baliabidea

13
Eka
2008

Iragarki laburrak

Euskarazko testu erraz, arrunt eta erabilgarrien bila bagabiltza, beste aukera bat dugu aste honetatik aurrera: iragarkilaburrak.com.

Etxebizitza, autoak edo bestelakoen salerosketako iragarkiak gure paisaiaren ohiko osagai eginda daude aspaldi. Gaiak zein testuak eskoletan, behe mailetan adibidez, sarri agertu eta lantzen dira, hurbilak eta interesekoak seguruenik.

EKTk ipini du martxan iragarki laburrak euskaraz batu eta argitaratzeko zerbitzu hau. Online ditugu denak, baina hainbat hedabideren bidez ere paperatuko dira.

Beste testu-iturri interesgarri bat beraz. Eta ez hori soilik, euskaraz salerosketak egiteko bidea ere bai, maila handirik gabe irakurri eta sortu daitezkeen testuekin gainera.

Bertako Hedabideak SLren ekimen honen berri zehatzago daukazue Berrian eta Sustatun.

13
Eka
2008

Consumer aldizkaria

Kontsumoa -ismo atzikiarekin edo barik, gure bizitzaren parte da duda barik, onerako nahi txarrerako merkatuan gaude denok sartuta. Produktuak eta zerbitzuak ohiko mintzagai bihurtuta ditugu hala aspaldian, eta horren ingurukoak klaserako gai ere bihurtu ohi zaigu.

Mundu horretaz jarduteko orduan aspaldian dugu ezaguna Eroski fundazioaren Consumer aldizkaria. Bertan euskaraz zerbait topa zitekeen arren, eduki gehienak erdaraz aurkeztu izan dizkigu orain arte.

Hemendik aurrera berriz Consumer aldizkaria oso-osorik izango dugu euskaraz. Online edo paperean. Irakurgai, mintzagai eta ideia iturri interesgarria guztiok hurbil-hurbil dugun zerbaiten inguruan.

Aldizkariaren webgunean daukazue informazio gehiago.

Portzierto, noiz egingo dute euskaltegien konparatiba bat? Wink

28
Mai
2008

Euskara ikasteko.net

Euskara ikasteko.net izena baina www.euskaraikasteko.com helbidean galde-erantzunen jokoak eskaintzen dituen webgunea agertu da asteotan.

Euskara ikasten ari direnei laguntza ematea da Ametsa Soft-en proiektu honen asmoa, horretarako 1.500 galderaren jokoa prestatu dute. Jokoa erraza da, sartu, izena eman, kategoria bat hautatu (aditza, gramatika, ortografia, esaerak, hiztegia edo sinonimo-antonimoak), eta galderei erantzuten hasi.

Egia esanda, atariko proba baten estilokoak dira galdera gehienak, hutsunea betetzeko hiru aukeratatik zuzena aukeratu eta momentuan esaten dizu asmatu duzun ala ez, erratuz gero, "bizitza" bat galtzen duzu, horrela aurrera jarraitzen duzu bizitzak amaitu arte edo galetegia osatu artea. Galderak eta erantzunak pdf formatuan ekar daitezke ordenagailura bestalde.

Proiektuaren gidan (pdf) irakur ditzakezue beronen nondik norakoak, eskoletako umeei zein nagusiei dago zuzenduta, irakasleentzako tresna osagarri modura edo norberak bere kasa erabiltzeko.

Funtsean gramatika eta hiztegiaren inguruko edukiak ditugu nagusi. Jolas modura aurkeztuta, erakargarriago egiten dira, eta hori beti da txalotzekoa, eta erabilgarria.

Hala ere, teknologia tartean dabilela hizkuntzak ikasteko tresna hauetako askorekin sentsazio berdintsua izaten dut sarri. Ez dira hizkuntza ikastearen eta hizkuntzaren beraren ikuspegi zabalagoa eta irudimen apur bat falta?

17
Mai
2008

Nondik nora? GPSarekin ikasi... eta erabili

Euskal Herian internet, blogosfera eta halako planetetan gabiltzan sateliteok badakigu Eibar partean alunizatzeko base inportantea daukagula. Eibar.orgeko koadrila izan da saltsa hauetako eragile handia neurri handi batean. Eta ez dira gelditzen ez. Azkena, TomTom GPS nabigatzailearen ahotsak euskaratu eta denon eskura ipini dizkigute. Okurritu, batu, egin, eta hona hemen emaitza eta instrukzioak.

Hemendik aurrera autoan, oinez edo parapentean gabiltzala Amatiño, Iban, Iturri eta gure Leire izan ditzakegu gidari, satelitetik zuzenean. Eibarreko batuan batzuk eta beste batuan besteak.

Probatzen ibili naiz neure PDAn eta ederto baten dabil. Hemen Leire bere herrira joateko instrukzioak ematen (egun batean bidean aurrera egin beharko dugu):

Zer dela eta hau euskara irakastearekin zer ikusia daukan UFO honetan?

Tira, zenbat biderrez landu duzue klasean "Jarraitu aurrera eta lehenengo kalean bira egin ezkerretara" eta halakoak, hau da, norabideak eta nora edo hara joateko jarraibideak? Ba, orain, klasean barik norberaren katxarroan lantzeko eta ikasteko aukera ere badute gure ikasleek, eta erabiltzeko.

Heldu nahi duten lekura helduko ote diren... Ez dakit, baina Eibarreko sateliteen errua ez da izango behintzat. Errorea ikasprozesuaren ezinbesteko elementua da gainera, ezta?

PD: m-learning, zer da hori?

15
Mai
2008

Euskara-gaztelania hiztegia sakelako telefonoan

Nola esaten da?... Zenbat biderrez erantzun behar diogu galdera horri egunean zehar? Eta zenbatetan bidali dugu ikaslea hiztegian kontsultatzera?

Mesedez, amatatu mobilak klasean! Hau ere azkenotan behin baino gehiagotan esatera heldu behar izan dugu, ezta? Edo esan barik, azalpena edo egiten ari garenaren erdian bi euroko politono baten doinuak zelan eteten duen desesperatu bai.

Tira ba! Denean alderdi positiboa ere badenez, Donostiako Euskara Patronatokoek sakelako kantsagarri horietan hiztegia sartzeko aukera eman digute, euskara-gaztelania hiztegia sakelakoan.

Eleka eta Bluexarek garatu dute, hiru bide daude jasotzeko:

  • SMStik 5464 zenbakira Hiztegia hitza bidalita. (0,15€ + BEZ)
  • WAPen bidez, http://www.euskaraz.net/wap helbidera joanda telefonotik.
  • Ordenagailura hemendik jaitsita. Gero USB edo beste kanal baten bidez telefonora eraman.

Eskerrak eman beharko dizkiegu Donostiako Udal Patronatokoei klasean bake apur bat ematearren baino ez bada ere, ezta? Tongue out

PD: M-learning? Zer da hori?

PD2: Segapotoa? Zer da hori?

15
Mai
2008

Idatzizko dokumentuak zabaltzeko zerbitzuak

Aspaldian gabiltza hemen kaparrada ematen jakintza, ezagutza eta web2.0 bizimodu estiloarekin bat konpartitu eta partekatzaren komenientziaz. Ez da erraza kultura horren izpiritua harrapatzea, are gutxiago horretarako baliabide teknikoak ezagutu eta erabili barik.

Gurean hain zuzen ere, ikasmaterialak partekatzeaz egin dugu berba behin baino sarriago. "Ikasmaterial" hitzaren definizioaren buelta guztiekin ere, klase askotako produktuak aurkituko ditugu sarri: dokumentuak, entzungaiak, bideoak, idatzizkoak, interaktiboak, irakurtzekoak, entzutekoak, ikustekoak...

Klasikoenera joanda, irakasle batek produzitzen duena, orokorrean idatzitako testuak izango dira: klaserako ariketak, atazak, sekuentziak... Askotan koadernoan eskuz zirriborratuta baino ez ditugu izango, beste askotan buruan apuntatuta. Egia esanda, gehienetan ez da edizio eta maketazioan aparteko lanik egin beharko zerbait partekatzeko, idatzi besterik ez. Baina era berean, testu prozesadoreko dokumentuetan (Msword, OpenOffice...) eta halakoetan edukiko ditugu gordeta gure kumetxoak. Zelan partekatu horiek internet-en? Tira ba, aukerarik bada.

Sinpleena blog edo wiki batean idaztea izan daiteke, baina oraindinokarren askorentzat WYSIWYG guztien laguntzarekin ere HTML kodea ez da gure abilidade edo testuekin bat etorriko. Eta gure dokumentua bere horretan ezin dugu publikatu? Bai, lagunak. Hemen aukera batzuk:

Scribd

Dokumentuen Youtube deitu zitzaion hasiera batean. Zer egiten du? Erraza. Zeure ordenagailuan daukazun dokumentu bat hartu, eta interenten dagoen-dagoenean erakusten du. Irakurtzeko eta haren barruan nabigatzeko aukerekin. MSoffice eta  OpenOffice-ko dokumentuak igo eta formato desberdinetan aurkezten dizkizu: pdf, testu hutsa, eta entzuteko moduko testu modura ere aurkezten dizu, baita jatorrizkoa jaisteko aukera eman ere. Bestalde, dokumentuak PDF hutsean ere igo ahal dituzu. Etiketatu eta sailkatu egin ahal dituzu eta, gainera, taldeak sortu ahal dituzu beste batzuekin batera zerbaiten inguruko dokumentu bildumak osatzeko.

AEKn, proba modura, ataza batzuk jarri ditugu han. Hemen daukazue adibide bat. Horrez gain talde bat sortu dugu "Atazak eta ikasmaterialak" izenekoa, materialak partekatu nahi dituzten beste batzuekin bilduma handiagoa osatzeko. Ez dugu arrakasta handirik eduki, baina.

Read this doc on Scribd: Kirol arriskutsuak 1A

Scribd, estilo honetako zerbitzuen artean ezagunena eta erabiliena da duda barik. Baina ez da bakarra. Hona hemen beste batzuk:

Edocr

Scribd-en antzera, formato desberdinetako dokumentuak igo eta erakusteko moduan ipintzen ditu. Onerako nahiz txarrerako Scribd baino sinpleagoa da. Dokumentuak sailkatzeko aukera gutxiago, baina aldi berean fitxategiak bihurtzen arinago eta fidagarriago, besteak baino arazo gutxiago bihurtzean hain zuzen ere. Neure ustez oso gomendagarria blogetan dokumentuak enbotatzeko. Hemen daukazue lehengo ataza bera.

Aurrekoak baino ikusgarriagoak diren beste bi agertu dira azkenotan. Abantailak: ikusteko modua erakargarria da oso. Kontra: dokumentuak ikusteko denbora eta potentzia gehiago behar da, astunagoak dira nonbait.

Calameo

Zerbitzu hau espektakularra da benetan. Dokumentua osorik ikusi, orriak pasatu, berton bilatu, markak egin... Oso diseinu erakargarria, baina aldi beran oso astuna nabigatzailearentzat. Maketazioa landu baduzu aukera interesgarria izan daiteke diseinu ona erakusteko. Lehengo ataza Calameon.

Isuu

Antzerakoa, beronek dokumentua igotzeko eta enbotatzeko formatu desberdinak eskaintzen ditu. Eraskusteko modua ere ikusgarria da. Hau ere komenigarria dokumentuaren diseinua landua denerako. Ataza Isuu-n.

Ez dugu orain arte apenas aipatu, baina web2.0 zerbitzu gehienen modura, hauek ere "enbotatzeko" kodea eskaintzen dute. Hau da, zeure blog edo webgunean erakusteko aukera (Youtubeko bideoak bezala). Badira hain zuzen ere webgunean erakusteko aukera soilik eskaintzen duten zerbitzuak. Pare bat

Zoho viewer

Zoho online suite-aren parte da. Dokumetua igo eta erakusteko moduan bueltatzen dizu. Epe labur baterako soilik ikusgai uzteko aukera ematen du (egun 1, hilabetea...). Helbide bat ematen dizu eta enbotatzeko kodea, baita jaisteko aukera ere. Aukera ona blog edo webgune batean erakusteko, edo besterik gabe dokumentu astunak epostaz bidali beharrean link hutsa bidaltzeko, posta zerbitzariak kargatu barik. Hemen daukazue lehengo ataza Zoho viewer-en.

Pdfmenot

Hau oraindik sinpleagoa. Interneten dauden pdf dokumentuak erakusteko egina da gehien bat. Ez badaukazu ordenagailura jaisteko gogorik, helbidea sartu eta erakutsi egingo dizu. Gainera enbotatzeko kodea ere emango dizu. Lehengo ataza pdfmenot-en

Honaino lehenengo errepasoa. Hauek guztiok dokumentuak partekatzeko eta zabaltzeko aukera onak dira, ez dute editatzeko aukerarik ematen, horretarako badaude beste zerbitzu batzuk, baina gure "obrak" erakusteko eta lankideen edo ikasleen eskura ipintzeko baliagarriak duda barik. Ahaztu barik aipatu ditugun beste aukera batzuk: eposta mezuari erantsi barik dokumentuak bidali, zerbitzariak kargatu barik blog edo webguneetan erakutsi, papera erabili gabe publikazioak zabaldu... Zeuen esku hemendik aurrerakoa. 

11
Mai
2008

Irrika

EHUren eskutik sustatuta, Elhuyar Fundazioak kudeatzen ditu Irrika aldizkaria eta irrika.net webgunea. Zientzia, teknologia eta jakintza gazteei hurreratzea da ekimenaren asmoa.

Horrela bada, dibulgazio testu interesgarri eta irakurterrazen sorta zabala daukagu online, pdf-en eta paperean ere nahi badugu. Albisteak, erreportaiak, elkarrizketak, bitxikeriak... Dena elementu grafiko eta multimediez hornituta eta hizkera fresko eta naturalean idatzita.

Bistan dago, gazte euskaldunentzat ez ezik, euskara ikasleentzat ere baliabide interesgaria oso.

Informazio gehiago: Aldizkari gaztea zientzia astintzeko (Argia)

03
Mai
2008

Normalizazio planetarako materialak

buruntzaldea_okindegiak_900

Hizkuntzaren normalizazioan lana egiten da Euskal Herri osoan. Hainbat lagun eta erakunde ari dira han-hemenka: udalak, elkarteak, teknikariak, administrazioa, euskaltzaleak, koordinakundeak, mankomunitateak, enpresak... Arlo guztietarako daukagu zerbait: merkataritza, administrazioa, elkarteak, familia, lagunartea, enpresa, lana, aisialdia, ekonomia...

Plan horien guztien fruituak ugari dira, eta haien artean guretzako erabilgarri (erabilgarri baino gehiago ere esango nuke) hainbat material sortu izan dira: hiztegiak, idaztereduak, arlo zehatzerako hizkuntz gomendioak... Gu ere neurri handi batean normalizazio prozesuaren parte garela bateko, eta hizkuntza hurrekoarekin lotuta eta eginez hobeto ikasten dela predikatuta eta sinestuta besteko, pentsatu beharko da materialok erabilgarri ez ezik, ezinbestekoak ere baditugula.

Esan dudan modura, asko dira, topatzen ez dira errazak baina. Erakunde desberdinek atonduak, eta publikazio moduak desberdinak izanda, han eta hemen ondo bilatu behar da aurkitzeko. Interneti esker eskura-eskura dauzkagu haietariko asko baina. Bilaketa arin batean del.icio.us-en markatu ditut batzuk. Askoz gehiago daude, ondo bilatu eta nonbait batu ahal bagenitu!

Hemen zerrendatxo bat (oharra: hauetako asko pdf-ak dira):

Sindikatu edukia