04
Urr
2008

Ikasteko ingurune soziala eskura

Euskara ikasi nahi duen baten kexa irakurri nuen lehengo egunean Euskara21en. Astirik ez euskaltegira joateko eta BOGAren bidez egin nahi lukeela, 1560 euro, Eusko Jaurlaritzaren webgunea sartu berriz, eta han 45 euroren truke egin omen daitekeen bitartean.

45 euroena lehenengo momentuan ez dut jakin zer izan den. Handik gutxira iragarkia ikusi dut ETBn: Ikasten.net hizkuntzan ikasteko plataforma, euskara barne. Hiru.com-en barneko zerbitzua da, bertora joan eta begiratu dut informazioan, 45 euro ez, hau debalde da bata! Egia da

Euskara21koak aipatu duena beste zerbait izango da orduan. Edonola ere, EJren eskutik euskara online ikasteko bi aukera (hirugarrenik ez badago behintzat).

Lehenengo erreakzioa. Baina hauek zer dabiltza? HABEren bidez BOGA kolokatzen digute, eta gero EJak berak debaldeko aukera zabaltzen du beste leku batean (eta beste sail baten esku seguruenik)? Prezioan halako aldea gainera! Lotsagarria, salagarria eta garri guztien parrastada...

Bigarren erreakzioa. Egunotan Hizpideren kontura bota ditugunak gogoan. Kontxo! Orduan euskara ikastea ez dago pentsatzen dugun bezain araututa. Debaldeko aukerak lehendik ere egon dira, baina orain administrazioa bera hasi da sustatzen. Eta aukera horiek debalde, eta libre. Beste zerbaitekin osatzeko modukoak alegia.

Ikaslearen autonomiaz sano jardun da azkenengo Hizpide horretan, teknologia aitzakia gehienetan. Hau da hau autonomia eta ikaskuntza konbinatua! Ikasi nahi duenaren esku aukera desberdinak jartzen hasi dira, berak aukeratu eta nahi duen modura konbinatzeko. Ez asko, egia esanda, baina egon badaude:

Adibidez. Ikasten.net-eko ikastaroa egin, praktika apur bat hartuta mintzapraktika egitasmoren batean sartu, bitartean lantzean behin han edo hemen dauden baliabideak eta ikasmaterialak erabili, hiztegia segapotoan kargatu, nonbaiten galdetu zalantzak, euskaraz zerbait irakurri, zerbait idatzi ere bai, euskaltegi edo zentroren batean ikastaro laburren bat egin, tailerren bat edo, doako ikastaroak bilatu... Posiblea da hau guztia une honetan, ezta?

Eta gu ultramodernook, PLE, ikaskuntza informala eta halakoak hemendik urte askotarako entelekiak bailiren, pentsatuaz interneteko webgune berri zoragarriren batek ekarriko dituela horiek guztiak (HABEri bonbila pizten zaionean akaso). Eta berton dugu uste dugun baino gehiago.

Ikas-paisaiarena gogoratu dut (ez dut ahaztu hobeto esanda). Eta ez da hori azken batean ikasteko ingurune soziala?  Ikasteko aukera ugari, eskuragarri eta norberak antolatzeko modukoak sustatzea eta eskaintzea? Ikaslea, irakaslea eta edukiaren arteko elkarreragina testuinguru, une, gune eta bide desberdinetatik jorratzea.

Eta Plistik dioen modura -erabat ados gure objektua den hizkuntza zein den eta zertarako ari garen jakinda- triangelu horri kubo itxura emanda, hiztunen komunitatearekiko elkarreragina gehitu, hau da, hizkuntza errealitatean erabiltzea ikasteko bidea eta gainera helburua ere badela aintzat hartzea. Ikasteko ingurune soziala emateko ezinbestekoa dela uste dut.

Baina muga batzuetatik harago joan behar da:

  • Ikastea = ikastaroa = erakunde homologatua  ikuspegia.
  • Ikaslea = matrikula ikuspegia
  • Hausnarketa hau guztia teknologia kontuetara (teknologia = ordenagailua = internet = autoikaskuntza kateara hobeto esanda) soilik bideratzea.
  • Ikasprozesuaren antolaketa = mailak = agiriak
  • Irakaslea = irakaslea
  • Ingurunea = ikastaldea / erakundea
  • Helduen euskalduntze-alfabetatzea = euskaltegiak
  • Euskaldunak = hori ez da gure ardura.
  • Euskara = kontu sinbolikoa

Eta zer egin daiteke bada? Une honetan badira bideak, lehen aipatu ditugu batzuk. Baina horrez gain, esaterako:

  • Ikasle eta irakasleen arteko komunikazio bide berriak ireki, ikastaroen mugetatik aparte. Adibidez, eta norberarengandik hastearren, euskara irakasle blogari-interneterook ikasi nahi dutenekiko kanalak jorratu.
  • Ikasteko baliabideen bankuak hobetu, ugaldu eta ireki.
  • Kontsultak eta aholkularitza puntualerako kanalak zabaldu.
  • Euskaldun ez irakasleen ekarpenerako bideak jorratu. Ideia tonto baina interesgarri bat ingelesez.
  • ...

Aukerak uste dugun baino eskurago daudela begitantzen zait.  Downes-ek dio errealitatea dela berrikuntzaren arerio nagusia. Baina orain esango nuke errealitateak berak dakarrela berrikuntza. Kontua da errealitatea ikusteko (edo ez ikusteko) erak daudela.

Irudia: e-Learning Interaction MatrixJason Rhode).

Hausnarketa interesgarria bezain sakona

jolaus (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 4 - 09:57-(e)an bidalia.

Zure analisia nire egiten dut oso-osorik. Gustatu zait gaur egun bizi dugun egoeraren inguruan egiten duzun analisia. Azaltzen duzun egoera ez da gertatzen bakarrik helduen alfabetatze munduan; irakasleon formazioan ere zuk planteatzen dituzun ohiko muga horiek ere hortxe daude: erakundeak, homologazioa, agiri eta matrikulak...

Etorkizuna nondik datorkigun ulertzeko pistak ere eman dituzu: PLE, eLearning-aren ikuspegi berria, LLL... Agian ulertzeko eta, are gehiago, praktikan jartzeko kontzeptu konplikatuegiak, zuen kasuan bezala, ikasle gehienak Net generazioaren aurrekoak izan direnean.

Hortxe dago hezkuntza sistemaren erronkarik nagusiena. Hezi ditzagun gure gaztetxoak kultura berri horretan eta seguru nago helduen euskalduntzearen errealitatea oso desberdina izango dela urte gutxi batzuren bueltan.

PLE: erakutsi diezaiegun gure ikasleei euren autoformazioan lagunduko dien tresnak identifikatzen, maneiatzen eta etorkizunean izango duten formazio beharren aurrean guztien artean egokienak izango direnak hautatzen.

eLearning: ohiko irakaskuntza modelo tradizionala "kopiatzen" duten web baliabide itxietatik egin dezagun salto ingurune irekietara, komunikazioa, iritzi trukaketa eta elkarlana bultzatzen duten ingurune berrietara. Eguneroko bizitzan jasotzen dugun formazio ez-informalean, gehienetan gure parekoengandik ikasten dugu gehien. Puska dezagun irakasle/ikasle ohiko harremanarekin, bilatu ditzagun aprendizai inguruneetan gure parekoak eta ikas dezagun elkarrekin.

LLL: asko dago oraindik eremu honetan egiteko. Hementxe ikusten dut nik erakundeen aldetik gabeziarik handienetako bat. Ez da nahikoa 2010erako berrikuntza plan diseinatze; berrikuntzaren bidea jarraitu nahi badugu herritarrak sensibilizatu eta motibatu egin behar ditugu autoformazioaren bidean. Nola edo hala etorkizunari modu autonomoan aurre egitera erakutsi behar diegu gure gazteei. Indar eta baliabide asko gastatzen dira tresnak eta baliabideak ipintzen gure esku baina ezer gutxi ikusi dut orain arte autoaprendizaiaren inguruan.

Hitzak bidea egiten du

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urria 4 - 16:34-(e)an bidalia.

Astia harripetatik atera nahian eta ezinean nabil azken aldi honetan. Baina ezin isilik geratu zuon, Benito eta Jolaus, mezu bikainak ikusita. Ados eta konforme biokin ezinbestean. Laguntxo gehiago ekarriko ditugu gure solasera. Nik fisikoki urruti bizi arren, hurbiletik jarraitzen dugun bat ekarriko dut hona. Downes jauna. Begira zer dioen:

Nola iraun etengabe aldatzen ari den munduan? Bada, gauzak geldirik ikusteari utzita.

Ikaskuntza ez da objektuetan eta edukietan oinarritzen. Ez da liburutegia. Jarioa da ikaskuntza (urarena edo elektrizitatearena bezalakoa). Jarioa saretik zabaltzen da eta nahi dugunean murgil gaitezke bertan .

Ohiko eskola oinarri duten sistemak eta tresnak garatu ditugu e-learningerako ere. Murgilketa-ikaskuntzarentzako euskarri izan litezkeen tresnak prestatu beharrean; honelako ikaskuntza baitagokio web berriak ahalbideratzen digun bizitza-molde dinamiko eta murgilketa bidezkoari.

Bukatu dira lorategi itxiak eta hesituak!

 

Hitzak bidea egingo ahal du!

 

PD: Hausnarketa sakona eskatzen duen beste esaldi bat ere botatzen du, hara: Taldetik sarerako jauzia egin behar dugu.

Esaldi honek ere inspiratuko al du nik dakidan bat? ;-D

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia