albisteak

20
Urr
2007

IKAbideoak

Euskaltegiak propaganda eta irudi kontuetan ez ditugu oso aktibo ikusi azkenotan sarean, are gutxiago web2.0 munduan.

Gaur berriz sorpresatxoa hartu dut Youtuben. IKAkoek bideo sorta zabala sartu dute han. Ez dakit publizitate kontua den edo bideook norako diren. Hemen lagintxu bat, "IKA beldurrik gabe":

Bideo landuak duda barik. Webgunean zelan txertatuko dituzten ikusteko deseatzen nago.

 

16
Urr
2007

mintzapraktika.org

Mintzapraktika.org atari berria aurkeztu dute gaur Bilbon Topaguneak eta AEK-k. Mintzapraktika proiektuen erreferentzia-ataria izan nahi du Mintzapraktika-org honek.

Kukutxua eginda hauek aurkitu ditugu:

Jarraipena egin beharko zaio MP ume jaio berriari.

Eguneraketa:

Topagunearen webgunean eta Sustatun informazio gehiago zabaldu da gaur arratsaldean. 

22
Ira
2007

KO-I

Albiste hau irakurri dut Meneamen:

Matej Kus Motorzale txekiarra, istripu batean buruan kolpea hartu ostean, ama-hizkuntza ahaztu eta ingelesez baino ezin duela egin geratu da une batean.

Ezin izan diot konparazio txistosoa egiteko tentazioari eutsi. Ez AOI, ez Boga, ez konstruktibismoa, ez ariketa bildumarik... KOI da joera metodologiko berria, Koskorrekoan Oinarritutako Ikaskuntza. Non jo asmatzea da kontua.

Albistea apur bat fake dirudi, The Sun egunkari sentsazionalistak zabaldua. Baina kasu gehiago egon ei dira, izan ere badago Foreign accent syndrome izeneko disfuntzio bat. Buruan kolpea hartu eta beste hizkuntza edo dialekto bat derrepentean ikasi duen jendea alegia.

Kasu gehiago dokumentatu dira, BBCk berak eman du haien berri, eta aldizkari espezializaturen batean jorratu dute gaia.

Dena dela, erreprimitu baten bati buruan zartakoa emateko gogoa. KOren metodologia hobeto definitu arte behintzat. Eta ez erabili autoikaskuntzan!

Eguneraketa

Kontu honekin aspaldian ikusi nuen film laburra gogoratu dut. Irlandan gizon batek parranda baten ostean ingelesa ahaztu eta gaelikoa baino ez dakiela altxatzen da.

Fluent Dysphasia dauka izena eta Daniel O'Hara zuzendari eta idazle irlandarrarena da filma. Hemen daukazue.

 

O'Harak beste film interesgarri bat dauka hizkuntz-arazoen ingurukoa, Yu Ming Is Ainm Dom. Irlandara gaelikoa praktikatu eta ikastera heltzen den mutiko txinatar bati buruzkoa.

18
Ira
2007

0708 kanpaina eta doakoak

Aurrera doa matrikulazio kanpaina. Joan den larunbatean gehigarri hau banatu zen Vocento taldeko egunkariekin. Euskaltegi talde batek sustatu du gehigarria Ikusi, ikasi. Da el paso hacia el euskera leloarekin.

Barruan Mertxe Mugika (AEK) eta Gurutze Sarasolarekin (IKA) elkarrizketa, informazio-artikulua eta euskaltegien zerrenda.

Ikasbilen ere agertu da albistea.

Dena dela gaurko slogan indartsuena Santurtziko Udal Euskaltegiko webgunean ikusi dut: Euskara doan ikasi!! Argudio komertzial eztabaidaezina.

Santurtzin ez dituzte klaseak debalde emango hala ere. Albistea bestelakoa da, baina ez horregatik interes gutxikoa. Baliabide Zentro Birtuala antolatu dute santurtziarrek, han gunean erregistratu ostean, testuak, ikastaroak eta kontsultarako baliabideak eskainiko dituzte doan, norberak bere kontura erabiltzeko hala ere.

Era berean, gaur Maite Goñi ikteroak aspaldian zabaldu zuen EGA ikastaroa osatu eta berrantolatu duela kontatu digu. Lan polita egiten dabil Maite. Susmoa daukat hala ere euskaltegietako jendearen kolaborazio gehiago bereziki estimatuko lukeela.

Publizitateaz hasi gara, baina Santurtzikoak eta Maite ez dut uste publizitateagatik ari direnik. Baten batek pentsatuko du horrelakoekin jendea ez dela euskaltegietara etorriko akaso. Nik kontrakoa uste dut, baliabideen zabalkundeak euskara ikastera animatzeko eta euskaltegietara etortzeko gehiago egingo du animatu uxatu baino.

Hori bai irakasleari buruko min bat ekar diezaioke honek guztiak, ezin izango da materiala banatzera mugatu.

Tira ba, neuk ere egingo dut neure ekarpen txikitxoa.

Bide batez, zorionak Iruñeko Donibaneko Irrintzikoei.

12
Ira
2007

Idiomato: hizkuntz irakaskuntzaren Zabaldu


Honez gero gehienok ezagutuko duzue Zabaldu.com. Badakizue, erabiltzaileek sarean aurkitu dituzten gauza aipagarriak bidaltzen dituzte eta beste erabiltzaileen balorazioekin gehiago edo gutxiago zabaltzen dira. Sistema hau ingelesezko Digg-ek ipini zuen martxan, eta kasu gehienetan arrakastatsu suertatu da.

Hizkuntza desberdinetan egin dira bertsioak, Zabaldu.com daukagu euskaraz, eta inguruan hauek besteak beste: Scoopeo (frantsesez), Meneame (gaztelaniaz), La tafanera (katalanez), Chuza (galizieraz)...

Digg tematikoak ere eratu dira, adibidez gaztelaniazko Docencia.es, hezkuntzaren inguruko gunea.

Lehengo egunean nodos_ele blog kolektibo berriaren bidez halako digg tematiko berriaren albistea heldu zitzaidan, Idiomato.

ESL (English as second language, Ingelesa bigarren hizkuntza bezala) ikasleentzako direktorio soziala izateko jaio da, baina ingelesa ez ezik hizkuntza hauetarako ere egin dituzte atalak: gaztelania, alemanera, portugesa, frantsesa eta txinera. Other languages atala dago gainera, bestelakoak sartzeko.

Abian hasi da gunea eta momentuz gutxi baina denerik aurkitzen da: ikasmaterialak, podcast-ak, ariketak, blogak, eta artikuluak markatu dituzte erabiltzaileek.

Hemen berton aspaldian egin dugu berba euskara ikastearen inguruan baliabideak zabaldu eta sozializatzeko plazen beharraz, Karrajuan esperimentu pare bat ere egin dugu. Ekaineko BBB hartan ere honetaz jardun genuen (bide batez, hurrengoa noizko?).

Digg estiloko gune hauek normalean nahiko aktiboak izaten dira. Interesgarria dirudi euskara ikastearen inguruko halako gune bat. Ezta? Sarean markatzeko eta komentatzeko generoa egon badago.

11
Ira
2007

Kobratzera!!!

Aizu!

Lehengo ikasturtean edo aurrekoan euskara ikasten ibili bazara, azterketaren batera aurkeztu eta gainditu baduzu, hau interesatuko zaizu:

Tira, 2. mailatik ez bazara pasatu hau irakurri beharko duzu akaso:

Baina EGAtik gora okurritu ere ez bigarrena irakurtzerik!

10
Ira
2007

Komikiak euskaldun zaharrentzat


Arrasateko Zahar Berri egitasmokoak euren blogean euskaldun zaharrek euskaldun berriekin dauzkaten jarrerak "salatzeko" komiki sorta argitaratzen hasi dira. Horrela aurkeztu dute:

Zahar Berri euskara ikasleei edo euskararen bideari ekin diotenei laguntzeko egitasmo bat dela behin eta berriz azaldu dugu, baina euskaldun zaharrengana ere iritsi nahi genuke, gure egitasmoaren protagonista izateaz gain askotan euskaldun izan nahi dutenentzat oztopo ere bihurtzen baikara, askotan nahigabe edo konturatzeke gainera.

Gure jarrerak, euskaldun zaharron jarrerak, asko baldintza dezake euskara ikasteko ahalegina egiten dabilen jendearen motibazioa. Honegatik eta euskara ikasleen ahalegin hau baloratzeko eta bultzatzeko beharra ikusten dugulako, jarrera ez egoki hauek identifikatu eta salatzeko komiki batzuk argitaratuko ditugu blog honetan. Benetan nahiko genukeena komiki hauek ikustean zuen iritzia zein den jakitea da.

Komikiak esan bezala euren blogean argitaratuz joango dira. Flickr-en gordetzen hasi dira eta han ikus daitezke komiki gehiago.

04
Ira
2007

Santurtziko Udal Euskaltegia: webgunea berritzen

Santurtziko Udal Euskaltegikoak bereziki aktiboak ditugu gure sektore honetan, didaktika zein teknologia alorretan. Eta abuztuan geldirik ezin egon eta webgunea berdiseinatu egin dute.

Aurrekoan atari osoa antolatzeko Moodle erabili zuten. Orain Joomla CMSa erabilita berdiseinatu dute, atariaren sarrera gehien bat. Moodle Ikasgela birtualerako kontserbatu dute.

Oraindik berregokitzapena amaitu barik dagoela dirudi, haren albiste ematen dute, baina labur-labur. Hala ere nobedade batzuk ikusi ahal dira. Albistegi ezberdinak atondu dituzte: euskaltegia, ekitaldiak, ikastaroak eta azterketak eta deialdiak. Inkestak ere jarri dituzte. Interesgarriena proiektuak atalean dugu, didakteka atalean hain zuzen ere. Bertan sartu eta wikia dela konturatuko gara. Honela azaldu dute sarreran:

Didaktekaren helburu nagusia euskara-irakasleen esku era guztietako materialak uztea da, teoria eta hausnarketa uztartuz hezkuntza-praktika mesedetzeko asmoz. Horretarako, euskara irakatsi eta ikasteko tresnak, baliabideak eta dokumentazioa era sistematikoan eta kolaboratiboan bildu eta sailkatu nahi ditugu.

Euskara irakasleontzako baliabide bilduma egin nahi da dirudienez, era kolaboratiboan. Dagoeneko material batzuk jarri dituzte eskura. Erabili duten software-arengatik (Mediawiki), euskalduntze-alfabetatzearen wikipediaren traza hartu dakioke.

Gure sektorean kolaborazioa eta han-hemen dihardugunon parte-hartzearen beharra sarri azpimarratu dugu hemendik ere. Seguruenik horretara heltzea tresna eta teknologiatik haragoko arazoa ere bada. Kolaborazioa suspertzeko harremanak eta ohiturak zabaltzearena adibidez.

SUEkoen proiektu honi jarraitu egin beharko zaio beraz.

Sindikatu edukia