euskalkia

29
Mai
2009

Udaberri galdua

Ez da lehenengo aldia Josi Sierraren lana hona ekarri duguna. Komunikazioan ikasle nekaezina (bienke!), poliblogaria eta bideogilea gure Josi. Aspaldian eman zigun proiektu honen berri, eta lehengo maiatzaren 19an aurkeztu zuen Galdakaon, bere herrian.

Kamera eskuan, 36ko gerraren lekukoen bidez oroimen historikoa berreskuratzeko lana egin du egitasmo pertsonal honetan, ilusioz eta gogoz, ondo dakigu ezagutzen dugunok. Eta lanaren fruitua guztion eskura jarri du sarean gainera. Orduko bizipenak kontatzen dizkiguten pertsona arrunten ahozko testigantzak bideoan. Memoria historikoa berpizteko ez ezik, ahozko euskararen dokumentu ugari ere ekarri dizkigu, duda barik, euskararen ikas-irakaskuntzan interesgarri bezain baliagarri egin ditzakegunak.

Dokumentu eta informazio gehiena Udaberri galdua blogean publikatzen du Josik. Horrez gain, blip.tv zerbitzuan Udaberri galdua kanala zabaldu du bideoak kalitate onean publikatzeko. Gogoratu blip.tv-k bideoak jaisteko aukera ere ematen duela. Horrez gain, blogean elkarrizketatuko pertsonen zerrenda eta erabilitako galdetegia ere jarri dizkigu eskura.

Lan ona, eta gainera gustuz eta maitasunez eginda (ondo dakigu, jakin).  Aupa Josi eta ondo pasa igandean.

16
Api
2008

Ahotsak.com

Gaur aurkeztu da Euskal Herriko Ahotsak proiektua. Asier Sarasua hizkuntzalari eta blogariak lehengoan bidali zigun proiektuaren berri eta gonbidapena (eskerrik asko, Asier). Hemen duzue Sustatun agertu den albistea eta hemen behean ETBren bideoa.

Badihardugu euskara elkarteaeren proiektu honek EH guztiko adineko euskaldunen testuak batzea eta hedatzea du helburu. Grabazioak eta bideoak egiten dituzte, eta gero haiek katalogatu, transkribatu, sailkatu eta zabaldu.

Azken honetarako ahotsak.com webgunea sortu dute, berton ditugu materialok eskura jartzeko hain zuzen ere: testuak, entzungaiak eta bideoak. Herririk herri sailkatuta.

Horrezaz gainera, interesgarriena da hazten jarraituko duen bilduma honetan parte hartzerako ateak zabal-zabalik utzi dituztela: grabazioak bidaliz, eginez, hiztunak topatzen lagunduz edo transkripzioak eginez interesa daukan edonork lagundu ahal du (2.0 filosofia nonbait).

Ahozko hizkuntzaren erakusgarri ona daukagu beraz, eta gainera osatzen lagundu ahal dugu. Klaserako ideiarik ez dizue ematen ahotsak.com honek?

A, eta bideoak enbotatzeko aukera ere ematen du:

Hau ikusteko Macromedia Flash Player behar duzu. Doan da. Jaitsi produktu hori.

Bediako hiztun honena ekarri dugu hona adibidez.

15
Ira
2007

Galdakaotar bloga

Hekzuntza Telebistaren bidez heldu zaigu Galdakaotar blogaren berri.

Jatorrizko hiztunen ahozko testuen bilduma asko egin dira Euskal Herrian, kontakizunen grabazioak eta transkripzioak gehien bat. Hizkuntzalarientzat material baliagarria izaten da ahozko corpusaren bilduma, eta neurri handi batean euskararen beraren testigantza historikoa ere bada. Hala ere, sarritan testigantzon balio linguistiko edo etnografikoari erreparatu zaie gehiago balio dokumental edo pedagogikoari baino.

Sarritan entzun dugu eskola-euskaltegietako euskara eta "benetako" euskara urrun direla bata bestetik, aste honetan berton irakurri dugu horren gaineko jardun bat erabili.com-en adibidez.

Galdakaoko proiektu honetan berrikuntza pare bat agertu direla esan daiteke. Hiztunak berba egiten duten gaiari pisua eman nahi izan zaio batetik (36ko gerra hain zuzen), eta herri hizkeraren transkripzio zehatzen ordez (azpitituluetan edo testu idatzian), berbaldunak kontatzen dutenaren laburpentxoa ematen dute azpitituluetan. Honela, arreta esanahira ekartzeko ahalegina egiten da, hizkeraren azterketa linguistiko hutsetik harago.

Euskara ikasten dabilen jende asko bertoko euskara bizirik (ahulago edo sendoago) daukan herri edo eskualde batean bizi da, eta berton ikasi gehienetan. Hala ere, ikasten duten hizkuntza inguruan noraino dagoen errotuta ez dute jakiten sarri. Eta euskara daukagun baino urrunagokotzat jotzeko erraztasuna egon daiteke.

Galdakaotar blogean egiten dutena euskara inguru hurbil horretan kokatu, ezagutu eta harekin identifikazio lokala sortzeko tresna eta ideia-iturri interesgarria izan daiteke. Hona beraz, baliabide interesgarria bateko, eta norberak egiteko ideia besteko. Frogatu digutenez, egiteko eta zabaltzeko baliabide teknikoak guztion eskura daude.

Hemen daukazue ale bat, artikulu honekin lotutakoa.

30
Mar
2007

Pastoralak EITBn

Erabili.com-en bidez jakin dugu. Badakizue ETBn Zuberoako pastoralak grabatu eta urtean zehar ematen dituztela. Urtero webgunea atontzen dute pastoral horien eta euren emanaldien informazioa eskaintzeko. Telebistaz emango dituzten pastolaren testuak (Zubereraz eta batuaz), emisio orduak eta lotura interesgarriren bat ere topatuko duzue berton.

Aurtengoan gainera Zubereraren ezaugarriak eta glosarioak gehitu dituzte.

2004tik hona urtero atondu dute informazio orri berdina. Estekako orriaren behekaldean dauzkazue aurreko urteetakoak.

Folklorea, kultura eta herri-literaturaz interesatuta bazaudete abiapuntua izan daiteke berau.

10
Ots
2007

Eibartik

Karrajua hitzaren ingurukoak topatzen Asier Sarasuaren Eibartik blogean agertu naiz. Han aspaldian egin zuen berba honen aipamena, bera hasi eta iruzkingileek jarraitu.

Eibartik blogean bertako euskalkia, etnografia eta naturaren inguruko kontuak ekartzen dizkigu Asierrek.

Bloga irakasle eta ikasleentzako baliabide interesgarria izan daitekeela uste dut, ahozko hizkuntzaren inguruko informazioa jasotzeko gehien bat: esaerak, hiztegiak, testuak,... eta ez Eibartarrentzat soilik, mendebaldeko hizkeraz, herri-hizkeraz eta euskara biziaz oro har interesa daukan edonorentzat baino. Euskaltegietan ere Euskaltzaindiaren arauez gain, euskara hori ere interesatzen zaigu ezta?

Bestalde, Eibartik blog hau eredu ona da nire ustez blogek eduki dezaketen funtzio didaktiko-dibulgatiboa erakusteko. Ahozko hizkera modu erakargarri eta erraz baten (ikaslearentzat adibidez) ezagutarazteko kasu honetan. Baten batek bere (inguruko) hizkera zabaldu, ezagutarazi eta gaurko euskarari harekin ekarpena egin  nahi badio, hemen dauka kopiatzeko eredu ona.

02
Urr
2006

Bizkaieraren fonotekea

Bizkaiko euskaldunei egindako grabazioak eta haien transkripzioak. Sartzeko arazoak ematen ditu sarritan.

Sindikatu edukia