zuzenketa

27
Mar
2009

EHUTSI: euskara ongi erabiltzen laguntzeko aplikazioa

EHUko Euskara Errektoreordetzak hainbat hizkuntza-tresna eskaintzen ditu bere atarian. Bisita bat egitea gomendatzen dugu, Azpidazki eta EHULKU adibidez.

Atariaren ate nagusian ondo ikusten ez den bat aipatu dugu hala ere: EHUTSI.

EHUTSI "euskaraz egiten diren akatsak zuzentzeko aplikazio informatikoa" bezlaa aurkezten dute. Funtsean erroreen bilduma egin, alfabetikoki, aleatorioki edo gaika aurkeztu eta bakoitzarekin lantzeko bost pauso eskaintzen digu irakasle zein ikasleentzat. Handik kopiatuko dut:

  1.  Adibideak landuko den arazoaren berri ematen du eta, jarraian, dagokion komandoa sakatuta, arazo horren konponbidea.
  2. Adibide Gehiago atalean, aurreko adibideak erakutsi duen arazo bera landu daiteke beste esaldi batzuen bidez. Adibide horien guztien ebazpenak agertuko dira banan-banan dagokion komandoa sakatuta. Erabilitako koloreek, gainera, akatsa hobeto fokalizatzen laguntzen dute.
  3. Itzulpen Eginak atalean goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen ikus daitezke. Horrela, bada, ikasleak akatsari buruzko hausnarketa bideratu dezake: hizkuntzen arteko interferentziak eta hizkuntza-baliabideen erabilera, erabilitako estrategiak arazoa konpontzeko …
  4. Itzulpen Proposamenak atalean ikasleak goian landutako arazoari buruzko hainbat itzulpen egin ahal ditu bere kabuz. Aurreko ariketan itzulpenak aztertzen zituen; oraingoan, berriz, berak egin behar ditu. Dagokion komandoa sakatuta Itzulpen Proposamenen Zuzenketa agertuko da. Aipatzekoa da zuzenketa hori proposamen bat dela, eta ez duela zertan izan zuzena den bakarra.
  5. Azalpenak deritzon atalean ikasleak aukera izango du landutako akatsaz informazio gehiago eskuratzeko: azalpenak eta bibliografia.

Arazoa erakutsi, pentsatzeko aukera eman, irtenbideak proposatu eta azalpena eman. Aukera interesgarria erroreez ohartarazi eta zuzenketa lanetan laguntzeko.

100 bat akats bildu dituzte dagoeneko, pentsatzekoa da gehiago ekartzen jarraituko dutela. Nolanahi ere, baliabide erabilgarria izango da askorentzat.

11
Ots
2009

Notebook: Testugintza, estilistika, literatura... izpitan

NotebookBloga aurkitu dut gaur. Ez da berria, 2008ko irailetik dabil martxan, Notebook dauka izena, eta ondoan Testugintza, estilistika, literatura... izpitan zehaztapen gisa. Egilea? Ez dakit, ez dut hari buruzko informazio askorik topatu (bide batez, egun batean hitz egin beharko da honetaz. Batzuetan gaizkile konplexua etortzen zait, ikusita blogosferan orokorrean zer joera dabilen norberari buruzko informaziorik ez emateko. Zerbait txarra egiten ari ote gara?). Testu-zuzenketan diharduela esan digu mezu batean, eta edukietan islatzen da hori.

Edukiei dagokienez (bai, hori da inportaneena, bai), etiketa laino ugaria baina oro har testugintza, literatura, idazkera, estiloa, itzulpengintza eta hizkuntzaren zuzentasuna eta egokitasunaren inguruko mezu asko eta bertan gogoeta eta aholku interesgarriak ere ugari. Garbizaletasun puntu bat sumatzen da batzuetan,  zuzentzaile-lanaren ajeak akaso? Wink. Aukera ona edonola ere horretaz apur bat pentsatzeko sikieran.

Hizkuntzaren inguruan jarduteko eta ikasteko blog gomendagarria beraz. Egiozue kuku, merezi du eta. Gainera blog bizia da, sarri eguneratzen da eta jarraitzea merezi du.

Eta berandu baina... ongi etorri blogosferara!

Sindikatu edukia