15
Ira
2007

Galdakaotar bloga

Hekzuntza Telebistaren bidez heldu zaigu Galdakaotar blogaren berri.

Jatorrizko hiztunen ahozko testuen bilduma asko egin dira Euskal Herrian, kontakizunen grabazioak eta transkripzioak gehien bat. Hizkuntzalarientzat material baliagarria izaten da ahozko corpusaren bilduma, eta neurri handi batean euskararen beraren testigantza historikoa ere bada. Hala ere, sarritan testigantzon balio linguistiko edo etnografikoari erreparatu zaie gehiago balio dokumental edo pedagogikoari baino.

Sarritan entzun dugu eskola-euskaltegietako euskara eta "benetako" euskara urrun direla bata bestetik, aste honetan berton irakurri dugu horren gaineko jardun bat erabili.com-en adibidez.

Galdakaoko proiektu honetan berrikuntza pare bat agertu direla esan daiteke. Hiztunak berba egiten duten gaiari pisua eman nahi izan zaio batetik (36ko gerra hain zuzen), eta herri hizkeraren transkripzio zehatzen ordez (azpitituluetan edo testu idatzian), berbaldunak kontatzen dutenaren laburpentxoa ematen dute azpitituluetan. Honela, arreta esanahira ekartzeko ahalegina egiten da, hizkeraren azterketa linguistiko hutsetik harago.

Euskara ikasten dabilen jende asko bertoko euskara bizirik (ahulago edo sendoago) daukan herri edo eskualde batean bizi da, eta berton ikasi gehienetan. Hala ere, ikasten duten hizkuntza inguruan noraino dagoen errotuta ez dute jakiten sarri. Eta euskara daukagun baino urrunagokotzat jotzeko erraztasuna egon daiteke.

Galdakaotar blogean egiten dutena euskara inguru hurbil horretan kokatu, ezagutu eta harekin identifikazio lokala sortzeko tresna eta ideia-iturri interesgarria izan daiteke. Hona beraz, baliabide interesgarria bateko, eta norberak egiteko ideia besteko. Frogatu digutenez, egiteko eta zabaltzeko baliabide teknikoak guztion eskura daude.

Hemen daukazue ale bat, artikulu honekin lotutakoa.

Osatu

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 16 - 10:20-(e)an bidalia.

Roberto Alkarterriren aipatzen duzun Plugin <em></em> Not Found hizkuntza eta hizkera bereizten dira, batuari "hizkuntzaren" jitea aitortuz eta euskalkiei "hizkerarena". Biak ala biak beharrezko direla dio Robertok, elkarren osagarri direlako. Kezkatuta agertzen zaigu idazlea gaur egun bien arteko nolabaiteko aurkaritza sumatzen duelako.

Ikus dezagun auzia beste ikuspuntu batetik, egin diezaiegun begiratutxoa erregistroei.

Erreferentzi Marko Europarrak, kasu, hiru erregistro mota bereizten ditu: formala, informala eta neutroa. Eta galdera da: ba al ditu batuak hiru erregistro mota horiek garatuta? Eta euskalkiek?

Ni neu behintzat kamuts aritzen naiz euskalkian erregistro formaletan aritu behar dudanean eta kamuts batuan erregistro informalean ("bixi" aritu ezinda).
Eta batuara etorrita (berau irakasten baitugu euskaltegi gehienetan) zeintzuk dira ondorioak?

Ondorioa Robertok bere artikuluan aipatzen duena da: zenbait euskaldunberrik batua ikasi ostean euskalkian trebatzeari ekin diola bere ama-hizkuntzan duen besteko konpetentzia lortzearren. Hori ote da bidea, ordea?

Euskaltegietatik irtendako ikasle asko ez da gai bere lanean erregistro informala erabiltzeko, hala badagokio ere. Pentsa ezazue ikastolan dabilen Sestaoko ume batengan: gurasoek ez dakite euskaraz (edo apurtxo bat) eta ikastolan irakasleak ( gure euskaltegian ibilitakoa berau) ederki irakasten dio baina hizkuntz-erregistro formalean edo neutroan, jakina. Nola demontre nahi dugu ikasle hau atsedenaldian erregistro informalean aritzea lagunartean? Euskalkia edo kaleko hizkuntza (nongoa?) ikasi behar al du horretarako? Jainkoarren!

Irtenbidea argia bezain zaila delakoan nago, hau da, arazoaren kontzientzia hartu eta batua bere osotasunean eraikitzeari ekin behar diogu, hiru erregistroak eskainiz, eta hizkuntzaren goitik beherako norabideari (Euskaltzaindia, literatura...) behetik gorakoa gehituz.

Betiko gurpil zoroa, ezta? Irtenbidea ere betikoa: ERABILERA. Bada garaia hizkuntzaren zaintzan (arauak...) jarritako indar zenbait (oraindik ere erretentxoren bat utzi beharko da lan hori egiten) hizkuntzaren erabileraren sustaketan jartzeko, komunikazio beharrek ekarriko baitute behetik gorako jarioa eta hizkuntza batua osatzeko (uler bedi hitz hau batuazko zein bizkaierazko ohiko adieretan) bidea.

Markoarena

Benito-(e)k 2007, Iraila 16 - 14:22-(e)an bidalia.

Markoa aipatu duzula, interesgarria iruditu zait markoak erregistroez dioen hau:

Ikaskuntzaren hasieran (esan dezagun B1 mailan), erregistro nolabait neutrala da egokiena, baldin ta ez badago horren kontrako indar handiko arrazoirik bederen. Erregistro hori erabiliko dute, ziur aski, ama-hizkuntza dutenek atzerritarrekin eta arrotzekin, eta horixe da, halaber, haiengandik espero dena.

Litekeena da erregistro formalagoak edo arruntagoak ikastea denborak aurrera egin ahala, testu-mota desberdinak irakurriz agian (eleberriak batez ere), ulermenezko gaitasun gisa hasieran. Kontu handia izan behar da erregistro formalagoak edo arruntagoak erabiltzean, horiek behar bezala ez erabiltzeak okerreko interpretazioa eta gaizki ulertzea ekar baitezake, eta baita barregarri gelditzea ere.

Hala da?

Markoa eta margolana

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 16 - 15:15-(e)an bidalia.

 Erregistro egokia ez ezagutzeak gaizki ulertzeak eta barreragarri gelditzetik haratago hiztunen deserosotasuna eta muga komunikatiboak eragin ditzake, ondorioz, euskararena bezalako hizkuntza minorizatu baten kasuan beronen ordez, erregistro horiek eskaini eta eroso eta solte arituko diren hizkuntza batera bultzatuz (erdarara, alegia).

 Erregistroen kasu honek garrantzia dauka ingelesa Finlandian ikasten duen baten kasuan baina ez da euskara/erdara(k) kasuarekin erabat alderagarria; batetik, gure hizkuntzak nire ustetan ez dituelako hiru erregistroak egoki garatuta eta bestetik, egoera diglosikoan gaudelako. Beraz, Markotik honatago begiratu behar dugu margolanak paisaia lausoa eskaintzen baitigu.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia