argazkiak

19
Aza
2007

Euzkal Errian Euzkaras

Patxitraperok gogoratu digu gaurko mezu honetan, Flickr-en aspaldian sortu zen Euzkal Errian Euzkaras taldea, euskara txarto idatzia, itzulia eta erabiliaren agerpenak jasotzen dituzten argazkiak batzea da asmoa, eta gaur 80 argazkitik gora dauzkagu han erabiltzaile desberdinek bidalita.

Errore hauekin barre egiten dugu lehenengo batean, euskaltegietan ere askotan egin dugu barre (eta negar) ikasleen erroreekin (ez, ala?). Gaur egun, errorea ikasprozesuaren ezinbesteko elementutzat jotzen den honetan, erroreak ezagutu eta haietaz hausnartzea bide ona da ikasteko duda barik. Umore pittin batekin bada, hobeto.


Created with Admarket's flickrSLiDR.

Hemen daukagu beraz disparaten antologia bat, grafikoa eta erreala, klaserako seguru ideia bat baino gehiago okurrituko zaizuela hauekin.

Eta gogoratu, taldea irekia da eta edonork bidali ahal ditu argazkiak. Baita ikasleak ere. Klaseko jarduera polita izan daiteke argazkiak ateratzea, bidaltzea eta komentatzea, ezta?

28
Urr
2006

Euskal Mendiak


em.luberri.net


Webgune hau hona ekartzeko tentazioari ezin izan diot eutsi. Mendiari buruzko gune kolaboratiboa da ibilbideak, argazkiak, foroak, albisteak... erabiltzaileek bidaltzen dituztenak, euren komentarioekin osatuta gainera.

Ez da berez material didaktikoa, baina mendiarena euskaltegietan sarri jorratzen den gaia izaten da. Mendi askotara igotzeko azalpen testuak daude euskara eta gaztelaniaz. Mapak ere eskaintzen ditu, eta argazki onak.

Eskolaren baten erabili dutela dirudi. Dena dela, klaserako aplikazio zehatzik aurkitu ez bagenio ere, ikasle mendizaleei sikieran bisita egitea gomendatzeko modukoa da gune hau nire ustez. Den-denak euskaraz ez badaude ere, informazio eta irakurgai interesgarriak aurkituko dituzte behinik behin.

Bestalde, Karrajuak erabiltzen duen software berarekin eginda dago, Drupalekin alegia. Gune kolaboratiboak antolatzeko honen malgutasunaren eta posibilitateen adibide argia duda barik.

Zorionak egileari ideiagatik eta diseinuagatik. Karrajurako ideia pare bat eman dizkigu gainera.

24
Urr
2006

Google. images


Joxe Aranzabal konturatu da
, Google Images irudiak aurkitzeko zerbitzua hiztegi grafiko modura erabil daiteke. Ez da hiztegi zehatza izango, baina hiztegia lantzeko (klasean zein norberaren kontura) lagungarria izan daiteke. Joxek ingelesezko berba batzuen bilaketa egin du. Euskarazko asko ere argi azaltzeko moduan agertzen dira. Adibidez: Txerria, Piperra, Txirrindula, zikina, apaiza, lainoa...


Ez da sistematikoa, beti ez da nahi duguna nahi genukeen modura agertuko, interferentziak egongo dira sarri: beste hizkuntzekin, marka komertzialak, disko eta liburuen izenak,... (horrek dibertigarria egin dezake hala ere) askotan zoritxarren ez zaigu ezer agertuko.

Oinarrizko hiztegia kontsultatu, landu edo ikasteko beste baliabidetxo bat beraz. Ez da hiztegi exhaustiboa inondik ere, baina une zehatzetan erabilgarria eta entretenigarria ere izan daiteke, jolas modura baino ez bada ere.

Eguneraketa:


flickrFlickr
-ek ere hitza sartuta irudiak bilatzeko modua eskaintzen du. Jeneralean Google-ekoak baino hobeak. Hori bai, irudi eta hitz gutxiago. Hemen adibide pare bat: Arraina. Maitea

Dena dela, euskarazko hitzen irudiak aurkitu ez arren, beti dago aukera beste hizkuntza baten bilatuta irudiak hartzeko eta gure klaserako jarduerak prestatzeko erabiltzeko. Berbarako "ilarra" hitza sartuta ez dago ezer, baina "pea" (ing., thanks Morris!) edo "guisante" (gazt) sartuta argazki partida bat daukazu. Maketatzen apur bat abila izanez gero ikasleentzako fotohiztegi txulo-txuloa egin daiteke, edo blog ilustratua....(zuek jarraitu ideiak botatzen).

Adi argazkiaren litzentziari publikatzeko edo zabaltzeko asmoa badaukazu.

Sindikatu edukia