ariketak

27
Mar
2009

EHUTSI: euskara ongi erabiltzen laguntzeko aplikazioa

EHUko Euskara Errektoreordetzak hainbat hizkuntza-tresna eskaintzen ditu bere atarian. Bisita bat egitea gomendatzen dugu, Azpidazki eta EHULKU adibidez.

Atariaren ate nagusian ondo ikusten ez den bat aipatu dugu hala ere: EHUTSI.

EHUTSI "euskaraz egiten diren akatsak zuzentzeko aplikazio informatikoa" bezlaa aurkezten dute. Funtsean erroreen bilduma egin, alfabetikoki, aleatorioki edo gaika aurkeztu eta bakoitzarekin lantzeko bost pauso eskaintzen digu irakasle zein ikasleentzat. Handik kopiatuko dut:

  1.  Adibideak landuko den arazoaren berri ematen du eta, jarraian, dagokion komandoa sakatuta, arazo horren konponbidea.
  2. Adibide Gehiago atalean, aurreko adibideak erakutsi duen arazo bera landu daiteke beste esaldi batzuen bidez. Adibide horien guztien ebazpenak agertuko dira banan-banan dagokion komandoa sakatuta. Erabilitako koloreek, gainera, akatsa hobeto fokalizatzen laguntzen dute.
  3. Itzulpen Eginak atalean goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen ikus daitezke. Horrela, bada, ikasleak akatsari buruzko hausnarketa bideratu dezake: hizkuntzen arteko interferentziak eta hizkuntza-baliabideen erabilera, erabilitako estrategiak arazoa konpontzeko …
  4. Itzulpen Proposamenak atalean ikasleak goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen egin ahal ditu bere kabuz. Aurreko ariketan itzulpenak aztertzen zituen; oraingoan, berriz, berak egin behar ditu. Dagokion komandoa sakatuta Itzulpen Proposamenen Zuzenketa agertuko da. Aipatzekoa da zuzenketa hori proposamen bat dela, eta ez duela zertan izan zuzena den bakarra.
  5. Azalpenak deritzon atalean ikasleak aukera izango du landutako akatsaz informazio gehiago eskuratzeko: azalpenak eta bibliografia.

Arazoa erakutsi, pentsatzeko aukera eman, irtenbideak proposatu eta azalpena eman. Aukera interesgarria erroreez ohartarazi eta zuzenketa lanetan laguntzeko.

100 bat akats bildu dituzte dagoeneko, pentsatzekoa da gehiago ekartzen jarraituko dutela. Nolanahi ere, baliabide erabilgarria izango da askorentzat.

28
Mai
2008

Euskara ikasteko.net

Euskara ikasteko.net izena baina www.euskaraikasteko.com helbidean galde-erantzunen jokoak eskaintzen dituen webgunea agertu da asteotan.

Euskara ikasten ari direnei laguntza ematea da Ametsa Soft-en proiektu honen asmoa, horretarako 1.500 galderaren jokoa prestatu dute. Jokoa erraza da, sartu, izena eman, kategoria bat hautatu (aditza, gramatika, ortografia, esaerak, hiztegia edo sinonimo-antonimoak), eta galderei erantzuten hasi.

Egia esanda, atariko proba baten estilokoak dira galdera gehienak, hutsunea betetzeko hiru aukeratatik zuzena aukeratu eta momentuan esaten dizu asmatu duzun ala ez, erratuz gero, "bizitza" bat galtzen duzu, horrela aurrera jarraitzen duzu bizitzak amaitu arte edo galetegia osatu artea. Galderak eta erantzunak pdf formatuan ekar daitezke ordenagailura bestalde.

Proiektuaren gidan (pdf) irakur ditzakezue beronen nondik norakoak, eskoletako umeei zein nagusiei dago zuzenduta, irakasleentzako tresna osagarri modura edo norberak bere kasa erabiltzeko.

Funtsean gramatika eta hiztegiaren inguruko edukiak ditugu nagusi. Jolas modura aurkeztuta, erakargarriago egiten dira, eta hori beti da txalotzekoa, eta erabilgarria.

Hala ere, teknologia tartean dabilela hizkuntzak ikasteko tresna hauetako askorekin sentsazio berdintsua izaten dut sarri. Ez dira hizkuntza ikastearen eta hizkuntzaren beraren ikuspegi zabalagoa eta irudimen apur bat falta?

02
Abe
2007

Formespa

Formespa RedIRIS sarearen barruan sortutako foroa da, gaztelaniaren irakaskuntza eta didaktikaren inguruan jarduteko. Posta-zerrendan du oinarria, baina erabiltzaileen kolaboraziorako komunitatea ere eratu du. Hau da interesgarriena hain zuzen.

Kolaborazio gune honetan erabiltzaileek fitxategiak konpartitzeko eta zabaltzeko gunea daukate. EEMko maila desberdinetarako materialak eta ideak (A1-A2, B1-B2, C1-C2), azterketak, klaserako baliabideak eta didaktikari buruzko idazkiak.

Horrez gain klasean erabiltzeko entzungaiak eskaintzen dituzte, baita sarean aurkitzen diren hainbat baliabideren zerrendak ere: baliabide orokorrak, blogak eta argitalpenak.

Baliabide banku konpleto eta kolaboratiboa Formespa hau. Gaztelaniaren irakaskuntzari begira egina, baina seguru geuretzat gauza baliagarri asko daudela.

25
Aza
2007

ELT Notebook

Hemengo blogerako mezu batean deskubritu dugu An ELT Notebook bloga, eta benetan interesgarria da. Sue Swift irakasle eta materialgilea da egilea, eta hainbat hausnarketarekin batera klaserako ideiak eta materialak ere proposatu ohi dizkigu.

ELT edo ingelesaren irakaskuntza duda barik hizkuntzen irakaskuntzaren munduan multzo indartsu eta handiena da: ikerketak, materialak, ideiak, garapena... eta blogak ere badira. Lastima gure ingelesa ez dela izaten WST irakurtzeko modukoa, bestela...

Sue Swift-en ale bi:

Suek beste blog interesgarri bat ere badauka: Languages Languages ...

09
Urr
2007

ESLvideo


Anibal de la Torreren
blogetik ESLvideo zerbitzuaren berri jaso dugu. Sarean blogetan, web orrietan eta halakoetan 2.0 tresnak erabiltzea gustatzen bazaizue, hau erabilgarri suertatuko zaizue seguruenik.

Sarean zerbitzu ezagunetan bideo interesgarriren bat ikusten baduzue zerbitzu erabilienetan (youtube, google video, daily motion... Euskaltuberekin probatu dut baina ez dut lortu ibiltzea), ESLk aukera ematen dizue bideoari galdetegiak, transkripzioa edo bestelako oharrak gehitzeko.

Eta esan bezala zeuen blog, orrian edo bestelako webgunean txertatzeko kodea ere ematen du.

Hemen daukazue proba bat:

Zerbitzua ingelesaren irakaskuntzari begira eginda dago nagusiki. Galdetegiak eta bideoak mailaka daude sailkatuta. Hala ere beste hizkuntzetako bideoak ere onartzen ditu (edo ez dituzte kentzen behintzat).

24
Ira
2007

Camille Fauque

Iraia Biteri irakasleak bloga zabaldu zuen aspaldian. Blog pertsonal eta "profesional" modura erabiltzen du. Esperientzia pertsonalekin batera klaseko jarduerak bideratzeko ere erabiltzen du. Honela bada, ariketa eta ataza batzuk plazaratzen ditu, eta ikasleen lanak ere bai.

Blogaren erabilera didaktikoaren adibide eta ideien iturri dugu Camille Fauque.

23
Ira
2007

Iparraldetik: ariketak eta bideoak


Iparraldeko AEK
-koek euren webgunean ariketa eta bideo sorta dauzkate eskuragai. 

Ariketak mailaka (1. urratsa baino ez oraingoz) eta gaika daude sailkatuta, eta pdf formatoan jaitsi ahal dira ordenagailura. Autoikaskuntzako ikasleentzako atazak dirudite. Hemen behean daukazue ale bat:

Bideoak Real Media formatoan daude eginda. Eurek egindakoak dira. Asko daude baina formatoak eta bideoen tamainak arazoak eman ditzake jaitsi eta ikusteko. Bideo bakoitzarekin galdera eta ariketa sortatxoa egoten da.

06
Ira
2007

Euskaljakintza

Aspaldian geneukan aipatuta Maite Goñi ikasleekin polito atontzen joan den blog-webgune hau. Gaur Ikteroen blogean helbide aldaketa iragarri digute (bere domeinuan ezarri da: www.euskaljakintza.com), eta horrekin batera bloga eta berton batutako baliabideen berrantolaketa.

Baliabide ugari eskaintzen diren gunea izan da beti, eta -onena- Maiteren lana sarean jarraitu dugunok seguru gaude aurrerantzean gehiago eskainiko dizkigula. Euskara ikasteko eta lantzeko apuntatzeko moduko gunea duda barik.

Sindikatu edukia