moodle

22
Ots
2009

EGA azterketa prestatzeko gunea

EGA azterketa online eta doan prestatzeko gunea aurkeztu da asteon. AEK, Jakintza ikastolako Euskaljakintza gunea eta EHUko Ikide taldea ibili dira egitasmoan. Informazio gehiago AEKren webgunean, Jakintza ikastolarenean, hedabideetan eta Euskaltubeko bideo honetan daukazue.

Laburtuta:

  • EGA prestatzen ari direnen eta euskara irakasleen eskura baliabideak jartzea da asmo nagusia. Ez ikastaro bat antolatzea.
  • Ikasteko eta azterketa prestatzeko ibilbidea nork bere kontura egin dezake, edo baliabideok ikastaro antolatuago batean erabiltzeko aukera ere badago.
  • Erabiltzeko gunean izena eman baino ez da egin behar.
  • Azterketako proba desberdinen arabera egin dira atalak.
  • Baliabideak gune desberdinetan daude. AEKren e-gelan eta Euskaljakintzan gehien bat.
  • Gehienak baliabide estatikoak dira, baina bada ibilbide antolatua duen ikastaroren bat. Eta aurrerantzean halako gehiago egiteko asmoa dago.
  • Gunea Moodle software librearekin atondu da, eta materialak Creative Commons litzentziapean jarri dira.
  • Testatze-fasean dago, hurrengo batean baliabideak esportatu eta beste gune batzuetan kokatzeko aukera emango da.

www.e-gela.org helbidea zabaldu da, baina hori AEKren Moodle plataforma da, EGA prestatzeko hau barruko ikastaroa da eta helbide honetan dago: http://www.egela.aek.org/course/view.php?id=9.

Bestalde, izena eman behar dela esan bada ere, une honetan bisitari gisa sartuta eskuratu daitezke baliabide gehienak.

Lehenengo begiradan akats batzuk sumatzen dira (diseinua, hizkuntza, loturaren bat...). Baina esan duten modura, garapenean jarraituko duen gunea da, eta haren baliabideekin bestelako guneak antolatzeko aukera ere badago.

Seguraski, kasu honetan produktua baino gehiago, azpimarragarriagoa da horretara ailegatzeko abiatu den prozesua, erakunde eta persona desberdinen artean denon eskura baliabideak jarri eta osatzea.

Horrez gain, atzetik azken batean filosofia bat barruntatzen da, "negozioa" materialen eta baliabideen salmentan edo kontzesio komertzialetan oinarritu beharrean, baliabide horien gaineko zerbitzuan oinarritzea. Hau da neure ustez egitasmo honen ekarpenik handiena, oraindino askori ulertzea kostatuko zaiena.

27
Aza
2008

Parla.cat

Enric Serraren Aprendre llengües blogaren bidez Parla.cat atariaren aurkezpenaren berri izan dugu.

Parla.cat katalanaren ikaskuntza sarearen eta teknologiaren bidez sustatzeko eta hedatzeko egitasmoa da . Kataluniako Hizkuntz Politikarako Zuzendaritzak, Ramon Llull Institutuak eta Consorci per a la Normalització Lingüísticak garatu dute, erakunde publikoek garatutako proiektua beraz.

Zer daukagu han? Demoa ikusita:

  • Ikastaroak. Bi modalitatetan eskaintzen dira: libreak eta tutoretzarekin. Lau mailatan: Basic, Elemental, Intermedi eta Suficiència. Bakoitzean 3 "grau", hauetariko  bakoitzak 45 orduko iraupena ggb. Ez nuke seguru-seguru esango, baina Moodle erabili dutela dirudi. Ohiko baliabideekin batera (foroak, atazak, txata...), ahozko tresnak ere erabili omen dira, baina demoan ez dut horren aipamenik ikusi.
  • Rambla Virtual. Kataluniako kultura eta hizkuntza ezagutzeko dokumentuak eta materialak ditugu hemen: idatzizko testuak, ikusentzunezkoak, musika, informazioa... eta horrez gain, jolasak eta komunikaziorako tresnak: foroak, txatak...
  • Irakasleentzako baliabideak. Klaserako jarduerak eta ibilbideak antolatzeko baliabide bilduma dugu hemen. Bi atal ditu: "Calaix d'activitats" eta "Espai Compartit". Lehenengoan Parla.cat-eko ikastaroetarko sortutako materialak eskuratu daitezke bestelako ikastaroetan erabiltzeko. Bigarrenean irakasleei aukera ematen zaie euren materialak eta ideiak zabaldu eta partekatzeko.

Denbora behar izan omen du proiektuak, eta oraindik guztiz osaturik ez dagoela dirudi. Ekimen instituzional hauekin hainbesterako ez diren mesfidantza izaten dut sarri, baina aitortu behar dut Parla.cat honetan ideia eta norabide interesgarri batzuk behintzat badaudela: ikastaro irekiak, doakoak edo merkeak (tutoretzadunak 90 euro), ikasmaterial irekiak eta partekatuak, irakasleentzako guneak, komunikaziorako eta praktikarako baliabide osagarriak...

Diseinu eta programazio tekniko txukuna baino zerbait gehiago dago behintzat, liluratu ez, baina erabilgarria eta baliagarria iruditu zait.

Kataluniara begira ibiltzeko tradizioa dugula, ez lidake batere inportako hango gauza batzuk hona ekarriko balira. Hain zuzen ere kasu honetan atariaren eredua izan daiteke guretzako baliabiderik interesgarriena. Eredu modura, edo ideia berriak garatzeko abiapuntu modura.

09
Urt
2007

Ikteroak: ortografia lantzeko ariketak

Sei Ikteroaren beste ideia bat. Bat publikatzen duen bakoitzean hemen aipatzekoa izaten da.

Hot Potatoes eta Moodle erabilita ikasleak ortografia-ariketak sortzen jarri ditu. Ideia interesgarriak, ariketak egin aurretik, norberak sortu eta gero taldeka egin. Hizkuntzaren gaineko hausnarketa sustatzeko era polita. Teknologia berrien erabilerarekin osatuta.
Hala ere, ideia modura, ordenagailurik ez badago, paperean ere egin daitekeen kontua da.

Sindikatu edukia