literatura

11
Ots
2009

Notebook: Testugintza, estilistika, literatura... izpitan

NotebookBloga aurkitu dut gaur. Ez da berria, 2008ko irailetik dabil martxan, Notebook dauka izena, eta ondoan Testugintza, estilistika, literatura... izpitan zehaztapen gisa. Egilea? Ez dakit, ez dut hari buruzko informazio askorik topatu (bide batez, egun batean hitz egin beharko da honetaz. Batzuetan gaizkile konplexua etortzen zait, ikusita blogosferan orokorrean zer joera dabilen norberari buruzko informaziorik ez emateko. Zerbait txarra egiten ari ote gara?). Testu-zuzenketan diharduela esan digu mezu batean, eta edukietan islatzen da hori.

Edukiei dagokienez (bai, hori da inportaneena, bai), etiketa laino ugaria baina oro har testugintza, literatura, idazkera, estiloa, itzulpengintza eta hizkuntzaren zuzentasuna eta egokitasunaren inguruko mezu asko eta bertan gogoeta eta aholku interesgarriak ere ugari. Garbizaletasun puntu bat sumatzen da batzuetan,  zuzentzaile-lanaren ajeak akaso? Wink. Aukera ona edonola ere horretaz apur bat pentsatzeko sikieran.

Hizkuntzaren inguruan jarduteko eta ikasteko blog gomendagarria beraz. Egiozue kuku, merezi du eta. Gainera blog bizia da, sarri eguneratzen da eta jarraitzea merezi du.

Eta berandu baina... ongi etorri blogosferara!

15
Mar
2008

Entzuteko literatura

Irusaku blogaren bidez ezagutu ditugu Pako Izagirrek abian dituen podcast proiektu pare bat. Berak eta lagun batzuek irakurrita, literatur-testuen grabazioak egin eta bildu ditu bi helbide hauetan hain zuzen ere. 

Horrez gain, Wikispaces-eko Aittu gunean dauzka bilduta grabazioetako testu batzuk.

Podcast batean egiteko ideiak batzen ibili ginen lehengoan. Hemen beste bat, ideia baino gehiago egia esanda. Bikaina edozelan ere.

Zorionak eta eskerrik asko Pakori egindako lanagatik. 

Podcast hauek norberaren webgunean edo blogean jarri daitezke gainera, honela: 

Click here to get your own player.


02
Abe
2007

Bilbo Zaharra Forum

Bilbo Zaharra euskaltegiak 2001 urtetik "Euskal kulturaren ajeak eta literatura" foroa antolatzen du Euskaltzaindiarekin hitzartuta.

Hainbat idazle eta bestelako aditu pasatu dira handik dagoeneko. Hitzaldiok grabatu eta transkribitzeko ohitura dute, eta Forumaren orrian ipini eta han dauzkagu hainbat irakurgai eta entzungai.

Hemen dauzkazue adibidez Bernardo Atxagaren hitzaldi baten transkripzioa (doc formatoan) eta entzungaia (wma), edo Toti Martinez de Lezeak euskaraz eman zuen hitzaldia: audioa (wma), transkripzioa (doc).

04
Eka
2007

Entzun

Sei (Maite) Ikteroa ideia berriarekin agertu zaigu gaur blogosferan, entzun gunea. Irakurketa ozenean eta literaturan xedea jarrita literatur testuak entzuteko eta lantzeko gunea atondu digu. 

Ikteroen blogean egin duen aurkezpen mezuan irakurketa ozenaren aldeko aldarria egin digu. Zergatik landu, zergatik sustatu eta zelan landu. Azalpen dotorea eta eztabaidatzeko gutxi daukana.

Gure partetik, ekarpen modura, gogoratu dezagun bigarren hizkuntza ikastean xede-hizkuntzan testu idatziak ahozkoaren isla izanda, lagungarri handia izaten dela irakurketa ozena entzutea eta praktikatzea irakurketa "isila" lantzeko, eta ahozko ere bai. Irakurtzen dugunari traza, erritmoa eta esanahia hartzeko, eta hizkuntza bera zein haren erregistro idatzia "ulertzeko".

Seguruenik, gehienok inoiz egin duzue irakurgaia ikasleari ozen irakurri, eta hark estimatu, ezta?

30
Mar
2007

Pastoralak EITBn

Erabili.com-en bidez jakin dugu. Badakizue ETBn Zuberoako pastoralak grabatu eta urtean zehar ematen dituztela. Urtero webgunea atontzen dute pastoral horien eta euren emanaldien informazioa eskaintzeko. Telebistaz emango dituzten pastolaren testuak (Zubereraz eta batuaz), emisio orduak eta lotura interesgarriren bat ere topatuko duzue berton.

Aurtengoan gainera Zubereraren ezaugarriak eta glosarioak gehitu dituzte.

2004tik hona urtero atondu dute informazio orri berdina. Estekako orriaren behekaldean dauzkazue aurreko urteetakoak.

Folklorea, kultura eta herri-literaturaz interesatuta bazaudete abiapuntua izan daiteke berau.

Sindikatu edukia