bizkaiera

15
Ira
2007

Galdakaotar bloga

Hekzuntza Telebistaren bidez heldu zaigu Galdakaotar blogaren berri.

Jatorrizko hiztunen ahozko testuen bilduma asko egin dira Euskal Herrian, kontakizunen grabazioak eta transkripzioak gehien bat. Hizkuntzalarientzat material baliagarria izaten da ahozko corpusaren bilduma, eta neurri handi batean euskararen beraren testigantza historikoa ere bada. Hala ere, sarritan testigantzon balio linguistiko edo etnografikoari erreparatu zaie gehiago balio dokumental edo pedagogikoari baino.

Sarritan entzun dugu eskola-euskaltegietako euskara eta "benetako" euskara urrun direla bata bestetik, aste honetan berton irakurri dugu horren gaineko jardun bat erabili.com-en adibidez.

Galdakaoko proiektu honetan berrikuntza pare bat agertu direla esan daiteke. Hiztunak berba egiten duten gaiari pisua eman nahi izan zaio batetik (36ko gerra hain zuzen), eta herri hizkeraren transkripzio zehatzen ordez (azpitituluetan edo testu idatzian), berbaldunak kontatzen dutenaren laburpentxoa ematen dute azpitituluetan. Honela, arreta esanahira ekartzeko ahalegina egiten da, hizkeraren azterketa linguistiko hutsetik harago.

Euskara ikasten dabilen jende asko bertoko euskara bizirik (ahulago edo sendoago) daukan herri edo eskualde batean bizi da, eta berton ikasi gehienetan. Hala ere, ikasten duten hizkuntza inguruan noraino dagoen errotuta ez dute jakiten sarri. Eta euskara daukagun baino urrunagokotzat jotzeko erraztasuna egon daiteke.

Galdakaotar blogean egiten dutena euskara inguru hurbil horretan kokatu, ezagutu eta harekin identifikazio lokala sortzeko tresna eta ideia-iturri interesgarria izan daiteke. Hona beraz, baliabide interesgarria bateko, eta norberak egiteko ideia besteko. Frogatu digutenez, egiteko eta zabaltzeko baliabide teknikoak guztion eskura daude.

Hemen daukazue ale bat, artikulu honekin lotutakoa.

10
Ots
2007

Eibartik

Karrajua hitzaren ingurukoak topatzen Asier Sarasuaren Eibartik blogean agertu naiz. Han aspaldian egin zuen berba honen aipamena, bera hasi eta iruzkingileek jarraitu.

Eibartik blogean bertako euskalkia, etnografia eta naturaren inguruko kontuak ekartzen dizkigu Asierrek.

Bloga irakasle eta ikasleentzako baliabide interesgarria izan daitekeela uste dut, ahozko hizkuntzaren inguruko informazioa jasotzeko gehien bat: esaerak, hiztegiak, testuak,... eta ez Eibartarrentzat soilik, mendebaldeko hizkeraz, herri-hizkeraz eta euskara biziaz oro har interesa daukan edonorentzat baino. Euskaltegietan ere Euskaltzaindiaren arauez gain, euskara hori ere interesatzen zaigu ezta?

Bestalde, Eibartik blog hau eredu ona da nire ustez blogek eduki dezaketen funtzio didaktiko-dibulgatiboa erakusteko. Ahozko hizkera modu erakargarri eta erraz baten (ikaslearentzat adibidez) ezagutarazteko kasu honetan. Baten batek bere (inguruko) hizkera zabaldu, ezagutarazi eta gaurko euskarari harekin ekarpena egin  nahi badio, hemen dauka kopiatzeko eredu ona.

08
Aza
2006

Bizkaiera.net

Bizkaieraren inguruko informazioa eta baliabideak eskaintzen dituen webgunea. Denerik apur bat: hizkuntzalaritza testuak, testu idatziak, eta lotura interesante batzuk.

 

Ikuspegi apur bat filologikoa, baina Euskal Herriko far-west honetakoontzat geure inguruko berbakeraren gainean zer edo zer behar dugunean topatzen hasteko lekua izan liteke.

Bitxia izena eta helbidearena. Bizkaiera.net izena eta www.bizkaiera.com helbidea. 

31
Urr
2006

Mendebalde Alkartea, liburu berriak

Hau ez da Internet-en aurkituko dugun materiala. Baina sarean albiste hau topatu eta Mendebalde Kultura Alkartearen webgunera jo dut xehetasun bila. Han asko ez, eta albiste horren pasartea ekarriko dut hona:

Mendebalde kultur elkarteak "Goi-maila I", "Goi-maila II" eta "Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak" liburuak aurkeztuko ditu ostiralean, Euskaltzaindiko egoitzan, Bilbon, goizeko 11,00etan hasita.
Kultur elkarteko iturriek gaur iragarri dutenez, "Goi-maila I" hizkuntza eskolako nahiz euskaltegiko goi-mailako ikaslearentzat egindakoa da. Liburu honetan, batez ere, deklinabidea, atzizkibidea, esaldi berezi batzuen itzulpena eta aditza lantzen dira. Aditzean aurrez aurre jarri dituzte bizkaiera eta batua, biak batera lantzeko eta ikasteko.
"Goi-maila II" liburua ere hizkuntza eskolako nahiz euskaltegiko goi-mailako ikaslearentzat egindakoa da, baina perpaus bakuna, mendeko perpausak, esamoldeak, hiztegia eta testak jorratzen ditu bereizki.

Azkenik, "Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak" liburuan aurkezten den gaiaren gunea irakurketa ozena ebaluatzeko irizpideak ematea da. Oraingoan, ikaslea edo esataria hartu dute gogoan eta hemen bildutako materaiala berari begira egin da.

Mendebalde partekoentzat interesgarria. Igual iparrorratzeko beste hiru lekuetakoentzat ere bai.

 

 

02
Urr
2006

Bizkaieraren fonotekea

Bizkaiko euskaldunei egindako grabazioak eta haien transkripzioak. Sartzeko arazoak ematen ditu sarritan.

Sindikatu edukia