blogak

Aipamenak aipagai

Benito(e)k bidalita 2008, otsaila 27 - 00:18(e)an.

Karrajuak bi aipamen berezi izan ditu sarean aste honetan, estimatzeko modukoak biak benetan.

Batetik, Patxo Landa lagunak Espiral sarietara aurkeztu digu Karrajua. Hizkuntza irakasle askok bisitatzen gaituztela eta ideiak eta materialak aurkitzen dituztela, saridungai izateko meritua aitortu digu. Egia esanda, Espiral sarien berri izanda (gogoratu lehengo urtean Euskaljakintza saritu zutela), ez zait burutik pasatu ere egin Karrajua hezkuntzaren munduarekin lotutako sariketa horretara aurkeztea. Genero asko eta ona han gainera, beraz ez ezpero Joselito batekin etortzerik.

Ez dut inoiz Karrajuaren bisitarien tipologiarik egin, hasiera batetik helduen euskalduntze-alfabetatzearen inguruko jendea eduki dut "target". Edozelan ere, pozgarria da benetan beste arlo batzuetako jendeak ere Karrajuan zerbait interesgarri eta baliagarria aurkitzen badu. Eurengandik ere nahikotxoa jasotzen dugu guk bestela, eta blogosfera deritzon honen izpirituan horixe dago azken batean, partekatzea eta zabalkundea.

Bestea Joxe Aranzabal blogari ezagunak egin digu Euskadi Irratiko 8. probintzia saioan (klikatu hemen entzuteko). Zapatu guztietan blog pare bat gomendatzen ditu Joxek eta aste honetan Karrajua izan da bat (Bidasoatik interesgarriarekin batera). Lore politak bota dizkigu benetan, eta bihotzez estimatzen dira hauek ere, areago Joxerengandik etorrita.

(Hori bai, norberagatik inori instituzioa entzunda, poztu ala ikaratu geratzen zara derrepenteko batean.) Wink

Biei ala biei, eskerrik asko aipamenagatik eta animoagatik, berdin Karrajua jarraitzen duzuen guztioi. Hori da hori saria!

Edozelan ere, aipamenetan esandakoen gainean ohartxo pare bat:

  • Patxok Espiralerako aurkezpenean hau idatzi du: "Es un blog colectivo que se mantiene desde el departamento de didáctica de la coordinadora AEK que gestiona la alfabetización en Euskera de adultos". Blog kolektiboa izateko asmoa bai, azkenotan hemen dabilen jendearekin gehiago, eta inoiz baino hobeto (lore guztiak haientzat ere badirela ez dago zertan esanik ere), baina Karrajuak ez dauka lotura organikorik AEKrekin. Nik han egiten dut lan, baina hau (AEKren laguntza eta sustengua inondik ere kendu barik) proiektu pertsonal modura sortu zen, eta, kolaborazio maila eta klase guztietara irekita (eta deseatzen) bagaude ere, horrela jarraitzen du gaur egun, euskalduntze-alfabetatzean dihardutenentzako gune ireki, independiente eta esperimental modura. (Google-edo oferta batekin etorri bitartean, noski ) Money mouth
  • Joxek esandakoari ere zehaztapen txikitxo bat. Ni neu euskara irakaslea izan banaiz, baina neure buruari merituak kendu beharrean nago: Karrajuan aipatzen ditugun baliabideak eta tresnak, zoritxarrez, ez ditut erabiltzen euskara irakasteko, hau da, une honetan ez dut klaserik ematen. Egiten dudan bakarra da han eta hemen aurkitzen dudana -edo burura etortzen zaizkidanak- lankideei eta interesatuei zabaldu, haiekin konpartitu, eta mundutxo honi saltsa apur bat ekartzen saiatu, beste barik.

Tira, eskerrak eta estimua guztioi berriro eta aurrera goaz. Ezta?

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | 6 iruzkin | View blog reactions

Astekoak

Benito(e)k bidalita 2008, otsaila 4 - 00:19(e)an.

Atoan martxan dabil, astean zehar hainbat gauza batzen joan gara, interesgarriak denak. Karrajura ekarteko balioko digutela esan genuen aurrekoan, baina ekarri bitartean, beste zerbait egin daiteke, astean zehar han eta hemen agertu direnen laburpena..

Ikus dezagun joan den asteak zer eman duen bada:

Teknologia, irakaskuntza eta enparauak

Teknologia eta irakaskuntzaren asuntuarekin hasi ginen, Plistik bidali zuen "Tecnologia e metodologia" bideo brasiladarrarekin. Barre egin genuen, baina mahai gainean ipintzen digu teknologiaren aplikazioaren inguruan sortzen den auzia: teknologia berria lehengo-lehengoa egiteko?

Interneten aski zabaldu den bideo ezagun honek auziren beste alde bat erakutsi digu, kritikak kritika, teknologia uste dugun baino gauza gehiago ari da aldatzen. Kontua apur bat arintzeko teknofobei dedikatu gehine beste bideo hau.

Edozelan ere, honetaz guztiaz hausnarketa interesgarriak ere aurkitu ditugu.

Euskara eta euskalgintza

Karrajuan sarri predikatu dugu euskalduntze-alfabetatzea oso loturik dagoela normalizazio prozesu orokorrarekin, beraz, horrelakoei ere ibiltzen gara adi.

  • Joxerra Garziak esandakoak lehengo astean ere aipatu genituen. "Zer XXX egin behar dugu euskararekin?" galdera horren bueltak luzeak dira, eta aste honetan Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa ezin ekarri gabe utzi. Aipamenen bat ere bai. Wikian hartu ditugu hitzaldiko apunteak Plisti eta biok. Euskararekin arduratuta gabiltzanok, esandakoak gustatu nahiz gustatu ez, aintzat hartu beharrekoak denak.
  • Bestalde, Iñigo Fernanez Ostolazak euskalgintzari ikuspegi gaurkotua ematearen beharraz jardun du asteon. Besteak beste, euskara saldu beharreko produktua ere badela gogoratu digu, "marka" bat.
  • Aizu!-n euskalgintzako hainbat pertsona ezaguni bota diete galdera: zer eskatzen diozu urte berriari?
  • Umore falta ez da egon aste honetan euskararen inguruan, ez da txarra, ez, Tiraka blogean ildo beretik David Anauten testua ekarri zuten, planak eta flanak direla eta.

Euskalduntzea

Gure mundura hurbiltzen joan gara umorea alde batera utzi barik. Inauteri giroa edo, ikasle batzuek gogorarazi diguten modura. Zaldi Eroak Mitxelena XVIaren azken "araua" ekarri zigun batetik. Hizkuntzak jakiteak bizitza luzatzeko zer onura dakarren bestetik, edo hizkuntz eskakizuna lortzearren eskaintza sexuala egiten duenarena kasu.

Mintzapraktika ere izan da hizpide. Galizian egin den Bolondres linguistikoen egitasmoen topaketa izan da aipagarriena. Baina hizkuntz-trukeetan egin beharreko 5 galdera interegarri ere aurkitu ditugu adibidez.

Didaktika eta...

Honetan ere gauza interesgarriak dabiltza, dudarik ez, blogetan gehien bat. Aste honetako aipagarri batzuk:

Ez da izan hau aparteko albisteak ekarri dituen astea seguruenik, baina, askok kontrakoa uste badute ere, beti ari dira gauza interesgarriak han eta hemen irteten, eta gehiago egongo dira gainera. Sarea aurkitzeko era ona, ezta?

Etiketak: | | | | | |
Benito (r)en bloga | Iruzkin 1 | View blog reactions

Geure gauzatxuak eta hizkuntz eskola ofizialak

Benito(e)k bidalita 2008, urtarrila 7 - 23:08(e)an.

Klaseko blog berria aurkitu dut gaur sarean, Geure gauzatxuak. Ez da berria, ikasturte hasieratik dabil Eneko Barrutia irakaslea bloga elikatzen. Eztabaidarako gaiak eta ariketak plazaratu ditu gehien bat, eta iruzkinengatik ikasleen erantzuna eduki egin duela dirudi.

"Euskaltegibloga" deitzeko egon naiz, baina dudan geratu naiz, izan ere, Eneko Barrutia egilea Bilboko Hizkuntza Eskolako euskara irakaslea dugu, ez "euskaltegi" batekoa. Zalantza esistentziala planteatzen zaigu nonbait. ;)

Lehengoan Udal Euskaltegien inguruko harian gogorarazi nuen Euskal Herrian Udal Euskaltegiak eta gainerako euskaltegi publikoak ez direla euskara ikasteko zentro publiko bakarrak, EAEn zein Nafarroan behintzat hizkuntz eskola ofizialak ere badira eta han euskara ere ikasten da.

Hizkuntzen irakaskuntzaren munduan HEO batzuk prestigioko zentruak izaten dira, izen handiko irakasleak ere badaude berton.

Euskal Herriko hizkuntz eskolen panorama ez dut ondo ezagutzen, baina egia da euskararen irakaskuntzari dagokionez euskaltegien mundutik nahikoa aparte sentitu izan ditugula. Gutxietsi ere egin ditugula esango nuke.

Argi dago hala ere, han ere ahaleginean dabiltzan irakasleak daudela, Eneko bezala, eta esperientziak konpartitzeko orduan seguru zer esan asko daukatela. Animoa bada Eneko!

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | 2 iruzkin | View blog reactions

Nabigatzen

Benito(e)k bidalita 2007, azaroa 14 - 01:07(e)an.

nabigatzenCamile Fauque blogean Euskaraz nabigatzen tailerraren berri eman digute. Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiak bere programan antolatzen dituen tailerren artean berria.

Euskararen bidez eta euskaraz teknologia berriak ezagutzea eta lantzea dute helburu.

Bilbo Hiria Irratian elkarrizketa egin diete Iraia irakasle-blogariari eta Maider ikasleari, eta berton kontatu digute blogekin hasi direla. Hain zuzen ere, tailerrerako Euskaraz nabigatzen bloga sortu dute eta hortxe dabiltza, Youtubeko bideoak sartzen hasi direla dirudi. Aurrerantzean bloga elikatzen jarraitzeko asmoa dute, oraingo ikasleekin eta etorriko direnekin.

Une honetan gogoratu dut duela urtebete inguru HABEk zabaldu zuen Internet didaktizatzen: Blogosfera euskararen ikas-irakaskuntzan ikastaroa. Hainbat blog zabaldu ziren derrepentean ikastaroko probak egiteko gehien, baina egia esanda, gehien-gehienek ez dute jarraipenik izan eta une honetan "euskaltegiblogen" panorama ez da ordukoa baino hobea.

Tira, ideia berria ekarri dute Nabigatzen tailer honekin. Internet eta teknologia euskara ikasteko bide modura, ez tresna didaktiko hutsa.

Ea oraingoan blogosfera apur bat gehiago alaitzen dugun.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | 4 iruzkin | View blog reactions

Txis....pun! Hasi da!

Benito(e)k bidalita 2007, urria 2 - 17:50(e)an.

Inaugurazio ofiziala eduki genuen lehengo astean, baina ikasturtea benetan hasi den behin-betiko seinalea Erandioko Udal Euskaltegiko ikasle batek bidali digu blogosferara:

Heldu da eguna! Bai,gaur euskaltegiko lehen eguna izango da,beraz, lauetan ez dut biao egingo Cry. Ze azkar pasatu diren hiru hilabete hauek! Gaurtik aurrera betiko ohiturak berreskuratuko ditut, zenbat gauza egiten hasiko naiz gaur. Pentzatzeak nekatzen nau Frown, hobe da horretaz ez pentzatzea eta etorri behar dena etor dadila, bestela ez dakit zer egingo dudan.

Gaurko ez dago gehiagorik kontatzeko, hurrengoan gehiago edo ez, batek daki. Agur.

Egia da. Zenbat biao, kafe, paseo, berriketa eta barealdi sakrifikatuko dira hemendik aurrera? Ea ba, ez dezala gure lagunak biaoa galtzeagatik damurik izan! Ezta guk geuk ere.

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria | View blog reactions

PRP

Benito(e)k bidalita 2007, uztaila 6 - 15:24(e)an.

El blog de mr1b3len esteketan Maribel Gonzalez blogari-irakasleak beste blog bat egin duela ikusi dut: maribelele. Blog bi zertarako? Pentsatu dut. Baina bigarren hori ez da blog-bloga. Sigla batzuk dabiltza hor gora eta behera: PRP. Eta egilearen etengabeko gogoeta interesgarriak bere lanaz eta ikerketez.

Zer da PRP hori bada? Esteketan topatu dut klabea, beste blog batean: Portafolio Reflexivo del Profesor de E/LE.

Bartzelonan abenduan egin zen XV Encuentro Práctico de Profesores ELE-n hasi zen kontua dirudienez. Bertan Bartzelonako Unibertsitateko Vicenta Gonzalez eta J.Tomàs Pujolàk tailer batean landu zuten proposamena (hemen daukazue tailerraren aurkezpena, bideo eta guzti, eta hemen topaketen dossier osoa, kontuz, pdf 4.2mb!), eta arrakasta eduki duela dirudi.

Aurretik Pujolàk Aula de Innovacion Educativa aldizkarian plazaratu zuen artikulua: “El portfafolio: la reflexión explícita del proceso de aprendizaje en la formación de profesores de E/LE”, Aula de Innovación educativa, 146, 65-67. Barcelona: Graó.

Horrez gain, blogean diapo hauek ipini dizkigute PRPa zer den azaltzeko:


Tailer hari segida ematen hasi dira irakasle batzuk, eta euren PRPa norberaren kaxoian gorde beharrekoan blogen bidez agerian jarri digute guztioi. Hemen batzuk:

Proposamena eta erantzuna interesgarriak dira behinik behin, eta zer penstatua ematen dute:

  • Blogak formaziorako tresna dira duda barik, baina ez formazio ikastaroak emateko soilik (hori ere egin ahal da), norberaren gogoetak eta deskubrimenduak plazaratzeko eta konpartitzeko bide bezala ere aukera ugari ematen dituzte. Hori bai, Maribelek dioen modura, profil edo jarrera "komunikatiboa" behar da nonbait.
  • BBBn ikasmaterialak trukatzeko eta aberasteko erabileraz jardun genuen, bai, baina ikasmaterialekin batera gure jardueraren gainean hausnarketa globala plazaratzeko ere bai.
  • Beharbada, PRP horren estrukturazioari jarraitzea zaila egin ahal zaie askori. Hala ere, hainbesteko sistematizazio barik ere zerbait egin daitekeela uste dut.
  • ELEren munduan formazioaz eta hobekuntzaz jarduteko gogoa dagoela dirudi, ez dakit, hainbestetan gertatzen den bezala, blogosferako saltsa honek atzetik dagoenaren okerreko inpresioa ematen ote duen, baina, aurretik dabiltzanak behintzat, gogotsu dabiltza. Gurean berriz, bistan behintzat, gutxi. Eta ez diot blogosferako giroagatik bakarrik, Topaketa praktiko horiek bezalakorik ere ez da gurean askorik, edo hala iruditzen zait neuri behintzat. Ikastaroa-hitzaldia erroberatik harago joan beharko genuke beharbada.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria | View blog reactions

Euskaltegia, blogak, trastoak eta garagardoak

Benito(e)k bidalita 2007, ekaina 25 - 01:10(e)an.

Hiru lagun batu ginen lehengo ostiralean, hirurok euskara irakasleak eta internet eta teknologiaren harrak haginkadatxoa emanda. Zer ikasi asko daukagu honetan eta elkar ezagutu eta ikasteko gogoarekin ipini genuen hitzordua Blog & Beers txiki batean, lehenengo aldiz elkartu ginen hirurok aurrez aurre: Galdakaoko Udal Euskaltegiko Josu eta Iñigo (Berbet@n) eta AEK-ko Benito (Karrajua).

Elkar eta elkartzeko lekua topatzeko hasierako abenturak gora-behera (horiek kontatzeko beste mezu bat beharko genuke...) azkenean bazkari eta bazkalosterako batu ginen Deustuko txoko batean, eta abarketari ematen hasi.

Hiru orduk asko esateko ematen dute, eta asko esan genuen, gauza askotaz. Niri neuri buruan geratu zitzaidana (edo ondo betetako kaña batzuen ostean akorduan geratu zaizkidanak).

Blogak eta internetez hasita, ikasleentzako blogei kostatzen zaie funtzionatzea. Ahalegin handia egin behar da, eta ikasleek ez dutela entusiasmo handiegirekin hartzen. Beharbada, ikasleek beste zerbait nahi-behar dute, ez hain publikoa, itxiagoa eta elkarreragin gehiagokoa... Ez dakigu zer zehazki: foroak, sare sozialak, galderak botatzeko lekuak... Eurek ere zerbait nahi dutela uste dugu, euskara ikasten laguntzen dien zerbait, eta norbaitek asmatuz gero arrakasta edukiko luke, baina zer hori asmatzea da kontua.

Teknologiarekin jarraitu genuen, egunero eskutartean darabiltzagun gailuez jardun genuen hain zuzen: mugikorrak, kamarak, mp3ak... Bi gauza besteak beste. Batetik, egunero erabiltzen ditugun horiek zenbat kostatzen zaigun aplikazio "profesionalak" topatzea, aisialdiarekin edo kapritxoarekin lotzeko joera izaten dugu, eta klasean berriz, lehengoarekin jarraitzen dugu: kaseteak, DVDak, arbela... Ideiatxo batzuk irten zitzaizkigun han asko pentsatu barik: arbelean idazten ditugun grafiko eta eskemei argazki digitalak ateratzea, mugikorren eta kamara digitalek bideoa grabatzeko eta ikusteko erabiltzea, DVDak, kaseteak eta bideoak ordenagailu mugikorrekin ordeztea...

Bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, horrelako gailuak erostea edo erabiltzea proposatzen denean inguruan zelako eszeptizsimoa aurkitzen dugun komentatu genuen, badirudi hain gauza txikiek ezin dutela jarduera "serio" baterako balio izan.

Irakasleez eta sareaz ere hitz egin genuen. Hainbat lagun han eta hemen lan berdina egiten eta orain arte sarea ideiak, materialak, egiten dugunaren emaitza eta kezkak konpartitzeko hain gutxi erabiltzea bekatua dirudi. Arrazoi asko egon daitezke hau azaltzeko, baina seguruenik ez da inor etorriko honi buelta ematera norbera hasten ez bada. Hor egon daiteke blogen indarra gurean, irakasleon jardunaren gainean berba egiteko eta ideiak eta materialak konpartitzeko eta garatzeko tresna bezala erabiltzea.

Ideiatxo pare bati hasi ginen forma ematen honen inguruan. Norberaren materialak publikatzeko, konpartitzeko eta probatzeko sistema bat, irakasleon indarrak batzeko azken batean. Ideiari bueltak ematen hasi gara, ea zer ematen duen. Probatxo batzuk egin behar ditut. Laster izango duzue horren berri.

Inor animatzen da gurekin lantzera? Eta hurrengoan kaña batzuk hartzera?

Hau neure laburpena izan da, baina seguru Iñigok eta Josuk gauza gehiago dauzkatela apuntatuta.

Etiketak: |
Benito (r)en bloga | 7 iruzkin | View blog reactions

BBB.... deialdi definitiboa

Karrajua(e)k bidalita 2007, ekaina 19 - 15:54(e)an.

Azkenean lortu dugu, gutxi, baina ostiral honetan batuko gara blogak, birrak, Bilbo eta oilaskoen inguruan.

Blogs & Beers & Bilbo... & oilaskoa

Hemen noiz-nongoak:

Ekainaren 22an, ostirala. Eguerdiko 14.30etan

Zorrozaurreko garagardotegia (Deustua, Bilbo: http://www.bilbao.bi/point/463/). Bazkaria eta bazkalostetxoa.

Ez dugu ezer enkargatu, beraz, orain arte apuntatu ez zaretenok han agertzea daukazue (baina wikian apuntatzen bazarete ilusioa egingo digu).

Bazkaria eta parraplada euskaltegiblogeroa.

Animoa! (Denok ez duzue klasea edukiko hiruretan, ezta?). 

Etiketak: |
Karrajua (r)en bloga | gehitu iruzkin berria | View blog reactions

Syndicate content

Azkenak

Harpidetu (RSS)

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak