historia

29
Mai
2009

Udaberri galdua

Ez da lehenengo aldia Josi Sierraren lana hona ekarri duguna. Komunikazioan ikasle nekaezina (bienke!), poliblogaria eta bideogilea gure Josi. Aspaldian eman zigun proiektu honen berri, eta lehengo maiatzaren 19an aurkeztu zuen Galdakaon, bere herrian.

Kamera eskuan, 36ko gerraren lekukoen bidez oroimen historikoa berreskuratzeko lana egin du egitasmo pertsonal honetan, ilusioz eta gogoz, ondo dakigu ezagutzen dugunok. Eta lanaren fruitua guztion eskura jarri du sarean gainera. Orduko bizipenak kontatzen dizkiguten pertsona arrunten ahozko testigantzak bideoan. Memoria historikoa berpizteko ez ezik, ahozko euskararen dokumentu ugari ere ekarri dizkigu, duda barik, euskararen ikas-irakaskuntzan interesgarri bezain baliagarri egin ditzakegunak.

Dokumentu eta informazio gehiena Udaberri galdua blogean publikatzen du Josik. Horrez gain, blip.tv zerbitzuan Udaberri galdua kanala zabaldu du bideoak kalitate onean publikatzeko. Gogoratu blip.tv-k bideoak jaisteko aukera ere ematen duela. Horrez gain, blogean elkarrizketatuko pertsonen zerrenda eta erabilitako galdetegia ere jarri dizkigu eskura.

Lan ona, eta gainera gustuz eta maitasunez eginda (ondo dakigu, jakin).  Aupa Josi eta ondo pasa igandean.

15
Ira
2007

Galdakaotar bloga

Hekzuntza Telebistaren bidez heldu zaigu Galdakaotar blogaren berri.

Jatorrizko hiztunen ahozko testuen bilduma asko egin dira Euskal Herrian, kontakizunen grabazioak eta transkripzioak gehien bat. Hizkuntzalarientzat material baliagarria izaten da ahozko corpusaren bilduma, eta neurri handi batean euskararen beraren testigantza historikoa ere bada. Hala ere, sarritan testigantzon balio linguistiko edo etnografikoari erreparatu zaie gehiago balio dokumental edo pedagogikoari baino.

Sarritan entzun dugu eskola-euskaltegietako euskara eta "benetako" euskara urrun direla bata bestetik, aste honetan berton irakurri dugu horren gaineko jardun bat erabili.com-en adibidez.

Galdakaoko proiektu honetan berrikuntza pare bat agertu direla esan daiteke. Hiztunak berba egiten duten gaiari pisua eman nahi izan zaio batetik (36ko gerra hain zuzen), eta herri hizkeraren transkripzio zehatzen ordez (azpitituluetan edo testu idatzian), berbaldunak kontatzen dutenaren laburpentxoa ematen dute azpitituluetan. Honela, arreta esanahira ekartzeko ahalegina egiten da, hizkeraren azterketa linguistiko hutsetik harago.

Euskara ikasten dabilen jende asko bertoko euskara bizirik (ahulago edo sendoago) daukan herri edo eskualde batean bizi da, eta berton ikasi gehienetan. Hala ere, ikasten duten hizkuntza inguruan noraino dagoen errotuta ez dute jakiten sarri. Eta euskara daukagun baino urrunagokotzat jotzeko erraztasuna egon daiteke.

Galdakaotar blogean egiten dutena euskara inguru hurbil horretan kokatu, ezagutu eta harekin identifikazio lokala sortzeko tresna eta ideia-iturri interesgarria izan daiteke. Hona beraz, baliabide interesgarria bateko, eta norberak egiteko ideia besteko. Frogatu digutenez, egiteko eta zabaltzeko baliabide teknikoak guztion eskura daude.

Hemen daukazue ale bat, artikulu honekin lotutakoa.

12
Api
2007

Hiru.com: Euskal Herriko historia irudietan, bideoak

Hiru.com ataria lehenagotik daukagu hemen aipatuta baliabideen iturri bezala, testuak gehien bat. Ataria hala ere, etengabe dabil baliabideak berritzen eta gehitzen, eta haien artean Euskal Herriko historiaren pasarte batzuei buruzko bideo sorta hau aurkitu dugu.

Bideook kalitatekoak dira, dena dela on-line eta tamaina batean baino ezin dira ikuse. Edonola ere material interesgarriak dira ikusentzunezko dokumentu bezala, zein eduki sozio-kulturalak lantzeko orduan.

Sindikatu edukia