komunikazioa

11
Mar
2011

Hartu, eman, jardun, itzuli

Still Life with Plato

Soziolinguistika Klusterraren Jardunaldiaren apunteak (kronika kategoriara ez naiz altxatzen ausartzen) izan dira hemen idatzi dudan azkena, eta sarean agertu zen lehenengo erreferentzietako bat izanda, gehiago etorri dira gerora, kronikagile profesionalen eskutik batzuk, antolatzaileek eurek eginda beste batzuk..

Arratsaldeko azken saioan jardun nuen Julen Arexolaleiba, Jacqueline Urla eta Txerra Rodriguezekin, Arkaitz Zarragak mahaiaren bueltan jarri zizkigun dibulgazioa, prestakuntza eta soziolinguistikaren hedapenaz.

Berriki argitaratu den Soziolinguistika Eskuliburua izan zen abiapuntua nonbait, soziolinguistikaren ezagutza, kontzientzia eta haren gaineko hausnarketarako tresna izateko asmoa duena. Eta liburua dela eta ez dela airean ibili zen liburu formatuaren egokitasuna jorragai eta hausnargai. Prestakuntzan eta dibulgazioan liburuak zer funtzio eduki dezakeen saiatu nintzen kokatzen, Europako Erreferentzia Markotik* hartutako ideia bati tiraka.

Kroniketako batean, Argian hain zuzen ere, hau irakurri dut berriz: "Soziolinguistikaren hedapen zabalerako liburu formatuaren egokitasuna zalantzan jarri zuen hainbatek, tartean AEK-ko irakasle eta blogari Benito Fizek."

Tira, onartu behar dut ideiekin txiribuelta pare bat egin nituela, eta akabuan erraza izango zela hori ulertzea. Bloga edukita damu publikorako ez ezik, kaparrada apur bat gehiago emateko ere aukera dugunez, saiatuko naiz ideia berriro ekartzen.

EEMri buelta pare bat ematen ibili naiz azkenotan lan kontuak direla eta. Hainbeste urte hor bueltaka eta sarean eskegita ere bai, eta orain arte harek dakarrenaz gutxi egin da berba, ez bada A1...C4 sekuentzia horrekiko baliokidetzeak eta adiskidetzeak aldarrikatzeko, gehinetan zenbat euskara dakizun esango dizun titulu horrentzat berme eta lustre europarraren bila.

Arreta ematen duen lehenengo gauzetako bat orain arte "trebetasunak" deitu diren horien (ulermena, mintzamena, irakurmena, idazmena laukote klasikoa) aipamen zuzenik ez aurkitzea. Taularen batean aurkitzen dira terminook, baina ez haien azalpenik ez haren kokapenik markoaren oinarrizko enkoadrean. Haiengandik hurbilenik "hizkuntz jarduerak" bataiatuta beste laukote bat aurkitu daiteke: harrera, ekoizpena, elkarreragina eta bitartekotza. Hizkuntzarekin egiten direnak sailkatzeko onarria.

Hortik ahozko eta idatzizko kanalaren presaren arabear bederatzi ataleko azpi sailkapena dugu: ahozkoaren ulermena, idatzizkoaren ulermena, ikus-entzunezkoaren ulermena, ahozko adierazpena, idatzizko adierazpena, ahozko elkarreragina, idatzizko elkarreragina, ahozko bitartekotza eta idatzizko bitartekotza. Honek antz handiagoa hartzen du laukote tradizionalarekin, bere barne hartzen du akaso, baina luzatu ere bai. Sailkapen horren arabera maila bakoitzaren gaitasun maila deskribatzen da ondoren, komunikazio-jarduerak deitzen direnak.

Berrikuntza izan daiteke banaketa hori, gurean behintzat bai, eta deigarria gaur egun arte terminologia hori helduen euskalduntzean apenas agertu ez izana. Tira, ez gara horretan sartuko dena dela.

Hasierako hizkuntz-jardueren banaketari tamaina hartu nahian, saiatu nintzen bizitzan hizkuntzarekin egiten ditugun gauzak kokatzen, eta kate moduko hau ikusi nuen adibidez: norbaitek artikulu bat idatzen du (idatzizko adierazpena), norbaitek irakurtzen du irakurri behar den modura (idatzikoaren ulermena), irakurri duen horrek irakurri duen beste batekin komentatzen du autobusean (ahozko elkarreragina) eta Twitter-en (idatziko elkarreragina), euskaraz ondo ez dakien bati azaltzen dio hark "zer zabiltza irakurtzen?" galdetuta (ahozko bitartekotza), eta gaztelaniaz egiten du erreseina bat (idatzizko bitartekotza).

Bai, hizkuntz-jarduerak edo komunikazio jarduerak ez datoz solte. Artikulu horren bidea ez zen amaitzen batek idatzi-beste batek irakurri zirkulu horretan, ez, bide asko daude irekita, eta artikuluarekin lortu nahi zen hedapena seguruenik zabalagoa izan da beste jarduera horiei esker (hartaz berbaz edo idatziz jardutea, beste hizkuntza edo formatu batzuetara ekartzea) irakurtze huts eta garbiarekin baino.

Ideia erakargarria, akaso EEMren interpretazio oso pertsonala, baina jokoa ematen du prestakuntzaz eta dibulgazioaz hausnartzeko.

Zer lotura dauka honek bada liburuekin, dibulgazioarekin eta prestakuntzarekin? Uste dut artikuluaren adibide horrekin barruntatu daitekeela. Kendu artikulua eta jarri liburua. Dibulgazioa, prestakuntza edo jakintzaren hedapena asmo duen liburu batek asmo horiek beteko ditue lehenengo eta behin baten batek liburua irakurtzen badu, baina nire ustez, komunikazioaren katea hizkuntzaren beste jarduera batzuetara hedatu behar da eraginkorra izango bada.

  • Liburuak dioenaz ahoz eta idatziz jardun. Irakurri duzuna (dena irakurri ez arren) komentatu, konpartitu, bueltak eman.
  • Liburuak dioena praktikara ekarri praktikan kokatu eta irudikatu. "Ekintza bidezko ikuspegia" aldarrikatzen digu EEMk, hizkuntzak gauzak egiteko orduan hartzen duela zentzua nonbait. Beste ideia interesgarri bat.
  • Liburua eraldatu, haren edukia beste "hizkuntza" batzuetara ekarri: grafikoak, laburpenak, eskemak, aurkezpenak, ikasmateriala... laburtu, luzatu, egokitu, "itzuli".
  • Liburuak dioena ahoz kontatu. Badakizue, hitzaldiak, klaseak, saioak, azalpenak...

Hori zen zabaldu nahi nuen ideia. EEMko laukote horretatik ideia hartuta: ekoitzi eta hartu bai, baina jardun eta "itzuli" ere bai, etengabeko katean. Dibulgaziorako liburua bere asmoa beteko du komunikazioaren katean "dibulgatu" ahala, hedatu ahala. Eta horretarako bideak jartzen badira, hobeto.

Hortaz, dibulgaziorako eta prestakuntzarako ez dut liburu formatuaren egokitasuna kolokan jarriko. Baina liburua argitaratzea eta hura irakurtzea ez da nahikoa (eta azken hau erraza ere ez, egia esanda).

Betor hau guztia aste honetan HABEtik etorri zaigun Itzulpen saileko azken alearen harira ere. Penny Ur irakaslearen A Course in Language Teaching Trainee Book itzuli dute: Hizkuntza-irakaskuntzarako ikastaroa. Bitartekotza deitzen den hori egin da, testua itzuli eta gure hizkuntzara ekarri. Irakasle berrien prestakuntzari begira egin da itzulpena dirudienez. Katea aktibatu egin beharko da nonbait.

* Scribd-era igo dut ordenadorean eduki dudan pdf ale hori. Izan ere, EEMaren euskarazko bertsioak desagertu egin dira saretik, orain arteko lotura gehienak behintzat ez dabiltza. Akaso beste nonbait jarri da eta ez dut jakin, baina ez dut aurkitzerik lortu.

Argazkia: Still Life with Plato. Egilea: Rander Pederson. Lizentzia.

07
Mar
2010

Ikasgela kalean dago?

Nodos Ele blogean Roger Shanck-en hitz batzuk jaso dituzte:

La fórmula del profesor que da la clase magistral y los alumnos hacen exámenes no funciona. Deberíamos aprender como cuando éramos pequeños: nuestros padres no nos sentaron en una mesa y nos dijeron que nos iban a enseñar a hablar, que eso era la gramática y lo otro, el vocabulario. No. El niño habla y, cuando se equivoca, sus padres le van corrigiendo. Aprendemos conversando con los niños, usando el lenguaje.

Hitz politak, jarraian azpimarratzen eta zabaltzen ditugun horietakoak. Ondo ematen dute begi-belarrietan, eta, neurri handi batean halakoak predikatu behar izaten ditugu. Baina arazoa hori guztia praktikara eramatean agertzen da. Hori txalotzen duen irakasleak segidan egiten du galdera: eta neure ikasleekin zer egin behar dut orduan?

Ikuspegi komunikatibo-signfikatiboari mila buelta eman ahal zaizkio, baina funtsean hizkuntzarekin pertsonek zerbait egitean badatza kontua, ikas-ingurua pertsonek gauzak egiteko ingurune modura planteatu behar da, eta askotan dikotomia moduko bat egiten dugu: klasea eta kalea, klasean teoria eta kalean praktika, klasean hizkuntza eta kalean erabilera, klasean simulatu eta kanpoan egin...

Eta ikasgela ez da akaso pertsonak zerbait egiteko biltzen diren lekua? Kalea bezala azken batean. Kale gorria, taberna, etxeko egongela edo futbol zelaia nahi baduzue. Hau da ikasgela ere ez da espazio soziala? Eta espazio sozial horretan hizkuntzak ez dauka funtzionalitaterik hizkuntzaz hitz egitea ez bada? Eta espazio horretan geu (irakasleok ere) ez gara pertsonak?

Gurea bezalako egoera batean hizkuntza ezin dugu euskaltegiko hormetako santutegi batera mugatu, egia da, baina era berean, horma horiek ezin dira mugatu hizkuntzaren adorazioa eta dotrina egitera.

Kermanek ez luke euskaltegitik irten behar praktikaren bila, praktika eta hizkuntzaren gaineko gogoeta (izpirituala nahi baduzue) egiteko pertsona, gune eta une gehiago eta desberdinen bila baino.

Horixe bada, nahi badugu ikasgela kalean dugu (kale gorrian ez dugun bitartean, jakina). Zer egingo dugu kale horretan bada?

11
Abe
2009

Euskara sustatzeko komunikazio-kanpainak hobetzeko ikastaroa

Aitor Etxebarria | 2009, Abendua 11 - 19:52

Izen ponposo honen azpian elkartu ginen hogei lagun inguru Eibarreko UEUren egoitzan azaroaren 23, 25, 30 eta abenduaren 2an, Soziolinguistika Klusterrak eginiko gonbidapenari erantzunez. Zorionez, izenak izana zekarren berarekin lotuta; ez ginen geratu aho bete hortz, izenak eskaintzen zuena baino gutxiago jaso genuela-eta, ez horixe; nahiz eta lerro hauek sinatzen dituenaren gusturako teorian gehiegitxo aritu, praktikaren kaltetan.

Zaila egiten zait, astebete igarota, Markeskuan entzundako eta eztabaidatutako guztia hona ekartzea edota laburpen txukuna egitea. Horregatik, aukera bat eginda, bertan aipatutako bide, teknika, aplikazio eta tresnak alde batera utzi, eta komunikazio kanpaina bat egiterakoan, erabiltzen ditugun tresna eta bitartekoak erabiltzen ditugula, erabilera hau gidatu, bideratu eta zuzendu behar duten printzipio eta irizpide nagusiak ekarri nahi ditut hona.

Hiru irizpide nagusi, ezin albo batera utzi.

  1. Lehenengo eta behin, argi izan behar dugu ZER NAHI DUGUN. Eta galdera  hau zuzen eta egoki erantzuteko, argi izan behar dugu norengana jo nahi dugun. Hitz teknikoak erabilita, ondo defintiu behar dugu gure TARGETa; BRIEFINGa ondo egin behar dugu. Izan ere, ez da gauza bera euskara sustatzeko kanpaina erdaldunei, euskaldun-berriei, euskaldun-zaharrei, gazteei, gurasoei, etorkinei edoi euskara-teknikariei… zuzendu behar diegun. Denekin ez dago berdin jokatzerik; aitzitik, bakoitzari berea eskaintzen saiatu beharra dugu.
  2. Lehenengo galdera honen erantzunak zehaztuko digu zein izango den kanpainaren HELBURUA: euskara ikastera bultzatu, erabilera sustatu, euskararen alde daudenen arteko elkarlana, alde ez daudenak erakarri…Behin nori zuzendu eta helburuak definituta, galdetu beharko diogu geure buruari zer nolako beharra izan dezaketen gure kanpainaren hartzaile izango diren horiek. Hau da, nondik heldu ahal izango garen horiengana. Esate baterako, euskara ikastera bultzatu nahi ditugunei euskara ikasteak dituen abantailak edota erakarpena ikustarazi beharko diegu, euskara ikasteko erraztasunak eskaini beharko dizkiegu…; erabilera bultzatu nahi badugu, kontzientziazio-lan eskerga egin beharko dugu… Hau guztia modu eraginkorrean egiteko oso egokia izango da hartzaile izango diren horien azalean jartzea.

Guztiak dira garrantzitsuak, baina atal hau bereziki. Zerbait egitera bultzatu eta animatu nahi baditugu (euskara ikasi, erabili, seme-alabak D ereduan matrikulatu…), zer edo zeren izenean egin beharko dugu, gure mezuaren hartzaileek zerbait atera beharko dute irabazten. Euskararen kasuan, zer eskaintzen diogu jendeari, adibidez, erabileraren truke? Ildo honetatik, gaur egun ez dute ezertarako balio agindu-kutsua duten mezuek: “Euskaraz eta kitto!!, “Eros itzazu euskal produktuak Eguberrietan!” 

Mezua eta euskarria, publizitatearen oinarria

Argi dugu aurreko guztia. Goazen mezua definitzera. Mezurik onena, hiru ezaugarria hauek dituena izango da:

  • Zentzumenei zuzendua; hau da, ikusmen zein entzumenerako deigarria dena.
  • Sentimenduetara ere zuzen-zuzenean doana; lengoaia emozionala eta ideia-elkarketa atseginak dituena.
  • Argudio arrazionalak ere tartekatzen dituena, konbentzitu egin nahi duena. 

Zaila da, dudarik gabe, hirurekin jokatzea, baina hiruren arteko uztarketatik sortzen omen da mezurik eraginkorrena. 

Honetaz gain, mezua argia eta laburra izango da; sinesgarria eta gure sormenak elikatu eta dotoretua. Gure mezuak ZER galderari erantzuten badio, sormenak NOLA izango du jopuntuan. Biek joan behar dute uztartuta: sormena ez da harridura edo irribarrea sortzea besterik gabe; sormenak mezuaren zerbitzura egon behar du.

 Eta, jakina, euskarri aproposena (eta gure aurrekontuek baimentzen digutena) erabilita. Hau guztia erabakitzerakoan, aurrekontuaz gain, aurreko atalarekin lotutako beste zenbait faktore aintzat hartu beharko ditugu: gure TARGETa non mugitzen den, zer kontsumitzen duen, zer nolako baldintzetan jasoko duen bidaliko diogun mezua.

Honetaz gain, erabiliko dugun euskarri horren errentagarritasuna ere izan beharko dugu gogoan: hau da, nire interesekoak diren zenbatenganaino iritsiko naiz X euro erabilita? Merezi du Euskal Herriko hiritar guztiengana iritsiko den telebista-iragarki bat diseinatzea eta emititzea nire eskualdeko sektore jakin batengana iristeko? 

Eta bukaera emateko, zenbait kontu tekniko (eta ez hain tekniko) 

1. Beharrak identifikatu.-

Munta handiko kontua dugu beharrena. Eta identifikazio honetara bide askotatik irits gaitezke: inkesten bidez, pertsona esanguratsu edo klabeak “focus group” direlakoetan elkartuz… Azken batean, estrategiak eta ekintzak beti egon beharko dute target-ari, hone nbeharrei eta hauek markatuko dizkiguten helburuei begira. “Zer” erabiliko dugun baino lehenago “Zertarako” erabiliko dugun erabaki beharko dugu.

2.  Jarraipena.-

Kontua ez da plana abian jarri eta kitto, egin dezala bere bidea. Webgune bat abian jarri badugu, neurtu egin beharko dugu zenbat lagun sartu diren, zein hizkuntzatan sartu diren, nondik sartu diren (bilatzaile baten bidez, edo beste web orri bateko estekatik, edo zuzenean…) Honetarako, bada tresna oso eraginkorra, “Google Analytics” izenekoa. Banerra jarri badugu, hainbat datu jakin dezakegu nahi izanez gero: zer ordutan klikatu duen, nondik iritsi den, sartu denaren profil nagusia… Hona hemen ikastaroan bota zen baieztapen biribila: kanpaina baten emaitza neurtzerik ez badugu, hobe ez egin. 

3.   Errealismoarekin jokatu.-

Helburu xumeak jarri behar dira. Askotan badirudi euskaldun perfektuen bila ari garela. Honen haritik, hobe kanpaina txiki batzuk, baina epe luzerako helburuek gidaturik, potolo bakarra baino.  Are gehiago, batzuetan ekintza xume, apal eta ia ezdeusek balio eta eragin biderkatzailea izan dezakete (adibidez, motibatu nahi ditugun lankide edo herritarrekin kafe bat hartu noizbehinka, elkartzen diren tokia eta unea ondo identifikatuta badugu.) 

Honetaz guztiaz gain, ez aritu bakarrik: beti besteen inplikazioa bilatu; elkarlana eta talde-lana sustatu. Eta edozein kasutan, geure ardura ere ondo neurtu behar dugu: azken finean, dena ez dago gure esku, ez gara “euskararen salbatzaileak”.

Argazkia: Egizu

17
Ira
2009

Kalera noa (ihesi)

Ainhoa Ezeizak blog estreinatu berrian artikulu gomendagarria eskaini zigun lehengo egunean. Gaztelania irakasle bezala Facebook nola eta zergatik erabili duen kontatu zigun, praktikatik jakintza teorikorekin elkarreraginean jardun duela erakutsi digu lehenengoz, eta hori beti da estimagarria, eta, bigarrengoz, zer pentsatua eman digu, neuri behintzat bai, eta horrek bai balioa.

Moodle-Facebook halako dikotomia baten antzean ipini ditu: formala-informala, erregistro desberdinek batean edo bestean kokatu eta landu,  zein egokien. Facebook bezalako sare sozialetan norberaren alderdi informal, lagunartekoa nola agertzen den, eta hizkuntzaren ikaskuntzarako oztopo barik, tresna interesgarria dugula azken batean, testuinguru horretan kokatuta beti ere.

Eta iruditu zait hizkuntza ikasteko teknologia berriez ari garela, azken batean teknologiarekin lotuta ez dauden kontuekin egingo dugula topo behin eta berriz. Kasu honetan aurrez aurre vs. internet bezalako aukera baten aurrean, formal-informala, Irakaslea vs irakaslea, Ikaslea vs. ikaslea, ikasle-irakasleak vs. pertsonak baten aurrean baino.

Eta "kalea" hitza agertu da Iñaki Muruaren iruzkin batean, komatxo artean: "Zenbait unetan sarea "kalea" bezala hartu behar ikasleekiko harremanetarako. Parekotasunak balio lezake irakaslearen portaerak argitze aldera." Eta uste dut hor dagoela hizkuntza-irakaslearen lanaren gakoetako bat. Ez gara jakintzaren emaile edo instruktore hutsak, ezta -modernitateetan sarturik- tutore edo ikas-prozesuaren gaineko aholkulari-gidari-bideratzaile soilak ere. Pertsonak ere bagara, hizkuntza erabiltzen duten pertsonak, eta pertsonekin dihardugu, hizkuntza horretaz baliatu nahi duten pertsonekin, eta hizkuntzaren ikaskuntza gure artean maila guztietako komunikazioa eratuz, sustatuz eta errotuz bideratuko dugu besteak beste eta ezinbestean.

Hortaz, buelta bat gehiago emanda. Ez zait inoiz gustatu kalea-ikasgela bereizketa hori, baina ez dut jakin inoiz zergatik azaltzen, mania lerdoren bat izango zelakoan edo. Baina oraintxe konturatu naiz, ikasgela ere (gela fisiko ukigarri aurrez aurreko tradizionalena ere bai) "kalea" da, ikasteko eta komunikatzeko gunea, "kalea" ikasteko gunea ere izan daitekeen bezala, eta kalea bezala, etxeko egongela, hondartza exotikoa, mendi tarte bukolikoa edo troka bazter latzena izan daitezkeen bezala, fisikoak nahiz birtualak, pertsonen arteko hartu-emana eta esan-entzuna oparoak eta sentituak diren bitartean behintzat.

01
Uzt
2009

Uso eta erabilera

Miramarreko bigarrena gaur. Ernesto Martin Perisek zabaldu digu eguna eta berriro ere gogoratzeko moduko aipamenak ekarri eta zer pentsatua eman dizkigu.

"Concepciones acerca de lo que supone ser capaz de usar una lengua" izan du izenburu saioak. Hasiera batean ikastaroko gai orokorretik —hizkuntz-irakaslearen hasierako prestakuntza— apur bat aldentzen zela pentsatu dut, eta akaso horrela izan da, baina berriro ere hizkuntzaren ikuspegiaz hausnartzera etortzea eta gogoratzea eta hura erakustea ez dut uste ezein hizkuntza irakaslerentzat batere kalterako izango denik  (berria nahiz aritua). Hainbat urte bueltaka eta hamaika biderrez aldarrikatu arren oraindik klaro-klaro ez dabilen kontua dela esango nuke.

Martín Perisek hamaika buelta eman dizkio kontuari, egia esanda, eta argi botatzen ditu ideiak eta laginak. Apuntatzeko modukoak izaten dira ekartzen dituenak, bereak edo beste inorenak:

  • Gaitasun testuala hizkuntzen arteko zubia dugu, hizkuntza desberdinetako hiztunen artetik gutxien aldatzen den konpetentzia.
  • Hizkuntza erabiltzen hastea ez da hizkuntza ahoskatzen hastea. Komunikazioaren adierazlea ez da hots-kopurua, komunikazioaren bidez transmitizen denaren kopurua baino.
  • Elkarrizketa ez da interrogatorioa.
  • Gramatika emaitza da, komunikazioaren ondorioa, ez komunikazioaren ezinbesteko baldintza.

Bere horretan seguruenik gogorrak edo kriptikoak egingo zaizkizue hitzok, polemikoak ere bai. Baina argi dauka zer den hizkuntza erabiltzea, eta argi utzi digula uste dut.

Hitzaldiaren izenburuaren azkenengo pasartea gaztelaniatik euskara ekarrita mezu honi etiketa bat gehitu behar niola konturatu naiz gainera: "...el uso de la lengua" > "... hizkuntzaren erabilera". Soziolinguistika etiketa gehitu dut hain zuzen ere. Perisi parafraseatuz ideia bat zirriborratu dut bat-batean: "hizkuntzaren erabileraren adierazlea ez da botatzen diren hotsen edo letren kantitatea, hizkuntza horrek komunikazioaren bidez transmititzen duenaren kantitatea eta kalitatea baino".

Goizaren gainerako orduak ECMLko Frank Heyworth-ekin eman ditugu. Hizlari atsegina eta umoretsua, ingelesen estilora. Pinganilloaren menpekotasunak horrelakoak ondo gozatzeko aukera kentzen digu askotan, lastima.

Europako Markoaren ingurumaritik abiatzen da bere lana (bide batez, Europako Markoaren filma ikusi duzue zuek? Bideo-clubean ez dut topatu). Markoaren ereduaren antzera hizkuntza-irakaslearen gaitasunen mapa desberdinak aurkeztu dizkigu, berak esan duen bezala, hizkuntza-irakasleak zer egiten jakin behar duen. EPOSTL, EPSTL eta EAQUALSen profila. Funtsean hizkuntza irakaslearen profila lan-munduan gero eta ohikoagoak diren konpetentzien zerrendetara ekartzeko saio desberdinak. Berak esan duen modura, hasiera batean apur bat deprimentea izan daiteke zenbat gauza egiten jakin behar den, baina tira perfekzioa ere ez dugu beti lortuko.

Ideia ezagun gehiago, hiru profil motarena adibidez: konpetentea, trebea eta maisua izendatu daitezkeenak, hau da, egiteko gai dena, ondo egiten duena, eta egin ez ezik eredu edo maisua ere izan daitekeena (azalpen kaseroan).  Kalitatearen kontzeptua ere bai, pertsonen asebetetzea eta emaitzen lorpenetan kokatua, EFQM ereduetan bezala adibidez. Azken batean mundu profesionaleko ikuspegi eta ideiak geure profesiora ekarrita.

Konpetentzia maila horretara ailagatzeko giltza batzuk aurkeztu dizkigu:

  1. Lidergoaren garrantzia
  2. Datuen bilketa eta behaketa
  3. Hausnarketa eta bideratzaile (facilitadorea) paperaren beharra.

Esan bezala, lan mundutik datozen ideiak eta ikuspegiak, handik ezagunak egin zaizkigunak, baina logikoa da, ezta? gurea ere lanbidea da azken batean.

Behaketa eta fazilitazioa (zelan itzultzen da hau?) jorratu ditu azken zatian. Interesgarria, baina dudatxoa geratu zait hasierako prestakuntzarako tresna egokienak ote diren, akaso etengabeko prestakuntzarako bai, baina hasberrien kasuan haien erabilpena askotan mugatuegia ote daitekeen pentsatzen geratu naiz.

Tira ba, bihar gehiago, eta geureaz.

22
Mai
2009

Komunikazioa-inkomunikazioa

Plisti-plasta | 2009, Maiatza 22 - 11:11

Babeletik esperantora

Hasieran Lurrean hizkuntza bakarra ei zegoen. Gizakiek, baina, zeruraino helduko zen dorrea eraiki nahi izan omen zuten, bertan bizi eta herri bakarra osatzeko. Jainkok horrelakorik gerta ez zedin hizkuntzak sortu, hizkerak nahastu eta eraikitzaileak lurrazalean sakabanatu ei zituen.

XIX. mendean ‘Esperanto’ doktore poloniarrak,  tokian tokiko hizkuntzak errespetatuz,  gizaki guztiek erabiltzeko moduko hizkuntza neutrala bultzatu zuen. Ez dakit zer pentsatuko zuen Jainkok honi buruz, baliteke begi onez ikustea edo baliteke bere borondatearen kontrakotzat jotzea. Kontua da hizkuntzen eta gizakien mundua neutraltasunak baino borrokak gobernatu duela gehiago Babelgo dorrea eraitsi zutenetik.

Dena den, mendeak pasa ahala, zigor biblikoari muzin egin eta gizaki guztiok elkarri ulertzeko gogoak beti bizirik iraun du. Norberak bereari uko egin gabe. Baina horrek eskatzen zituen keriak gogorregiak izan dira.

Esperantotik C-3POra

Hara non, gure garaian gizakiak Babel berria eraikitzeari ekin dion. Internet deitu diote. Zeruan ez baina, espazio birtualean bildu nahi dituzte gizaki guztiak. Komunikazioa gune duen espazioan. Hizkuntzak sartu dituzte bertan eta hauek, betiko moduan, nor baino nor lehiari ekin diote. Baina, aldi berean, medioak eraginda, hizkuntza horien analisi informatikoa garatu da. Eta ez hori bakarrik. Adimen artifizialeranzko urrats sendoak ere ematen ari dira. Gauzen interneta aipatzen hasi gara. Internet semantikoa.  Pertsonen interneta. Badirudi gizakia ez dela izango (dagoeneko ez da) ezagutzaren subjektu bakarra.  Honek komunikazioaren arloan ere ate berriak zabaltzen ditu.

Epe ertainean, hizkuntza batean edo bestean sortutako testuak ezaguna dugun hizkuntzan jaso ahal izatea ez da ameskeria hutsa. Gainera, honek ez dio gizakiari gainkarga eskatuko, makinak egingo baitu lan bere mesedetan. Hizkuntza bera izatetik objektu, komunikazioa izatera abia gaitezke. Nola-tik Zer-era. Ondorioak ondorio (eta horiek ere aztertu beharko dira). Etorkizuna zulotxotik muturtxoa erakusten ari zaigu, hasiak gara  C-3PO sortzen. Utziko al digu Jainkok? Utziko ahal digu Jainkok!

Argazkia: Lost in translation. Eglilea: tochis (Flickr). Lizentzia

17
Ots
2009

Ikasleak blogari

Blogaren heriotza iragarri eta iragarri dabiltzan sasoi honetan ondo dator blogosferari errepasoa egitea. Eta gure unibertso txiki honi dagokionez, uste dut badagoela azkenotan aipagarri den gauza bat: ikasle blogariak.

Ez euren kopuruagatik, gutxi dira egia esanda, baina ikasleari horrelako edozein ahalegini ekiteko daukan merituaz gainera, blog hauen bizitasuna da aipagarria.

Une honetan hiru dauzkat nik "fitxatuta"

Hiruretan erantzun eta saltsa gutxi irakurleen partez. Blogariok badakigu zein etsigarria izaten den idatzi eta inork "kaixo" batekin ere ez erantzutea. Ikaslea izanda horrelako gauza bati ekiteko behar den gogoa, ilusioa eta adorearekin larriagoa. Ikaslea izanda behar eta bilatzen duzun elkarreragin ditxoso horren falta hain zuzen ere.

Sare sozialak daude gaur egun modan. Baina ahazten zaigu blogak ere sare sozialak ehuntzeko tresnak direla. Eta sare sozialez ari garenean pertsonen sareez ari gara. Gogoetak, kezkak, berriak, zalantzak, ideiak eta  sentipenak hizkuntzaren bidez partekatzen duten pertsonak, komunikazio guneak. Pertsonen arteko konexioak esango lukete aurreratuenek, ez makinen arteko konexioak.

Ikasleak behar du sare soziala hizkuntzan trebatuz joateko, eta internetek eskaini ahal dio sare sozial bat, eta sare sozial horrek zerbait erakargarri eman behar dio pertsonari.

Batzuek nahiago izango dute nabarmentzea eta "famosoa" izatea baino ez dela bilatzen eta interneten inguruko halako mito mediatiko guztiak. Ez da hala izaten nire ustez, baina ez naiz horretan sartuko. 

Pertsona batzuk ahalegintxo bat ari dira egiten, ilusioaz. Ez da edonorentzako ahalegina, ez posiblea edo erakargarria guztientzat, argi dago. Baina ahalegin horrekin batera komunikatzeko eta ikasteko bide posible bat ari dira zabaltzen beste batzuentzat.

Eta, egia esanda, eredu eta laguntza pobrea ematen diegu eredutzat gaituzten irakasleok. Ala ez?

PD. Eredu pobrearena autokritika parte batekin dator.

05
Ots
2009

Gramatikaz

Plisti-Plasta | 2009, Otsaila 5 - 01:22

Joera komunikatiboak eztanda egin zuen arte, gramatika zen irakaskuntzaren gunea. Hizkuntzaren ustezko ‘hezurdura’ irakasten zen eta ikaslearen berreraikitze gaitasun inkontzientearen ardura zen hezurdurari haragia eranstea, honela sortutako izakiak behar besteko bizitasuna izan zezan. Itxuraz miraria zatekeena, azkarrago edo beranduago, gertatu egiten zen gainera. Hasiera hasierako pogrom komunikatibistak, unerik erradikalenean eta dogmatikoenean, gramatika desagerrarazi nahi izan zuen irakaskuntzatik; hala ere, gramatikarik gabe ez dagoela hizkuntzarik erakusten duen ebidentzia latzarekin egin zuten topo; eta gramatika desagerrarazi ez, baina kontzentrazio-esparruetan itxi zituzten hezurdura zaharrak (esparru hauek dira gure hurbileko tradizio komunikatibistak programazio-orrien eskumako goiko bazterrean erakusten dituenak).

Edozein mugimendu pendularren ostean gertatzen den moduan, joera komunikatiboak onartu egin behar izan du gramatikaren beharra, baita gramatika esplizitu apur batena ere, baina arazo larriarekin egin du topo, hots, joera ‘komunikatibo’arekin bat etor zitekeen gramatikaren ikusmoldea landu ez izanarekin; ondorioz, ikasleak ‘gramatika’ eskatzen duenerako, trumilka atera behar izan ditu hezurdura zaharrak kontzentrazio-esparru formalistetatik. Irakaskuntza-prozesuaren gorputza, berriz, haragiaren gorespenera makurtu du, xerra nozio-funtzionaletan zerbitzatutako okela eskainiz, nahiz eta ezinezkoa den beronek hezur eta giharrekin bat egitea. Hau da: gaur egun komunikatiboa izateak gramatikaren sistematasuna ukatzea dakar eta zatikatutako gorpua bailitzan aurkezten du, ikaslearen burmuinari utziz gramatikaren moduluaren berrosatze lan osoa.

Ondorio pedagogikoa: ikasgela superultramegahiperkomunikatiboek aurrera egin behar dute gramatikaren antigoaleko ikusmoldearekin eta komunikatibotik ezer gutxi duen praktika konduktistarekin, hizkuntza sistema bezala ulertzea ahalbideratzen duten protokoloei begiak itxita (bestela esanda, begiak itxita ikasleak berak era arrakastatsuan zabal ditzakeen arauei). Hizkuntzaren oinarri formalari erreparatu nahi zaionean, esangurarik gabeko praktiketara jotzen da berriro; hizkuntzari esanahia eman nahi zaionean, ahozko aktualizazioaren muturrera jotzen da, modu arriskutsuan diskurtsoaren eta pragmatikaren jostailu berriari gehiegizko balioa emanez eta funtzio zerrenda luzeak kopiatuz, non hizkuntz-formak nahasmendu adigaitzetan biltzen diren. Zertan egiten dute kale gure arauek? Ikasleari proposatzen bazaio espainiar behi sendo bat berpiztea hamaika tamaina eta itxurako xerra eta hezurrak erabiliz, ez da zaila izango asmatzea zeintzuk izango diren zailtasunak edota berehalako emaitzak.

(Nuria Estevan Molinak, Municheko Cervantes Institutuko ikasketa-buruak, Columbia Universityko José Placido Ruiz Campillori eginiko elkarrizketaren (pdf) pasarte bat)

Badirudi zerbait ari dela mugitzen gramatikaren munduan.Elkarrizketa bateko pasartetxo bat baino ez dizuet ekarri hona, lagin gisa. Nire ustez, hemendik aurrera sarritan izango dugu gramatika kognitiboaren berri. Gramatika beste ikusmolde batekin eraikitzeko modua da. Objektu deskriptibo izatetik, burmuinaren esanahiaren eraikuntza modua aztertzera igaro da. Ez dira kontzeptu errazak. Baina badirudi gramatika berri baten atarian gaudela, apurka-apurka aldamioak jartzen hasi beharko dugulakoan nago, ezen gramatika mota hau bestea baino askoz ere didaktikoagoa izan baitaiteke.

Dena den,niri neuri ez zait gustatzen Ruiz Campillo irakasleak erabilitako erregistroa; ezta metodo komunikatiboei egindako kritikan erabiltzen den erredukzionismoa eta nolabaiteko mespretxu intelektuala ere. Baina, aldi berean, esango dizuet kontu honek guztiak burutazio asko sortu dizkidala, ez dela kontu hutsala. Oraindik ere oinarri oinarrian erantzun gabe ditugun galderak planteatzen direla berriro ere: zer den hizkuntza, zein funtzio duen, zer eta nola ikasi behar den… Inork ez dezala pentsa atzera buelta bat denik, askoz haratagokoak eta sakonagoak dira hemen planteatzen direnak eta.

Oharra: egia esan, nahiko bazterrekoa da ekarri dizuedan pasartea, zuen interesa piztea zen nire helburua. Testuinguruan ikusi nahi izanez gero, jo CIVELEren blogera, bertan zenbait artikulu interesgarri topatuko dituzue eta.

Irudia: Communication. DailyPic Flickr-en. Lizentzia.

Sindikatu edukia