albisteak

29
Mar
2007

Atsotitzak lantzeko ariketak (IKTeroak)

Euskaljakintzan ariketa sorta berria paratu du Maite IKTeroak. Atsotitzak lantzekoa berau. Atsotitzak eta esamolde finkatuak esateko orduan erdarara sarri jotzen dugula ikusita 24 ariketa prestatu ditu Hot Potatoes erabilita. Eta ohi duen bezala, guztion eskura eta bistan jarri dizkigu. Ariketak eta klasean erabiltzeko prozedura, biak.

Estekak:

Karrajuko baliabideak atalean ere zenbait iturri dauzkagu markatuta, osagarri modura erabili nahi badituzue:

  • http://karrajua.org/esaerak
  • http://karrajua.org/esamoldeak

Eguneraketa:

Blogetan ere topatzen dira atsotitzen bildumatxoak, eta iruzkinak, adibidez:

27
Mar
2007

Egonaldiak Familia Euskaldunetan 2007

Ikasbilen irakurrita:

Egonaldiak Familia Euskaldunetan 2007 

Abian da Egonaldiak Familia Euskaldunetan egitasmoaren 2007ko ekitaldia. Parte hartu nahi duten familiek apirilaren 20a arteko epea dute izena emateko. Ikasleentzako epea maiatzaren 2tik 31ra bitarteko epea dago.

Egonaldiak Familia Euskaldunetan programak bere webgunea dauka:

http://www.egonaldiak.net

Han informazio gehiago dago:

Programa honen bidez, euskara ikasten edo hobetu nahian, nahiz bertako euskalkia ezagutzeko asmotan dabilen pertsonari familia euskaldun batean hilabete bat edo bi pasatzeko aukera emango zaio (uztailean, abuztuan edo irailean) eta, aldi berean, herri euskaldunen bizimodua eta ohiturak ezagutzeko parada ere emango zaio.

Epeak

Familientzat: Martxoaren 12tik apirilaren 20ra
Ikasleentzat: Maiatzaren 2tik 31ra

Informazio gehiago:

  • Familiak: http://www.egonaldiak.net/famili.htm
  • Ikasleak: http://www.egonaldiak.net/ikasle.htm
24
Mar
2007

Korrika.org jausita. Informazioa Aizunet eta AEKneten

Korrikaren webgune ofiziala (www.korrika.org) jausita dago atzo goizetik espero gabeko bisita kopuru handiagatik.

Konpondu bitartean (astelehenera arte omen) Aizu!ren eta AEKren webgunetatik ari dira informazioa zabaltzen AEK-koak.

Ohar hau zabaldu dute:

Korrika 15en oharra:
ostiral goizean, Korrikaren bigarren egunarekin batera, www.korrika.org gunean egon zen sarrera piloaren ondorioz, web orria bertan behera geratu zen, eta ezin izango da berriro martxan jarri datorren astelehenera arte (martxoak 26). Sentimendu ezberdinak eragiten dizkigu AEK-ko kideoi kontu honek. Alde batetik, amorrua ematen digu orri hori martxan ez egoteak, baina, beste alde batetik, zergatik gertatu den gogoratuta, sekulako poza sentitzen dugu! Bitartean, www.aeknet.net AEKren web gunean izango dituzue Korrika 15en eguneko kronika eta argazki batzuk. Zuek sartu beldurrik gabe, honek agoantatuko du eta! Eskerrik asko guztioi!

Hemen daukazue oharra eta gaurko kronika osorik:

argazkia: aek

21
Mar
2007

Ikasbil: Euskara-agiriak, atal berria

Atal berria Ikasbilen: Euskara-agiriak

Atal horretan HABEren euskara-agiriak zein diren zehazteaz bat, maila bakoitzaren ebaluazio-irizpideak, azterketa-ereduak eta deialdien xehetasunak eskaintzen dira.(Ikasbil:gogoan izan)

Ikasbil atarian sartuta, ezkerreko barran aurkituko duzue atal berria: Euskara agiriak izenburupean. Sarrera orokor batean azalpen laburra ematen da agiriei buruz, maila bakoitzerako HEOKen azalpen labur batekin. Ondoren, maila bakoitzaren atala daukagu:

Mailakako deskribapen hauetan azterketaren formatoa eta arauak, HEOKen helburuak trebetasunetan banatuta, deialdiak eta orain arteko azterketak ere badaude. 1 eta 2 mailako probak baino ez daude hemen, hau da, HABEk berak antolatzen dituenak.

Ondo etorriko da informazio hau leku "ofizial" baten edukitzea. Baten batek azterketa eredu gehiago nahi lituzke hala ere, azterketa prestatzeko azterketen errepikapen mekanikoa baino hoberik ez dagoela pentsatzen dutenek gehien bat.

17
Mar
2007

1, 2, 4, BOGA

Aurtengo azterketetarako deialdiak irten dira. Ikasbilen daukazue informazioa:

1. eta 2. mailak egiaztatzeko azterketa deialdia 

2007ko martxoaren 16ko EHAAn (54 zk.) argitaratu da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren lehen eta bigarren mailak egiaztatzeko 2007ko azterketen deialdia egiten duen EBAZPENA.

4. maila egiaztatzeko azterketa deialdia 

2007ko martxoaren 16ko EHAAn (54 zk.) argitaratu da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren laugarren maila egiaztatzeko 2007ko azterketen deialdia egiten duen EBAZPENA.

BOGA oporretan joaten da?

Euskarazoak blogean irakurri dut hau Bogari buruz mezuan:

Nik honeri buruz kexa bat nahi nuke aipatu. Nahiz eta ikasle arruntek ordaintzen duten  guk beste ordaindu, eta bakarrik astean behin euskaltegira joan mintzapraktika egitera, ikasle arrunta ia egunero joan bitartean. Eta nahiz eta Boga sistema erabili denbora gutxi daukagulako, zergatik serbidorearen konexioa mozten da oporretan?

Ez naiz BOGArekin ibili izan, eta, egia esanda, orain arte ez dut honelakorik entzun. Egia da BOGA oporretan eten egiten dela?

Baten batek argitu ahal badu, hemen berton, edo hobeto Euskarazoakeko lagunari, galdera egin du eta.

12
Mar
2007

Ikasten plataforma euskaltegiei irekita

HABEk duela gutxi zabaldu duen Ikasten plataforman euskaltegiei euren gunea kudeatzeko aukera emango die, ikastaroak eskaintzeko nahiz barne kudeaketa eta komunikaziorako, Moodle instalazioa erabiltzeko aukera azken baten.

Hemen daukazue HABEtik bidali duten informazioa:

IKASTEN plataforma erabiltzeko eskaintza

HABE erakundeak euskararen irakaskuntzan Informazio eta Komunikazio Teknologia berriak sustatzeko asmotan, IKASTEN izeneko plataforma euskaltegien esku jartzea erabaki du. IKASTEN plataforma Moodle-n oinarrituta dago. Moodle ikastaroak sortzeko eta kudeatzeko software multzoa da eta GNU (Iturri irekia) lizentzia publikoaren baitan garatzen da.

IKASTEN plataformaren bidez euskaltegiek mota askotako jarduerak burutu ditzakete: ikastaroak eman, ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa indartu, klaustroaren zereginak bideratu, euskaltegiko egutegi eta jarduerak antolatu, ikastaro eskaintza zabaldu eta abar.

Erabilpen hori modu eraginkorrean burutu ahal izateko, euskaltegi bakoitzak IKASTEN plataforma orokorrean esparru berezitua izango du, beste euskaltegietatik aparte, baina betiere IKASTEN marka nagusiaren azpian. Euskaltegi bakoitzak administrari bat izendatu beharko du eta hau arduratuko da euskaltegiaren esparrua kudeatzeaz.

Euskaltegi bakoitzak zerbitzariaren diskoan 5 Gb-eko espazioa izango du bere jarduerak bideratzeko. Horretaz gain, euskaltegi bakoitzak bere esparruaren itxura aldatu ahal izango du muga batzuen barruan.

HABE erakundea arduratuko da IKASTEN plataforma bideratuko duen zerbitzaria eta honek behar dituen softwareak eguneratu eta mantentzeaz. Bestalde, IKASTEN plataformaren orrialde nagusian euskaltegi guztien ikastaro eskaintza erakutsiko da.

IKASTEN plataforma erabili nahi duen euskaltegiak ezinbestekoa du ondoren datorren eskaera-orria osatzea. Bertan berari dagozkion datuak beteko ditu eta euskaltegiko arduradunaren izenean sinatuta, HABE erakundeari helaraziko dio. Agiri horretan jasoak daude, besteak beste, euskaltegiak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Agiri hori jasotzean, HABEren zuzendariak ebazpen bidez onartuko dio Euskaltegi horri IKASTEN plataforma erabiltzeko eskubidea.

Hezi Top-ek norberaren ikastaroak eskaintzeko aukera eman zigun duela egun batzuk, orain HABEk ikasten plataforma zabaldu die euskaltegiei. Zerbitzua interesgarria da, baina alde batetik euskaltegiei inor Moodle kudeatzen trebatzea eskatzen die eta bestetik euskaltegi eta erakunde batzuk euren plataformak antolatzen hasita daude dagoeneko, ez dakigu eskaintza hau beranduegi ez ote datorren hain zuzen ere orain arte aktiboenak izan direnentzat.

Bestalde,  euskaltegi bakoitzak bere gunea edukitzeko pentsatuta dago, interesgarria izango litzateke, irakasleek, pertsonak alegia, eurek elkarrekin komunikatzeko eta konpartitzeko aukera edukitzea era berean.

10
Mar
2007

Hezi top

 

Ikteroen blogean iragarri digute Axular Lizeoaren Hezi top ekimena.

Funtsean on-line ikastaroak sortzeko eta eskaintzeko gune irekia dela esan daiteke, hau da, edonork jarri dezake bere ikastaroa gune horretan edo edonorentzat egon behar du zabalik.

Konpartitzearen filosofian beste aurrerapauso bat, euskaraz eta Moodle plataforma erabilita.

Ezagutu ditugu on-line ikastaroak sortzeko web2.0 estiloko plataformak: Nuvvo eta Haiku adibidez. Baina hau da euskaraz eta hezkuntza munduari begira egiten den lehenengo saioa, nik dakidala behintzat.

Ideia ona, ea zer ematen duen, edo hobeto esanda, ea noraino gauden konpartitzeko prest.

Estekak:

09
Mar
2007

Etorkinak euskara ikasten eta

Diez inmigrantes estudian euskera desde este mes en un euskaltegi de Amurrio - [Noticias de Alava]

Noticias de Alava egunkarian eta Amurrioko udal-buletinean ere agertu da albistea.

Atzo irakasle poloniarra, gaur munduko bazter guztietako ikasleak. Gero eta gutxiago dira honelakoak hedabideetan agertzeko aitzakia, baina egia da ikutu exotiko horiek oraindino tiroia daukatela prentsarentzat. Lankide batek duela gutxi erdi kexu botatzen zuen hedabideek askotan horrelakoei baino ez dietela erreparatzen, beste mila gauza egin eta zaila dugula agertzea.

Tira, albistearen legea da nonbait, eta, zer nahi duzue esatea bada? Norbera poztu egiten da horrelakoak irakurrita.

Dena dela, gaurko egunagatik-edo, jatorria ez beste zerbaiti erreparatu diot. Mezu bietako protagonista guztiak emakumezkoak ditugu, ikasle zein irakasle. Korrika ere aurten emakumezkoei egiten die omenaldia. Euskalduntzean, ikasle zein irakasle, euren lanaren fruitua eta ekarpena ezinbestekoak ditugu, duda barik.

Izan dadila mezu hau beraz euskara ikasten eta irakasten dabiltzan emakumezkoentzako omenalditxoa, zuen ekarpenagatik, zuen ahaleginagatik, eta irakasten diguzuen guztiagatik.

Aupa Monika, Maite, Wendy, Murguia eta beste guztiok!

Sindikatu edukia