gramatika

27
Mar
2009

EHUTSI: euskara ongi erabiltzen laguntzeko aplikazioa

EHUko Euskara Errektoreordetzak hainbat hizkuntza-tresna eskaintzen ditu bere atarian. Bisita bat egitea gomendatzen dugu, Azpidazki eta EHULKU adibidez.

Atariaren ate nagusian ondo ikusten ez den bat aipatu dugu hala ere: EHUTSI.

EHUTSI "euskaraz egiten diren akatsak zuzentzeko aplikazio informatikoa" bezlaa aurkezten dute. Funtsean erroreen bilduma egin, alfabetikoki, aleatorioki edo gaika aurkeztu eta bakoitzarekin lantzeko bost pauso eskaintzen digu irakasle zein ikasleentzat. Handik kopiatuko dut:

  1.  Adibideak landuko den arazoaren berri ematen du eta, jarraian, dagokion komandoa sakatuta, arazo horren konponbidea.
  2. Adibide Gehiago atalean, aurreko adibideak erakutsi duen arazo bera landu daiteke beste esaldi batzuen bidez. Adibide horien guztien ebazpenak agertuko dira banan-banan dagokion komandoa sakatuta. Erabilitako koloreek, gainera, akatsa hobeto fokalizatzen laguntzen dute.
  3. Itzulpen Eginak atalean goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen ikus daitezke. Horrela, bada, ikasleak akatsari buruzko hausnarketa bideratu dezake: hizkuntzen arteko interferentziak eta hizkuntza-baliabideen erabilera, erabilitako estrategiak arazoa konpontzeko …
  4. Itzulpen Proposamenak atalean ikasleak goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen egin ahal ditu bere kabuz. Aurreko ariketan itzulpenak aztertzen zituen; oraingoan, berriz, berak egin behar ditu. Dagokion komandoa sakatuta Itzulpen Proposamenen Zuzenketa agertuko da. Aipatzekoa da zuzenketa hori proposamen bat dela, eta ez duela zertan izan zuzena den bakarra.
  5. Azalpenak deritzon atalean ikasleak aukera izango du landutako akatsaz informazio gehiago eskuratzeko: azalpenak eta bibliografia.

Arazoa erakutsi, pentsatzeko aukera eman, irtenbideak proposatu eta azalpena eman. Aukera interesgarria erroreez ohartarazi eta zuzenketa lanetan laguntzeko.

100 bat akats bildu dituzte dagoeneko, pentsatzekoa da gehiago ekartzen jarraituko dutela. Nolanahi ere, baliabide erabilgarria izango da askorentzat.

27
Abe
2008

Euskaltzaindia: Iker/Jagon-tegiak

Euskaltzaindiak duela aste batzuk berrikuntzak iragarri zituen bere webgunean. Berrikuntzon artean "blogari" erreparatu genion gehienok hasiera batean, baina horrekin batera gauza gehiago etorri dira, Iker/Jagon-tegiak deritzenak hain zuzen ere.

Iker/Jagon-tegiakAtal honetan funtsean Euskaltzaindiak argitaratu eta sortutako hainbat baliabide euskarri digitalera ekarri eta eskura jarri dizkigute. Alde batetik hainbat testu ditugu pdf formatuan, eta bestetik bilaketa zerbitzu batzuk ere atondu dituzte.

Hauek dira baliabideak:

Iker-Tegia

Jagon-Tegia

Bildumak

Aldizkariak

Ikusten duzuenez, gure lanean kontsultagai eta erabilgai ditugun hainbat baliabide daude hor: hiztegiak, gramatika, arauak... Alde batera utzi barik bestelakoetan aurki ditzakegun gauza interesgarriak, egon badaude eta.

Horrezaz gainera, arau-gomendioetan, Euskera agerkarian eta abarretan bilatzeko sistema zuzena antolatu dute. Web orri honen beheko aldeko Bilatzaileak menua zabaltzean iritsi ahal zarete.

Hizkuntzaren inguruko hainbat duda argitu eta informazio baliagarria eskuratzea erosoago eta bizkorrago dugu orain beraz. Beharbada hizkuntzaren gaineko ohiko eztabaida tradizionalek grazia apur bat galduko dute derrepentean kontsulta egin ahal izanda, baina zer egingo dugu ba? Progresoa progresoa da eta.

Via Euskofilia.

12
Aza
2008

Azpidazki berritua

Klaserako baliabideak atal honetan lehenengoz errepikatuko dugu sarrera bat, Azpidazki guneari dagokiona zehazki. Izan ere, EHUren barruko atari hau EMUN, Goisolutions eta di-da kooperatibak berritu eta osatu dute eta baliabide aukera berriak gehitu dizkiote. Haiek azalduta:

  • Lehenik eta behin, kontsultak egiteko tokia dago, Argitokia hain zuzen ere. Bertan ohikoak diren zalantzak galdetu ahal dira, baina horretaz aparte lehendik egindakoak ere ikus daitezke.
  • Bigarrenik, astero-astero albiste interesgarri bat emango du argitara. Apiriletik hona batzuk batu ditugu dagoeneko.
  • Hirugarrenik, txukun eta artez idazteko arauak, gomendioak, txantiloiak, ... eskaintzen ditu webguneak.
  • Aurpegia garbitu diogu webguneari, itxura txukundu, harpidetza egiteko bideak eman. Gozatu eta, batez ere, erabili Azpidazki berria.

Honi guztiari lehengo baliabideak gehitu: idazki ereduak, esaldiak, gramatika eta arauak... Kontsultarako gune are aproposagoa dugu orain duda barik.

01
Uzt
2008

Euskara hobetzen

Delicio.us-en bitartez (mila esker Jolaus), Pausoz pauso normalizazio bidean blogera heldu gara. Getxoko Berritzeguneko Hizkuntza Normalkuntzako sailetik mantentzen da bloga, eta berton Euskara hobetzen izeneko atal batean hizkuntzaren inguruko arau eta gomendio batzuk eskaintzen dizkigute .doc formatuan.

Zuzentasun arauak, esamoldeak eta hizkuntz-gomendioen zerrenda. Interesgarria ikasten ari direnak euskarari buruz gauzak ikasi eta euskara ikasteko pilula txikietan.

Hemen daukazue zerrenda (.doc).

Read this document on Scribd: zerrenda1
28
Mai
2008

Euskara ikasteko.net

Euskara ikasteko.net izena baina www.euskaraikasteko.com helbidean galde-erantzunen jokoak eskaintzen dituen webgunea agertu da asteotan.

Euskara ikasten ari direnei laguntza ematea da Ametsa Soft-en proiektu honen asmoa, horretarako 1.500 galderaren jokoa prestatu dute. Jokoa erraza da, sartu, izena eman, kategoria bat hautatu (aditza, gramatika, ortografia, esaerak, hiztegia edo sinonimo-antonimoak), eta galderei erantzuten hasi.

Egia esanda, atariko proba baten estilokoak dira galdera gehienak, hutsunea betetzeko hiru aukeratatik zuzena aukeratu eta momentuan esaten dizu asmatu duzun ala ez, erratuz gero, "bizitza" bat galtzen duzu, horrela aurrera jarraitzen duzu bizitzak amaitu arte edo galetegia osatu artea. Galderak eta erantzunak pdf formatuan ekar daitezke ordenagailura bestalde.

Proiektuaren gidan (pdf) irakur ditzakezue beronen nondik norakoak, eskoletako umeei zein nagusiei dago zuzenduta, irakasleentzako tresna osagarri modura edo norberak bere kasa erabiltzeko.

Funtsean gramatika eta hiztegiaren inguruko edukiak ditugu nagusi. Jolas modura aurkeztuta, erakargarriago egiten dira, eta hori beti da txalotzekoa, eta erabilgarria.

Hala ere, teknologia tartean dabilela hizkuntzak ikasteko tresna hauetako askorekin sentsazio berdintsua izaten dut sarri. Ez dira hizkuntza ikastearen eta hizkuntzaren beraren ikuspegi zabalagoa eta irudimen apur bat falta?

20
Aza
2007

Esaidazu euskaraz!

es_wikibooks_org_wiki_EuskeraAspaldian ez dut eduki Alan R. King hizkuntzalariaren berri. Duela 20 urteko Atalase Maila hartatik apenas. Webgunea eduki zuen luzaro, eta han euskara eta beste hizkuntza batzuen inguruko informazioa eta ikasteko metodoak ere plazaratu zituen, hizkuntza txikiak eta minorizatuak gehien bat.

Ikteroek ekarri digute haren berri gaur atzera. Esaidazu euskaraz! ikastaroa plazaratu du Wikibooks-en.

Gaztelaniaz dago idatzita ikastaroa. Hizkuntza horretatik euskara abiatu behar dutenentzat. King-ek ikastaroaren helburuak definitzean gehienbat hau azpimarratu du:

  • Euskara bere kasa ikasi nahi duenarentzat "metodo" gutxi ei dago sarean.
  • Estilo horretako ikastaroetarako eredua finkatzen hasi nahi honekin.

Ikastaroaren diseinuan jarraibide "modernoenak" ez ditu erabili, asmo nagusia hizkuntzak ikasteko materialak eta ikastaroak guztien esku jartzea eta garatzen joatea omen du. "Metodo" erraz eta eraginkorrak.

Wikian egitean pentsatzekoa da ekarpenak eta kolaboraziorako zabalik egongo dela gainera.

Tira ba, sarean eskura daukagun ikastaro bat gehiago.

19
Aza
2007

Euzkal Errian Euzkaras

Patxitraperok gogoratu digu gaurko mezu honetan, Flickr-en aspaldian sortu zen Euzkal Errian Euzkaras taldea, euskara txarto idatzia, itzulia eta erabiliaren agerpenak jasotzen dituzten argazkiak batzea da asmoa, eta gaur 80 argazkitik gora dauzkagu han erabiltzaile desberdinek bidalita.

Errore hauekin barre egiten dugu lehenengo batean, euskaltegietan ere askotan egin dugu barre (eta negar) ikasleen erroreekin (ez, ala?). Gaur egun, errorea ikasprozesuaren ezinbesteko elementutzat jotzen den honetan, erroreak ezagutu eta haietaz hausnartzea bide ona da ikasteko duda barik. Umore pittin batekin bada, hobeto.


Created with Admarket's flickrSLiDR.

Hemen daukagu beraz disparaten antologia bat, grafikoa eta erreala, klaserako seguru ideia bat baino gehiago okurrituko zaizuela hauekin.

Eta gogoratu, taldea irekia da eta edonork bidali ahal ditu argazkiak. Baita ikasleak ere. Klaseko jarduera polita izan daiteke argazkiak ateratzea, bidaltzea eta komentatzea, ezta?

06
Ira
2007

Euskaljakintza

Aspaldian geneukan aipatuta Maite Goñi ikasleekin polito atontzen joan den blog-webgune hau. Gaur Ikteroen blogean helbide aldaketa iragarri digute (bere domeinuan ezarri da: www.euskaljakintza.com), eta horrekin batera bloga eta berton batutako baliabideen berrantolaketa.

Baliabide ugari eskaintzen diren gunea izan da beti, eta -onena- Maiteren lana sarean jarraitu dugunok seguru gaude aurrerantzean gehiago eskainiko dizkigula. Euskara ikasteko eta lantzeko apuntatzeko moduko gunea duda barik.

Sindikatu edukia