu ditugu oraingoarekin.

Korrika 16 logoa 

Badakizue, datak eta ibilbidea, mezua, omenduak eta gainerako zafarrantxo guztia. Barrutik baino ondotik, ikusten duzu bat amaituta ia segidan hasten dela hurrengoa. Beti ibiltzen da baten bat inguruan Korrika abizena duena. Etxean beti dago albiste edo eztabaidagairen bat etiketa horrekin. Lehengoen arrastoak edonon: kartelak, pegatinak, txiskeroa, oroikarriak eta argazkiak, DVDak eta CDak... Zikloa automatizatuta dago nonbait.

Azken Korrikan Korrika2.0 asmatu genuen. Gogoratzen? Korrika15 etiketa, zerbitzu batzuk erabiltzeko proposamena eta abar.

Orduan freskoago zegoen bipuntuzerismoa, bi urte pasatuta bada gainbehera dabilela dioenik. Hala ere gauza berriak agertu dira, eta beste batzuk sendotu. Hasiko gara oraingoan Korrika2.0 horrekin zer egin daitekeen pentsatzen. Oraingoz:

  • "korrika16" etiketa han eta hemen, aurrekoan legez.
  • Twitter-en kanala zabaldu zen aurrekoan, ez zitzaion erabilera handirik eman. Oraingoan beharbada, Korrikaren antolatzaileek hobeto jakingo dute Twitter zer den, ezta? Uste dut Twitter-Korrika konbinazioa oso interesgarria izan daitekeela. Honekin batera #korrika16 etiketa erabil dezakegu twiterook, adibidez.
  • Sare sozialen fenomenoa duela bi urte oraindik ez zen gerora izan dena. Hortik ere jo beharko da. Momentuz Facebook-en sartu dugu hitzordua. Hasi jedeari gonbidapenak botatzen.
  • Mapak. Aurrekoan Tagzanian ibilbidea osatzeko proposamena luzatu eta inguru batzuetan behintzat ederto erantzun zitzaion. Oraingoan mapekin aukera gehiago ere egon daitezke. Korrika eta mapak polito ezkontzen dira, ezta?

Hau hasteko. Baina dosazero izpiritua desagertu baino lehen azkenengo deia egingo dugu 2.0 estilora ideiak, proposamenak eta ekimenak plazaratzeko.

Zer gehiago egin dezakegu K16 aurrekoa baino orainik 2.0ago izateko?

Edo 3.0 nahi baduzue. Edo interneten apur bat jolasteko beste barik, keletxes!


PD. Pasatu koloreko logoren bat, karajo!
PD2. Eta ongi etorri!

Etiketak: | |
Karrajua (r)en bloga | 4 iruzkin

Ar Redadeg, Bretainiako Korrika laster abian

Benito(e)k bidalita 2008, apirila 8 - 13:17(e)an.

Bretainiarrek Korrikaren ideia hartu, eta "Ar Redadeg" izenarekin laster hasi behar da lehenengo edizioa, hil honen 30ean hain zuzen ere. Lehengo batean aipatu genuen hemen Ar Redadeg, eta orain harekin lotuta Iparraldetik heldu zaigun ekimen baten berri eman behar dugu, Ar Redadeg-en parte hartzeko autobusak antolatu dira. Hemen daukazue handik bidali diguten oharra:

DIWAN Bretainiako murgiltze eskolen federakuntzak bere 30garren urtea ospatuko du aurten. Karia horretara eta bretoierarekin hango jendearen atxikimendua eta inplikazioa sustatzeko, KORRIKA bat antolatuko dute lehen aldikotz, AR REDADEG (korrika) deitua.

Apirilaren 30ean, gauerditan Naoned herritik abiatuko da eta Karaez herrian amaituko maiatzaren 3an, larunbatarekin, arratsaldeko 5etan (informazio gehiago ikus http://arredadeg.free.frwebgunean).

SEASKA, Iparraldeko ikastolen federazioak eta AEK, Gau Eskoletako koordinakundeak ekimen hau poz handiz sustengatzen dute eta bertan parte hartzera joaiteko autobusa antolatuko dute. Interesatuak diren euskal herritar guziak ongi etorriak izanen dira.

  • Abiatzea: maiatzaren 2an, ostirala, goizeko 9’30tan Baionatik (8’30tan Maule, 8’50 Donapaleu)
  • Itzultzea: maiatzaren 4an, igandea, goizeko 9etan Baionan, 10’30 Maulen
  • Bidaia : 30€
  • Akanpalekuan lo eginen da (materiala ekar)
  • Izena emaiteko :05 59 52 49 24 zenbakira deitu
  • apirilaren 25a aitzin

Etiketak: |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Bretainiarren Korrika

Benito(e)k bidalita 2007, azaroa 16 - 08:56(e)an.

Llibertat.cat atari kataluniarrean Korrikaren azkenengo esportazioaren albistea topatu dugu. Ar Redadeg, Bretainiako Korrika.

Lehenengo edizioa antolatu dute eta hemengo Korrikaren oso antzerakoa da oro har. Diwan eskolen sustengurako dirua biltzea du xede. Kilometroen eta materialen salmenta eta sponsorizazioa dute horretarako bide.

Era berean, gure antzera, udaberrian egingo da han ere. Naonedetik (Nantes) abiatuko da apirilaren 30ean eta Karaezen (Carhaix) amaitu maiatzaren 3an. Hiru egun eta hiru gau 600 kilometro egiteko, non-stop.

Haren webgunean daukazue informazio gehiago: bretoieraz eta frantsesez.

Beheko irudian klikatzen baduzue ibilbidearen mapa ikusiko duzue:

Kartela

ar redadeg

Udaberri parte horretan Bretaina aldera osteratxua egiteko aitzakia ona, ezta?

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Correllengua 2007

Benito(e)k bidalita 2007, urria 5 - 01:37(e)an.

correllengua

Ahaztuta gaude honez gero Korrikarekin (zelako kaparrada eman genuen ba!), baina ideia behintzat hemendik kanpora zabalduta dabil aspaldian.

Egunotan hain zuzen ere, Katalunian Correllengua dabil martxan. Gure Korrikatik hartu zuten ideia baina ez da berdin-berdina. Ez da non-stop egiten, han lau zutabe egiten dituzte eta ia bi hilabetean ekitaldiak eta karrerak egiten dira Katalunia osoan zehar.

Diada egunean hasi zen Bartzelonan eta azaroaren 3an amaituko da Perpinyan. CAL erakunde antolatzailearen webgunean daukazue Correllenguaren gaineko informazioa.

Beraz egunotan Katalunia partera egiteko asmotan bazabiltzate, hainbeste gustatzen zaigun kirola -hangoarekin konparazioetan ibiltzea gehien bat- praktikatzeko beste aukera bat edukiko duzue.

Gu hemendik hasi gaitezke konparazioekin.

 

Edo hemendik:

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | 2 iruzkin

Korrika.org: argazkiak igo

Benito(e)k bidalita 2007, martxoa 31 - 02:17(e)an.

Korrikako argazkiak Flickr-era igotzeko eta etiketatzeko proposamena egin genuen aurrekoan. Hasi da jendea argazkiak igotzen eta korrika15 etiketa zein taldean hango eta hemengo argazkiak hasi dira pilatzen. Jendeak berak ateratakoak. Korrika2.0 horretan murgildu gara batzuk gero! Korrika2.0 saria eman behar izanez gero Txorierrikoak dabiltza gogor.

Edonola ere, ez ahaztu argazki ofizialak (furgonetatik egindakoak) Korrika.org gunean daudela, eta gainera aukera ematen digutela guztioi geure argazkiak igotzeko. Arazo tekniko batzuk gaindituta, erabiltzaile modura erregistratu eta argazkiak igotzen hasi daiteke.

Gainera, argazkiak dagoeneko Flickr edo halako zerbitzuren batean ipini badituzue, ez arduratu, argazkiak ordenagailutik ez ezik, web helbide batetik ere igo daitezke. Nik,adibidez, Flickr-en dauzkadan argazki batzuk jarri ditut zuzenean. Zeuen bilduma egin dezakezue, edo honez gero eginda dagoen bilduma batean sartu.

Flickr-en edo Korrika.org-en ez dauden argazkiak batzeko, sistema interesgarria topatu nuen lehengoan. Pixrat dauka izena, eta irudien markatzaile soziala da, argazkien del.icio.us bat alegia. Etiketak eta albumak ere egin daitezke, hemen daukazue egin dudan Korrikaren albuma. Bilduma polita egin daiteke, zerbitzua hala ere apur bat geldo dabil, lastima. Alboko barran daukazue pixrat-en widgeta

Bestalde, Korrika2.0 hau beste arlo batzuetan ere potente dabil. Bideoak ere ugari agertu dira, begiratu Google-en bestela.

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Syndicate content

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak