irakurgaiak

13
Eka
2008

Iragarki laburrak

Euskarazko testu erraz, arrunt eta erabilgarrien bila bagabiltza, beste aukera bat dugu aste honetatik aurrera: iragarkilaburrak.com.

Etxebizitza, autoak edo bestelakoen salerosketako iragarkiak gure paisaiaren ohiko osagai eginda daude aspaldi. Gaiak zein testuak eskoletan, behe mailetan adibidez, sarri agertu eta lantzen dira, hurbilak eta interesekoak seguruenik.

EKTk ipini du martxan iragarki laburrak euskaraz batu eta argitaratzeko zerbitzu hau. Online ditugu denak, baina hainbat hedabideren bidez ere paperatuko dira.

Beste testu-iturri interesgarri bat beraz. Eta ez hori soilik, euskaraz salerosketak egiteko bidea ere bai, maila handirik gabe irakurri eta sortu daitezkeen testuekin gainera.

Bertako Hedabideak SLren ekimen honen berri zehatzago daukazue Berrian eta Sustatun.

13
Eka
2008

Consumer aldizkaria

Kontsumoa -ismo atzikiarekin edo barik, gure bizitzaren parte da duda barik, onerako nahi txarrerako merkatuan gaude denok sartuta. Produktuak eta zerbitzuak ohiko mintzagai bihurtuta ditugu hala aspaldian, eta horren ingurukoak klaserako gai ere bihurtu ohi zaigu.

Mundu horretaz jarduteko orduan aspaldian dugu ezaguna Eroski fundazioaren Consumer aldizkaria. Bertan euskaraz zerbait topa zitekeen arren, eduki gehienak erdaraz aurkeztu izan dizkigu orain arte.

Hemendik aurrera berriz Consumer aldizkaria oso-osorik izango dugu euskaraz. Online edo paperean. Irakurgai, mintzagai eta ideia iturri interesgarria guztiok hurbil-hurbil dugun zerbaiten inguruan.

Aldizkariaren webgunean daukazue informazio gehiago.

Portzierto, noiz egingo dute euskaltegien konparatiba bat? Wink

11
Mai
2008

Irrika

EHUren eskutik sustatuta, Elhuyar Fundazioak kudeatzen ditu Irrika aldizkaria eta irrika.net webgunea. Zientzia, teknologia eta jakintza gazteei hurreratzea da ekimenaren asmoa.

Horrela bada, dibulgazio testu interesgarri eta irakurterrazen sorta zabala daukagu online, pdf-en eta paperean ere nahi badugu. Albisteak, erreportaiak, elkarrizketak, bitxikeriak... Dena elementu grafiko eta multimediez hornituta eta hizkera fresko eta naturalean idatzita.

Bistan dago, gazte euskaldunentzat ez ezik, euskara ikasleentzat ere baliabide interesgaria oso.

Informazio gehiago: Aldizkari gaztea zientzia astintzeko (Argia)

03
Abe
2007

Gu euskaldunak gara... Argentinakoak

Duela aste batzuk gaurko Euskararen Eguna dela eta Argentina eta Uruguaiko euskara ikasleek bidalitako bideo-agurra ekarri genuen.

Bideoak ez ziren bakarrik etorri, Gu euskaldunak gara... Argentinakoak blogean agertu ziren hain zuzen ere, eta blog horretan bideoez gainera testu interesgarriak plazaratzen dituzte Hegoamerikako ikasleek.

Argentina eta Uruguaiko mitoak eta kondairak, hango bizimoduaren eta izaeraren gainekoak eta abar. Interesgarriak eta euskara nahiko txukunean idatzita gehienetan.

Andu Lertxundik esan zuen modura 8. probintzia honen beste fruitu bat.

Eta adi hango ikasleei!

04
Eka
2007

Entzun

Sei (Maite) Ikteroa ideia berriarekin agertu zaigu gaur blogosferan, entzun gunea. Irakurketa ozenean eta literaturan xedea jarrita literatur testuak entzuteko eta lantzeko gunea atondu digu. 

Ikteroen blogean egin duen aurkezpen mezuan irakurketa ozenaren aldeko aldarria egin digu. Zergatik landu, zergatik sustatu eta zelan landu. Azalpen dotorea eta eztabaidatzeko gutxi daukana.

Gure partetik, ekarpen modura, gogoratu dezagun bigarren hizkuntza ikastean xede-hizkuntzan testu idatziak ahozkoaren isla izanda, lagungarri handia izaten dela irakurketa ozena entzutea eta praktikatzea irakurketa "isila" lantzeko, eta ahozko ere bai. Irakurtzen dugunari traza, erritmoa eta esanahia hartzeko, eta hizkuntza bera zein haren erregistro idatzia "ulertzeko".

Seguruenik, gehienok inoiz egin duzue irakurgaia ikasleari ozen irakurri, eta hark estimatu, ezta?

25
Ots
2007

Argia multimedia


www.argia.com

Argia aldizkaria irakasle askok irakurgai-iturri modura sarri erabili dugu klasean, goi-mailetan gehien bat. Oraingoan webguenaren berrantolaketa egin dute, eta artikulu askotan testu idatziaz gainera testuaren inguruko argazkiak, entzungaiak eta bideoak ere eskainiko dizkigute. Irakurmena lantzeko beste formatu bateko euskarriak edukitzea lagungarria da duda barik, eta gauza berriak egiteko aukera ere egongo da.

Argian berton azaltzen dute aldaketa. 

Gainera norberaren webgunean edo blogean txertatu ei daitezke bideoak. Hemen baten bat sartu nahi izan dut probatzeko baina ez dut lortu dena dela.

03
Mai
2006

Argia aldizkariaren asteko edukiak

Argia aldizkariaren edukiak sarean. Ohiko idatzizko edukiekin batera elkarrizketetan entzungaiak ere eskaintzen dira.

29
Api
2006

Aizu aldizkaria


Aizu aldizkaria. Ikasleentzako testuak, irakurtzekoak eta praktikatzekoak

Sindikatu edukia