Ikasteko baliabideak

25
Ots
2007

Argia multimedia


www.argia.com

Argia aldizkaria irakasle askok irakurgai-iturri modura sarri erabili dugu klasean, goi-mailetan gehien bat. Oraingoan webguenaren berrantolaketa egin dute, eta artikulu askotan testu idatziaz gainera testuaren inguruko argazkiak, entzungaiak eta bideoak ere eskainiko dizkigute. Irakurmena lantzeko beste formatu bateko euskarriak edukitzea lagungarria da duda barik, eta gauza berriak egiteko aukera ere egongo da.

Argian berton azaltzen dute aldaketa. 

Gainera norberaren webgunean edo blogean txertatu ei daitezke bideoak. Hemen baten bat sartu nahi izan dut probatzeko baina ez dut lortu dena dela.

11
Ots
2007

Etiketa-lainoak


tagcrowd.com

Web2.0 honetan gehien erabiltzen direnetako bat etiketa-laino edo tag cloud izenekoak dira. Hitz batzuk agertzen dira berton, tamaina agertzen den maiztasunaren araberakoa izaten da, sarrien agertzen direnak handiago eta gutxien agertzen direnak txikiago. Halako hitz-laino edo letra-zopa osatuz.

Karraju honetan berton bloga, klaserako baliabideak eta eduki mota guztien kategoriak erakusteko erabiltzen ditugu adibidez.

Ez zaizkio jende guztiari gustatzen, baina onartu behar da estetikoki eta grafikoki indartsuak eta erakargarriak direla.

Esan dugun bezala, blog edo webgune baten gehien zertaz egiten den berba adierazteko erabiltzen dira, baina kategorien zerrenda bati ez ezik, edozein testuri aplikatu ahal zaizkio, horrela gehien erabiltzen diren berbak nabarmenago agertzen dira.

Egia esanda, orain ez zait okurritzen klaserako zehazki zertarako erabili daitezkeen, idazmenarekin lotutako kontuetarako seguru asko: zuzenketa, testuen eta lokailuen azterketa, hiztegia,... irudimen-lana zuen esku utziko dut.

Adibide modura, webgune honetan AEBetako presidentearen diskurtsoen hitz-lainoa daukazue ilustrazio eta pista gisa erabili ahal duzue. Ez dago espero ez genuen ezer, ezta?

Bestalde, sarean badira nahi duzun testua sartu eta lainoa sortzen duten zerbitzuak, bi aipatuko ditut:

Hemen daukazue Karrajuko artikulu baten lainoa:

created at TagCrowd.com

11
Ots
2007

Memeak

Blogarien arteko jolasa-edo da "memeen" asuntu hau. Batek galdera edo gai batzuk proposatu eta erantzun eta beste batzuei luzatzen die gauza bera egiteko gonbitea, haiei behin eginda berdin egin dezaten eskatuz. Halako katea-edo sortzen da blogetik blogera.

Euskal blogosferara bat heldu da azkenotan: "Niri buruz ez dakizkizun bost gauza" izenekoa. Gaur sarean.com-ko Jabi Zabalari heldu zaio, baina lehendik hainbat blogetatik pasatu da: Katixa Agirre, Harrikadak,... eta aurrera jarraitzen du.

Zertara ekarri dut hau klaseko baliabideak sorta honetara? Erraza, blogekin hasi nahi dutenek askotan ez dakite nola lortu ikasleek blogean parte hartzea edo idaztea. Hau era erraz, erakargarri, atsegina eta polita izan daiteke, beste barik.

Meme batzuetarako ideiak:

  • Irakasleari erreparatu diozun gauza bat (akatsak, maniak,...)
  • Euskara ikastean zailak egiten zaizkizun hiru gauza.
  • Norekin hitz egin nahi zenuke euskaraz?
  • Klasean inoiz aitortu ez duzun zerbait?
  • .... gehiago?
10
Ots
2007

Eibartik

Karrajua hitzaren ingurukoak topatzen Asier Sarasuaren Eibartik blogean agertu naiz. Han aspaldian egin zuen berba honen aipamena, bera hasi eta iruzkingileek jarraitu.

Eibartik blogean bertako euskalkia, etnografia eta naturaren inguruko kontuak ekartzen dizkigu Asierrek.

Bloga irakasle eta ikasleentzako baliabide interesgarria izan daitekeela uste dut, ahozko hizkuntzaren inguruko informazioa jasotzeko gehien bat: esaerak, hiztegiak, testuak,... eta ez Eibartarrentzat soilik, mendebaldeko hizkeraz, herri-hizkeraz eta euskara biziaz oro har interesa daukan edonorentzat baino. Euskaltegietan ere Euskaltzaindiaren arauez gain, euskara hori ere interesatzen zaigu ezta?

Bestalde, Eibartik blog hau eredu ona da nire ustez blogek eduki dezaketen funtzio didaktiko-dibulgatiboa erakusteko. Ahozko hizkera modu erakargarri eta erraz baten (ikaslearentzat adibidez) ezagutarazteko kasu honetan. Baten batek bere (inguruko) hizkera zabaldu, ezagutarazi eta gaurko euskarari harekin ekarpena egin  nahi badio, hemen dauka kopiatzeko eredu ona.

30
Urt
2007

Ikasvlogak

Unibertsitate nahiz hezkuntza orokorraren munduko irakasle batzuek Ikasblogak eta gaztelaniazko ahizpa Eduvlogs guneak atondu dituzte.

Formato berrien bidez, blogak alegia, telebista, edo hezkuntz-telebista, atondu nahi dute. Eurek dioten bezala berton parte hartzen duten irakasleak "vlogfesor" bilakatzen dira: irakasle lanarekin batera, bideo editore eta emisoreak, kontzeptu berri baten integratuta.

Formaziorako nahiz klaserako gauza interesgarriak topa daitezke. Hemen daukazue ale bat.

Zer da TB? 

29
Urt
2007

Ikus-entzunezkoen rallya

Topagunea, euskara elkarteen federazioak abenduan antolatu zuen II Ikusentzunezkoen Rallyko filmak Youtuben jarri ditu ikusgai. Filma laburrak eta amateurrak kasu gehienetan, baina erabilgarriak ere izan daitezke.
Hona hemen lehenengo saria:

23
Urt
2007

Mojiti


mojiti.com

Aspaldian eduki dut zerbitzu honen berri, baina orain arte ez naiz probatzera animatu. Gaur Asapala elkartean aspaldian argitaratu genuen Iñaki Gaminde eta bestek sortutako Bilbotarron euskararen zuzuan CDliburuko materialekin olgetan proba hau egin dut Arbolantxako Martin eta Karmelok lehengo zapiaren jolasa azaltzen duten bideo pasarte honekin:

Ikusten duzuenez, bideoei azpitituluak ipintzeko tresna da. Bideoak euren zerbitzarian gorde daitezke, baina beste zerbitzuren batean (Youtube, Google Video,...) gordetako bideoei ere ipini ahal dizkiegu azpitituluak. Geureak izan nahiz inorenak izan.

Eta ikusten duzuenez, norberaren blog edo webgunean txertatu daitezke.

Azpitituluak ipintzea, bideo luzeetan gehien bat, apur bat astuna egin daiteke, baina aplikazio didaktikoak, bat baino gehiago okurritzen zaizkit: transkripzioak, itzulpenak, azalpenak, galderak,.. Zuei gehiago?

23
Urt
2007

Euskal natura

Ikasbil-en bidez jaso dugu webgune honen berri. Han eman duten aurkezpena ekarri dugu hona:

Euskalnatura.net natura eta zientziaren gaineko informazioa euskaraz eskaintzea xede duen web gunea da. Naturak eta zientziak interneten duten presentzia urriari aurre egiteko asmotan sortu zen 2006ko urrian, ahalik eta informazio gehien batzeko asmoz. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle gazte talde batek sortu, mantendu eta eguneratzen dihardu. Naturaren eta zientziaren gaineko informazioaz gain, hainbat erreportaje, foroak, argazki-galeria, natur ekintzen gaineko agenda eta abar aurki daitezke web gunean.

Apurka-apurka informazioa gehitzen ari dira eta egun informazioz beteriko 200 orrialdetik gora aurki daitezke. Web gunea hiru atal nagusitan banatzen da: naturaren gaineko informazioa biltzen duen atala (Euskal Herriko animalia, landare, onddo eta natur guneen gaineko informazioa biltzen duena), zientziaren atala (Besteak beste, biologia, geografia, kimika eta ingurugiro zientzietako informazio biltzen duena) eta laster prest izango den erreportajeen atala (askotariko gaiei buruzko erreportaje edo dossierrak bilduko dituena).

21
Urt
2007

Haiku: antolatu ikastaroak on-line

Moodlemaniak jo gaituen honetan komeni da gogoratzea Moodle ez dela on-line ikastaroak antolatzeko plataforma bakarra. LMS (Learning Management System: ikaskuntza kudeatzeko sistema-edo) ugari daude, eta web2.0ren haritik, badira ikastaroak antolatzeko sare-aplikazioak. Aspaldian eman genuen Nuvvo-ren berri, oraingoan wwwhat's new-ren bidez berriro, Haiku izenekoa ezagutzeko aukera eduki dugu. 

Itxura sinplekoa baina tresna politak ematen ditu: testu-orriak, artxiboak eskegi, irudiak, entzungaiak eta bideoak kokatu, egutegia, mezuak... Edizio grafiko erraza eta kokapen eta diseinu argia eskaintzen dizkigu gainera.

Ikastaroak antolatzeko edo besterik gabe, aurrez aurreko eskola baterako osagarri modura  oso aukera interesgarria. Hemen daukazue proba bat.

19
Urt
2007

Bertsoa.com


www.bertsoa.com

Bertsoa.com webgune estreinatu berriak izenak dioen bezalaxe, bertsoak eskaintzen dizkigu, bertso-saioak eta bertso jarriak. Bertso saioen bideoak eta grabazioak jartzen dizkigu eskura besteak beste. Dokumentu errealen beste iturri bat.