albisteak

21
Api
2007

Irakurri, oparitu eta, gehien bat, gozatu

Topaguneak ekimen berria ipini du martxan literaturaren inguruan. Irakurri, oparitu eta gozatu dauka izena. Zer da? Ba, herriko liburutegian euskarazko 100 liburu edukiko dituzu aukeran irakurtzeko, irakurri ondoren fitxatxo bat bete ahal izango duzu liburua baloratzeko, eta horrezaz gainera gustatu bazaizu, erosteko aukera edukiko duzu %25eko deskontuarekin, edo gehiago euskara elkarteko bazkidea bazara. Zertarako erosi irakurri baduzu? Zeure apalategian edukitzeko lehenengo eta behin, eta gehien bat, oparia egiteko.

Ez da azalpen handia, Topaguneko lagunek euren webgunean hobeto azaldu dute, joan bertara ba! Egitasmoaren inguruko webgune berezia ere atontzen dabiltza, hemen daukazue, oraingoz ez dute osatu baina jarraitu egin beharko da.

Klasean liburuak irakurtzen eta lantzen dabiltzan irakasleentzat aukera polita izan daiteke literaturaren inguruan jarduteko. Nik zalantzak eduki ditut beti klasean liburuak eta literatura zelan erabili. Kasu honetan okurritzen zait irakurleen balorazioak izan daitezkeela liburuak aukeratzeko orduan orientatzeko informazio iturri interesgarria (edo klasean erabiltzeko testua ere bai). Igual zuei beste zerbait okurrituko zaizue. Bota beldur barik.

Ez dakit zer-nolako arrakasta edukiko duen, baina iritzia daukat euskara elkarteetatik ari direla etortzen azkenotan euskalgintzaren ideiarik freskoenak.

Irakurri, oparitu eta, gehien bat, gozatu. Batzuek gozatzen dugun modura.

20
Api
2007

Lau, sardina, bakailao....

4. maila egiaztatzeko 2007ko azterketa-deialdia [HABE]

Aurrekoan 1. eta 2. mailako azterketak egiteko deialdiaren berri eman genuen, bezperan 4. mailakoa agertu zen HABEren webgunean. Azterketa aroan sartu gara, hemendik eta ekainera arte igerriko dugu ondo.

Laugarren maila honena berriz apur bat deskontzertantea egiten zait, entzuten direnei kasu eginez gero behintzat. Laugarren hizkuntz eskakizunarekiko homologazioa bidean ei da aspaldian, aurtengoan behintzat ez dago haren seinalerik. Bestalde, datorren ikaturtean ere maila esperimental eta pilotuan jarraituko ei du, hirugarren urtez.

Ez dakit ba, euskararen maila gorena arautu eta egiaztatzeko ahalegina egitea bazen kontua denbora gehiegi. Haren balioa ez dago argi gainera. Horretarako nahikoa zen 4. HE.

Bestela, asmoa EGA edo 3. mailatik gora euskaraz trebatzeko bidea eskaini nahi bazen, aukera ugariago, erakargarriagoak eta praktikoagoak daude, hori bai, gehienak betiko kortseetatik kanpo.

Bitartean kontua ekartzen den guztietan susmo berdintsua agertzen da: Euskara irakasle jarduteko 4.maila eskatuko digute laster batean.

18
Api
2007

1. eta 2. mailako azterketen deialdia

Ikasbil-en ikusi dugu albistea, HABEren webgunean informazio zehatzagoa.
Euskaltegietan martxoaren 30era arte matrikulatuta daudenak baino ezin dira aurkeztu, honezkero euskaltegian jakinarazi diete seguruenik, baina baten bat despistatuta badabil, edo klasetik agertu ez eta hemendik bai (konbinazio zaila), hemen informazioa.
Bide batez, deialdiko baldintzen atalaren hasieran:

Euskaltegi eta euskararen autoikaskuntza zentroetan matrikulatua egon izana...

Euskaltegiak vs. Autoikaskuntza zentroak.  Bereizketa ofizialdu egin dela dirudi. Horrela bada zer da euskaltegia eta zer da autoikaskuntza zentroa? Inkonpatiblea da bata edo bestea izatea?

16
Api
2007

Bideokonferentzia

Euskara ikasten, bideokonferentzia erabilita [Sustatu] Joxe Arantzabalek HUHEZIk garatu duen esperientziaren berri eman digu. Bruselan lanean dabiltzan funtzionari bik euskara eskolak urrunetik hartu dituzte, emaitzen aldetik ikasleak nahiz irakaslea pozik daudela diote. Horretarako teknologiak eskaintzen dituen baliabideak erabili dira, berri-berriak ez direnak: Skype (internet bidezko telefonia) eta hartarako multimedia ekipoa: webcam-a, aurikularrak eta mikrofonoa. Ez dut uste lehenengo aldia dela gurean horrelakoak erabili direna, HABEk Argentinan daraman programan saioren bat egon dela uste dut, Andonik ere urruneko irakasleren batekin erabili du Skype oker ez banago.

Esan bezala, ez dira gauza berriak eta hor ditugu aspaldian. Web2.0az (eta orain web2.1az ere bai) gabiltza han eta hemen berbaz, baina sarritan lehenagoko aukerei ere kostatzen zaigu etekina ateratzea: VoIP telefonia, P2P sareak, Divx eta mp3 multimedia formatoak, ...eta askotan DVD edo CDari berari ere bai.

08
Api
2007

Karrajua Aizu!n

Aizu! aldizkariko lankideek elkarrizketa egin didate karrajua dela eta ez dela, eta azken alean daukazue irakurgai.

Testigantzak atalean Blogen gaineko errepasoa egin dute, nitaz gainera Joxe Aranzabal (Faroa) eta Katixa Agirre (Gauez eta azpikeriaz) ere ekarri dituzte. Niri (eta zuei) mesedea egin didate eta (interneteko edizioan behintzat) ez dute nire argazkia publikatu Tongue out.

Halako titularra ipini didate:

"Egiten duguna zabaldu egin behar da, baten batek ikusi eta hobetzeko"

Ez dakit blogen inguruan dena esanda ote dagoen, baina esan gura ditugun guztiak esatea zaila egiten da. Aste pare batean, elkarrizketa bi egin dizkidate, ez dakit sarean saltseatzen ibiltzea hainbesterainoko motiboa ote den, baina dagoena baino gehiago dagoela inork pentsatu dezakeela uste izaten dut horrelakoekin. Dena dela, oraingoan gauza pare bat argi geratu direla uste dut.

  • Nire ustez blogak ez dira pontifikatzeko dorreak, norberak dakiena eta uste duena plazara botatzeko leihoak baino, bi aldeetaranzko norabidean: barrutik kanpora eta kanpotik barrura. Ideiak eta informazioa osatu, landu, biribildu, ikasi,... horretan gabiltza.
  • Beti esaten dut, baina Karrajua ez da blog hutsa, eta are gutxiago blog pertsonala. Sareak ematen dituen aukerak esploratzeko eta erabiltzeko gune irekia da, kolaborazioaren printzipio webdosazero horietatik abiatuta tresna desberdinak lantzen dituena. Bloga tresna horietako bat da, baina blog kolektiboa izateko jaioa da. mundu honetako partaide anitzek osatutako komunikazio-gunea.

Karrajuak zer erantzun eduki duen ere galdetu zidaten. Erdi-broman honetaz jarduteko lagun pare bat behintzat topatu ditudala esan nien. Beharbada, balantzea egiteko sasoia heldu da, ez da erraza, ahalegintxoa egingo dugu.

  • Kolaborazioaren aldetik partaide bi gara une honetan blogean publikatzen dugunak. Biak AEK-koak. Ondo egongo litzateke publikatzeko jende gehiagoren partaidetza lortzea, maiztasun gutxirekin bada ere. Karrajuaren ideia hurbilago dago Sustatu edo Erabili.com-etik blog pertsonaletatik baino.
  • Teknikoki Drupal ondo portatu dela esan daiteke. Software fidagarria eta malgua da, eta orain arte bururatu zaizkigunak gauzatzeko ondo erantzuten izan du. Arazotxo batzuk eman dizkidate modulu batzuek, baina ez dira desastrerako motibo izan.
  • "Arrakasta" publikoa neurtu behar badugu, ez da erraza zeri erreparatu erabakitzea. Bisita kopurua egunean 50-100 bitartean dabil. Ez dakit horietatik zeintzuk diren "benetako" bisitak eta zeintzuk pasadakoak eta robotenak. Jarioak Bloglines-en 40 harpidedun inguru dauzka, beste zerbitzu batzuetatik ere etortzen dira bisitak (aurki.com adibidez). Technoratik 500 estekatik gora adierazten ditu, baina gehien-gehienak karrajuaren barruko estekak dira (pozik egon behar dute gurekin).
  • Datu teknikoetatik harago esango nuke teknologian eta euskal blogosferan dabilen jendeak jarraitzen duela karrajua euskaltegietako jendeak baino gehiago. Inpresioa da, beste barik, euskalduntzearen partaideen aldetik erantzun eta oihartzun gutxiago sumatzen dut, ez dakit arrazoia zein izan litekeen: teknologiarekiko arazoak, publikoan jarduteko ohitura falta, edo, beste barik, karrajuak eta karrajukoek ez dute euskalduntzeko hainbat jenderen interesa piztu, denerik egon liteke hemen. Beste kontu bat erantzunak eta eztabaida dira, azkenotan sano jaitsi da kopurua. Ez dakit azken hau blogosferaren arazo orokorra ez ote den, blogen ugaltzearekin batera gertatutakoa.
  • Lana. Orduak egiten dira honekin, baina publikatzen baino gehiago kontu teknikoetan, probak edo moldaketak egiten. Nik neuk behintzat ez dut nekerik sumatzen, publikatzeko abilidade apur bat hartuta gero eta errazago egiten da (errazegi ote?).

Tira, Aizu!ko lagunek balantzea egiteko bide eman digute tontamentean. Ez dakit Karrajuaren jarraitzaileok balorazio horrekin ados zaudeten, edozelan ere, badakizue web2.0 honek zelan funtzionatzen duen, informazioaren eraikuntza soziala.

Lagundu eiguzue baloratzen,.... edo egiten.

06
Api
2007

Hitzaditza 2007

Iparraldeko AEK-k eta EKEk Hitzaditza diktaketa kolektiboaren II. edizioa antolatu dute.

Maiatzaren 5ean Baionan egingo da aurtengoa. Bi mailatan banatuko dira parte-hartzaileak: gaztetxoak (12-15 urte bitartekoak) eta helduak (16-99). Iparraldeko bi idazleren testuak erabiliko dira, eta diktaketaren ostean testuez, irakurmenaz eta literaturaz jarduteko parada izango da.

Bitartean, lau idazleren (Hasier Etxeberria, Itziar Madina, Daniel Landart eta Idurre Eskisabel) testuekin prestatzeko jokoak  ipini dituzte EKEren webgunean (webguneko eskuineko barran daukazue lotura).  Han daukazue informazioa eta izena emateko aukera ere.

Estekak:

02
Api
2007

Balio erantsiko zerbitzuak

HABE aldizkarian argitaratu dute Mondragon Linguaren zerbitzuei buruzko artikulua. Ikasbilen dokutekan daukazue irakurgai:

Balio erantsiko zerbitzuak euskara-ikaslearentzat: Mondragon Lingua euskaltegien apustua

Mondragon Linguaren webgunean azaldu dira zerbitzu hauek aspaldian, baina egia esanda, artikulua irakurri arte ez diot erreparatu zerbitzuen eskaintza horri. Hauek aurkitu ditut eskaintzan:

  • Lingua bazkariak: irakaslearekin bazkaltzeko aukera ematen zaie bertako ikasleei, praktikatzeko, baita aurrez aurreko eskolaren bat ordezkatzeko. Gogora etorri zait duela aste batzuk aipatu genuen Galeseko lehiaketa. Ideia bitxia dirudi lehenengo batean, baina gogoratu zenbat bazkari-afari-txikiteo-parranda egin ohi ditugun ikasleekin bestela. Eskaintzan sartu dute hauek, besteoi lotsa emango liguke akaso horrelakoak saltzea?
  • Txat-ak. Astero, irakasle baten gidaritzapean antolatzen ei dira.
  • Mp3en deskarga. Idatzizko testuen grabazioak dira dirudienez. Ebakera praktikatzeko.
  • Grabatutako eskolak. Ez dakit aurrez aurreko eskolen grabazioak ala berariaz atondutakoak diren. Hauek ere aukeran ematen zaizkie aurrez aurreko eskoletara joan ezin direnei.
  • E-posta bidezko ikasgai laburrak, "hizkuntza-pilulak" deitzen diete eurek. Ikasgai osagarriak dira antza. Ikasleari astean behin e-postara bidaltzen zaizkionak.

Zerbitzu hauek guztiak ikaslearentzat hautazkoak dira eta matrikularen prezioarekin batera ordaintzen dira. Honekin batera deigarria da hartzen duten konpromisoa. Behin ikastaroaren epea igarota, eta ikasleak egin behareko ahalegina egin arren ez badu xede-mailara heldu, doan jarraitzeko aukera ematen zaio harik eta maila hori erdietsi arte.

Mondragon Lingua teknologia berrietan ardaztutako hizkuntz-ikaskuntza eskaintzen du, euskararen irakaskuntzan Bai&By izan zen aintzindaria honetan. Honakoak, ez dakit zehazki zergatik, ez dira euskaltegiaren kontzeptu klasikoan sartu ohi. Baina aitortu behar da berrikuntza ekarri dutela gure mundu honetara, eta gutxi-asko gauzak berplanteatzeko beharra gogorarazten digute guztioi.

Nire partez hausnarketatxo pare bat:

  • Balio erantsiko zerbitzuak denok eskaintzen ditugula esango nuke. Baina, edo ez ditugu aintzat hartzen eskaintza zabaltzeko orduan, edo ez ditugu serioski garatzen, edo zerbitzutzat hartu beharrean aukera osagarritzat-festibotzat hartzen ditugu sarri. Serioa eta "saldu" litekeen bakarra "klasea" baino ez da?.
  • Lerro estu batean mugitzen ohitu gara, talde bat-irakasle bat-maila bat-ordutegi bat-gela bat-programa bat korrelazio batean sartuta, gero eta zailagoa dena aurrera eramaten. Hortik irteten dena "autoikaskuntza" etiketaren barruan sartzeko joera daukagu, baina uste dut beste zerbait dela, eskaintzaren indibidualizatzea eta, aldi berean modularizatzea eskaintzen zaigu, hau da, zerbitzu monolitikoa barik, zerbitzuen aukera ugariagoa eta norberari egokituagoa. Ez dut uste honek eskola partikularrak eskaintzea esan nahi duenik, hizkuntza ikasteko ahalik eta aukera gehien ematea (edo nahastea) baino: taldeka edo-eta bakarka, instrukzioa edo-eta praktika, aurrez aurre edo-eta urrunekoan, papera edo-eta ordenagailua, ikasgelan edo-eta jantokian,...
  • Iritzia eduki dut sarri teknologia berriek ez dutela ezer konpontzen aplikazio didaktiko egokirik gabe. Ikusi ditudan teknomaterial batzuek inpresio horixe eman didate: didaktikoki ez dutela ezer aportatzen. Baina argi dago ezin garela sartu tradizionalismo anti-teknologiko batean, teknologia aurrera doa, eta ikasleak ere konturatu dira. Sinestu nahi nuke teknologia gehien erabiltzen duenak barik, teknologiari erabilera egokiena ematen dionak edukiko duela arrakasta gehien.

Edozelan ere, honako albisteak ondo etortzen dira hamabost minutuko gloriako unea pasatu dela eta aurrera egin behar dela gogoratzeko.

Sindikatu edukia