EAEko gobernu berriaren hizkuntz-politikarenak tentuz hartzekoak izango dira oraindik, goiz da edo. Beldurrerako motiborik ez ei dago, hala ere, esanak esan, mesfidantza da nagusi euskaltzaleon artean, kontrakorik frogatzen ez den bitartean edo. Ez gara justuak izango eta badaezpada, zer dugu honez gero?
López lehendakariaren inbestidura-diskurtsoan (pdf): "Gizarte batek bi hizkuntza izateak aberastasuna dakar". Aniztasunaren eta aberastasunaren diskurtsoa. Zuzena, polita, gaur-gaurkoa, XXI diskurso inpekablearen topiko estandarra nonbait.
Isabel Celaa, Hezkuntza sailburuak: "Hemos vivido bastantes años en el sistema educativo pensando sólo en términos 'euskera-castellano'. Es un empobrecimiento".
Rafael Bengoa, Osasun sailburuak: "La interconexión profesional en España y en Europa se debe enriquecer y no nos debemos encerrar en nosotros mismos debido al idioma". Ondoren, Osakidetzan euskararen merituen murrizketa iragarri.
Bi hizkuntzak ez ziren ba aberastasuna? Derrepentean ondarea zena pobrezia bihurtu da? Krisiak hain arin debaluatzen ditu baloreak? Ala burbuila batek puztuta eduki du balioren bat?
Beste gauza bat izan daiteke. Egunotan hainbat irakasle aztertzaile lanean dabiltza tituludungaien diskurtso idatziak analizatzen. Ebaluazio-irizpideen artean apreziatuenak eta seguru aski gutxien ulertuak: koherentzia eta kohesioa. Aberastasunaren irizpidea kakaztu digute hemen eta nik ere ez dut ondo asmatzen beste horiekin. Aztertzaile horiek lagunduko digute akaso. Izan ere, diskurtso arazo-baten aurrean gaudela susmatzen dut, zerbaitetan koherentea izan ez baina kohesio arraro bat erakusten duena.
Celáaren beste hitz hauetan bezala: "Una lengua impuesta nunca será amada y una lengua querida será más usada".
Tema eduki dugu egunotan politikariek euskara jakin behar duten, zenbat jakin behar duten, ikasi behar duten eta abar. Gaur berton Soitun irakurri dugu zerbait (mersiJozulin).
Euskara jakitearen alde argudio bat nagusitzen dabil: politikariaren itzala, eredugarritasuna eta hiritarrekiko errespetua. Ez dut argudio horri kontra egingo, inondik inora ere ez. Baina beste hari batetik tiratu nahi nuke bipuntuzerismoa, komunikazioa eta halakoei buelta pare bat emanda.
Web2.0 eta bere inguruko ideiak zabaldu zirenetik hitz bat dabil han-hemenka askoren aho-idatzietan: elkarrizketa, berriketa, solasaldia... (conversation alegia). Cluetrain manifestuan hasita, bipuntuzerismoaren ideologo askoren testuen tag cloud-a egingo bagenu hizki handiak hartuko lituzke berba horrek duda barik.. "Merkatuak elkarrizketak dira", "Internet elkarrizketa bilakatu da" eta halakoak.
Bai, web soziala deitu zaio oraingoari (hurrengoaren esperoan). Soziala kontzeptuak pertsonen arteko elkarreragina esan nahi du seguruenik, komunikazioa, eta hizkuntza ei da klabea pertsonen komunikazioan, eta ondorioz gure bizi-jardun guztian. Felipe Zayasek adibidez lehengo egunean zirriborratu zigun konpetentziak eskuratzean eta garatzean hizkuntzaren papera eta pisua zein izan daitekeen.
Orduan, web2.0ak sozializazioaren tresnak ekarri baditu Internetera, pentsatu beharko dugu azken batean bizimodu "fisikoan" ere berdin gertatzen dela: elkarrizketa da gure bizitza, etengabeko hitz-trukea, elkarreraginean egiten dugu igeri behin eta berriro. Eta tartean hizkuntza.
Ez dakit Politika2.0 ekimena ezagutzen duzuen. Duela hilabete batzuk hemengo blogari batzuek politikan partaidetza, irekitasuna eta, seguruenik, "elkarrizketa" sustatzeko ipini zuten martxan kontua. Ez dut gertutik jarraitu eta ez dakit zer balantze egiten duten partaide guztiek. Edonola ere, Julen Iturbe-Ormaetxeren blogean hangoaren harira (suposatu dut) gogoeta hau aurkitu nuen (azpimarra nirea):
Un político depende en exceso de su gabinete de comunicación. Me temo que no es capaz de moverse en el terreno de lo público si no lo hace con elevadas dosis de cosmética. Para que un político conversara como persona debería acudir sin la parafernalia del sistema. Y hoy en día no se atreve y quizá ni puede.
Bizitza elkarrizketa da, elkarrizketarako hizkuntza ezinbesteko tresna, hizkuntzak komunitatea eratzen du, komunitatea elkarrizketan bizi da orduan (ezta?).
Komunitatearen hizkuntza ez dakien politikariak -bistan da- komunitatearen elkarrizketaren partaide izateko oztopo serioak ditu. Baina tira, politikariek oro har elkarrizketan murgiltzen ez badira ausartzen, edo ez badute nahi izaten, arazoa ez da hizkuntza izango nonbait. Eta politikaria parafernaliaren eta irudiaren esklabotzan bizi bada, hizkuntzarekin gauza bera gertatuko da: parafernalia-hizkuntza baino ez du bereganatuko seguruenera.
Galderak geratzen dira azkenean: Politikariek gure elkarrizketan partaide izan nahi dute benetan? Hizkuntza honetan gertatzen den elkarrizketan ere bai?
PS. Politikariak hartu ditut subjektu, baina egia esanda hiztegi zabala dugu esaldi horretako subjektuaren lekuan ipintzeko.
PS2. Bistan da hizkuntza jakite soilak ere ez duela solasaldian partaidetza derrigor ekartzen. Konpetentzia linguistikoa baino gehiago eskatu beharko da? (eta ez nabil gaitasun komunikatiboaren deskribapenetan agertzen diren gainerako gaitasunengatik: diskurtsiboa, estrategikoa, soziolinguistikoa... soilik)
PS3. Eta hizkuntza ikasi beharraz ari bagara, gure elkarrizketan jardutearren ikasten dute benetan? Gurekin jardun nahi dutela planta egiteko sikieran?
Ikerketa interesgarria dirudi, EAEko erdaldunek (elebakarrak suposatzen dut)euskarari buruz zer pentsatzen duten, zer (aurr)iritzi duten eta zer harreman izan duten aztertu dute. Helduen euskalduntzean bereziki interesgarria gainera, azken batean kolektibo hori euskaltegion "target" nagusietako bat izaten da.
Baikor egoteko motiboa izan dezakegu zabaldu diren lehenengo datuak ikusita: %55 euskaren mundutik hurbil sentitzen ei dira, laurden batek dio hurbiltzeko interesa dutela, gehienek euskara ezin dela galtzen utzi eta euren seme-alabek jakitea nahi luketela.
Ikasteari dagokionez datu deigarriak hala ere: %65 inguruk dio inoiz saiatu egin da euskara ikasten, eta erdiek baino gehiago jakin nahi luketela diote. Lagin baten gaineko datuak dira, baina portzentaiok EAEko erdaldun elebakarren kopuru osora (900.000 inguru) ekarriko bagenitu, esan genezake 600.000 bat lagun saiatu direla inoiz ikasten, eta une honetan 500.000 inguruk jakin nahi luketela euskara .
Deigarria, esperantzagarria edo kezkagarria, nondik begiratzen zaion.
Hiru oztopo-mota aipatu dira: hizkuntza zaila dela eta heldutan ikastea ia ezinezkoa dela perzibitzea; euskara ikasteko modu bakarra euskaltegira joatea dela pentsatzea eta horretarako denborarik ez izatea; eta, euskalduntze-sistemaren helburu bakarra “bikain” ikastea eta azterketa bat gainditzea dela uste izatea. Sarri helburu apalagoetarako eskaintzarik ez dagoela pentsatzen da: tabernan eskatu ahal izateko, seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko, ulertzeko beste jakiteko edo “pixka bat” hitz egiteko.
Hizkuntza zaila da euskara, areago helduaroan ikasteko, topikoa izan daiteke, baina pertzepzio hori zabal dabil duda barik. Hizkuntzaren beraren ustezko zailtasunari ikasten laguntzen ez duen ingurune soziala gehitu beharko zaio seguruenik.
Modu bakarra euskaltegia dela. Hala baldin bada bistan dago nondik jo beharko genukeen: Mahomari etortzeko bidea eman, edo Mahomarenganaino mendia eraman bestela.
Eta bikaintasuna eta tituluak lortzera baino ez dela bideratzen eskaintza... zalantza pare bat datozkit.
Batetik, tituluek jendea euskara ikastera ez zuten motibatu behar? Kontrakoa lortu dutela esan daiteke? Ala fase berri batean sartu behar dugula akaso?
Bestalde, bitxia kezka hori nondik datorren, orain arte "titulitisaren" kalteak eta euskararen irakaskuntza erabilera errealarekin lotu beharra euskaltzale "erradikalen" leloak izan ei dira. Kontrako muturretik arazo berdina ikusten da orduan? Era berean "pixka bat es mucho" horren atzetik dagoenaren baieztapena ere izan liteke.
Informazio hau guztia orain arte zabaldu diren albisteetatik hartu dut, une honetan ez dakit ikerketa osorik non aurkitu daitekeen.
Badakit apur bat kaparra nabilela Korrikarekin egunotan, munduan besterik ez balego edo. Bihar gaia aldatuko dut, zin dagizuet. Bitartean gauza pare bat nahi nuke esan.
Erreibinkazioa, aldarria... sano irteten dira berbok Korrika dela eta ez dela, eta sano nahastu/batu batzuk eta besteak ere bai. Erreibindikazioa, aldarria, eskakizuna, salaketa... amorrua, etsipena, haserrea islatzen duten berbak izaten dira horiek guztiak.
Argazkiak ikusten ibili naiz. Ostegunetik honakoak. Gehien agertzen diren elementuak: petoak, lekukoa eta... irribarrea. Karreristak ez dabiltza negarrez, lekukoarekin batera irria pasatzen diote elkarri, pasatzeko desiatzen daudela esango nuke, irria hedatzeko. Korrikan hitz gutxi egiten den arren, euskarak transmititu egiten ditu sentipenak.
"Ongi etorri" dio aurtengo leloak, eta hori nahi du Korrikak akaso. Elkarri ongi etorri eman. Ongi etorri lagunari, etorri berriari, aspaldian etorritakoari, hemen betik egon denari, hemen inoiz izan ez denari. Ongi etorriaren irribarrea ikusi dudala uste dut.
Eta goiko italiarren eta beheko andre honen irribarrearekin geratzen naiz. Askoz gehiago motibatzen naute irribarreok gobernante batzuen okurrentziek eta geure arteko riki-raka tradizionalek baino.
Askori Korrikak hemendik aurrerako erantzunkizuna ekartzen digu, eta hari ekiteko adorea irribarre horiek ematen digute, lagunok.
PD. Eskerrik asko karrerako argazkilariei hainbeste irribarre ekartzeagatik.
Duela hilabete batzuk euskara agiri desberdinak homologatu eta pareko balioak emateko lehenengo pausoa eman zuen EAEko administrazioak. HABEren agiriak, EGA eta Administrazioaren sail batzuek ematen dituzten agiri batzuk baliokidetu ziren, eta Europako Erreferentzia Markoan kokatu.
Agiri guztiak ez ziren orduan baliokidetu eta epea eman zen falta zirenak, EAEko Hezkuntza Sailaren hizkuntza eskakizunak eta Hizkuntza Eskolen agiriak, parekatze honetara ekartzeko.
Aste honetan onartu du Eusko Jaurlaritzak dekretua agiri horiek guztiak -baita EAEtik kanpoko batzuk ere- baliokidetzen dituena. Taula honetan dauzkazue kokatuta:
Esan bezala, EAEko hizkuntza-eskolen agiriez gainera, Nafarroako eta Madrileko HEen agiriak ere baliokidetu dira honetan.
Hutsune bat ikus liteke akaso. B1 mailatik gorakoa da baliokidetze hau, ez dago EEMaren A1 eta A2 mailei dagokien agiririk eta baliokidetzarik, Ez dakit beharrezkoak edo praktikoak diren ere, hala ere oinarri-oinarrizko ezagutza minimoa sustatzeaz eta erdaldun elebakarrak apurka-apurka (pixkabatesmuchoka) euskaran janzteaz hitz egiten hasi den honetan litekeena da kontua planteatzea.
Edozelan ere, guretzako galderak hortxe dirau: agiriarekin edo agiri barik, nola lortu mugarri horiek gainditzen joatea?
Lehenagoko mezu batean, etengabeko ikaskuntzaz ari ginela bi galdera plazaratu genituen:
Zergatik etengabeko ikaskuntza kontzeptuaren berreraikitze lan hau, orain eta gaur?
Zeri erantzun nahi dio: sistemaren egokitzapen beharrei ala pertsonaren hazkuntza intelektualari?
Zenbait kontzeptu errepikatu arren, bi galderoi erantzuten saiatuko gara lehenbizi; ondoren, euskararekiko inplikazioei ekiteko oinarriak izate aldera.
Historiaren hasieran lana eta ikaskuntza lotuta zeuden, ez zegoen eskolarik eta arituz ikasten zen ofizioa. Bizitza ez zegoen gaur egun bezain konpartimentatua (kontuan izan haurtzaroa bera nahiko kontzeptu ‘berria’ dela). Apurka-apurka ikaskuntza isolatu egin zen, eskolak, unibertsitateak eta aroak sortu. Honela guk ezagutu dugun garaira arte, non argi eta garbi bereiz ditzakegun ikasteko garaia, lan egitekoa eta erretiroa.
Ikasteko garaian bizitzarako eta lanerako beharrezko izango ditugun gaiak geureganatu ohi ditugu. Sistema honen eraginkortasuna zalantzan da gaur egun, ordea. Batetik, eskolak oso azkar aldatzen den gizarte berri baterako prestatu behar dituelako ikasleak eta honek izugarrizko moldaketa lana eskatzen diolako; eta, bestetik, bizitza profesionala gero eta ezegonkorragoa, inprebisibleagoa eta, beraz, aldez aurretik ‘prestatzen’ zailagoa delako. Sistemak arazoari aurre egiteko etengabeko ikaskuntzaren kontzeptua jarri du abian. Honela, langileak ez du soilik une jakin batean ikasiko, bere bizitzan zehar ikasteko une ugari izan beharko ditu aniztasun profesionalari, egokitzapen beharrari eta aldaketen abiadurari aurre egin ahal izateko, ‘fast’ gizartearen morrontzak, alegia. Morrontzak ala aukerak?
Etengabeko ikaskuntzak bietatik izango du seguruenik baina utz dezagun kontu bat argi. Langileok azken hamarkadetan lorpenik izatekotan berau, komatxoak komatxo, ‘ongizate-estatua eta estatusa’ izan da eta beronetan giltzarri: aisialdia. Aisialdia denbora librea da, libre sentitzen garen aldia, geure aldia. Norberaren garapenerako aldia. Hauxe da garaikideon konkista handienetariko bat. Argi izan behar dugu kontzeptu hau. Ezin dugu aisialdiaren inbasiorik onartu, ezta etengabeko ikaskuntzaren aldetikoa ere. Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta.
Eta euskara? Hara, nire ustetan ikasle askorentzat euskara izan liteke etengabeko ikaskuntzaren adibide. Ikasketa alditik kanpo, egokitzapen profesionalerako zabaldu behar izan duten ikasketa aro berri bat, alegia. Baina hizkuntza komunikazio tresna da, eta komunikazio tresna den neurrian pertsonaren ekinbidearen alderdi guztiak jaso behar ditu, lana eta aisialdia barne. Eta hortxe egiten dugu zenbaitetan kale. Dakargun aurreko paragrafoko pasarte bat eta begira diezaiogun berriro ere, oraingoan euskara buruan dugula ‘Etengabeko ikaskuntza aukera izango da, baldin eta pertsonaren hazkuntza intelektualari egokitzen bazaio baina morrontza izan liteke soilik egokitzapen profesionalaren beharrari erantzuten badio, kosta ahala kosta’. Jakin dakit ñabardura eta zirrikitu ugari dituela esaldiak baina adierazi nahi dudana zera da: ezin dugula euskara egokitzapen profesionalerako item huts bilakatu.
Azkenaldi honetan, bidea bata edo bestea izan, kezka berera heltzen naiz. Izan ere, egora soziolinguistikoak horretara ekarrita, oso desorekatua dugu euskara. Mundu akademikora eta lan mundura lerratuegi. Euskara noranahikoa dela erakuste nahi horri ere eusten ikasi behar dugu, noizbait. Ondorioz, hizkuntza euskararen profesionalen mundura eta araura (dela hizkuntzari berari dagokiona, dela akreditazio beharrari) lerratuegi ikusten dut. Aurrera egin dugu lan munduan eta mundu akademikoan (arrazoiak arrazoi, zenbaitetan kosta ahala kosta, ikaslearen aisialdia inbadituz). Bide errazenetik jo dugu (halabeharrez, agian). Sistema, administrazioa, erabili dugu euskara hedatzeko. Ezinbestekoa izan dugu, akaso, hizkuntzaren biziraupenerako, ezinbestekoa dugun moduan hiztun komunitatean oinarritutako hizkuntza larrekoa, kolokiala, aisialdikoa, motibazio pertsonalari eta ez kanpotikoari erantzuten diona.
Etengabeko ikaskuntza ez da termino ezezaguna, lan munduan eta hezkuntzan hedatzen joan da azkenotan apurka-apurka. Eusko Jaurlaritzak adibidez Etengabeko ikaskuntzari buruzko liburu zuria argitaratu zuen duela urte batzuk (eskerrik asko Ainhoa). Eta enpresa munduko marketiñenoan balio erantsiko berba egin dela dirudi.
Bestalde, ikaskuntzaren inguruan zabaltzen hasi diren gogoeta eta psikolasto berrietan ere agertzen zaigu: ikaskuntza informala, norberak gidatutako ikaskuntza, ikaskuntza soziala eta bizitza guztirako ikaskuntza moduko ideien usaina hartzen da sarri.
Termino "modernoa" dirudi bateko, baina arlo zehatz batzuei lotuta besteko: lan mundua, hezkuntza, teknologia.... Eta zer dio bada? Funtsean gauza sinplea dela esango nuke: ikastea bizitza guztirako jarduna da, etengabea. "Ezagutzaren eta informazioaren gizartean" ezin ei da bestela izan, aldaketak azkarrak dira eta etengabe ikasi eta egokitu beharra dago. Hartara, ikasteko eta egokitzeko konpetentziaz egiten da berba, zerbait jakitea baino baliozkoagoa da jakintza berrira egokitzen jakitea, etengabe.
Eta gurera ekarrita, euskararen ikaskuntza, zer? Zirriborro mailako ideia-gogoeta batzuk:
Gurean terminoa prestakuntza profesionalarekin lotuta dagoela ematen du. Hala ere, mugimendua handik haragokoa ere bada. Hiru.com adibidez. Baina helduen euskalduntzean orain arte ez da apenas entzun.
Euskara ikastea mugarri batzuen barruko prozesua da? Ikas-prozesua hasi eta amaitu egiten den zerbait da?
Europako Markoaren inguruan hizkuntzaren ikaskuntza norberak gidatzeko tresnak eta bideak ere ematen dira: portfolioa, biografia, pasaportea... Ez ote dugu mugatu handik datorren ikuspegia mailaketara? Zertifikazioa eta ikastaro formalen antolaketara hain zuzen ere.
Normalizazio prozesuan dagoen hizkuntza baten kasuan LLL kontzeptu honi ez genioke buelta pare bat eman behar? Azken batean euskara "jakin" eta erabili behar dugun guztiok ez gabiltza hizkuntzaren etengabeko egokitze prozesuan? Geure hizkuntza pertsonalaren egokitze prozesuan eta ingurukoen hizkuntzan eragiten? Ez da azken batean bizitza osorako jarduera?
Ez genituzke begiratu behar ikas-prozesuaren edo ikaskuntzaren antolaketa era zabalago batean? Hau da, euskara ikastea ahalbidetzea ikastaroak eta zentroak antolatzea eta jarduera egituratu hori elikatu eta ebaluatzetik harago ez doa? "Pertsona guztien ikaskuntza sustatzen duten lurraldeak ikaskuntzaren lurralde bihurtzen dira" diote Liburu Zurian. Ikas-paisaia aipatu izan dugu hemen.
Etengabe ari dira aipatzen azkenotan ikaskuntza era desberdinak: praktika-komunitateak, ikas-sareak eta elkarteak, ikasteko ingurune pertsonalak, ikas-paisaia... Autoikaskuntza izeneko kaxoi handi-marginal horrekin lotzeko joera egon dela begitandu zait askotan. "Ikasle tipologia batentzat baino ez dira egokiak" argudioarekin erraz garbitzen da eztabaida gainera. Iruditzen zait batzuetan helduek euskara ikasteko panorama osotasunean ez ikusteko aitzakia baino ez dela. Uste dut klabea ez dagoela ikas-estiloan, ikasteko aukeren aniztasuna baino, eta LLLaren ikuspegitik argi dago ikastea ezin dela mugatu jarduera egituratu-ofiziala eskaintzera.
Ez dago gure sektorean paniko moduko bat desegituratzeari, deskontrolari, hormetatik harago joateari? Ez da gure ardura edo oso konplikatua da batekin zuritu nahi izaten duguna? Azken batean euskaldun guztiok (berri nahiz zahar) ez dugu burutu hizkuntzaren ikas-prozesua une, era eta leku anitzetan? Eta ez dugu burutzen jarraitzen?
Ez genuke "ikasle" izendapena matrikula terminotik desbinkulatu beharko?
Ez dadila ulertu:
Jarduera akademiko egituratua desagertu egin behar denik. Iraultza zaleak izaten gara halakoetan, fuera lehengoa eta berria nagusi orain! Ez. Jarduera akademikoarekin batera ikasten lagunduko duten bide guztien ikuspegia izan behar da.
Euskara ikasten ez da inoiz amaitzen. Horrela da seguruenik, baina horrek ez du esan nahi bizitza guztia euskaltegian pasatu behar denik, ikastearen erak, bideak, intentsitatea eta dedikazioa aldatu egiten direla baino.
Ikastaro eta titulu gehiago sortu behar dira. Ezta. Ikasteko era eta bide gehiago izan behar dira gogoan helduen euskalduntzeaz jardutean. Ikastaro berriak sortzea eskatzen du horrek? Baliteke, baina ez derrigor.
Horrela ez dugu inoiz EH euskaldunduko. Alderantziz, hizkuntzaren etengabeko ikaste hori hizkuntzaren erabilera pertsonal eta sozialarekin egon beharko luke lotuta, eta hori guztia normalizazio prozesuaren baitan dago. Euskara ikastea ezin da bihurtu bizitza guztirako hobby hutsala edo tituluaren bilaketa bukaezina, hori da kaltea. Etengabe ikastearen beharrak azken batean hizkuntzaren bizitasunaren zantzua izan behar luke.
Hiru "L" horien inguruan derrepentean batu diren ideiak baino ez dira izan. Inork ez dezala pentsa hau manifestu berria izan denik, pentsatzeko puntu batzuk baino ez. Gaizki esanak barkatu eta merezi dudan egurra hartu eta bizitza guztiko penitentzia egingo dut hala behar bada.
Nik neuk urte guztia kontuarekin eta egun hori deskantsurako nahi nuke. Baina gaur Enric Serraren Aprendre llengües blogean mezu pare batean Katalunia partean dekalogoak egiten dabiltzala ikusi dut. Kataluniako unibertsitateetako hizkuntz-zerbitzuek GELArekin (Grup d'Estudi de Llengües Amenaçades) batera egin dute bat, eta besteaIsidor Marik proposatu zuen duela urte pare bat.
Dekalogoak, kartilak eta mandamenduen zerrendak ez ditut irla batera eroango nituzkeen genero testualen artean, baina gaurko eguneko solemnitate ikutuarekin ondo ematen dutela, eta pottoki erretxinarena ez egitearren, botako dut neure aletxoa eta lehenegoa dekalogoa itzuli/bertsioneatuko dut. Biba festa!
Hizkuntz jasangarritasuna (sostenibilitat lingüística) dabil leiv motiv bietan. Decàleg per la sostenibilitat lingüística honek unibertsitari eta hiritar guztiei hau eskatzen die
Hizkuntza guztiak errespetatzea;
Norberaren inguruko hizkuntzetan interesatzea
Hizkuntza gehiago ikasteko erreparorik ez izatea;
Hizkuntzetan dauden jakintza-iturriei uko ez egitea;
"Minoritarioei" ahotsa ematea;
Hizkuntza menperatzaileak ez inposatzea eta mehatxatutako hizkuntzak sustatzea;
Entzungo dizutenen hizkuntzaren erabilera aintzat hartzea eta errespetatzea, baita hizkuntza txikien kasuan ere;
Munduan zehar dabiltzanean aniztasun linguistikoa praktikan ipintzea;
Euren askatasun espazioari eustea, hizkuntza bera;
Inori hizkuntza bat ikastea eta erabiltzea ez galaraztea;
Tira, aletxoa botata, eta baten bati kartel polita egiteko ideiaren bat eman badio, pozik. "Bart ze lo ona!" itzartuko naiz bihar.