idazmena

24
Mar
2010

Zentik

Blog baten aipamena egingo dut gaur, kazetari bik atondu eta mantentzen duten bloga: Zentik. Nagore Vegak eta Iban Izak kazetaritzan ogibide ez ezik, interes handia ere badute, eta interes horretatik elikatzen dute bloga. Merituak ere egin dituzte: Nagoreren berri duela gutxi izan genuen grebaorokorra.info webgunea antolatu zuen taldeak Interneteko Argia Saria jaso zuenean hain zuzen.

Eta zertara dator aipamena hizkuntzaren ikaskuntzaren bueltan dabilen blog honetan? Ba, bloga bisitatzen baduzue, berehala konturatuko zarete Nagore eta Iban jabetuta daudela kazetarien arduren artean estiloa eta hizkuntza ere badela, eta hainbat apunte jaso dituzte ohiko erroreen, hiztegi egokiaren eta estiloaren inguruan. Hizkuntza lantzen eta ikasten dabilen askorentzat ere baliagarriak izan daitezkeen oharrak, idatzizko azterketak lantzen dabiltzan horientzat adibidez.

Estimatzekoa beraz Nagorek eta Ibanek egindako lana eta lan hori guztion eskura jartzea.

27
Mar
2009

EHUTSI: euskara ongi erabiltzen laguntzeko aplikazioa

EHUko Euskara Errektoreordetzak hainbat hizkuntza-tresna eskaintzen ditu bere atarian. Bisita bat egitea gomendatzen dugu, Azpidazki eta EHULKU adibidez.

Atariaren ate nagusian ondo ikusten ez den bat aipatu dugu hala ere: EHUTSI.

EHUTSI "euskaraz egiten diren akatsak zuzentzeko aplikazio informatikoa" bezlaa aurkezten dute. Funtsean erroreen bilduma egin, alfabetikoki, aleatorioki edo gaika aurkeztu eta bakoitzarekin lantzeko bost pauso eskaintzen digu irakasle zein ikasleentzat. Handik kopiatuko dut:

  1.  Adibideak landuko den arazoaren berri ematen du eta, jarraian, dagokion komandoa sakatuta, arazo horren konponbidea.
  2. Adibide Gehiago atalean, aurreko adibideak erakutsi duen arazo bera landu daiteke beste esaldi batzuen bidez. Adibide horien guztien ebazpenak agertuko dira banan-banan dagokion komandoa sakatuta. Erabilitako koloreek, gainera, akatsa hobeto fokalizatzen laguntzen dute.
  3. Itzulpen Eginak atalean goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen ikus daitezke. Horrela, bada, ikasleak akatsari buruzko hausnarketa bideratu dezake: hizkuntzen arteko interferentziak eta hizkuntza-baliabideen erabilera, erabilitako estrategiak arazoa konpontzeko …
  4. Itzulpen Proposamenak atalean ikasleak goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen egin ahal ditu bere kabuz. Aurreko ariketan itzulpenak aztertzen zituen; oraingoan, berriz, berak egin behar ditu. Dagokion komandoa sakatuta Itzulpen Proposamenen Zuzenketa agertuko da. Aipatzekoa da zuzenketa hori proposamen bat dela, eta ez duela zertan izan zuzena den bakarra.
  5. Azalpenak deritzon atalean ikasleak aukera izango du landutako akatsaz informazio gehiago eskuratzeko: azalpenak eta bibliografia.

Arazoa erakutsi, pentsatzeko aukera eman, irtenbideak proposatu eta azalpena eman. Aukera interesgarria erroreez ohartarazi eta zuzenketa lanetan laguntzeko.

100 bat akats bildu dituzte dagoeneko, pentsatzekoa da gehiago ekartzen jarraituko dutela. Nolanahi ere, baliabide erabilgarria izango da askorentzat.

03
Urr
2007

Wikipedia

Iñaki Muruak bota du ideia bere blogean. Zergatik ez erabili Wikipedia euskaltegietan?

Kasu ezaguna aipatu du. Andaluziako Niebla herriko eskola batean bertako umeek idatzi zuten Nieblari buruzko sarrera, eta esperientzia hori nahikoa ezaguna egin da hezkuntzan wikiak eta Wikipediaren aplikazioaren eredu modura. Eta geurean ere halakorik ezin dugu egin?

Euskaraz ere badaukagu geure wikipedia, hainbat lagun dabiltza artikuluak idazten eta apurka-apurka osatzen. Euskarazko informazio iturri oparoena egin daiteke horrela interneten. Baina kolaborazioa behar da.

Gure ikasleen artean denetik dakien jendea daukagu. Inguruaz nahiz norberaren espezialitateaz. Ikasleek, goi mailetan gehien bat, euskaraz idazteko gaitasuna eta praktikatu beharra daukate. Benetako gauzak idaztea, publikatuko direnak eta inorentzat baliagarriak izan daitezkeenak, jokabide didaktiko interesgarria eta eragingarria izan daiteke. Kolaboratzeko arrazoi faltan ez gaude behintzat.

Iñakik polita izan daitekeela esan du, nik gehiago esango nuke, baliagarria, motibagarria eta praktikoa.

Ideia batzuk motorra berotzen hasteko:

  • Wikipediaren edo wikien inguruko atazak edo ikasmaterialak sortu, girotzeko, trebatzeko eta informatzeko.
  • Zirriborroak egiteko wikiak sortu debaldeko wiki-zerbitzuren batean (wikispaces, webpaint), ohitura hartu, idazten dena atontzeko, eta publikatu aurretik feedback-a jasotzeko.
  • Norberari interesatzen zaion informazioa bilatu, eta hutsuneak apuntatu. "Zer falta da?" "Idatziko dugu?".
  • (Euskal) Wikipediaren inguruko hitzaldiak edo aurkezpenak egin euskaltegian. Batek baino gehiagok gustura emango lukeela egingo nuke.
  • Norberaren euskaltegiaren sarrera egin.
  • Euskaltegi sarrera osatu. (Bai, hobe genuke inor endredatu baino lehen guk geuk egitea, bai).
  • ...Gehiago?
11
Ots
2007

Etiketa-lainoak


tagcrowd.com

Web2.0 honetan gehien erabiltzen direnetako bat etiketa-laino edo tag cloud izenekoak dira. Hitz batzuk agertzen dira berton, tamaina agertzen den maiztasunaren araberakoa izaten da, sarrien agertzen direnak handiago eta gutxien agertzen direnak txikiago. Halako hitz-laino edo letra-zopa osatuz.

Karraju honetan berton bloga, klaserako baliabideak eta eduki mota guztien kategoriak erakusteko erabiltzen ditugu adibidez.

Ez zaizkio jende guztiari gustatzen, baina onartu behar da estetikoki eta grafikoki indartsuak eta erakargarriak direla.

Esan dugun bezala, blog edo webgune baten gehien zertaz egiten den berba adierazteko erabiltzen dira, baina kategorien zerrenda bati ez ezik, edozein testuri aplikatu ahal zaizkio, horrela gehien erabiltzen diren berbak nabarmenago agertzen dira.

Egia esanda, orain ez zait okurritzen klaserako zehazki zertarako erabili daitezkeen, idazmenarekin lotutako kontuetarako seguru asko: zuzenketa, testuen eta lokailuen azterketa, hiztegia,... irudimen-lana zuen esku utziko dut.

Adibide modura, webgune honetan AEBetako presidentearen diskurtsoen hitz-lainoa daukazue ilustrazio eta pista gisa erabili ahal duzue. Ez dago espero ez genuen ezer, ezta?

Bestalde, sarean badira nahi duzun testua sartu eta lainoa sortzen duten zerbitzuak, bi aipatuko ditut:

Hemen daukazue Karrajuko artikulu baten lainoa:

created at TagCrowd.com

02
Urr
2006

Azpidazki

EHUren barruko gunea. Euskaraz lan egiten eta idazten laguntzeko jarraibideak, arauak, aholkua, materialak eta ereduak.


azpidazki
 

Sindikatu edukia