23
Ots
2009

ETBren bideoak

Irakasle lanean aspaldi hasi ginenok ondo gogoratzen dugu orduan zer zaila izaten zen klaserako ikus-entzunezko dokumentuak (entzungaiak, bideoak...) aurkitzea, eta klaseratzea (ai! orduko kaseteak, eta VHSa bazegoen, txarto ere ez).

Gaur egun berriz, sano aldatu dira gauzak, eta teknologiari esker ikus-entzunezkoak non aurkitu egoten da, teknikoki (enteratu nahi ez dutenenentzat izan ezik, noski) ere askoz errazagoa da klaseratzea. Orain lehengo arazo bietako bat baino ez da geratzen sarri: dokumentu horiekin zer egin klasean? Galdera ona, eta ona izaten jarraituko du. Mezu honetan bideoen-iturri bat aipatu baino ez dugu egingo: ETBren bideoak.

Eitb.com ataria berriztu denetik ETB1 eta ETB3ko programazioaren zati handi bat daukagu interneten bidez noiznahi ikusteko moduan. Era berean bideoak mp4 formatuan jaitsi eta hainbat erreprodukzio-gailutan erabil ditzakegu.

www.eitb.com/bideoak helbidean agertzen dira kronologikoki, berrienetik zaharrenera. Esan bezala mota guztietako bideoak dauzkagu: albisteak, telesailak, saioak... Ez daude saio guztiak, ez albiste guztiak, baina egunero 20tik gora bideo-pasarte jartzen dira ikusgai eta guretzat erabilgai.

Hobetu beharreko batzuk ere baditu atari horrek: bilaketa sistema, bideoak sailkatzeko etiketak edo atalak, bideoen RSS jarioak edo videocast-a. Bihoaz horiek guztiak Eitb.com-ekoentzako iradokizun edo eskaera modura, umiltasunez noski.

Orain arte ezagutu dugun Ikasbilen bideo biltegiaren aldean abantaila asko ditu bestalde: bideoen kopurua eta barietatea, egunerokotasuna, web-ean zuzenean ikusteko aukera, bideoak beste webguneetan enbotatzeko aukera, kalitate handiagoa jaisteko formatuan. Ez dago bideoen erabilerarako proposamen didaktikorik, baina, egia esanda, Ikasbilen ere ez normalean. Falta da, hala ere, Ikasbilekoa bezalako antolaketa sistema: maila,gaiak, bilatzailea...

Ideia ona izan liteke ikusita Ikasbilen gehien bat ETBko bideoak sareratzen dituztela, bideoak hara eraman beharrean Eitb.com-etik zuzenean estekatu edo "enbotatu" (zer da enbotatzea? Hemen behean egin dudana, hango bideo bat hemen ipini), eta Ikasbilen gehien bat baliabide hauentzako proposamen didaktikoak eskaintzea, ikasle nahi irakasleentzat. HABEn horretaz ari dira akaso, edozelan ere hor doa beste iradokizun bat.

Horrez gain beste aukera bat daukagu, bideoak enbotatuta edo estekatuta, bideo horiekin egin ahal diren edo egiten ditugun jarduerak  batzeko, proposatzeko eta lantzeko gune kolaboratiboren bat. Hor dago ideia, ikusita jeneralean kolaboraziorako deiek zelako arrakasta izaten duten, iradokizuna bota baino ez dut egingo oraingoz (pesimista izateak abantaila hori dauka, espektatibek gutxitan egiten dute huts).

Amaitzeko, labur, interneteko bideo hauek ikusteko aukera tekniko batzuk (gehiago badituzue, bota)

  1. Ikasleari interneten bertan ikusteko aukera eman. Dela norberaren ordenagailuan, euskaltegiko ordenagailuetan, edo enbotatuta; adibidez blog, webgune edo Moodle ikastaro batean. Edo helbidea epostaz bidalita (baina mesedez, ez bidali bideo-fitxategi osoak epostaz, ez, faboreeeez :(((( ).
  2. Bideoa jaitsi eta erreproduzigailu mugikorretan ikusi: iPod, mp4 erreproduktoreak, sakelako telefono batzuk, PDA, ordenagailu eramangarriak... Horiek oraindik ez dituela inork ezagutzen? Egon horretan, bai. Galdetu zeuen ikasleei, beharbada bizitzan lehenengo aldiz ikusiko dituzue horrelakoen dozena bat batuta.
  3. Fitxategia jaitsi eta pendrive, flash txartel, disko gogor eramangarri edo DVD baten bidez ohiko erreproduzigalu batera eraman telebista pantaila batean ikusteko: DVDa, Disko gogor multimedia (gogoratu gailu hauetako askok aukera izaten dutela pendrive-ak eta SD txartelak irakurtzeko)

Bideoak interneteko nabigatzailean ikusteko flash plugina instalatuta baino ez duzu eduki behar. Ez badaukazue, instalatu, edo esaiozue zuen sistemen arduradunari instalatzeko eta ez etortzeko "eske gero jendeak Youtuben pasatzen du denbora guztia" bezalako pitokeriekin.

Bestalde, DVD edo DGMetan ikusteko mp4 formatuak ez du arazo handirik ematen normalean. Emango balu, bideoak Xvid edo Divx formatu batera pasatu beharko lirateke. Ez da zaila izaten, sarean apur bat bilatuta berehala aurkituko dituzue horretarako jarraibideak eta programak. Nik pare bat gomendatuk dizkizuet: Avidemux eta HandBrake (Windows eta Linux-erako, software librea biak. Sentitzen dut, baina Mac unibertsoa ez dut ondo ezagutzen. Ez esan honi, mesedez. Ikusten? Mac OS X-erako bertsioa ere badutela konturatu ere ez.).

Esteka interesgarri batzuk:

Ezjakintasunean ezjakina

Quan (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 4 - 17:19-(e)an bidalia.

Lehenik, eskerrik asko zure post honegatik eta blog eta konpartitzen duzun guztiarengatik -niretzat aurkikuntza berria-
Bigarrenik, hor goian diozunez pendrive edo mp3playerrera pasa daitezke bideoak. Baina hori zelan egin?
Goian dagoen bideoa, esate baterako itzel interesgarri egin zait klasean erabiltzeko baina Internetetik zuzenean ikusi behar bada etenak edukitzen ditu. Ikasbilekoak jeisten ez daukat arazorik zuzenean har baitatezke -arazoa windowseko formatoa izaten da- baina ez youtubekorik ez hor goiko hori ezin ditut hartu.

Eskerrik asko eta hurrengo batera arte.

Bideoa jaitsi

Benito-(e)k 2009, Martxoa 4 - 18:22-(e)an bidalia.

Epa Quan, pozten naiz hau baliagarria izan bazaizu.

ETBren bideoak jaisteko bideo bakoitzaren orrira joan behar duzu, kasu honetan hona (testuan ez dut lotura jarri). 

Bideoaren ondoan, eskuinean, deskargak eta horren azpian mp4 irakurriko duzu. Mp4 hori lotura bat da, bideo fitxategira lotura (hau).

Gerta daiteke loturaren gainean klikatu eta fitxategia jaisten hasi beharrean orri berria zabaldu eta bideoa erreproduzitzen hastea. Hori gertatzen bada, loturaren gainean klikatu beharrean, ipini sagua gainean eta eskuineko botoiarekin menua zabaldu eta "gorde lotura honela", edo "gorde fitxategia honela" klikatu eta non gorde galdetuko dizu.

Bideoa mp4 formatuan jasoko duzu. Esan dudan bezala ordenagailutik klasera pendrive eta memoria eramangarri horietako batekin eraman ahal duzu. Dena dela, gero klasean ikusteko erreproduzitzeko gailua beharko duzu: DVDa, Disko Gogor multimedia, ordenagailua, mp4, iPod edo halako zerbait. Baliteke gailu horiek guztiek mp4 formatua ez irakurtzea. Kasu horretan .avi formatura pasatzea komeni da.

Youtube edo beste zerbitzu batzuetako bideoak ordenagailura jaisteko modu eta tresna asko daude. Nik Firefox-erako DownloadHelper gehigarria erabiltzen dut adibidez. Zibergelako artikulu honetan beste bide bat daukazu: Jaitsi Youtube-eko bideoak zure ordenagailura. Hemen daukazu beste bat. Google-en "download youtube videos" edo "descargar videos youtube" sartzen baduzu mila modu aurkituko dituzu.

Ez ahaztu dena dela, zerbitzu askok ematen dutela bideoak zuzenean deskargatzeko aukera: gure Euskaltubek edo Blip.tv-k adibidez.

Eta aintzat hartzeko gauza bat. Youtubetik bideoak .flv formatuan deskargatzen dira normalean. Formatu hori ez da ikusten erreproduktore gehienetan, ordenagailuan bideoa ikusteko programa guztiek ere ez dituzte erreproduzitzen. Beraz, seguruenik beste formatu batera pasatu behar dituzu klasean erabili baino lehen. Hemen ere aukera asko daude, artikuluan aipatu ditudan programa bi horiek adibidez.

Espero dut zure zalantzaren bat argitu izana, hala izan ez bada, ez izan beldurrik berriro galdetzeko. Eta beste norbaitek nik proposatu ditudan soluzioentzak alternatibak, zuzenketak edo ekarpenak badauzka, botatzea estimatuko genuke.

Ulermen-testak eta bideoak

Vanesa GARCÍA (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Apirila 28 - 22:15-(e)an bidalia.

Web 2.0 ikastaro bat egin ondoren, zuei esker aurkitu dut behar nuen informazioa euskarazko bideoak nire blogean jartzeko.
Eskerrik asko

Pozten naiz

Benito-(e)k 2009, Apirila 29 - 16:06-(e)an bidalia.

Pozten naiz hemengo informazioa baliagarria izan bazaizu, Vanesa. Zorte on blogarekin!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia