klaserako

07
Mar
2008

Bozka(rioa)

Badakizue Karrajuan teknoendredo zaleak garela eta aspaldian dauzkagula hortik spin off batzuk. Azkenotan adibidez Atoan-en sukaldean nabil gehiago karraju nagusian baino. Baina bada bat aspaldiko ideia dena, eta apurka-apurka garatzen joan dena klaserako.karrajua.org gunean amaitu arte.

Ez da hemengo izarra, eta beti mantentzen du ikutu esperimentala. Baina inbento guztien artean interes berezia piztu dit beti: irakasleren lanerako baliabideen agregatzailea. Badakizue, web2.0 total estilora.

Horregatik hain zuzen, kontzeptu "modernoegia" delako akaso, beti pentsatu dut ez duela arrakasta handirik izango oraindik orain, eta inorentzako ideia edo eredua izatearekin konformatzen naiz. Izan ere, bisitak gutxi ditu, eta iruzkinik bat ere ez. Hori dela eta, lasaitasun handiagoarekin egiten ditut han esperimentu teknikoak.

Esperimentu horietako bat jasotzen diren materialak baloratzeko bozketa sistema sinplea ezartzea izan zen. Eman puntu positiboa edo negatiboa, gora edo behera. Erabiltzaile anonimoei ere aukera emanda, beldur barik!

Eta hara sorpresa! Bisitari gutxi, iruzkinik ez, baina sistematikoki bozkatzen duen jendea dago. Ez dakit nortzuk diren, anonimoak denak. Bozketa sistemak D'Hondt-en legea baino fidagarritasun gutxiago ;-), eta jendeak bozkatu. Egun batzuetan, matematika lagun, ia handik pasatu diren guztiek eman dutela botoa kalkulatzen dut.

Iñaki Muruaren mezu hau gogoratu dut. Lurker-ak lurker ez izateko bide sinplea: gezi baten gainean klik egiteko modua eman. Blogariok negar egiten dugu (bakarka noski) iruzkinik ez daukagunean, baina beste aldean bada bizitzarik, bai.

Hori bai, materialak egiten dituzuenok ez desanimatu hango emaitzak txarrak badira (onak direnean txapaina atera ere ez), hura ez da sufragio unibertsala eta.

01
Ots
2008

Elkarteetan euskaraz... ikasgelatik

Etxepel | 2008, Otsaila 1 - 20:27

Aste honetako berri baten inguruko ekarpen batean gure "klub" honetako kide batek baino gehiagok ohartarazten zuen, tituluen arteko baliokidetza dela eta, gure jarduna azterket(ar)en esparrura gehiegi lerratzeko arriskuaz.

Mezu honetan bestelako helburu edo jomugak planteatzeko bide bat eskaini proposatu nahi dizuet (dagoeneko jorratu ez baduzue, jakina!)

Kontua da Kontseiluak urtarrilean jarri duela martxan Elkarteetan euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina bat. Helburua: herritarra kide den edozein elkartetako euskararen presentziaz jabetzea eta kontzientziatzea; eta, presentzia honen maila areagotze-lanetan zerbait egin nahiko balu, horretarako bidea eskaintzea.

Ildo honetan, Helduen Euskalduntze Alfabetatzean aritzen garen eta Kontseiluko bazkide diren erakundeei proposatu die Kontseiluak ekimen hau, nola edo hala, ikasgeletara eraman eta bertan gauzatzea.

Lehen begiratuan "elkarte" hitza txoko eta antzekoetara muga genezake; baina kontua da zentzurik zabalenean ulertu behar dugula. Hau da, hitz honen azpian koka genitzake, adibidez:

  • Auzo-bileretako hizkuntza erabilera (bilera-deialdiak, dokumentazioa...)
  • Ikastetxekoa
  • Kirol-taldekoa
  • Joan ohi diren gimnasioetakoa
  • Alternatzen duten taberna edo pub-etakoa
  • Elkarte desberdinetakoa: gazte-talde, asialdi, kristau-talde... eta abar ere elkarte kontsideratuz.
  • Elkarte desberdinetakoa: gazte-talde, asialdi, kristau-talde... eta abar ere elkarte kontsideratuz.

Gaia lantzeko galdetegi laburra eta ondoren eman litezkeen pausuak helbide honetan aurki ditzakegu:

http://www.kontseilua.org/euskarria/inkesta.cfm

Azken batean, kontua zera izango litzateke:

  • Ikasleen elkarte bizitzaren gaia ateratzea ikasgelan (zenbat elkarte mota ezberdinetako kide diren, zer egiten duten bertan...) Honen inguruko esperientziak trukatzea eta gogoeta txikia sustatzea (beti ere ikastaldearen gaitasunak gogoan izanik)
  • ondoren euskararen presentzia eta erabilera aztertuko litzateke; eta bertan eragiteko bideak eskaini, Kontseiluak eskaintzen duen azterketa eta gogoetarako tresnak aurkeztuz.

Dagoeneko kontu hau ikasgelan erabiltzen hasiak bazarete, hauxe izan liteke egindakoa konpartitzeko gunea.

Loturak:

12
Aza
2007

Webguneen zerrendak bistan

Karrajura bisitak nondik etortzen diren kuxkuxeatzen ibiltzen naiz lantzean behin. Gaur adibidez batzuk eduki ditugu helbide honetatik. Webgune bat bestearen atzetik agertzen den aurkezpena dugu: Sareko baliabideak hezkuntzarako titulupean. Interesgarria. Ikusgarria. Zelan egin dute ba?

Peskizetan hasita, Webslides zerbitzuarekin egin dut topo. Diigo lastermarkak gordetzeko zerbitzuaren menpekoa. Webslides horretan erregistratu barik halako bat egiteko aukera ematen dizute. Sartu naiz probatzen.

Aurkezpenak egiteko erabilko dituzun webguneen zerrenda egiteko aukera bi dauzkazu. RSS jario batetik hartu edo Diigon gordeta dauzkazun lastermarketatik.

Lehenengoarekin geratu naiz. RSS jarioa hartu eta bertan agertzen diren webguneak ikusteko aukera? Eta Klaserako.karrajua.org-erako erabiltzen ditugun jarioekin probatzen badugu? Hau irten zaigu adibidez, eta blogean enbotatzeko kodea ere ematen dute:


Esan bezala, ikusgarria behintzat bada.

Klaserako.karrajua.org horretan jarioak erakusteko beste modu bat okurritu zait orduan. Azalean handik eta hemendik jasotzen diren albisteak datoz, baina iturriaren arabera askok ez dute azalpen handirik ematen. Eta jarioko loturako webguneak oso-osorik erakusten baditugu?

Erraza, jario bat hartu, Webslides-en sartu, blogean txertatzeko kodea hartu eta orri batean enbotatu. Horrela bada, atal berria egin dut Klaserako horretan: Iturriak bistan. (ez dut burua asko nekatu izena asmatzeko, ez). Atal horretan jario bakoitza orri batean erakusten da, orriak sailkatuta eta ordenatuta daude. Honela:


Aurkezpena txertatuta

Oraindino ez ditut iturri guztiak sartu, eta plantilan sartzeko estutzeagatik, apur bat desitxuratuta agertzen dira batzuetan. Enbotatu horretan ez dago orri osoko ikuspegirako esteka gainera, eta ikusteko arazo batzuk dauzkala dirudi, baina tira, erabilgarria ez dakit, baina erakargarria eta ikusgarria behintzat bada, ezta?.

Hor daukazue bestela webguneen aurkezpenak egiteko tresna interesgarria.

07
Aza
2007

Klaserakoak e-postaz

Karrajuak aspaldian dauzka spin-off pare bat: klaserako.karrajua.org eta karrajua.kom.

Lehenengoa sarean publikatzen diren materialen agregatzailea da (edo berri-emalea nahi baduzue), eta bigarrena taldeak egiteko gune baterako proba.

Ez dira "produkzio-guneak" alegia, esperimentu mailan daude biak eta orain arte gehiago erabili ditut probak egiteko eta jolasteko benetako gune edo zerbitzua egiteko baino.

Azkenotan berriz, Ikasbilen RSS jarioak eskaintzen hasi direnetik eta Scribd-n ikasmaterial batzuk gordetzen ditudanetik, konturatu naiz sarean badabilela ikasmaterialen jariotxo interesgarri bat, eta Klaserako hori norbaitentzat baliagarria izan daitekeela.

Klaserako.karrajua.org horretan RSSen bidez han eta hemen publikatzen diren gauzak jaso eta kronologikoki publikatzen ditu, berrienak lehenengo.

Beraz, interesgarria izan daiteke eskolak ematen dabiltzanentzat zer material edo dokumentu berri irten diren jakiteko.

Baina egunero kontsultatzeko astirik-ohiturarik jende askok edukiko ez duenez, eta RSSren misterioak oraindik askorentzat bastante misterio direnez, aukera berria gehitu diot. Feedburner zerbitzuaren bidez publikatzen diren materialak e-postaz jasotzeko aukera.

Zer egin behar da?

Erraza:

  1. Klaserako.karrajua.org helbidera joan
  2. Han, ezkerrean E-postaz harpidetu ipintzen duen koadrotxoa dago.
  3. Sartu zure e-posta helbidea eta "Harpidetu" klikatu. Leiho berria zabalduko da.
  4. Leiho horretan zure helbidea eta letra-zerrenda bat agertuko da. Letra horiek beheko koadroan tekleatu eta "Complete Subscription Request" ipintzen duen botoian klikatu.
  5. Orain mezu bat etorriko zaizu (ingelesez, ea itzultzen dudan) postara konfirmatzeko. Berton link bat ikusiko duzu, klikatu eta nabigatzailean leiho bat zabalduko da zure harpidetza eginda dagoela konfirmatuaz.

Zein berri jasoko duzu?

Orri honetan dauzkazu Klaserako.karrajua.org harpidetuta dagoen iturrien zerrenda. Baina labur esanda hauek dira:

Iturri berriak agertu daitezke (oxala!) eta jakin ahala (edo zuek abisatu ahala) horiek ere gehitzeko modua dago. Beti ere RSS jarioa badaukate.

Zer dago?

Egunero mezua jasoko duzue publikatu diren azkenengoekin. Jatorrizko lekuan publikatzen direnetik zuenera heldu arte bizpahiru egun pasa daitezke txarrenean.

Klaserako.karrajua.org-ek beste leku batzuetako mezuak jaso baino ez du egiten, iturriaren arabera informazio gehiago edo gutxiago edukiko duzue. Ikasbileko materialetan adibidez izenburua baino ez da heltzen.

Beraz, dokumentu originalak ikusteko jatorrizko lekura joan behar duzue. Horretarako interesatzen zaizuen artikulua Klaserakon zabaldu eta behean "irakurri originala" estekan sakatu behar duzue.

Klaserakon dena dela aukeratxo pare bat daukazue:

  • Materiala izartxo batzuekin baloratu. Zenbat izar ipini nahi duzuen gainean klikatu.
  • Materialen inguruko iruzkinak egin. Iritzia, klasean erabiltzeko ideiak, erabili osteko balorazioa... Nahi duzuena.

Hobetzekoak

  • Materialak sailkatzeko etiketak ipini ditut. Etiketatze sistema automatikoa da, ni ez naiz ibiliko etortzen diren guztiei etiketak ipintzen, zorionez asko dira eta. Batzuetan sistemak ondo jasotzen ditu etiketak, baina beste kasu batzuetan maila edo aurretik ipinita dauka baten bat baino ez. Sailkapen sistema ez da oso zehatza zoritxarrez. Saiatuko naiz hobetzen, baina iturriek ematen digunak markatzen du hori.
  • Zuek proposatzen eta abisatzen dituzuenak.

Zer ez da?

Klaserako.karrajua.org ez da norberaren materialak sarean jartzeko gunea. Ez dago idazteko edo fitxategiak igotzeko aukerarik alegia. Klaserako ideiak eta materialak egiten badituzue eta zabaltzeko eta konpartitu nahi badituzue, aukera hauek dauzkazue adibidez:

  • Testu fitxategiak badira, word edo pdf formatuan badaude Scribd-n kontua zabaldu eta Atazak eta ikasmaterialak taldera bidali ahal dituzue.
  • Ideiak badira bloga sortu eta bertan publikatu ahal dituzue. Ez badaukazue bloga egiteko adina ideia edo gogo, Karrajua.org-era bidaltzen badituzue arazo barik publikatuko ditugu Klaserako ideiak atalean.
  • Link-ak edo interneteko estekak badira. Bildu.net-en kontua zabaldu, gauza interesgarriak markatu eta "klaserako" etiketa ipini.
  • Audio edo bideo fitxategiak badira, podcast edo bideo-zerbitzu batera igo eta esteka bidali edo Bildu.net-en markatu klaserako etiketarekin.
  • Okurritu ez zaidan beste zerbait bada, galdetu eta saiatuko gara bidea topatzen.
  • Zuek ematen dituzuen alternatibak.

Hemen daukazue beraz.

12
Ira
2007

Idiomato: hizkuntz irakaskuntzaren Zabaldu


Honez gero gehienok ezagutuko duzue Zabaldu.com. Badakizue, erabiltzaileek sarean aurkitu dituzten gauza aipagarriak bidaltzen dituzte eta beste erabiltzaileen balorazioekin gehiago edo gutxiago zabaltzen dira. Sistema hau ingelesezko Digg-ek ipini zuen martxan, eta kasu gehienetan arrakastatsu suertatu da.

Hizkuntza desberdinetan egin dira bertsioak, Zabaldu.com daukagu euskaraz, eta inguruan hauek besteak beste: Scoopeo (frantsesez), Meneame (gaztelaniaz), La tafanera (katalanez), Chuza (galizieraz)...

Digg tematikoak ere eratu dira, adibidez gaztelaniazko Docencia.es, hezkuntzaren inguruko gunea.

Lehengo egunean nodos_ele blog kolektibo berriaren bidez halako digg tematiko berriaren albistea heldu zitzaidan, Idiomato.

ESL (English as second language, Ingelesa bigarren hizkuntza bezala) ikasleentzako direktorio soziala izateko jaio da, baina ingelesa ez ezik hizkuntza hauetarako ere egin dituzte atalak: gaztelania, alemanera, portugesa, frantsesa eta txinera. Other languages atala dago gainera, bestelakoak sartzeko.

Abian hasi da gunea eta momentuz gutxi baina denerik aurkitzen da: ikasmaterialak, podcast-ak, ariketak, blogak, eta artikuluak markatu dituzte erabiltzaileek.

Hemen berton aspaldian egin dugu berba euskara ikastearen inguruan baliabideak zabaldu eta sozializatzeko plazen beharraz, Karrajuan esperimentu pare bat ere egin dugu. Ekaineko BBB hartan ere honetaz jardun genuen (bide batez, hurrengoa noizko?).

Digg estiloko gune hauek normalean nahiko aktiboak izaten dira. Interesgarria dirudi euskara ikastearen inguruko halako gune bat. Ezta? Sarean markatzeko eta komentatzeko generoa egon badago.

22
Mar
2007

Korrika15: euskaltegietarako atazak

Korrika gora eta Korrika behera, klaseak aurrera jarraitzen du. Eta AEK-koek hori aintzat hartuta Korrika sasoian klasean erabiltzeko ataza sorta plazaratu dute.

Korrikaren webgunetik jaitsi daitezke pdf formatuan. Hauek dira:

Euskaltegietako Atazak

Hona hemen Korrika dela eta AEK-ko materialgintza lantaldeak sortu dituen atazak. Maila guztietarako lanak eskaini nahi dizkizuegu, eta horretarako aukeratu ditugun gaiak honako hauek dira:

  • Korrika 15en hasiera eta amaiera lekuak : "Karrantza aldean, 3. maila", "Iruñea, 1A maila" eta "Euskara Nafarroan, 2. maila".
  • Korrika 15en kanta eta omenduak : "Heldu Korrikari, 2. maila", "Euskararen transmisioa, 1B maila" eta "Sexismoa hizkuntzan, 2. maila".
  • Korrikari buruzko bestelako kontuak : "Korrika irudietan, 1A maila", "Zer da Korrika?, 1A maila", "Korrikaren alde ezkutua, 1B maila", "Euskaldun berriak, 1B maila", "Euskarari bai, 2. maila", "Korrika

Eskola mundukoek gogoratu zuentzako ere badaudela Korrikaren inguruko adin eta maila desberdinetarako unitate didaktikoak.

Estekak:

26
Ots
2007

Klaserako.karrajua.org berriztuta

Klaserako.karrajua.org

Aspaldian zabaldu genuen gune esperimental modura klaserako.karrajua.org. Asmoa gehien bat ikasmaterialak eta ideak biltzeko webgune bat nolakoa izan litekeen itxuratzen hastea zen. Funtsean klaserako ideiak eta baliabideak esakaintzen dituzten webguneen agregatzaile modura funtzionatzen du, baina ekartzen duen elementu bakoitza iruzkinen bidez komentatu eta garatu egin daiteke.

Aurreko proba Drupal 4.6 bertsiorako aggregator2 moduluarekin ibiltzen zen, orain 4.7 bertsiora eguneratu dugu instalazioa eta feedparser modulua erabili dugu, emaitzak dotoreago aurkezten ditu eta kudeatzeko errazagoa da. Berrikuntzarekin jarioak ere eguneratu ditugu, eta une honetan hauek erabiltzen ditu:

Esan bezala, sarrera bakoitzari era askotako iruzkina egin ahal zaio:

  • Dokumentua edo ataza erabiltzeko ideiak
  • Kritika edo komentarioak
  • Eztabaida
  • Bestelako erreferentziak.

Bestalde, elementu bakoitza baloratzeko 1etik 5erako puntuazio sistema ipini dugu, izartxoak. Eta RSSaren bidez gunearen jarraipena egin daiteke, hau da, sartuta dauden iturburu guztien jarraipena jario bakar batekin..

Elementu bakoitzaren informazioa ez du gunera ekarriko, horretarako jatorrizko orrira joan beharko duzue. Klaserako.karrajua.org sarean dauden materialak komentatzeko eta lantzeko gunea baino ez da, ez materialen errepositorioa.

Irakasleei ideiak emateko eta berauek kolaborazioan lantzeko gune bat eraikitzeko orduan funtzionalitate gehiago ere bilatu daitezke: ekartzen dituen elementuei kategoriak automatikoki esleitzeko modua, norberak ideiak edo materialak bidaltzeko aukera, ikasmaterialak prestatzeko wikia,... Probako gunea da klaserako hau, beraz, bota ideiak beldur barik, edo sartu daitezkeen jario gehiago.

http://klaserako.karrajua.org

23
Mai
2006

klaserako.karrajua.org

http://klaserako.karrajua.org

 

Inbentorea deitu zidaten karrajua.org hau zabaltzen hasi zenean, eta famari eutsi egin behar zaio bada. Beste inbento batekin nator.

Egia esanda, ez da gauza berri-berria. Blogger-en hasi nintzenean web2.0 honen aukeretariko bat nola aprobetxatu proposatu nuen orduan. Beraz, ez dut berriro azalduko, lehengo link horretara joan eta zertaz nabilen ulertuko duzue.

Kontua da tontamentean link bildumatxoa egin dudala del.cio.us-en, neuk bakarrik, ze klaserako tag hori beste inork ez duela erabili dirudi, baina zerbaiten falta sumatu dut.

Sarean aurkitzen diren testuak markatu eta konpartitu bai, baina gure kasuan testua bera baino inportanteagoa da testuarekin egiten dena. Del.icio.us-ek ez du azalpen handirik botatzeko aukerarik, markatutako testuekin egingo genukeena azaltzeko hain zuzen ere.
Honetan nabilela karrajua.org antolazeko erabili dudan drupal-ek rss jarioekin lan egiteko bi aukera ematen dituela konturatu naiz.

Bata, aggregator deritzon modulua da. Honek nahi dituzun feed-ak jarraitu eta zeure gunean erakusteko, sailkatzeko, antolatzeko eta blog-eko mezu modura komentatzeko aukera ematen dizu. Honela prestatu dut hain zuzen ere "metabloga" edo albistegia eta horrela ekarri ditut albiste batzuk blogera (hemen azkenengo adibidea).

Dena dela, bloga apur bat mugatuta ikusten izan dut, eta halako testu baten aurrean edonork ekarpena egiteko modu irekiagoa nahi nuen. Honela aggregator2 modulua topatu nuen Drupalen aukerazko moduluen artean.

Aggregator2 honek aukera ematen dizu nahi duzun feed-eko elementuak zeure guneko post edo mezu modura ekartzeko, horrek ematen dituen posibilitateekin: elementu bakoitzaren gainean komentario-hariak zabaldu, kategorizatu,... Del.cio.us-eko link-ekin bloga egin adibidez.

Eta hemen dago inbentoa: http://klaserako.karrajua.org. Zerbitzariak eskaintzen didan azpidomeinu baten beste instalazio bat egin dut (karrajua.org ez kargatzearren), aggregator2 instalatu eta del.icio.us-eko klaserakoekin lanean jarri eta esteka bakoitzeko mezu bana sortzen du.

Ideia hau da: hasierako orrian ikusten diren elementuetariko bakoitza klaserako interesgarria izan daitekeen testua da. Zerbait okurrituz gero, "gehitu iruzkin berria" sakatu eta komentario modura bidali daiteke. Honela klaserako ideien bankua sortzen da apurka-apurka parte hartzen dutenen artean. Material banku kolaboratiboa hain zuzen ere. Web2.0 horrek ekarri diguna ustiatzeko modu bat.

Hau ere gune guztia bezala ideia eta esperimentua baino ez da. Norbaitek testu horien gainean ideiarik badauka botatzea dauka hala ere, eta estilo honetako beste aplikazioren bat bururatzen bazaizue bota edo proposatu. Aztertuko dugu eta.

Momentuz konpondu beharreko bat dago, Aggregator2-k del.icio.us-eko tag-ak inportatzeko aukera ematen du norberaren guneko etiketa bezala, baina drupal-en konpontzen dabiltzan errore bategatik banatuta ekarri beharrean (adib.:entzumena, historia, kronika), etiketa baten batuta ekartzen ditu: (entzumena historia kronika). Konpondu bitartean hala mantenduko dugu dena dela.

Adibide pare bat ipini ditut. Eta horrez gain lehengo egunean eibar.org-ekoek zabaldu zuten Zaldi Eroaren tiraren jarioaren gainean "inbento" berdina egin dut. Ea beronek ere klaserako ideiaren bat ematen dizuen,...edo tiraren gainean okurritzen zaizuena gehitzeko.
Inbentoa hor dago bada, CC patentea baino ez dauka gainera. Zer deritzozue? Beste zerbait okurritzen zaizue?

A! Ez ahaztu del.cio.us-en "klaserako" etiketa edonork erabili dezakeela, ez nik bakarrik, eta berdin-berdin jasoko da hemen.

Sindikatu edukia