erroreak

24
Mar
2010

Zentik

Blog baten aipamena egingo dut gaur, kazetari bik atondu eta mantentzen duten bloga: Zentik. Nagore Vegak eta Iban Izak kazetaritzan ogibide ez ezik, interes handia ere badute, eta interes horretatik elikatzen dute bloga. Merituak ere egin dituzte: Nagoreren berri duela gutxi izan genuen grebaorokorra.info webgunea antolatu zuen taldeak Interneteko Argia Saria jaso zuenean hain zuzen.

Eta zertara dator aipamena hizkuntzaren ikaskuntzaren bueltan dabilen blog honetan? Ba, bloga bisitatzen baduzue, berehala konturatuko zarete Nagore eta Iban jabetuta daudela kazetarien arduren artean estiloa eta hizkuntza ere badela, eta hainbat apunte jaso dituzte ohiko erroreen, hiztegi egokiaren eta estiloaren inguruan. Hizkuntza lantzen eta ikasten dabilen askorentzat ere baliagarriak izan daitezkeen oharrak, idatzizko azterketak lantzen dabiltzan horientzat adibidez.

Estimatzekoa beraz Nagorek eta Ibanek egindako lana eta lan hori guztion eskura jartzea.

27
Mar
2009

EHUTSI: euskara ongi erabiltzen laguntzeko aplikazioa

EHUko Euskara Errektoreordetzak hainbat hizkuntza-tresna eskaintzen ditu bere atarian. Bisita bat egitea gomendatzen dugu, Azpidazki eta EHULKU adibidez.

Atariaren ate nagusian ondo ikusten ez den bat aipatu dugu hala ere: EHUTSI.

EHUTSI "euskaraz egiten diren akatsak zuzentzeko aplikazio informatikoa" bezlaa aurkezten dute. Funtsean erroreen bilduma egin, alfabetikoki, aleatorioki edo gaika aurkeztu eta bakoitzarekin lantzeko bost pauso eskaintzen digu irakasle zein ikasleentzat. Handik kopiatuko dut:

  1.  Adibideak landuko den arazoaren berri ematen du eta, jarraian, dagokion komandoa sakatuta, arazo horren konponbidea.
  2. Adibide Gehiago atalean, aurreko adibideak erakutsi duen arazo bera landu daiteke beste esaldi batzuen bidez. Adibide horien guztien ebazpenak agertuko dira banan-banan dagokion komandoa sakatuta. Erabilitako koloreek, gainera, akatsa hobeto fokalizatzen laguntzen dute.
  3. Itzulpen Eginak atalean goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen ikus daitezke. Horrela, bada, ikasleak akatsari buruzko hausnarketa bideratu dezake: hizkuntzen arteko interferentziak eta hizkuntza-baliabideen erabilera, erabilitako estrategiak arazoa konpontzeko …
  4. Itzulpen Proposamenak atalean ikasleak goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen egin ahal ditu bere kabuz. Aurreko ariketan itzulpenak aztertzen zituen; oraingoan, berriz, berak egin behar ditu. Dagokion komandoa sakatuta Itzulpen Proposamenen Zuzenketa agertuko da. Aipatzekoa da zuzenketa hori proposamen bat dela, eta ez duela zertan izan zuzena den bakarra.
  5. Azalpenak deritzon atalean ikasleak aukera izango du landutako akatsaz informazio gehiago eskuratzeko: azalpenak eta bibliografia.

Arazoa erakutsi, pentsatzeko aukera eman, irtenbideak proposatu eta azalpena eman. Aukera interesgarria erroreez ohartarazi eta zuzenketa lanetan laguntzeko.

100 bat akats bildu dituzte dagoeneko, pentsatzekoa da gehiago ekartzen jarraituko dutela. Nolanahi ere, baliabide erabilgarria izango da askorentzat.

19
Aza
2007

Euzkal Errian Euzkaras

Patxitraperok gogoratu digu gaurko mezu honetan, Flickr-en aspaldian sortu zen Euzkal Errian Euzkaras taldea, euskara txarto idatzia, itzulia eta erabiliaren agerpenak jasotzen dituzten argazkiak batzea da asmoa, eta gaur 80 argazkitik gora dauzkagu han erabiltzaile desberdinek bidalita.

Errore hauekin barre egiten dugu lehenengo batean, euskaltegietan ere askotan egin dugu barre (eta negar) ikasleen erroreekin (ez, ala?). Gaur egun, errorea ikasprozesuaren ezinbesteko elementutzat jotzen den honetan, erroreak ezagutu eta haietaz hausnartzea bide ona da ikasteko duda barik. Umore pittin batekin bada, hobeto.


Created with Admarket's flickrSLiDR.

Hemen daukagu beraz disparaten antologia bat, grafikoa eta erreala, klaserako seguru ideia bat baino gehiago okurrituko zaizuela hauekin.

Eta gogoratu, taldea irekia da eta edonork bidali ahal ditu argazkiak. Baita ikasleak ere. Klaseko jarduera polita izan daiteke argazkiak ateratzea, bidaltzea eta komentatzea, ezta?

Sindikatu edukia