EGA

22
Ots
2009

EGA azterketa prestatzeko gunea

EGA azterketa online eta doan prestatzeko gunea aurkeztu da asteon. AEK, Jakintza ikastolako Euskaljakintza gunea eta EHUko Ikide taldea ibili dira egitasmoan. Informazio gehiago AEKren webgunean, Jakintza ikastolarenean, hedabideetan eta Euskaltubeko bideo honetan daukazue.

Laburtuta:

  • EGA prestatzen ari direnen eta euskara irakasleen eskura baliabideak jartzea da asmo nagusia. Ez ikastaro bat antolatzea.
  • Ikasteko eta azterketa prestatzeko ibilbidea nork bere kontura egin dezake, edo baliabideok ikastaro antolatuago batean erabiltzeko aukera ere badago.
  • Erabiltzeko gunean izena eman baino ez da egin behar.
  • Azterketako proba desberdinen arabera egin dira atalak.
  • Baliabideak gune desberdinetan daude. AEKren e-gelan eta Euskaljakintzan gehien bat.
  • Gehienak baliabide estatikoak dira, baina bada ibilbide antolatua duen ikastaroren bat. Eta aurrerantzean halako gehiago egiteko asmoa dago.
  • Gunea Moodle software librearekin atondu da, eta materialak Creative Commons litzentziapean jarri dira.
  • Testatze-fasean dago, hurrengo batean baliabideak esportatu eta beste gune batzuetan kokatzeko aukera emango da.

www.e-gela.org helbidea zabaldu da, baina hori AEKren Moodle plataforma da, EGA prestatzeko hau barruko ikastaroa da eta helbide honetan dago: http://www.egela.aek.org/course/view.php?id=9.

Bestalde, izena eman behar dela esan bada ere, une honetan bisitari gisa sartuta eskuratu daitezke baliabide gehienak.

Lehenengo begiradan akats batzuk sumatzen dira (diseinua, hizkuntza, loturaren bat...). Baina esan duten modura, garapenean jarraituko duen gunea da, eta haren baliabideekin bestelako guneak antolatzeko aukera ere badago.

Seguraski, kasu honetan produktua baino gehiago, azpimarragarriagoa da horretara ailegatzeko abiatu den prozesua, erakunde eta persona desberdinen artean denon eskura baliabideak jarri eta osatzea.

Horrez gain, atzetik azken batean filosofia bat barruntatzen da, "negozioa" materialen eta baliabideen salmentan edo kontzesio komertzialetan oinarritu beharrean, baliabide horien gaineko zerbitzuan oinarritzea. Hau da neure ustez egitasmo honen ekarpenik handiena, oraindino askori ulertzea kostatuko zaiena.

05
Urt
2008

Atariko

Joxe Rojas beteranoa dugu internet eta teknologia kontuetan, eta euskaltegien munduarekin ere izan du harremanik. Webgune edo bloga egin zuen lehenegoetarikoa, eta duela gutxi indarrez etorri zaigu bueltan Teknopataren Txokoarekin. Gune berrira lehengo proiektuak ere ekarri ditu, eta haien artean aspaldian garatu zuen Atariko aplikazioa dugu.

Atariko EGA azterketetako atariko probak egiten entrenatzeko software-a da. Entzutezko ulermenaren proba egiteko grabazioak ere badaude. Ordenagailuara jaitsi, instalatu, ekin eta emaitzak konprobatu. Atarikoaren webgunean dauzkagu jaitsi beharreko fitxategiak:

Atarikoaren orrian bertan dauzkazue jaisteko eta erabiltzeko instrukzioak.

Windows-eko erabiltzaileentzat ohartxo bat. Joxe Makero amorratua da, eta ariketen fitxategiak .sit formatuan daude konprimituta. Windows-en fitxategi horiek deskonprimitzeko Stuffit Expander programa beharko duzue, baina kontuz, programaren azkenengo bertsioak ez ditu .sit fitxategiak deskonprimitzen, bertsio zaharrago bat beharko duzue. Nik emuleren bidez lortu dut. Dena dela baten batek fitxategiak ZIP formatuan konprimituta nahi balitu (eta Joxek baimena emango balu), nonbait jarriko ditut eskuragai.

Hirugarren mailarekin aurten jende askok ez du atariko probarik egin beharko, eta hemen aurkituko dituzuen probak zahartxoak dira eta aspaldian eguneratu barik daudela dirudi. Baina oraindik erabilgarriak izan daitezke ariketa gisara baino ez bada ere, eta gainera, egindako lanak aipamena merezi du sikieran.

Bestalde, gogoratu sarean badela EGAko atarikoak eta bestelakoak on-line egiteko aukera:

25
Urr
2006

Ahozkotasuna lantzeko webquest-a

IKTeroak aurrera dabiltza baliabideak sortzen eta eskaintzen. Azkenetarikoa ahozkotasuna lantzeko prestatu duten webquest hau.

Argudio testu formala ahoz ematen entrenatzeko ataza sorta dugu. EGAko ahozko azterketa  prestatzera enfokatuta dirudi neurri handi baten. Edozelan ere, EGA ematen dutenei ideiak behintzat eman ahal dizkie.

Webquest-a IKTei buruzko ikastaro baten inguruko artikulu honetan aipatu dute. Ordiziako lagun hauek zertan ari diren ere interesgarria da ezagutzea, hau dena nondik datorren ikusteko.

04
Urr
2006

EGA ikastaroa on-line

Euskaljakintzakoek EGA ikastaroa paratu dute on-line. Moodle plataforma erabili dute horretarako. Irekita utzi dute momentuz eta kukutxua egin daiteke barruan bisitari gisa sartuta. Ondo landuta eta interesgarria EGArekin zabiltzaten guztiontzat.

IKTeroen blogean daukazue azalpena. Lan polita dabiltza egiten, eta gainera konpartituta. Estimatzekoa da. Halako gehiago behar ditugu.

17
Mar
2006

Euskaltegia webgunea

Txelis, Leioako Mahastitxu Udal Euskaltegiko irakasleak webgune honetan baliabide piloa eta ikastaro batzuen programak jarri ditu

06
Mar
2006

Barakaldoko EGAlariak

Barakaldoko Udal Euskaltegikoen bloga. EGAren inguruko testuak, irakurgaiak eta idazlanak.

06
Mar
2006

Euskal Jakintza

Ordiziako Jakintza Ikastolako DBHO 2ko euskarako irakasle eta ikasleek paratutako baliabide bilduma oparoa eta interesgarria

Sindikatu edukia