baliabidea

29
Mai
2009

Udaberri galdua

Ez da lehenengo aldia Josi Sierraren lana hona ekarri duguna. Komunikazioan ikasle nekaezina (bienke!), poliblogaria eta bideogilea gure Josi. Aspaldian eman zigun proiektu honen berri, eta lehengo maiatzaren 19an aurkeztu zuen Galdakaon, bere herrian.

Kamera eskuan, 36ko gerraren lekukoen bidez oroimen historikoa berreskuratzeko lana egin du egitasmo pertsonal honetan, ilusioz eta gogoz, ondo dakigu ezagutzen dugunok. Eta lanaren fruitua guztion eskura jarri du sarean gainera. Orduko bizipenak kontatzen dizkiguten pertsona arrunten ahozko testigantzak bideoan. Memoria historikoa berpizteko ez ezik, ahozko euskararen dokumentu ugari ere ekarri dizkigu, duda barik, euskararen ikas-irakaskuntzan interesgarri bezain baliagarri egin ditzakegunak.

Dokumentu eta informazio gehiena Udaberri galdua blogean publikatzen du Josik. Horrez gain, blip.tv zerbitzuan Udaberri galdua kanala zabaldu du bideoak kalitate onean publikatzeko. Gogoratu blip.tv-k bideoak jaisteko aukera ere ematen duela. Horrez gain, blogean elkarrizketatuko pertsonen zerrenda eta erabilitako galdetegia ere jarri dizkigu eskura.

Lan ona, eta gainera gustuz eta maitasunez eginda (ondo dakigu, jakin).  Aupa Josi eta ondo pasa igandean.

24
Mai
2009

Spotify: musika sarean eskura

Ez da berria, duela hilabete batzuk ipini zen abian Spotify zerbitzua. Zer den? Interneten zuzenean musika entzuteko aukera ematen duen zerbitzua. Eta katalogo zabal-zabala dago benetan, izan ere, inbentoaren atzetik musika industriako marka handiak daude. Beraz, Internet eta musika hitzekin batera agertzen diren susmoak, beldurrak eta polemiketatik libre egon beharko luke.

A, baina orduan musikari famatuen musika baino ez da egongo, gurea ezer ez. Ez pentsa, sartu eta Euskal Herriko musika ere ugari dago, hemengo disketxe batzuk ere apuntatu direla ematen du. Alegia, dena ez, baina euskarazko musika asko, eta klasiko gehienak ditugu hor, gure klaseetan erabili ohi ditugun horiek hain zuzen ere: Itoiz, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Oskorri, Su ta Gar eta abar. Bilatu baino ez da egin behar.

Eta erabiltzeko zer egin behar da?

  1. Zerbitzuaren orrira joan eta logeatu. Oraingoz gonbidapenen bidez baino ezin da sartu. Dena dela, gonbidapenak lortzea ez da zaila izaten. Dagoeneko izena emanda dagoen erabiltzaile bati eskatu, edo bestela sarean ere aurkituko duzue modua erraz asko.
  2. Programa jaitsi eta instalatu. Mac Os eta Windows-erako bertsioak baino ez daude oraingoz. Linux-en Wine programaren bidez instalatu behar da.
  3. Programa abiarazi eta hasi musika entzuten.

Aukera interesgarri batzuk ditu, musika zerrendak egin eta partekatu, kantuen link-ak bidali (baina entzuteko programa instalatuta eduki behar da). Katalogo interesgarria euskaraz ere, eta momentu batean kantu baten bila bagabiltza baliagarria izan daiteke.

Zerbitzua doan da oraingoz, publizitatea sartzen ari dira, eta gerta daiteke entzunaldi baten erdian iragarki bat entzun behar izatea, baina oraingoz ez da oso agresiboa izaten. Ordainduzko kontua hartuz gero, publizitatea kendu egiten dute. Hori bai, entzuteko Internet-era konektatuta egon behar da, eta klasean ez dugu izaten., erremedioren bat badago hala ere..

Dena dela, badira beste leku batzuk musika ezaguna entzun eta jaistea ahalbidetzen dutenak: goear, deezer, grooveshark... Eta beste bide batzuk ere bai, Interneten apur bat ibili denak berehala ezagutzen dituenak eta hemen zertan aipatu ere ez daudenak, ezta?

Ausartzen/animatzen bazarete hemen dituzue euskaltegiko klasikoen link batzuk:

Egun batean euskara ikaslearen hit parade-a egin beharko dugu.

09
Mai
2009

Prezi: aurkezpenak mugarik gabe

Aspaldian ez nenbilen teknoendredatzen, eta aste honetan poguerpoin bat egin behar izan dudala, gogoratu dut aspaldian agertu zela aurkezpenak egiteko tresna bat interneten, halako diapositiba emanaldi linealak barik, pantailan panel handi batean bezala objektuak kokatu eta batetik bestera saltoak emanez eta zoom-aren bidez hurreratu eta urruntzen ditu objektuak.

Aurkezpenei dinamika, estilo eta itxura berria bezain erakargarria eta liluragarria (hasieran behintzat) ematen dizkio tresna honek. Prezi deitzen da proiektua, luzaro egon da proba-fasean, baina duela gutxi zabaldu dute zerbitzua eta orain edonork erabiltzeko moduan dago.

Zertan da?

Esan dugun bezala, zoom-arekin eta panelean batetik bestera nabigatzen egiten dira aurkezpenak, ez diapositiba bat bestearen atzetik.

Hasieran kostatzen da edizioak zelan funtzionatzen duen ulertzea, ikuslearentzat ere harrigarria eta zorabiagarria ere bai izan daiteke hasieran, baina apur bat jolastuta berehala ikasten da. Hala ere, komenigarria da lehenengo aurkezpen batzuk ikustea eta beraietan zehar nabigatzea, gero tutorialak eta laguntza ikustea (ingelesez baino ez oraingoz), eta gero probatxo batzuk egitea. Emaitzak, irudimen apur batekin oso erakargarriak izan daitezke.

Aurkezpenak erakusteko aukera desberdinak daude:

  • Internet-en bidez zuzenean erakustea. Nahikoa da aurkezpen bakoitzaren loturara joatea eta ikustea.
  • Ordenagailuan kargatuta. Behin aurkezpena amaituta, aukera ematen dizute aurkezpena eta erreproduktorea jaisteko (Windows eta Mac-erako soilik oraingoz), eta bertan sartu eta behar duzun lekura eramateko (klasera adibidez).
  • Beste orri batean enbotatuta. Trukotxo batekin erraza da. Hemen behean egin dugu adibidez.

Zer egin behar den?

  1. Prezi.com-era joan eta erregistratu. Ohi den bezala eposta helbidea eta erabiltzaile izenarekin (badakizue nickdutnik) nahikoa da.
  2. Hasi aurkezpenak egiten.

Gauza batzuk aintzat hartzeko:

  • Funtzio gutxi ditu oraingoz, behin aurkezpena hasita ezin da letra tipoa, kolorea edo itxura aldatu adibidez, baina eskaintzen dituen plantilak nahikoa txukunak dira. Era berean badirudi nabigatzailearekin eta edizioan huts teknikoren bat dagoela oraindik, ez larria baina.
  • Aurkezpena egiteko "bide" bat markatu ahal duzu eta hurrenkera horretan erakutsi, hala ere, ikusleak aukera dauka denbora guztian dena ikusteko eta zoom-arekin atzera eta aurrera ibiltzeko berak nahi duen lekutik.
  • Argazkia, bideoak eta dokumentuak ere txertatu daitezke aurkezpenetan eta haietan zehar gora, behera, atzera eta aurrera nabigatu.

Ni probatzen ibili naiz. Hizkuntza-kontuekin jolasten, burua eta irudimena asko nekatu barik (ideia nahiko klasikoa egia esanda, bistan da) beheko dibertimendu hau irten zait. Itxura indartsua, atzeko ideia euskal folklorea kasik:


Aurkezpenaren helbidea: http://prezi.com/62272

16
Api
2009

Ikusezazu.com: film eta bideoen bilduma

Euskarazko ikus-entzunezko ekoizpena sano ugaldu da duela 25 urtetik hona. Gogoan dauzkagu askok oraindino orduko urritasunak: materiala bera, eta banatzeko eta ikusteko teknologiarenak.

Hizkuntzaren ikas-irakaskuntzan ez dago dudarik multimedia produkzioa baliabide eta lagungarri estimatua dela eta zenbat eta gehiago, ugariago, eskuragarriago, eguneratuago eta biziago hobeto.

Ikusezazu.com horretan laguntzera dator hain zuzen ere. Euskarazko filme, dokumental, telesail eta edozertariko bideo-ekoizpenak batu, eta sarean ikusteko zein jaisteko eran ipini dizkigute. Ez daude denak noski, baina biltze-lana ez da gelditzen eta aurrera doaz. Gainera kolaboraziorako atea irekita daukate.

Hiru kategoria nagusitan paratu dizkigute bideoak: filmak, telesailak eta dokumentalak. Iturriak desberdinak dira: telebistatik grabatutakoak, DVDen "ripeoak"... Bideoak interneten dauden zerbitzu batzuen bidez ematen digute aukera ikusteko eta jaisteko: GoogleVideo eta gehien bat Megavideo.

Megavideo Megaupload zerbitzuaren adarra da. Azkenotan modan ipini dira deskarga zuzenetako zerbitzuak (Rapidshare, Mediafire...). Filmak, musika eta halakokak partekatzeko P2P sareei lekua kentzen ari dira azkenotan berauek. Edozelan ere fitxategi handiak partekatzeko, banatzeko eta zabaltzeko aukera onak izan daitezke.

Esan bezala, bideo bakoitza online ikusi ahal duzue, ordenagailura jaitsi (gehienak), edo zuen blog-webgunean enbotatu ere bai, hemen bezala:

Beraz, bideo euskarrian publikatutako zerbaiten bila bazabiltzate klaserako, ikasteko, praktikatzeko edo besterik gabe, gozatzeko, Ikusezazu.com-en bilatu badaezpada.

Espero dezagun honelako webguneek izaten dituzten arazo legal-legalistekin topo ez egiterik. Euskarazko edukien banaketa eta zabalkundea horrelako saltsen gainetik egotea komeni dela uste dugu askok.

27
Mar
2009

EHUTSI: euskara ongi erabiltzen laguntzeko aplikazioa

EHUko Euskara Errektoreordetzak hainbat hizkuntza-tresna eskaintzen ditu bere atarian. Bisita bat egitea gomendatzen dugu, Azpidazki eta EHULKU adibidez.

Atariaren ate nagusian ondo ikusten ez den bat aipatu dugu hala ere: EHUTSI.

EHUTSI "euskaraz egiten diren akatsak zuzentzeko aplikazio informatikoa" bezlaa aurkezten dute. Funtsean erroreen bilduma egin, alfabetikoki, aleatorioki edo gaika aurkeztu eta bakoitzarekin lantzeko bost pauso eskaintzen digu irakasle zein ikasleentzat. Handik kopiatuko dut:

  1.  Adibideak landuko den arazoaren berri ematen du eta, jarraian, dagokion komandoa sakatuta, arazo horren konponbidea.
  2. Adibide Gehiago atalean, aurreko adibideak erakutsi duen arazo bera landu daiteke beste esaldi batzuen bidez. Adibide horien guztien ebazpenak agertuko dira banan-banan dagokion komandoa sakatuta. Erabilitako koloreek, gainera, akatsa hobeto fokalizatzen laguntzen dute.
  3. Itzulpen Eginak atalean goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen ikus daitezke. Horrela, bada, ikasleak akatsari buruzko hausnarketa bideratu dezake: hizkuntzen arteko interferentziak eta hizkuntza-baliabideen erabilera, erabilitako estrategiak arazoa konpontzeko …
  4. Itzulpen Proposamenak atalean ikasleak goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen egin ahal ditu bere kabuz. Aurreko ariketan itzulpenak aztertzen zituen; oraingoan, berriz, berak egin behar ditu. Dagokion komandoa sakatuta Itzulpen Proposamenen Zuzenketa agertuko da. Aipatzekoa da zuzenketa hori proposamen bat dela, eta ez duela zertan izan zuzena den bakarra.
  5. Azalpenak deritzon atalean ikasleak aukera izango du landutako akatsaz informazio gehiago eskuratzeko: azalpenak eta bibliografia.

Arazoa erakutsi, pentsatzeko aukera eman, irtenbideak proposatu eta azalpena eman. Aukera interesgarria erroreez ohartarazi eta zuzenketa lanetan laguntzeko.

100 bat akats bildu dituzte dagoeneko, pentsatzekoa da gehiago ekartzen jarraituko dutela. Nolanahi ere, baliabide erabilgarria izango da askorentzat.

23
Ots
2009

ETBren bideoak

Irakasle lanean aspaldi hasi ginenok ondo gogoratzen dugu orduan zer zaila izaten zen klaserako ikus-entzunezko dokumentuak (entzungaiak, bideoak...) aurkitzea, eta klaseratzea (ai! orduko kaseteak, eta VHSa bazegoen, txarto ere ez).

Gaur egun berriz, sano aldatu dira gauzak, eta teknologiari esker ikus-entzunezkoak non aurkitu egoten da, teknikoki (enteratu nahi ez dutenenentzat izan ezik, noski) ere askoz errazagoa da klaseratzea. Orain lehengo arazo bietako bat baino ez da geratzen sarri: dokumentu horiekin zer egin klasean? Galdera ona, eta ona izaten jarraituko du. Mezu honetan bideoen-iturri bat aipatu baino ez dugu egingo: ETBren bideoak.

Eitb.com ataria berriztu denetik ETB1 eta ETB3ko programazioaren zati handi bat daukagu interneten bidez noiznahi ikusteko moduan. Era berean bideoak mp4 formatuan jaitsi eta hainbat erreprodukzio-gailutan erabil ditzakegu.

www.eitb.com/bideoak helbidean agertzen dira kronologikoki, berrienetik zaharrenera. Esan bezala mota guztietako bideoak dauzkagu: albisteak, telesailak, saioak... Ez daude saio guztiak, ez albiste guztiak, baina egunero 20tik gora bideo-pasarte jartzen dira ikusgai eta guretzat erabilgai.

Hobetu beharreko batzuk ere baditu atari horrek: bilaketa sistema, bideoak sailkatzeko etiketak edo atalak, bideoen RSS jarioak edo videocast-a. Bihoaz horiek guztiak Eitb.com-ekoentzako iradokizun edo eskaera modura, umiltasunez noski.

Orain arte ezagutu dugun Ikasbilen bideo biltegiaren aldean abantaila asko ditu bestalde: bideoen kopurua eta barietatea, egunerokotasuna, web-ean zuzenean ikusteko aukera, bideoak beste webguneetan enbotatzeko aukera, kalitate handiagoa jaisteko formatuan. Ez dago bideoen erabilerarako proposamen didaktikorik, baina, egia esanda, Ikasbilen ere ez normalean. Falta da, hala ere, Ikasbilekoa bezalako antolaketa sistema: maila,gaiak, bilatzailea...

Ideia ona izan liteke ikusita Ikasbilen gehien bat ETBko bideoak sareratzen dituztela, bideoak hara eraman beharrean Eitb.com-etik zuzenean estekatu edo "enbotatu" (zer da enbotatzea? Hemen behean egin dudana, hango bideo bat hemen ipini), eta Ikasbilen gehien bat baliabide hauentzako proposamen didaktikoak eskaintzea, ikasle nahi irakasleentzat. HABEn horretaz ari dira akaso, edozelan ere hor doa beste iradokizun bat.

Horrez gain beste aukera bat daukagu, bideoak enbotatuta edo estekatuta, bideo horiekin egin ahal diren edo egiten ditugun jarduerak  batzeko, proposatzeko eta lantzeko gune kolaboratiboren bat. Hor dago ideia, ikusita jeneralean kolaboraziorako deiek zelako arrakasta izaten duten, iradokizuna bota baino ez dut egingo oraingoz (pesimista izateak abantaila hori dauka, espektatibek gutxitan egiten dute huts).

Amaitzeko, labur, interneteko bideo hauek ikusteko aukera tekniko batzuk (gehiago badituzue, bota)

  1. Ikasleari interneten bertan ikusteko aukera eman. Dela norberaren ordenagailuan, euskaltegiko ordenagailuetan, edo enbotatuta; adibidez blog, webgune edo Moodle ikastaro batean. Edo helbidea epostaz bidalita (baina mesedez, ez bidali bideo-fitxategi osoak epostaz, ez, faboreeeez :(((( ).
  2. Bideoa jaitsi eta erreproduzigailu mugikorretan ikusi: iPod, mp4 erreproduktoreak, sakelako telefono batzuk, PDA, ordenagailu eramangarriak... Horiek oraindik ez dituela inork ezagutzen? Egon horretan, bai. Galdetu zeuen ikasleei, beharbada bizitzan lehenengo aldiz ikusiko dituzue horrelakoen dozena bat batuta.
  3. Fitxategia jaitsi eta pendrive, flash txartel, disko gogor eramangarri edo DVD baten bidez ohiko erreproduzigalu batera eraman telebista pantaila batean ikusteko: DVDa, Disko gogor multimedia (gogoratu gailu hauetako askok aukera izaten dutela pendrive-ak eta SD txartelak irakurtzeko)

Bideoak interneteko nabigatzailean ikusteko flash plugina instalatuta baino ez duzu eduki behar. Ez badaukazue, instalatu, edo esaiozue zuen sistemen arduradunari instalatzeko eta ez etortzeko "eske gero jendeak Youtuben pasatzen du denbora guztia" bezalako pitokeriekin.

Bestalde, DVD edo DGMetan ikusteko mp4 formatuak ez du arazo handirik ematen normalean. Emango balu, bideoak Xvid edo Divx formatu batera pasatu beharko lirateke. Ez da zaila izaten, sarean apur bat bilatuta berehala aurkituko dituzue horretarako jarraibideak eta programak. Nik pare bat gomendatuk dizkizuet: Avidemux eta HandBrake (Windows eta Linux-erako, software librea biak. Sentitzen dut, baina Mac unibertsoa ez dut ondo ezagutzen. Ez esan honi, mesedez. Ikusten? Mac OS X-erako bertsioa ere badutela konturatu ere ez.).

Esteka interesgarri batzuk:

22
Ots
2009

EGA azterketa prestatzeko gunea

EGA azterketa online eta doan prestatzeko gunea aurkeztu da asteon. AEK, Jakintza ikastolako Euskaljakintza gunea eta EHUko Ikide taldea ibili dira egitasmoan. Informazio gehiago AEKren webgunean, Jakintza ikastolarenean, hedabideetan eta Euskaltubeko bideo honetan daukazue.

Laburtuta:

  • EGA prestatzen ari direnen eta euskara irakasleen eskura baliabideak jartzea da asmo nagusia. Ez ikastaro bat antolatzea.
  • Ikasteko eta azterketa prestatzeko ibilbidea nork bere kontura egin dezake, edo baliabideok ikastaro antolatuago batean erabiltzeko aukera ere badago.
  • Erabiltzeko gunean izena eman baino ez da egin behar.
  • Azterketako proba desberdinen arabera egin dira atalak.
  • Baliabideak gune desberdinetan daude. AEKren e-gelan eta Euskaljakintzan gehien bat.
  • Gehienak baliabide estatikoak dira, baina bada ibilbide antolatua duen ikastaroren bat. Eta aurrerantzean halako gehiago egiteko asmoa dago.
  • Gunea Moodle software librearekin atondu da, eta materialak Creative Commons litzentziapean jarri dira.
  • Testatze-fasean dago, hurrengo batean baliabideak esportatu eta beste gune batzuetan kokatzeko aukera emango da.

www.e-gela.org helbidea zabaldu da, baina hori AEKren Moodle plataforma da, EGA prestatzeko hau barruko ikastaroa da eta helbide honetan dago: http://www.egela.aek.org/course/view.php?id=9.

Bestalde, izena eman behar dela esan bada ere, une honetan bisitari gisa sartuta eskuratu daitezke baliabide gehienak.

Lehenengo begiradan akats batzuk sumatzen dira (diseinua, hizkuntza, loturaren bat...). Baina esan duten modura, garapenean jarraituko duen gunea da, eta haren baliabideekin bestelako guneak antolatzeko aukera ere badago.

Seguraski, kasu honetan produktua baino gehiago, azpimarragarriagoa da horretara ailegatzeko abiatu den prozesua, erakunde eta persona desberdinen artean denon eskura baliabideak jarri eta osatzea.

Horrez gain, atzetik azken batean filosofia bat barruntatzen da, "negozioa" materialen eta baliabideen salmentan edo kontzesio komertzialetan oinarritu beharrean, baliabide horien gaineko zerbitzuan oinarritzea. Hau da neure ustez egitasmo honen ekarpenik handiena, oraindino askori ulertzea kostatuko zaiena.

11
Ots
2009

Notebook: Testugintza, estilistika, literatura... izpitan

NotebookBloga aurkitu dut gaur. Ez da berria, 2008ko irailetik dabil martxan, Notebook dauka izena, eta ondoan Testugintza, estilistika, literatura... izpitan zehaztapen gisa. Egilea? Ez dakit, ez dut hari buruzko informazio askorik topatu (bide batez, egun batean hitz egin beharko da honetaz. Batzuetan gaizkile konplexua etortzen zait, ikusita blogosferan orokorrean zer joera dabilen norberari buruzko informaziorik ez emateko. Zerbait txarra egiten ari ote gara?). Testu-zuzenketan diharduela esan digu mezu batean, eta edukietan islatzen da hori.

Edukiei dagokienez (bai, hori da inportaneena, bai), etiketa laino ugaria baina oro har testugintza, literatura, idazkera, estiloa, itzulpengintza eta hizkuntzaren zuzentasuna eta egokitasunaren inguruko mezu asko eta bertan gogoeta eta aholku interesgarriak ere ugari. Garbizaletasun puntu bat sumatzen da batzuetan,  zuzentzaile-lanaren ajeak akaso? Wink. Aukera ona edonola ere horretaz apur bat pentsatzeko sikieran.

Hizkuntzaren inguruan jarduteko eta ikasteko blog gomendagarria beraz. Egiozue kuku, merezi du eta. Gainera blog bizia da, sarri eguneratzen da eta jarraitzea merezi du.

Eta berandu baina... ongi etorri blogosferara!

Sindikatu edukia