idazkiak

12
Aza
2008

Azpidazki berritua

Klaserako baliabideak atal honetan lehenengoz errepikatuko dugu sarrera bat, Azpidazki guneari dagokiona zehazki. Izan ere, EHUren barruko atari hau EMUN, Goisolutions eta di-da kooperatibak berritu eta osatu dute eta baliabide aukera berriak gehitu dizkiote. Haiek azalduta:

  • Lehenik eta behin, kontsultak egiteko tokia dago, Argitokia hain zuzen ere. Bertan ohikoak diren zalantzak galdetu ahal dira, baina horretaz aparte lehendik egindakoak ere ikus daitezke.
  • Bigarrenik, astero-astero albiste interesgarri bat emango du argitara. Apiriletik hona batzuk batu ditugu dagoeneko.
  • Hirugarrenik, txukun eta artez idazteko arauak, gomendioak, txantiloiak, ... eskaintzen ditu webguneak.
  • Aurpegia garbitu diogu webguneari, itxura txukundu, harpidetza egiteko bideak eman. Gozatu eta, batez ere, erabili Azpidazki berria.

Honi guztiari lehengo baliabideak gehitu: idazki ereduak, esaldiak, gramatika eta arauak... Kontsultarako gune are aproposagoa dugu orain duda barik.

15
Mai
2008

Idatzizko dokumentuak zabaltzeko zerbitzuak

Aspaldian gabiltza hemen kaparrada ematen jakintza, ezagutza eta web2.0 bizimodu estiloarekin bat konpartitu eta partekatzaren komenientziaz. Ez da erraza kultura horren izpiritua harrapatzea, are gutxiago horretarako baliabide teknikoak ezagutu eta erabili barik.

Gurean hain zuzen ere, ikasmaterialak partekatzeaz egin dugu berba behin baino sarriago. "Ikasmaterial" hitzaren definizioaren buelta guztiekin ere, klase askotako produktuak aurkituko ditugu sarri: dokumentuak, entzungaiak, bideoak, idatzizkoak, interaktiboak, irakurtzekoak, entzutekoak, ikustekoak...

Klasikoenera joanda, irakasle batek produzitzen duena, orokorrean idatzitako testuak izango dira: klaserako ariketak, atazak, sekuentziak... Askotan koadernoan eskuz zirriborratuta baino ez ditugu izango, beste askotan buruan apuntatuta. Egia esanda, gehienetan ez da edizio eta maketazioan aparteko lanik egin beharko zerbait partekatzeko, idatzi besterik ez. Baina era berean, testu prozesadoreko dokumentuetan (Msword, OpenOffice...) eta halakoetan edukiko ditugu gordeta gure kumetxoak. Zelan partekatu horiek internet-en? Tira ba, aukerarik bada.

Sinpleena blog edo wiki batean idaztea izan daiteke, baina oraindinokarren askorentzat WYSIWYG guztien laguntzarekin ere HTML kodea ez da gure abilidade edo testuekin bat etorriko. Eta gure dokumentua bere horretan ezin dugu publikatu? Bai, lagunak. Hemen aukera batzuk:

Scribd

Dokumentuen Youtube deitu zitzaion hasiera batean. Zer egiten du? Erraza. Zeure ordenagailuan daukazun dokumentu bat hartu, eta interenten dagoen-dagoenean erakusten du. Irakurtzeko eta haren barruan nabigatzeko aukerekin. MSoffice eta  OpenOffice-ko dokumentuak igo eta formato desberdinetan aurkezten dizkizu: pdf, testu hutsa, eta entzuteko moduko testu modura ere aurkezten dizu, baita jatorrizkoa jaisteko aukera eman ere. Bestalde, dokumentuak PDF hutsean ere igo ahal dituzu. Etiketatu eta sailkatu egin ahal dituzu eta, gainera, taldeak sortu ahal dituzu beste batzuekin batera zerbaiten inguruko dokumentu bildumak osatzeko.

AEKn, proba modura, ataza batzuk jarri ditugu han. Hemen daukazue adibide bat. Horrez gain talde bat sortu dugu "Atazak eta ikasmaterialak" izenekoa, materialak partekatu nahi dituzten beste batzuekin bilduma handiagoa osatzeko. Ez dugu arrakasta handirik eduki, baina.

Read this doc on Scribd: Kirol arriskutsuak 1A

Scribd, estilo honetako zerbitzuen artean ezagunena eta erabiliena da duda barik. Baina ez da bakarra. Hona hemen beste batzuk:

Edocr

Scribd-en antzera, formato desberdinetako dokumentuak igo eta erakusteko moduan ipintzen ditu. Onerako nahiz txarrerako Scribd baino sinpleagoa da. Dokumentuak sailkatzeko aukera gutxiago, baina aldi berean fitxategiak bihurtzen arinago eta fidagarriago, besteak baino arazo gutxiago bihurtzean hain zuzen ere. Neure ustez oso gomendagarria blogetan dokumentuak enbotatzeko. Hemen daukazue lehengo ataza bera.

Aurrekoak baino ikusgarriagoak diren beste bi agertu dira azkenotan. Abantailak: ikusteko modua erakargarria da oso. Kontra: dokumentuak ikusteko denbora eta potentzia gehiago behar da, astunagoak dira nonbait.

Calameo

Zerbitzu hau espektakularra da benetan. Dokumentua osorik ikusi, orriak pasatu, berton bilatu, markak egin... Oso diseinu erakargarria, baina aldi beran oso astuna nabigatzailearentzat. Maketazioa landu baduzu aukera interesgarria izan daiteke diseinu ona erakusteko. Lehengo ataza Calameon.

Isuu

Antzerakoa, beronek dokumentua igotzeko eta enbotatzeko formatu desberdinak eskaintzen ditu. Eraskusteko modua ere ikusgarria da. Hau ere komenigarria dokumentuaren diseinua landua denerako. Ataza Isuu-n.

Ez dugu orain arte apenas aipatu, baina web2.0 zerbitzu gehienen modura, hauek ere "enbotatzeko" kodea eskaintzen dute. Hau da, zeure blog edo webgunean erakusteko aukera (Youtubeko bideoak bezala). Badira hain zuzen ere webgunean erakusteko aukera soilik eskaintzen duten zerbitzuak. Pare bat

Zoho viewer

Zoho online suite-aren parte da. Dokumetua igo eta erakusteko moduan bueltatzen dizu. Epe labur baterako soilik ikusgai uzteko aukera ematen du (egun 1, hilabetea...). Helbide bat ematen dizu eta enbotatzeko kodea, baita jaisteko aukera ere. Aukera ona blog edo webgune batean erakusteko, edo besterik gabe dokumentu astunak epostaz bidali beharrean link hutsa bidaltzeko, posta zerbitzariak kargatu barik. Hemen daukazue lehengo ataza Zoho viewer-en.

Pdfmenot

Hau oraindik sinpleagoa. Interneten dauden pdf dokumentuak erakusteko egina da gehien bat. Ez badaukazu ordenagailura jaisteko gogorik, helbidea sartu eta erakutsi egingo dizu. Gainera enbotatzeko kodea ere emango dizu. Lehengo ataza pdfmenot-en

Honaino lehenengo errepasoa. Hauek guztiok dokumentuak partekatzeko eta zabaltzeko aukera onak dira, ez dute editatzeko aukerarik ematen, horretarako badaude beste zerbitzu batzuk, baina gure "obrak" erakusteko eta lankideen edo ikasleen eskura ipintzeko baliagarriak duda barik. Ahaztu barik aipatu ditugun beste aukera batzuk: eposta mezuari erantsi barik dokumentuak bidali, zerbitzariak kargatu barik blog edo webguneetan erakutsi, papera erabili gabe publikazioak zabaldu... Zeuen esku hemendik aurrerakoa. 

03
Mai
2008

Normalizazio planetarako materialak

buruntzaldea_okindegiak_900

Hizkuntzaren normalizazioan lana egiten da Euskal Herri osoan. Hainbat lagun eta erakunde ari dira han-hemenka: udalak, elkarteak, teknikariak, administrazioa, euskaltzaleak, koordinakundeak, mankomunitateak, enpresak... Arlo guztietarako daukagu zerbait: merkataritza, administrazioa, elkarteak, familia, lagunartea, enpresa, lana, aisialdia, ekonomia...

Plan horien guztien fruituak ugari dira, eta haien artean guretzako erabilgarri (erabilgarri baino gehiago ere esango nuke) hainbat material sortu izan dira: hiztegiak, idaztereduak, arlo zehatzerako hizkuntz gomendioak... Gu ere neurri handi batean normalizazio prozesuaren parte garela bateko, eta hizkuntza hurrekoarekin lotuta eta eginez hobeto ikasten dela predikatuta eta sinestuta besteko, pentsatu beharko da materialok erabilgarri ez ezik, ezinbestekoak ere baditugula.

Esan dudan modura, asko dira, topatzen ez dira errazak baina. Erakunde desberdinek atonduak, eta publikazio moduak desberdinak izanda, han eta hemen ondo bilatu behar da aurkitzeko. Interneti esker eskura-eskura dauzkagu haietariko asko baina. Bilaketa arin batean del.icio.us-en markatu ditut batzuk. Askoz gehiago daude, ondo bilatu eta nonbait batu ahal bagenitu!

Hemen zerrendatxo bat (oharra: hauetako asko pdf-ak dira):

02
Urr
2006

Azpidazki

EHUren barruko gunea. Euskaraz lan egiten eta idazten laguntzeko jarraibideak, arauak, aholkua, materialak eta ereduak.


azpidazki
 

Sindikatu edukia