baliabidea

16
Aza
2007

Sukaldean.com

David de Jorge sukaldariak eta Hasier Etxeberria idazleak Sukaldean.com webgunean errezeta bilduma oparoa zabaldu dute interneteko plazara. Hasierrek iragarri digu bere blogean hain zuzen ere.

Jakien izenekin etiketa-lainoa daukazue sukaldean.com-en alboko barran, interesatzen zaizuen jakia aukeratu eta hainbat errezetako zerrenda agertuko zaizue pantailan.

Zer dela eta Klaserakoak honetara ekarri? Afaldu barik gaude oraindino ala?

Ez ba! Sukalde errezetak oso testu interesgarriak dira hizkuntzaren irakaskuntzan, laburrak, grafikoak eta zer eginarekin oso lotuak. Irakurmena lantzeko aproposak nire ustez. Eta gainera sukaldeko hiztegia ezagutzeko onak, egunero erabiltzen diren berbak.

A! Eta irakurmenaren sibaritok Hasierren liburuak eta bloga dituzue aukeran. Auzokoak gara gainera.

On dagizuela!

17
Urr
2007

Elebila

Berria ibili da sarean han eta hemen aste honetan. Euskarazko edukien bilatzailea jarri du sarean Elekak. Elebila.

Interneten euskarazko testu eta edukietara mugatzen du bilaketa lana. Elebilaren azalpenean diotenez abantaila bi eskaintzen dizkigu: batetik, hizkuntza askotan berdin idazten diren hitz arrunten edo izen propioen bilaketan euskarazko testuetako emaitzak ematen dizkigu, Vigotsky adibidez. Bestetik (interneten askotan estimatuko genukeena), bilaketa batean hitz erroa nahiz deklinatutako formak bilatzen ditu. Adibidez, beste bilatzaileetan ez bezala, euskaltegi bilatuz gero, emaitzetan euskaltegi, euskaltegia, euskaltegiak... agertzen dira.


Proiektu honek beste adar bat eduki du, CorpEus, internet euskarazk corpus gisa erabiltzeko aukera ematen digun zerbitzua.

Kasu bietan, ez dut uste aplikazio didaktikoak aurkitzea zaila suertatuko denik. Boteprontoan:

  • Hitz edo esakune baten erabileraren laginak edo adibideak aurkitzea. Hiztegiaren edo hizkuntz formen lanketa eta kontsultarako. Elkar sartuta adibidez.
  • Bilaketa horietako emaitzak ikasleak forma baten funtzionamenduaz hausnartzeko erabili.
  • Gai baten inguruko dokumentazioa edo testuak.
  • .... (bota ba!)

Olentzerori eskatzen jarrita, ondo egongo litzateke Technorati edo Google BlogSearch-en moduko bilatzailea ere edukitzea, bilaketeetara RSS harpidetza eskaintzen duena.

Ez da gutxi egin dutena hala ere, eta atera diezaiogun etekina daukagunari.

09
Urr
2007

ESLvideo


Anibal de la Torreren
blogetik ESLvideo zerbitzuaren berri jaso dugu. Sarean blogetan, web orrietan eta halakoetan 2.0 tresnak erabiltzea gustatzen bazaizue, hau erabilgarri suertatuko zaizue seguruenik.

Sarean zerbitzu ezagunetan bideo interesgarriren bat ikusten baduzue zerbitzu erabilienetan (youtube, google video, daily motion... Euskaltuberekin probatu dut baina ez dut lortu ibiltzea), ESLk aukera ematen dizue bideoari galdetegiak, transkripzioa edo bestelako oharrak gehitzeko.

Eta esan bezala zeuen blog, orrian edo bestelako webgunean txertatzeko kodea ere ematen du.

Hemen daukazue proba bat:

Zerbitzua ingelesaren irakaskuntzari begira eginda dago nagusiki. Galdetegiak eta bideoak mailaka daude sailkatuta. Hala ere beste hizkuntzetako bideoak ere onartzen ditu (edo ez dituzte kentzen behintzat).

03
Urr
2007

Wikipedia

Iñaki Muruak bota du ideia bere blogean. Zergatik ez erabili Wikipedia euskaltegietan?

Kasu ezaguna aipatu du. Andaluziako Niebla herriko eskola batean bertako umeek idatzi zuten Nieblari buruzko sarrera, eta esperientzia hori nahikoa ezaguna egin da hezkuntzan wikiak eta Wikipediaren aplikazioaren eredu modura. Eta geurean ere halakorik ezin dugu egin?

Euskaraz ere badaukagu geure wikipedia, hainbat lagun dabiltza artikuluak idazten eta apurka-apurka osatzen. Euskarazko informazio iturri oparoena egin daiteke horrela interneten. Baina kolaborazioa behar da.

Gure ikasleen artean denetik dakien jendea daukagu. Inguruaz nahiz norberaren espezialitateaz. Ikasleek, goi mailetan gehien bat, euskaraz idazteko gaitasuna eta praktikatu beharra daukate. Benetako gauzak idaztea, publikatuko direnak eta inorentzat baliagarriak izan daitezkeenak, jokabide didaktiko interesgarria eta eragingarria izan daiteke. Kolaboratzeko arrazoi faltan ez gaude behintzat.

Iñakik polita izan daitekeela esan du, nik gehiago esango nuke, baliagarria, motibagarria eta praktikoa.

Ideia batzuk motorra berotzen hasteko:

  • Wikipediaren edo wikien inguruko atazak edo ikasmaterialak sortu, girotzeko, trebatzeko eta informatzeko.
  • Zirriborroak egiteko wikiak sortu debaldeko wiki-zerbitzuren batean (wikispaces, webpaint), ohitura hartu, idazten dena atontzeko, eta publikatu aurretik feedback-a jasotzeko.
  • Norberari interesatzen zaion informazioa bilatu, eta hutsuneak apuntatu. "Zer falta da?" "Idatziko dugu?".
  • (Euskal) Wikipediaren inguruko hitzaldiak edo aurkezpenak egin euskaltegian. Batek baino gehiagok gustura emango lukeela egingo nuke.
  • Norberaren euskaltegiaren sarrera egin.
  • Euskaltegi sarrera osatu. (Bai, hobe genuke inor endredatu baino lehen guk geuk egitea, bai).
  • ...Gehiago?
24
Ira
2007

Camille Fauque

Iraia Biteri irakasleak bloga zabaldu zuen aspaldian. Blog pertsonal eta "profesional" modura erabiltzen du. Esperientzia pertsonalekin batera klaseko jarduerak bideratzeko ere erabiltzen du. Honela bada, ariketa eta ataza batzuk plazaratzen ditu, eta ikasleen lanak ere bai.

Blogaren erabilera didaktikoaren adibide eta ideien iturri dugu Camille Fauque.

23
Ira
2007

Iparraldetik: ariketak eta bideoak


Iparraldeko AEK
-koek euren webgunean ariketa eta bideo sorta dauzkate eskuragai. 

Ariketak mailaka (1. urratsa baino ez oraingoz) eta gaika daude sailkatuta, eta pdf formatoan jaitsi ahal dira ordenagailura. Autoikaskuntzako ikasleentzako atazak dirudite. Hemen behean daukazue ale bat:

Bideoak Real Media formatoan daude eginda. Eurek egindakoak dira. Asko daude baina formatoak eta bideoen tamainak arazoak eman ditzake jaitsi eta ikusteko. Bideo bakoitzarekin galdera eta ariketa sortatxoa egoten da.

16
Ira
2007

Jolasten

Euskara klasean jolasa eta talde-dinamikaren funtzioaz jabetuta dabiltza irakasle asko. Eta haien artean jolas bila dabilenik ere izaten da. 

Jolasten blogean jolas bilduma aurkitu dezakezue, atalka banatuta.

Mezu bakoitzean jolasaren nondik norakoak, prozedura eta helburuak azaltzen dira fitxa batean.

Ez da azaltzen blogaren egilea nor den. Esteken artean Keima aisialdi zerbitzuen webgunea ikusten da.

Jolasen errepertorioa aberasteko leku ona beraz.

Ez litzateke ideia txarra jolas zaleak euren artxiboa zabaltzen hastea.

Argazkia: xapaburu

15
Ira
2007

Galdakaotar bloga

Hekzuntza Telebistaren bidez heldu zaigu Galdakaotar blogaren berri.

Jatorrizko hiztunen ahozko testuen bilduma asko egin dira Euskal Herrian, kontakizunen grabazioak eta transkripzioak gehien bat. Hizkuntzalarientzat material baliagarria izaten da ahozko corpusaren bilduma, eta neurri handi batean euskararen beraren testigantza historikoa ere bada. Hala ere, sarritan testigantzon balio linguistiko edo etnografikoari erreparatu zaie gehiago balio dokumental edo pedagogikoari baino.

Sarritan entzun dugu eskola-euskaltegietako euskara eta "benetako" euskara urrun direla bata bestetik, aste honetan berton irakurri dugu horren gaineko jardun bat erabili.com-en adibidez.

Galdakaoko proiektu honetan berrikuntza pare bat agertu direla esan daiteke. Hiztunak berba egiten duten gaiari pisua eman nahi izan zaio batetik (36ko gerra hain zuzen), eta herri hizkeraren transkripzio zehatzen ordez (azpitituluetan edo testu idatzian), berbaldunak kontatzen dutenaren laburpentxoa ematen dute azpitituluetan. Honela, arreta esanahira ekartzeko ahalegina egiten da, hizkeraren azterketa linguistiko hutsetik harago.

Euskara ikasten dabilen jende asko bertoko euskara bizirik (ahulago edo sendoago) daukan herri edo eskualde batean bizi da, eta berton ikasi gehienetan. Hala ere, ikasten duten hizkuntza inguruan noraino dagoen errotuta ez dute jakiten sarri. Eta euskara daukagun baino urrunagokotzat jotzeko erraztasuna egon daiteke.

Galdakaotar blogean egiten dutena euskara inguru hurbil horretan kokatu, ezagutu eta harekin identifikazio lokala sortzeko tresna eta ideia-iturri interesgarria izan daiteke. Hona beraz, baliabide interesgarria bateko, eta norberak egiteko ideia besteko. Frogatu digutenez, egiteko eta zabaltzeko baliabide teknikoak guztion eskura daude.

Hemen daukazue ale bat, artikulu honekin lotutakoa.

Sindikatu edukia