28
Ira
2008

Tendentziak

Azkenengo Hizpide irakurtzen eta gainbegiratzen ibili naiz egunotan, tarteka eta gain-gainetik egia esanda. Gauza interesgarriak irakurri ditut, ez denak.

Azkenengo zenbaki honen lehenengo aipamena egin nuenean, txiste modura, artikulu egile guztiak oraingoan HABEko teknikariak direla erreparatu nuen. Baina gainetik irakurrita ere, horrek zerbaiten zantzua ematen duela konturatu naiz. HABEko teknikariak artikulu hauek idaztea ez da seguruenik kasualitatea edo honetarako hartu duten berariazko lana, egiten ari diren lanarekin lotuta egongo da, eta, ondorioz, HABEn zertan ari diren traza hartzeko bidea emango digute akaso.

Lehenengo inpresioa:

Moodle. Ikasten gunea antolatu dute. Bistan da Moodle-i etekina atera nahi diotela. Halaxe igarri dut Mari Jose Lasheras eta Agurne Aizpitarte eta Natxo Guillénen artikuluetatik: Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den eta Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan hurrenez hurren.

Lehenengoan ikaskuntza konbinatua edo bLearning-i buruzko azalpen ona izan liteke, eta horretaz interesa daukanarentzat abiapuntua izan daiteke artikulua. Edozelan ere, aurrez aurreko jarduna osatzeko baliabide eta aukeren zerrenda moduko bat falta izan dela uste dut, denak Moodle-en amaitzen duela ematen du.

Beste artikulua apur bat nahastosoa suertatu dela begitandu zait. Web semantikoa, sare sozialak... gero wiki eta blogetara bueltatzen da, web2.0ra alegia. Kontzeptu horiek guztiak ez dira erraz definitzen, are gutxiago teknologia kontuetan aditu-aditu ez denari, baina artikuluan dagoen porrusaldarekin ez dut uste ez argitu ez interesa piztu denik. Edozelan ere, deigarriena egin zait Moodle sare sozialetan sartzea. Kontzeptua zabal-zabala eta lausoa da, baina orain arte gutxitan ikusi dut Moodle-en aipamenik sare sozialez jarduten denean. Bitxia behintzat, edo zer egosten ari den adierazgarria ere izan liteke. Moodle-en dena amaitzen den sentsazio antzeko bat berriro.

Teknologia tentuz aplikatu. Luis Mari Txabarrik artikulu bitan jorratu du IKTen aplikazioa. Triangelu didaktikoaren kontzeptuan hartu du oinarri uneoro. Azken ondorioa, teknologiarekin ez itsutu eta gogoan hartu pertsonek ikastea dela kontua. IKTen erabileraren arrisku pedagogikoez ohartarazi  nahi izan duela begitandu zait, eta elkarreragina, autonomia, oinarri pedagogikoez jardun du luze. Teknologiaren liluraren arriskuez sarri jardun da irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzaren mundua. Egia da euforia moduko bat dabilela sasoi honetan, hala ere, ez dakit zehazki honek zer ekarriko duen gurera. Azken aipuak utzi nau pentsatzen:

Eskatzen du, azken batean, gure kurrikuluaren oinarriak berraztertzea.

Ez dakit honi zer interpretazio egingo zaion zehazki. Teknologiak azkenotan sortu duen zurrunbiloari aterkina jarri eta tentuz ibiltzea akaso. Dena dela, teknologia dabilen abiadurari ausardia apur batekin erantzuten ez bazaio, atze-atzean eta gaindituta geratzeko arriskua ez da txikia.

Testua eta diskurtsoaren azterketa. Pello Esnalek Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak-en aspaldi jorratzen dabilen bideari ekarpen berria egin dio. Testuaren pedagogia, diskurtsoaren analisia, testuaren arkitektura  eta ingurukoak. Duela hiruzpalau urte 4. mailan hasi da ezartzen eredu hau, eta egingo nuke asmoa dagoela ikasprozesu osora zabaltzeko. Beharbada, gakoa testuaren analisia bera zelan egin baino, horri i(ra)kas-jardunera ekartzeko eredu baliagarria aurkitzea da. Zalantza daukat gure ikasle tipoak zelan erantzungo duen diskurtsoa eta testua aztertzeari begira jarritako jardunbideari. Edozelan ere, irakasleontzat baligarria da duda barik, baina hortik etor daitekeenerako prestatu beharko da, badaezpada.

Nire barruntoak honaino ailegatzen dira. Irakurri duzuenok (eta ez duzuenok ere bai) zer barruntatzen duzue ari dela egosten Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean.

moodle-n dena amaitu? Ez al zen ba abiapuntu?

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Iraila 29 - 02:33-(e)an bidalia.

1.000 irakasleri baino gehiagori aurkeztu dizkiet dagoeneko Moodle-ren nondik norakoak, baina oso garbi daukat abiapuntu baino ez dela, ikaskuntza-sareetara eta sare-sozialetara hurbiltzen da eta berauek ulertzen laguntzen du, baina hurbildu baino ez.

Ulertzekoa da moda-modako baliabide bat aurkitu eta arrakasta pixka batekin erabiltzen ikastea pozik egoteko modukoa dela, urruti gabiltza oraindik, ordea, hain soziala ez den tresna honi etekin didaktiko minimoak ateratzeko, gutxienez egindako inbertsioa justifikatzeko adinakoak.

Kontua da IKTak benetan integratzeko curriculuma berreraiki egin beharko dela, justu orain dugun eredua ulertzen hasi garenean... IKTek komunikazio-erak, generoak eta testuak zabaldu eta aldatu dituenez, orain arteko sailkapenak berregin behar dira, eta hori kontu neketsua da oso. Berez komunikazio-gaitasunaren definizioa berrikustearen aldeko naiz.

Laburbilduz: uff, a ze lan piloa egiteko oraindik!!

Soziala ala ez soziala

Benito-(e)k 2008, Iraila 30 - 17:19-(e)an bidalia.

Ez nuek esango nahi Moodle soziala ez denik. Konstruktibismo soziala edo soziokonstruktibismoaren ideien gainean eraikita ei dago, eta hori bada zerbait. Bitxia egin zait, beste barik, gaur egun interneten modan dagoen sare sozialen kontzeptu horrekin Moodle lotzea, gutxitan ikusten dena. Inoiz kontrajarri ere egin dira LMSak eta eLearning2.0 eta halakoak (sare sozialak, PLE, konektibismoa eta abar). Edozelan ere, sare sozial kontzeptua ez dut uste une honetan oso zehatza denik.

Nik neuk teknologia eta sarea dela eta ez dela, azpimarratuko nukeen ideia bakarra da (apur bat Txabarriren ildotik), inportanteena zer egin nahi/behar den ondo jakitea dela eta gero baliabideak bilatzea. Baina egia da, ere berean, teknologia batzuk menperatzea eskatzen duen denbora eta ahaleginak konpentsazioa bilatzen jartzen gaituela sarri.

Izan ere, aintzat hartu aipatu dituzun inbertsioak dirutan baino sarritan  (software librea dugu eskuartean gehien-gehienetan) gehiago ordaintzen direla denbora, ahalegin eta probetan.

Beharbada, interesgarria izan liteke gure sektorean IKTen inguruko zabalkunde eta prestakuntza lan zabalagoa egitea, ikuspegi globalago bat emango lukeena.

Moodle eta Boga

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 2 - 19:34-(e)an bidalia.

Hara, ni ez naiz batere Moodle zalea printzipioz. Interneteko itsasoan behar-beharrezkoa da selekzioa baina Moodle-ek hormak eraikitzen ditu, nire ustetan, eta itxitura jerarkizatuak sortzen. Itsaso barruko akuariumak bailiran. Ikasgelak berreraikitzen dituela uste dut. Hala ere, asko estimatzen dut Moodle-en inguruan dabilen komunitatea eta lana, eta ziur nago hortik oso garapen eta aurrerabide egokiak aterako direla guztiontzat.

Nik ez dut uste berez Moodle konstruktibista denik. Zenbait ikastaro erabat estrukturalista ikusi ditut bere magalean ernetzen. Baina, onartzen dut Moodle-en bidez didaktika konstruktibista ere gara litekeela (ez da gutxi!) eta hamaika proiektu interesgarri ere sortu direla bere baitan.

Gauzak horrela, ikus dezagun zer eskaintzen digun HABEk: BOGA (programa ia erabat estrukturalista) jarri du Moodle-en. Honek, kontuak kontu (eta asko dira kontuak: jartzeko unea, garapena, interfaz zurruna eta monotonoa...), zenbait abantaila ekarri ditu. Tutoreek osatu ahal dute Boga eta interakziorako zenbait bide jorratu (foroak, wikia...). Baina bi gauzatxo baino ez ditut esango (askoz gehiago daude) egoeraz jabe zaitezten:

1- Tutoreek plataformara igo dezaketen ataza/ariketa eta abarretako moduloek ezin dituzte 4 mega baino gehiago izan. Horrek esan nahi du 2008 urtean ezin dutela audiobisualik igo (gabezia larria nire ustetan).

eta

2- Gaur gaurkoz edukien erdigunea dena, Boga programa informatikoa, propietarioa da eta tutoreek ezin dute garatu, ezta ikutu ere. Baina HABEk berak ere ezin du ez garatu ez ikutu. Pentsa!.

 

Hor ditugu, bada, konstruktibismorako zenbait dei (kurrikulumean, Hizpideko zenbait artikulutan...) eta bihotz estrukturalista ikutuezina duen eduki-gune propietarioa Moodle-en ardatz nagusi gisa. Norbaitek esango du: 'Bada, orain tutoreok baduzue hori,(ikutu gabe, gero!), osatzeko modua; igo ahal dituzue lau megatako artxiboak (hori bai bideorik eta horrelako txorakeria modernorik gabe, gero!) eta honela pixkanaka-pixkanaka osatuz joan.'

 

Ez al dago gauzak hobeto egiterik?

Zertaz ari gara?

Benito-(e)k 2008, Urria 3 - 00:11-(e)an bidalia.

Galdera hori etorri zait burura artikulua irakurrita. "IKTetan oinarritutako hezkuntza" horretan IKT zeri deitzen zaion alegia. Txabarriren gogoeta pedagogikoari ez diot ezer kenduko. Baina nago IKT aipatzen denean, nahita edo nahi gabe, ordenagailu bidezko ikaskuntzaz ari garela, eta, zehazkiago akaso, autoikaskuntzaz.

Aspaldi daukat esanda ez zaizkidala gustatzen asuntu honekin egiten diren kateak (IKT=ordenagailua=autoikaskuntza), eta IKT kontzeptua bera askoz era zabalago baten hartu beharko litzatekeela.

Adibidez, zer aplikazio eduki dezaketa argazki kamera digitalek euskararen irakaskuntzan? Edo gailu mugikorrek? Horiek ere teknologia berriak dira, informazio eta komunikazioaren teknologiak hain zuzen ere, eta ordenagailuak eta internetek beste (eta haiekin batera) ari dira eraldatzen bizimodua, ohiturak, komunikazioa eta munduaren ikuspegia.

Uste dut azken batean kontua ordenagailu/interneten bidez ikastaroak ematetik askoz harago doala. Hau da, ikastaroak Moodle-en bidez zelan antolatu baino gehiago dela datorrena. Eta une honetan ez dut ikusten teknologiaren ikuspegi zabal baterako "tendentzia" hori.

Gauzak perfekto egitea zaila da, baina apur bat hobeto egitea ez luke asko kostatuko. Igual IKT sigletan daukagu sekretua: informazioa, komunikazioa... eta teknologia.

Portfolioa

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Iraila 29 - 16:19-(e)an bidalia.

Ez duzu ezer aipatu, Benito, hasierako mezuan oraingo ale hau osatzen duen lehenengo artikuluaz, Portfololioaren ingurukoaz.

Portfoliioaz beraz ez du gauza berririk esaten. Sintesia eta sistematizazio-lan polita da Amaia Aruzok egin diguna. Niri bereziki gustatu zaizkidanak, azken atalean "a pié de obra" egiten dituen gogoetak izan dira,Portfolioa ezartzeko edo martxan jartzeko zer nolako oztopoak ikusten dituen zehazten duenean. Bereziki guri, irakasleoi, leporatzen digu honen ardura nagusia:

- Alde batetik, sinisten al dugu tresna honen eraginkortasunean?

- Honek guztiak suposa lezakeen lan-zamak ez al digu atzerantz egiten?

- Trebatu ote ditugu (edo tgrebatzen ari ote gara) ikasleak tresna hau erabiltzeko beharrezkoak diren aurre-baldintzetan? Hau da, gai al dira gure ikasleak bere hizkuntza-aurrerapena neurtzeko? Eta hala bada, hizkuntzaren zer nolako irudikapenetik egiten du? Hizkuntza, egituraz osatutako tresna ala komunikaziorako tresna?

"Irakasleek darabilten terminologia erabiltzen dute ikasleek ere. Beraz, irakasleon ardura da...": hitz zirikatzaile eta iradokitzaile hauekin bukatzen da artikulua. Zer pentsatua emateko modukoak.

Aipamena

Benito-(e)k 2008, Iraila 29 - 16:33-(e)an bidalia.

Ez, ez dut hemen aipatu, Atoan-era ekarri nuen aipamena lehengo egunean berriz. Irakurri bai, eta zeuk apuntatu duzun modura azken atala iruditu zait interesgarriena. Labur baina gogoeta eta proposamen interesgarriak egin ditu Amaiak hor, eta horregatik ez dut mezu honetan aipatu, ez dakit HABEk horretan lan-ildorik zabaldu duen edo Amaiaren gogoetan pertsonalak ote diren. Azken batean hainbat artikulutan (Mari Jose Lasheras edo Txabarrirenean) agertu den leiv motiv batekin dago lotuta, ikaslearen autonomia, ikas-prozesuaren kontrolaren zatia hartu ahal izatea... Une honetako argazkia egin du Amaiak berba gutxirekin, eta hor zer egin asko dagoela iradoki duela begitandu zait.

ikaskuntza konbinatuaz

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Iraila 30 - 15:51-(e)an bidalia.

Ez dakit nabarituko den, baina egunez egun ari naiz ZUTABE irakurtzen, eta irakurri ahala gogoeta egiten. Beraz, lasai, Benito, ez dut begibistatik galdu sorrera-mezuan egin d(ig)uzun galdera.

Mari Jose Lasheras-en artikulua irakurrita, falta hartu dut ikaskuntza konbinatuaz gehiago hausnartzea eta. Azken batean ez dago ondo justifikatuta ikaskuntza mota honen aldeko apustuaren arrazoiak eta are gutxiago zertan den edo nola gauza daitekeen (zein egoeratan, zein ikasle-motarekin...) gure euskaltegietan.

Gainera, artikuluan nahasi samar azaltzen dira baieztapen interesgarriak eta ebidentzia puntualegiak, nire ustez. Edonola ere, oso egokia eta aproposa iruditu zait gaia modu sistematikoan plazaratzea.

Konbinazioak

Benito-(e)k 2008, Iraila 30 - 17:38-(e)an bidalia.

B-learning edo ikaskuntza konbinatuaz hitz egiten denean neuri iruditzen zait azken batean continuum bati buruz ari garela, non aukera eta proportzio asko egon daitezkeen (eta halaxe zehaztu da artikuluan). Bat nator zurekin honetaz jarduten denean kasu eta adibide zehatzagoak eskaini beharko liratekeela-eta. Artikuluan badaude batzuk: aurrez aurrekoa eta birtualitatearen proportzioetan oinarrituta, baina ondo egongo litzateke era berean birtualitate horretarako tresna eta baliabideen aukerak aipatzea, Moodle-etik harago. Adibidez, gailu mugikorren erabilera (telefonoa, iPodak eta mp3ak...), sareko aplikazioak... Askotan gauza benetan sinpleei buruz ari gara gainera: blog, wiki edo webgune batean materialak uztea, han eta hemen dauden baliabideak gomendatzea eta erabiltzea, entzungaiak eta bideoak norberaren gailuetara kargatzea...

Azken batean, aurrez aurrekotasuna eta birtualitatearen artekoaz gain, uste dut ardatz gehiagorekin jokatu ahal dela konbinazioak egiteko: ikastaroren formatua (ikastaro itxiak, libreak, moduluak, tailerrak...), talde jarduna eta norbanakoaren jardunaren proportzioa, ikas-taldearen osaketa (hetereogeneitatea, kooperazioa, kolaborazioa, talde finkoak edo aldakorrak...), ikastaroaren helburuak, gaiak eta jarduerak (praktika, trebetasunak, edukiak...).

Ikaskuntza konbinatuaz hitz egitean neure ustez, eredu berri zurrun bat edo batzuez baino ikaskuntza antolatzeko eredu berrien aukeren kaxa zabaldu da, ez itxi.

Beste kontu bat da hori guztia administrazioaren ikuspuntutik zelan kudeatu. Baina horiek armada beltza eta berdearen istorioak dira.

Autonomiaz

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 2 - 14:44-(e)an bidalia.

Oraingoan Txabarriren artikuluari buruzko iruzkintxo bat egin nahi dut.

Oro har, artikulu mamitsua, trinkoa, sendoa... ona! Lehen irakurketaren ondoren (gehiago merezi du; eta taldean (hemen bezala) eginez gero, askoz zuku gehiago atera dakiokeelakoan nago.

Artikulutik autonomiari eskainitako orrialdeak azpimarratu nahiko nituzke. Zuk, Benito, teknologien inguruan sortutako lilura azpimarratu duzu. Horrekin batera, autonomiaren inguruan sortutako lilura, klitxea, esanahi mugatua azpimarratzen du Txabarrik. Hau edozin ikaskuntza-motari buruz ari garela kontuan hartu behar badugu ere, are urgenteagoa da IKTetan oinarritutako i(ra)kaskuntzaz ari bagara. Sistema honen defendatzaileek maiz azpimarratzen dute "nahi den lekutik eta nahi den garaian aritzeko aukera" duela ikasleak. Baina hau esatean "autonomia teknikoaz" ari gara/dira. Horren haritik Txabarrik autonomia kontzeptuan sakontzen du, "indepentzia" soilaz aritu beharrean, "interdependentzia" kontzeptuaz aritzea proposatuz. Izan ere, "gaitasunik edota laguntzarik gabeko independentziak "urrutiko intxaurretara garamatza".

Autonomiaren atalaz gain, zinez azpimarratzekoa da azken orrialdeetan egiten duen sintesia eta, sintesiarekin batera, honek guztiak suposatzen dizkigun erronkak nabaarmentzea. Eta guztien gainetik, tartari azken ginda ipiniz, teknologia berrietan oinarritutako irakaskuntzan GIZA-FAKTOREAK izan behar duen lehentasuna.

Bukaera eta Hasiera

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 2 - 18:48-(e)an bidalia.

Arrazoi duzu Aitor, neronek ere uste dut Txabarrik Hizpideko bi artikuluetan egokiro egiten duela autoikaskuntza deiturikoaren 'misse en scène'. Bat nator, oro har, bi artikuluotan adierazten dituen ideia nagusiekin eta ados nago zurekin, Aitor,bukaerako sintesia azpimarratzearekin. Baina bukaerek beti dute hasiera bat. Eta ni hasierari begira geratu naiz:

Izenburuari lehenbizi: IKTetan oinarritutako hezkuntza (eta II).

eta II... kitto bukatu da. Baina nahikoa al da 'misse en scène' batekin. Ez al dugu izen propioez hitz egin behar? Zera dio Txabarrik: 'ikas-irakas prozesua aztertzeak triangelu didaktikoko erpin bakoitzean zer gertatzen den arakatzea dakar, hau da, hiru elementuen arteko elkarreragin-egitura azaleratzea (irakaslea, ikaslea/k eta edukia), beti ere, testuingurua ahaztu gabe (taldea, inguru teknologikoa eta erakundea)' Ez al da, bada, beharrezko IKTetan oinarritutako hezkuntza (III) artikulua non BOGA, Moodle, HABEren autoikaskuntza ereduak... izen propioekin aztertzen diren nolakoa-nola izan behar duen eta nolakoa -nola den alderatzeko? (Egia esan, IV. kapitulu bat ere beharko genuke etorkizunean norantz eta nola jo jakiteko).

Egia da, halaber, dagoen lekuan egonda hirugarren eta laugarren artikulu hauek idaztea edota publiko egitea, behintzat, ez dela Txabarriren eginbeharra akaso. Baina,et,et,et! Ez ote du esaldi bakarrarekin idatzi, ezkutu samarrean, hirugarren zatia?. Hara, ni berriro ere hasierara begira geratu naiz. Bertan agertzen den aipuari, hain zuzen:

Zer da errealitatea? Berrikuntzaren arerioa da errealitatea. Stephen Downes.

Txabarri ezagututa, ez dut uste horko aipamen hori apaingarri hutsa denik.

 

Bukatu al da?

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 3 - 13:57-(e)an bidalia.

Kaixo Plisti! Pozten nau zu hemen berriro aurkitzeak, benetan.

Hasteko esango dut ez dudala eskarmentu handiegirik IKTetan. Moodle-ren oinarrizko funtzionamendua baino ez dut ezagutzen, baina itsasoan murgildutako aquarium-a baino nahiko zabalagoa iruditzen zaidala aitortu behar, aukerez eta potentzialitatez betea. Agian ezjakintasunak eragindako pertzepzioa izango da, trizikloan dabilen umeari izugarri handia iruditzen zaion bere etxe aurreko enparantzatxoa bezalakoa...

Txabarriren artikulura itzulita, biok aipatu dugun bukaera horretan balizko III., IV. V. ... artikuluetarako proposamena zabaltzen du: "eskatzen du...; eskatzen du...; eskatzen du..." zerrenda luze horretako bakoitzean artikulu baterako muina eskaintzen du, erronka bere gain hartu nahi du(ten)enarentzat.

Eta Downes-en esaldia nola interpretatu? Agian "berrikuntza" kontzeptuaren adiera jakin baten kontrako kritika bezala; hau da, "berri" itxura duen oro ez da benetakoa. Baina, bueno, irakurketa gehiago onartzen dira.

Downes-en esaldia

Benito-(e)k 2008, Urria 4 - 11:00-(e)an bidalia.

Hemen daukazue Downes-en esaldi horren testuingurua:La realidad en elearning, conferencia de Stephen Downes (Elcaparazón)

El uso del término “realidad” es un recurso retórico. Cada una de las cosas que pensamos como reales es realmente una construcción de inferencias e interpretaciones que confundimos con la realidad. Y desafortunadamente, la creencia de que estamos observando directamente la realidad nos conduce a no tratar de cambiarla.

Downes, konektibismoa, CCK08

Benito-(e)k 2008, Urria 3 - 14:28-(e)an bidalia.

Detailetxoa baino ez da, baina Txabarrik Stephen Downes-en aipua ekarri duela, aipu hori izan ezik, teknologia eta ikaskuntzarekin lotutako artikuluetan deigarria egin zait konektibismoa eta azkenotan puri-purian diren saltsa horiek aipamen gehiagorik ez aurkitzea. Beharbada kontu berriegia da eta hurrengoetan jorratzeko asmoa dago.

Triangeluak eta Kuboak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 3 - 17:12-(e)an bidalia.

Ai, amigo!

Konektibismoaren kontu honek eta zuk aipatzen duzun IKTen kontzeptu zabalak ikaskuntza formala eta informala uztartzera garamatza eta ondorioak ditu triangelu didaktikoan (ikaslea/irakaslea/edukia). Zeren orain laugarren elementu bat sartzen baitzaigu, besteek duten rango berean, alegia xede-hizkuntzaren komunitatea (birtuala zein ez birtuala), zeina elkarreraginean sartzen den ikaslearekin, lehenago bi dimentsiotako triangelua izatetik, lau dimentsiotako kuboa izatera helduz eta ikasbidea iraunkor bihurtuz (long life learning).

Baina hau oraindik ere apur bat urrun dago Boga Moodelnotik. Zer egingo diogu, ba! Iltzeari jo eta jo jarraitu, ez dago besterik! Badakizu berrikuntzaren etsaia dela errealitatea.

Inspirazioa

Benito-(e)k 2008, Urria 3 - 19:34-(e)an bidalia.

ummmm... Esan dituzunak eta egunotan ikusi-irakurri ditudan batzuek esateko pare bat ekarri dizkidate. Ea datozen egunotan itxura ematen diedan.

Hosti tu!

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 3 - 22:48-(e)an bidalia.

Buff, ur sakonegiak dira niretzat...Ahal dudan neurrian jarraituko dizuet...

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia