Ikasteko baliabideak

01
Aza
2006

Euskara agirien saltsa: Sareko Argiako artikulua

Sareko Argian albiste modura agertu da artikulutxo hau. Ez da ez luzea ez exhaustiboa, baina une honetan euskarazko hizkuntza-agirien inguruko informazioa eta materiala topatzen hasteko abiapuntua ona eman digute.

Azterketa, proba eta agirien zurrunbiloan argi apur bat behar dugunean, ikasleari informazioa ematearren edo norberak ikastaroak antolatzeko edo jakin behar hutsagatik behar duenerako baliagarria duda barik. Horrezaz gainera, azterketa eredu ofizialen zerrendatxo bat ere ematen digu.

Beharbada EAEtik kanpoko informazioa falta da, Nafarroa eta Iparraldeko EGArena adibidez.

31
Urr
2006

Mendebalde Alkartea, liburu berriak

Hau ez da Internet-en aurkituko dugun materiala. Baina sarean albiste hau topatu eta Mendebalde Kultura Alkartearen webgunera jo dut xehetasun bila. Han asko ez, eta albiste horren pasartea ekarriko dut hona:

Mendebalde kultur elkarteak "Goi-maila I", "Goi-maila II" eta "Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak" liburuak aurkeztuko ditu ostiralean, Euskaltzaindiko egoitzan, Bilbon, goizeko 11,00etan hasita.
Kultur elkarteko iturriek gaur iragarri dutenez, "Goi-maila I" hizkuntza eskolako nahiz euskaltegiko goi-mailako ikaslearentzat egindakoa da. Liburu honetan, batez ere, deklinabidea, atzizkibidea, esaldi berezi batzuen itzulpena eta aditza lantzen dira. Aditzean aurrez aurre jarri dituzte bizkaiera eta batua, biak batera lantzeko eta ikasteko.
"Goi-maila II" liburua ere hizkuntza eskolako nahiz euskaltegiko goi-mailako ikaslearentzat egindakoa da, baina perpaus bakuna, mendeko perpausak, esamoldeak, hiztegia eta testak jorratzen ditu bereizki.

Azkenik, "Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak" liburuan aurkezten den gaiaren gunea irakurketa ozena ebaluatzeko irizpideak ematea da. Oraingoan, ikaslea edo esataria hartu dute gogoan eta hemen bildutako materaiala berari begira egin da.

Mendebalde partekoentzat interesgarria. Igual iparrorratzeko beste hiru lekuetakoentzat ere bai.

 

 

30
Urr
2006

Euskalbar


Firefox
-entzako gehigarri honek nabigatzailea irekitzearekin batera 8 hiztegi kontsultatzeko aukera ematen digu. Ikasle eta irakale hiztegizaleentzat aproposa eta erosoa. Ez da berez internet-en dagoen webgunea, norberaren nabigatzailean instalatzeko plugin-a baino, Firefox-en jakina! Explorer eta besteetan ez da ibiliko eta. Aukera ona nabigatzaile hau probatzeko eta erabiltzeko.

Hiztegi partida ona eskaintzen du. Hiztegi klasikoak lehenengo: 3000, Elhuyar, Hiztegi Batua,.. Harluxet entziklopedia hiztegitik gorako bilaketetarako, eta bilaketa berezietarako Mokoroaren lanetan eta Itzul posta zerrendan kontsultatzeko aukera ere ematen du. Opentrad itzulpen automatikoko zerbitzua ere erabiltzeko aukera ematen digu. 

Morris hiztegia gehituko nuke aukeran. Sarean endredatzen gabiltzanoi mesede bat baino gehiago egingo liguke. Aukera askoz gehiago ere badaude: Euskal wikipedia, Euskaltzaindiaren Corpusa,...  Egin dutenek seguruenera hauek eta gehiago eduki dituzte pentsatuta honez gero, eta etorriko dira. Zorionak ematea eta erabiltzea gomendatzea baino ez da geratzen.

28
Urr
2006

Euskal Mendiak


em.luberri.net


Webgune hau hona ekartzeko tentazioari ezin izan diot eutsi. Mendiari buruzko gune kolaboratiboa da ibilbideak, argazkiak, foroak, albisteak... erabiltzaileek bidaltzen dituztenak, euren komentarioekin osatuta gainera.

Ez da berez material didaktikoa, baina mendiarena euskaltegietan sarri jorratzen den gaia izaten da. Mendi askotara igotzeko azalpen testuak daude euskara eta gaztelaniaz. Mapak ere eskaintzen ditu, eta argazki onak.

Eskolaren baten erabili dutela dirudi. Dena dela, klaserako aplikazio zehatzik aurkitu ez bagenio ere, ikasle mendizaleei sikieran bisita egitea gomendatzeko modukoa da gune hau nire ustez. Den-denak euskaraz ez badaude ere, informazio eta irakurgai interesgarriak aurkituko dituzte behinik behin.

Bestalde, Karrajuak erabiltzen duen software berarekin eginda dago, Drupalekin alegia. Gune kolaboratiboak antolatzeko honen malgutasunaren eta posibilitateen adibide argia duda barik.

Zorionak egileari ideiagatik eta diseinuagatik. Karrajurako ideia pare bat eman dizkigu gainera.

25
Urr
2006

Ahozkotasuna lantzeko webquest-a

IKTeroak aurrera dabiltza baliabideak sortzen eta eskaintzen. Azkenetarikoa ahozkotasuna lantzeko prestatu duten webquest hau.

Argudio testu formala ahoz ematen entrenatzeko ataza sorta dugu. EGAko ahozko azterketa  prestatzera enfokatuta dirudi neurri handi baten. Edozelan ere, EGA ematen dutenei ideiak behintzat eman ahal dizkie.

Webquest-a IKTei buruzko ikastaro baten inguruko artikulu honetan aipatu dute. Ordiziako lagun hauek zertan ari diren ere interesgarria da ezagutzea, hau dena nondik datorren ikusteko.

24
Urr
2006

Google. images


Joxe Aranzabal konturatu da
, Google Images irudiak aurkitzeko zerbitzua hiztegi grafiko modura erabil daiteke. Ez da hiztegi zehatza izango, baina hiztegia lantzeko (klasean zein norberaren kontura) lagungarria izan daiteke. Joxek ingelesezko berba batzuen bilaketa egin du. Euskarazko asko ere argi azaltzeko moduan agertzen dira. Adibidez: Txerria, Piperra, Txirrindula, zikina, apaiza, lainoa...


Ez da sistematikoa, beti ez da nahi duguna nahi genukeen modura agertuko, interferentziak egongo dira sarri: beste hizkuntzekin, marka komertzialak, disko eta liburuen izenak,... (horrek dibertigarria egin dezake hala ere) askotan zoritxarren ez zaigu ezer agertuko.

Oinarrizko hiztegia kontsultatu, landu edo ikasteko beste baliabidetxo bat beraz. Ez da hiztegi exhaustiboa inondik ere, baina une zehatzetan erabilgarria eta entretenigarria ere izan daiteke, jolas modura baino ez bada ere.

Eguneraketa:


flickrFlickr
-ek ere hitza sartuta irudiak bilatzeko modua eskaintzen du. Jeneralean Google-ekoak baino hobeak. Hori bai, irudi eta hitz gutxiago. Hemen adibide pare bat: Arraina. Maitea

Dena dela, euskarazko hitzen irudiak aurkitu ez arren, beti dago aukera beste hizkuntza baten bilatuta irudiak hartzeko eta gure klaserako jarduerak prestatzeko erabiltzeko. Berbarako "ilarra" hitza sartuta ez dago ezer, baina "pea" (ing., thanks Morris!) edo "guisante" (gazt) sartuta argazki partida bat daukazu. Maketatzen apur bat abila izanez gero ikasleentzako fotohiztegi txulo-txuloa egin daiteke, edo blog ilustratua....(zuek jarraitu ideiak botatzen).

Adi argazkiaren litzentziari publikatzeko edo zabaltzeko asmoa badaukazu.

20
Urr
2006

Itzul posta zerrenda


eizieEIZIE
itzultzaileen, zuzentzaileen eta interpreteen elkarteak posta-zerrenda aktiboa dauka, EIZIEkideeK zalantzak, kontsultak, galderak eta proposamenak plazaratu eta eztabaidatzen dituzte berton.

Hala ere, itzulpengintza mundukoentzat ez ezik zerrenda hau euskara irakasle eta ikasleontzat ere interesgarria, lagungarria eta baliagarria izan daiteke oso, parte hartu gabe ere: hizkuntzaren gaineko zalantzak ezagutzeko eta aztertzeko, klaserako ideiak jasotzeko, hizkuntzaren gainean ikasteko edo, besterik gabe, irakurtzeko.

Zerrenda e-postaz jarraitu daiteke, horretarako harpidetu egin behar da

E-postaz harpidetu barik ere ikusteko eta jarraitzeko modua dago:

10
Urr
2006

HIZNET ikerketa lanak


HIZNET
plangintza ikastaroaren webgunean bertako ikasleek egindako lanen zerreda daukagu ikasturterik ikasturte sailkatuta.

Berez ez da klaserako baliabide garbia, baina askotan deskuidatzen dugun arloa lantzeko tresna onak izan daiteke. Pare bat interesgarriak diruditenak:

Ortiz Atienza, Josune (2003). Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazio ezari aurre eginez.

 Escandon Navarro, Aritza (2002). Helduen euskalduntze-alfabetatzea eraginkorragoa izateko proposamenak

10
Urr
2006

Marcoele aldizkaria: actividades

Marcoele gaztelaniazko didaktika aldizkaria da. Aldizkarien edukietan lau atal nagusi daude: artikuluak, erreseinak, ikasmaterialak eta jarduerak. Denak dira interesgarriak, baina klaserako bereziki "actividades" atalari erreparatu diogu.

Gaztelania lantzeko jarduera batzuk aurkezten dira ale bakoitzean, mailaka sailaktuta, asko gurera ekartzeko modukoak. Ideiak behintzat.

Hona bi ale (pdf):

MENTIRAS

¿A QUÉ ME DEDICO?  

09
Urr
2006

Kutsidazu bidez, Ixabel: 1b mailarako atazak

AEK-k bere webgunean Kutsidazu bidea, Ixabel filmearen inguruan sortutako atazak jarri ditu guztion eskura. Azalpen hau agertzen da azalean:

Ataza honetan, "Kutsidazu bidea, Ixabel" eleberriaren eta pelikularen pasarteak oinarri, euskara hobetzeko moduez eta euskararen erabilpen egokiaz mintzatuko gara. Horretarako:

a. Eleberriaren hasiera irakurriko dugu, eta, euskalki zein hitanoaren auziari erreparatzeaz gain protagonistaren ikas esperientziari buruzko iritzia emango dugu.

b. "Eskolako kideak" bideo-pasartea ikusiko dugu, ikasleek esandakoa aztertu eta berridatziko

dugu, eta euskararen erabilera egokiaz hausnarketa egingo dugu.