baliabideak

12
Mar
2009

Egin zeure mailaketa online

iametza interaktiboa enpresak IKAren webgunean jarri duten zerbitzuaren berri eman digu: norberak bere mailaketa egiteko proba automatikoak.

Hau da azalpena:

Eskura jarri dizkizugun Mailaketa Probak euskalduntze prozesuan gutxi gorabehera non zauden jakiteko baliagarriak izango zaizkizula uste dugu. Gutxi gorabehera diogu, mailaketa hauetan gramatika ezagutza eta ulermena baino ez dira neurtzen eta. Mailaketa osoagoa eta fidagarriagoa egiteko, euskaltegira hurbildu, eta bertan ikusiko dugu zer moduz moldatzen zaren idazten eta hitz egiten. Horren arabera erabakiko dugu zein mailatan hasi. Jarraian dituzue maila bakoitzeko helburu orokorrak.

Aukeratu zuretzat egoki ikusten duzun maila eta probatu zure ezagutza: (zure maila zein izan daitekeen ez badakizu hasieratik hastea gomendatzen dizugu)

Hemen daukazue lotura: Probatu zure euskara maila online!

Lau mailatan daude sailkatuta: 1a, 1b, 2 eta 3

Maila bakoitzaren sarreran curriculumean dugun gaitasunaren deskribaketa dugu, ondoren maila probatzeko ariketa sorta aurkituko dugu: aukera anitzek galderak, hutsuneak bete eta egia/gezurra erakoak. Testa bete ondoren puntuazioaren arabera matrikulatu behar duzun maila aholkatzen dizu.

27
Aza
2008

Euskara irakasleak

Titulua ikusita igoal pentsatu duzue atzera natorrela Euskara Irakasleak sare-foroaren publizitatea egitera. Ez (beno, publizitate apur bat beti egin behar da), momentuko kezkatxoa besterik ez.

Klaserako baliabideak atalean egunotan beste hizkuntzen irakaskuntzarako baliabide biren berri eman dut: ingelesezko Teaching English eta Kataluniako Parla.cat. Bietan irakasleentzako baliabideak sareratzeko eta partekatzeko guneak atondu dira, eta gauza batek eman dit arreta: kolektibo batean zentratuta egon arren (ingeles irakasle ez natiboak eta bigarren hezkuntzakoak batean, eta helduen irakasleak bestean), irekita uzten dute biek esparrua.

Gurean, berriz, sentsazioa izaten dut sarri harresi handiak daudela irakasle kolektibo desberdinen artean: euskaltegiak, hezkuntza, hizkuntz-eskolak... Baita kolektibo horien barruan ere: administrazioak, euskaltegi sareak, eskola sareak...

Egia esanda, ez dago euskara irakasleentzako gune eta proiektu askorik sarean (saretik kanpo ere ez nuke esango asko direnik), baina era berean kolektibo guztia batera kontsideratzen duenik ez datorkit gogora (Euskara Irakasleak ez bada, publizitatea berriro).

Ez dakit, momentuko kezka tontoa baino ez da akaso, baina iruditzen zait -teorian behintzat- batzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago dela. Ala ez?

21
Aza
2008

100 lore

Josi Sierra tertuliakideak lehengo igandean kontatu zigun tertulia osteko tertulian, proiektu batean sartu da, bere ekimenez eta gustoz: 36ko gerrako testigantzak jaso nahi ditu bere kamararekin, testigantzak jasotzeaz gain, material pedagokikoa ere egingo da grabazioekin.

100 lagun behar ditu, gerra hasi zenean 12 urte edo gehiago zeuzkatenak (85 urtetik gora gaur egun) eta euskaldunak.

Ilusionatuta dabil Josi, lehengoan igartzen zitzaion, maite ditu horrelakoak eta Karrajuan ere aipatu dugu haren lana inoiz.

Josiren kamarak ekarriko dituenek berriro ere mereziko dutelakoan, hemen doa gure aletxoa:

Ezagutzen dituzue edade horretako euskaldunak, gerra garaia bizi izan zutenak? Josiri lagundu ahal diozue?

Hala bada, jarri harremanetan berarekin helbide honen bidez: udaberrigaldua@gmail.com.

Hemen duzue Josiren lanaren ale bat:

20
Urt
2008

Euskal gramatika eta hiztegia sarean 2014rako

Ostiralean zabaldu zen albistea eta blogosferan oihartzuna eduki du dagoeneko. Euskarazko hiztegia eta gramatika 2014rako osorik Interneten jarriko ditu EHUk (Berria.info).

EHUko Euskara Institutua da proiektuaren arduraduna. Esteka hauetan daukazue informazio (eta esteka) gehiago:

Euskara institutuaren webgunean egin dut osteratxoa bide batez, zer dagoen eta zer dabilen ikusten. Guretzako baliagarria-edo. Oraingoz asko-asko ez.

  • Egungo euskararen hiztegia. Proiektu nagusaren ataletako bat. Ereduzko Prosa Gaur corpusean oinarria hartuta hiztegia egitea da asmoa. Une honetan F, G eta H letrak baino ez daude proba modura.
  • Hiztegi batua euskal prosan. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko sarrerak eta Ereduzko Prosa Gaur corpusean dauden sarrerak parekatzen ditu. Hemen daukazue azalpena. Bietan agertzen den ala ez, eta EPGn zenbat sarrera dauden. Hau ere ez dago osatuta. F, H, I, J eta K letrak besterik ez. Interesgarria izan daiteke hitz edo erro baten maiztasuna ezagutzeko, "erabiltzen da" edo "ez da erabiltzen" epaia eman orduko adibidez.
  • Lexikoa eta gramatika. Hiru dokumentu daude PDF-n. Asier Larrinagaren EITBren irrati-telebistako glosarioa. Gotzon Aurrekoetxea, Henrike Knörren Euskal Testuetako glosarioa eta Itziar Lakaren A brief grammar of euskara. Lehenengoa interesgarria izan daiteke euskarazko hedabideen inguruan zerbait egin nahi izanez gero, telebistako hiztegia landu, adibidez.
  • Ereduzko prosa gaur. Esan bezala, gaur egungo euskararen Corpus arakatzailea da. Literatura eta prentsako testuetan oinarrituta. Euskararen irakaskuntza arauetan soilik oinarrituko ez badugu, halako tresnak ez datoz batere txarto. Dena dela, corpusean interneteko testuak ere integratzea komeni delakoan nago. Badago eta corpus horretan apenas topatzen den hitzen bat. ;-)

Tira ba, asko ez, baina unibertsitatetik sorpresa atseginak etortzen hasiko direla dirudi.

10
Urt
2008

Baliabideak sarean

Patxo Landa lagunarekin ibili naiz gaur arrastian teknoendredoen gainean platikatzen. Bere asmo eta proiektu batzuk kontatu dizkit, gaztelania-irakasle diharduten hiru lagunen artean martxan ipini berri duten Tres Tizas gehien bat.


Oso proiektu interesgarria, hizkuntzaren irakaskuntzaren hiru arlo berezitan: HIPIn (Hizkuntza indartzeko programak eta ikasgelak), LHIn ( lanbide hastepenetarko ikastegiak) eta DBHn, hizkuntz-klaserako aktbitate errazak batu eta zabaltzea dute asmoa. Web2.0 tresnekin bloga eta wikia atondu dituzte horretarako. Wikian eskuragarri dauden aktibitateak zehatz azalduta eta baliabideekin ondo hornituta aurkeztu dizkigute. Guztion eskura dauden bitartekoekin eta -bereziki- gogo eta ilusioarekin gauza politak egitea ez da zaila, ez.


Tres Tizas hau ez da izan aste honetan ikasmaterialak eta aktibitateak sareratzeko aurkitu dudan adibide bakarra gainera. Egun batzuk lehenago Anibal de la Torre irakasle-blogari ezagunak sarean baliabideak konpartitzeko gune berria (berreskuratua hobeto esanda) aurkeztu zigun: Recursos Educativos en Red. Lehengo esperientzia bat berreskuratu eta Drupal softwarearekin (Karrajuan erabiltzen duguna), sarean dauden baliabide edukatiboen direktorio kolaboratiboa egin du, kategoria eta etiketekin sailkatua, eta baloratzeko puntuazio sistema batekin hornitua. Del.icio.us eta Zabaldu.com-en arteko zerbait. 600 baliabide baino gehiago ei dauzka karteran, eta gainera norberak aurkitzen duena bidaltzeko aukera ere ematen du.


Bestalde, OpenAcademic-en klaserako sortzen diren ideiak eta ikasgaiak eta berauek zabaltzeko eta antolatzeko bideen inguruko gogoeta egin dute, Thoughts on Sharing Lessons artikuluan. Beharrak eta interesak aztertuta, tresna hau proposatu dute. Funtsean sarean produzitzen diren "lekzioak" jasotzen dituen agregatzailea da, jaso ahala iturriaren arabera sailkatu eta aurkezten dituena. Ideia ona, eta ezaguna ere egiten zait. Tresna osatuago baten lehenengo pausoa izango litzateke hau, ikasmaterialak partekatzeko eta eskatzeko zerbitzuak ere beharko lirateke OpenAcademic-ekoen arabera.

Azken gune hau ere Drupal-ekin eginda dago, eta duela hilabete batzuk ikasmaterialak sareratu eta partekatzeko FreeTeach.com gunea gogoratu dut, Drupalekin eginda hura ere.

 

Tira ba, lehen esan dudan bezala, badira klasean zer egingo ote dut galderatxo horri erantzuten laguntzeko modu errazak, teknologiaren aldetik behintzat.

16
Aza
2007

Euskara-irakasleen Didakteka

[Euskara-irakaslearen Didakteka - Santurtziko Udal Euskaltegia]

Aspaldian komentatu genuen eta Santurtziko Udal Euskaltegikoek aste honetan egin dute inaugurazio ofiziala: Euskara-irakasleen Didakteka.

Didaktika eta irakaskuntzaren inguruko testuen bilduma da (bai, didaktikarion teoria-txapa-psikolasto horiek guztiak). SUEkoen asmoa era guztietako materialak guztion eskura uztea da, eta wiki erara publikatu dituzte testuok.

Wikian antolatuta, proiektua irekita dago guztion parte-hartzera, eta halaxe bota digute gonbidapena guztioi Didakteka osatzera:

Didakteka proiektu irekia da eta parte hartu nahi duten guztiei zabalik dago: dagoeneko eskura dauden artikuluak handituz, zuzenduz edo beste dokumentu batzuk sortuz.

Osatu ez ezik, materialak erabili eta zabaltzeko aukera ere eman digute CC-BY litzentziapean jarrita.

Ideia ona, duda barik, eta gutxien-gutxienik konpartitzeagatik eskerrak ematea merezi duena.

Eta norberak aportatzea ere bai. Animatuko gara? Hasteko Karrajuan fundamentuzko zerbait aurkitzen baduzue (neureen artean kostako da), beldur barik eroan ahal duzue Didaktekara.

07
Aza
2007

Klaserakoak e-postaz

Karrajuak aspaldian dauzka spin-off pare bat: klaserako.karrajua.org eta karrajua.kom.

Lehenengoa sarean publikatzen diren materialen agregatzailea da (edo berri-emalea nahi baduzue), eta bigarrena taldeak egiteko gune baterako proba.

Ez dira "produkzio-guneak" alegia, esperimentu mailan daude biak eta orain arte gehiago erabili ditut probak egiteko eta jolasteko benetako gune edo zerbitzua egiteko baino.

Azkenotan berriz, Ikasbilen RSS jarioak eskaintzen hasi direnetik eta Scribd-n ikasmaterial batzuk gordetzen ditudanetik, konturatu naiz sarean badabilela ikasmaterialen jariotxo interesgarri bat, eta Klaserako hori norbaitentzat baliagarria izan daitekeela.

Klaserako.karrajua.org horretan RSSen bidez han eta hemen publikatzen diren gauzak jaso eta kronologikoki publikatzen ditu, berrienak lehenengo.

Beraz, interesgarria izan daiteke eskolak ematen dabiltzanentzat zer material edo dokumentu berri irten diren jakiteko.

Baina egunero kontsultatzeko astirik-ohiturarik jende askok edukiko ez duenez, eta RSSren misterioak oraindik askorentzat bastante misterio direnez, aukera berria gehitu diot. Feedburner zerbitzuaren bidez publikatzen diren materialak e-postaz jasotzeko aukera.

Zer egin behar da?

Erraza:

  1. Klaserako.karrajua.org helbidera joan
  2. Han, ezkerrean E-postaz harpidetu ipintzen duen koadrotxoa dago.
  3. Sartu zure e-posta helbidea eta "Harpidetu" klikatu. Leiho berria zabalduko da.
  4. Leiho horretan zure helbidea eta letra-zerrenda bat agertuko da. Letra horiek beheko koadroan tekleatu eta "Complete Subscription Request" ipintzen duen botoian klikatu.
  5. Orain mezu bat etorriko zaizu (ingelesez, ea itzultzen dudan) postara konfirmatzeko. Berton link bat ikusiko duzu, klikatu eta nabigatzailean leiho bat zabalduko da zure harpidetza eginda dagoela konfirmatuaz.

Zein berri jasoko duzu?

Orri honetan dauzkazu Klaserako.karrajua.org harpidetuta dagoen iturrien zerrenda. Baina labur esanda hauek dira:

Iturri berriak agertu daitezke (oxala!) eta jakin ahala (edo zuek abisatu ahala) horiek ere gehitzeko modua dago. Beti ere RSS jarioa badaukate.

Zer dago?

Egunero mezua jasoko duzue publikatu diren azkenengoekin. Jatorrizko lekuan publikatzen direnetik zuenera heldu arte bizpahiru egun pasa daitezke txarrenean.

Klaserako.karrajua.org-ek beste leku batzuetako mezuak jaso baino ez du egiten, iturriaren arabera informazio gehiago edo gutxiago edukiko duzue. Ikasbileko materialetan adibidez izenburua baino ez da heltzen.

Beraz, dokumentu originalak ikusteko jatorrizko lekura joan behar duzue. Horretarako interesatzen zaizuen artikulua Klaserakon zabaldu eta behean "irakurri originala" estekan sakatu behar duzue.

Klaserakon dena dela aukeratxo pare bat daukazue:

  • Materiala izartxo batzuekin baloratu. Zenbat izar ipini nahi duzuen gainean klikatu.
  • Materialen inguruko iruzkinak egin. Iritzia, klasean erabiltzeko ideiak, erabili osteko balorazioa... Nahi duzuena.

Hobetzekoak

  • Materialak sailkatzeko etiketak ipini ditut. Etiketatze sistema automatikoa da, ni ez naiz ibiliko etortzen diren guztiei etiketak ipintzen, zorionez asko dira eta. Batzuetan sistemak ondo jasotzen ditu etiketak, baina beste kasu batzuetan maila edo aurretik ipinita dauka baten bat baino ez. Sailkapen sistema ez da oso zehatza zoritxarrez. Saiatuko naiz hobetzen, baina iturriek ematen digunak markatzen du hori.
  • Zuek proposatzen eta abisatzen dituzuenak.

Zer ez da?

Klaserako.karrajua.org ez da norberaren materialak sarean jartzeko gunea. Ez dago idazteko edo fitxategiak igotzeko aukerarik alegia. Klaserako ideiak eta materialak egiten badituzue eta zabaltzeko eta konpartitu nahi badituzue, aukera hauek dauzkazue adibidez:

  • Testu fitxategiak badira, word edo pdf formatuan badaude Scribd-n kontua zabaldu eta Atazak eta ikasmaterialak taldera bidali ahal dituzue.
  • Ideiak badira bloga sortu eta bertan publikatu ahal dituzue. Ez badaukazue bloga egiteko adina ideia edo gogo, Karrajua.org-era bidaltzen badituzue arazo barik publikatuko ditugu Klaserako ideiak atalean.
  • Link-ak edo interneteko estekak badira. Bildu.net-en kontua zabaldu, gauza interesgarriak markatu eta "klaserako" etiketa ipini.
  • Audio edo bideo fitxategiak badira, podcast edo bideo-zerbitzu batera igo eta esteka bidali edo Bildu.net-en markatu klaserako etiketarekin.
  • Okurritu ez zaidan beste zerbait bada, galdetu eta saiatuko gara bidea topatzen.
  • Zuek ematen dituzuen alternatibak.

Hemen daukazue beraz.

18
Ira
2007

0708 kanpaina eta doakoak

Aurrera doa matrikulazio kanpaina. Joan den larunbatean gehigarri hau banatu zen Vocento taldeko egunkariekin. Euskaltegi talde batek sustatu du gehigarria Ikusi, ikasi. Da el paso hacia el euskera leloarekin.

Barruan Mertxe Mugika (AEK) eta Gurutze Sarasolarekin (IKA) elkarrizketa, informazio-artikulua eta euskaltegien zerrenda.

Ikasbilen ere agertu da albistea.

Dena dela gaurko slogan indartsuena Santurtziko Udal Euskaltegiko webgunean ikusi dut: Euskara doan ikasi!! Argudio komertzial eztabaidaezina.

Santurtzin ez dituzte klaseak debalde emango hala ere. Albistea bestelakoa da, baina ez horregatik interes gutxikoa. Baliabide Zentro Birtuala antolatu dute santurtziarrek, han gunean erregistratu ostean, testuak, ikastaroak eta kontsultarako baliabideak eskainiko dituzte doan, norberak bere kontura erabiltzeko hala ere.

Era berean, gaur Maite Goñi ikteroak aspaldian zabaldu zuen EGA ikastaroa osatu eta berrantolatu duela kontatu digu. Lan polita egiten dabil Maite. Susmoa daukat hala ere euskaltegietako jendearen kolaborazio gehiago bereziki estimatuko lukeela.

Publizitateaz hasi gara, baina Santurtzikoak eta Maite ez dut uste publizitateagatik ari direnik. Baten batek pentsatuko du horrelakoekin jendea ez dela euskaltegietara etorriko akaso. Nik kontrakoa uste dut, baliabideen zabalkundeak euskara ikastera animatzeko eta euskaltegietara etortzeko gehiago egingo du animatu uxatu baino.

Hori bai irakasleari buruko min bat ekar diezaioke honek guztiak, ezin izango da materiala banatzera mugatu.

Tira ba, neuk ere egingo dut neure ekarpen txikitxoa.

Bide batez, zorionak Iruñeko Donibaneko Irrintzikoei.

Sindikatu edukia