25
Eka
2007

Euskaltegia, blogak, trastoak eta garagardoak

Hiru lagun batu ginen lehengo ostiralean, hirurok euskara irakasleak eta internet eta teknologiaren harrak haginkadatxoa emanda. Zer ikasi asko daukagu honetan eta elkar ezagutu eta ikasteko gogoarekin ipini genuen hitzordua Blog & Beers txiki batean, lehenengo aldiz elkartu ginen hirurok aurrez aurre: Galdakaoko Udal Euskaltegiko Josu eta Iñigo (Berbet@n) eta AEK-ko Benito (Karrajua).

Elkar eta elkartzeko lekua topatzeko hasierako abenturak gora-behera (horiek kontatzeko beste mezu bat beharko genuke...) azkenean bazkari eta bazkalosterako batu ginen Deustuko txoko batean, eta abarketari ematen hasi.

Hiru orduk asko esateko ematen dute, eta asko esan genuen, gauza askotaz. Niri neuri buruan geratu zitzaidana (edo ondo betetako kaña batzuen ostean akorduan geratu zaizkidanak).

Blogak eta internetez hasita, ikasleentzako blogei kostatzen zaie funtzionatzea. Ahalegin handia egin behar da, eta ikasleek ez dutela entusiasmo handiegirekin hartzen. Beharbada, ikasleek beste zerbait nahi-behar dute, ez hain publikoa, itxiagoa eta elkarreragin gehiagokoa... Ez dakigu zer zehazki: foroak, sare sozialak, galderak botatzeko lekuak... Eurek ere zerbait nahi dutela uste dugu, euskara ikasten laguntzen dien zerbait, eta norbaitek asmatuz gero arrakasta edukiko luke, baina zer hori asmatzea da kontua.

Teknologiarekin jarraitu genuen, egunero eskutartean darabiltzagun gailuez jardun genuen hain zuzen: mugikorrak, kamarak, mp3ak... Bi gauza besteak beste. Batetik, egunero erabiltzen ditugun horiek zenbat kostatzen zaigun aplikazio "profesionalak" topatzea, aisialdiarekin edo kapritxoarekin lotzeko joera izaten dugu, eta klasean berriz, lehengoarekin jarraitzen dugu: kaseteak, DVDak, arbela... Ideiatxo batzuk irten zitzaizkigun han asko pentsatu barik: arbelean idazten ditugun grafiko eta eskemei argazki digitalak ateratzea, mugikorren eta kamara digitalek bideoa grabatzeko eta ikusteko erabiltzea, DVDak, kaseteak eta bideoak ordenagailu mugikorrekin ordeztea...

Bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, horrelako gailuak erostea edo erabiltzea proposatzen denean inguruan zelako eszeptizsimoa aurkitzen dugun komentatu genuen, badirudi hain gauza txikiek ezin dutela jarduera "serio" baterako balio izan.

Irakasleez eta sareaz ere hitz egin genuen. Hainbat lagun han eta hemen lan berdina egiten eta orain arte sarea ideiak, materialak, egiten dugunaren emaitza eta kezkak konpartitzeko hain gutxi erabiltzea bekatua dirudi. Arrazoi asko egon daitezke hau azaltzeko, baina seguruenik ez da inor etorriko honi buelta ematera norbera hasten ez bada. Hor egon daiteke blogen indarra gurean, irakasleon jardunaren gainean berba egiteko eta ideiak eta materialak konpartitzeko eta garatzeko tresna bezala erabiltzea.

Ideiatxo pare bati hasi ginen forma ematen honen inguruan. Norberaren materialak publikatzeko, konpartitzeko eta probatzeko sistema bat, irakasleon indarrak batzeko azken batean. Ideiari bueltak ematen hasi gara, ea zer ematen duen. Probatxo batzuk egin behar ditut. Laster izango duzue horren berri.

Inor animatzen da gurekin lantzera? Eta hurrengoan kaña batzuk hartzera?

Hau neure laburpena izan da, baina seguru Iñigok eta Josuk gauza gehiago dauzkatela apuntatuta.

Oraingoan ezin izan nuen,

Txelis (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 25 - 07:25-(e)an bidalia.

Oraingoan ezin izan nuen, EGAko azterketak, baina hurrengoan hor izango naiz.

bbo-tik bueltan

Josu (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 25 - 14:29-(e)an bidalia.

Hurrengorako erronka izan liteke, apurka-apurka eta aipatu genuenaren harira, ikasleei begirako blog, "atari"-edo antzeko bat, blogak, foroak, mini-txatak... barnean lituzkeena eta irakasleei begirako beste bat unitateak (eta feed backa), sekuentziak(eta feed backa), ariketak(eta feed backa)... izango lituzkeena. Copyleft derrigor.
Egoera utopiko horretan euskalduntzean gabiltzanon hainbeste indar ez litzateke geure txokotxuetan geratuko eta oinezko irakasleok "zer egingo dut gaur klasean?" galderari erantzutea errezagoa izango genuke. Erantzun hori izan liteke: "Geranioen hazkuntza ekologikoa" unitatea topatu dut "landareak", "entzunaren ulermena", "1B maila" etiketak zituena; gainera, erantzunetan ikusi dut Gorostondoko AEK-n eta Goikolepoko Udal Euskaltegian erabili dutela eta iruzkin didaktiko pare bat egiten dizkiotela.
Horra etorkizuna!

Iñigo, zeure txanda.

Euskaltegia, blogak, trastoak eta garagardoak

Maite (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 25 - 15:14-(e)an bidalia.

Baina, baina...!!!! Hori da arratsaldeari etekina ateratzea!!!!!

Zuen ideia berrien zain gelditzen naiz eta, ahal dudan neurrian, ekarriak egiteko ere bai...

Penatan gelditu nintzen. Ea

Leire N (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 25 - 17:26-(e)an bidalia.

Penatan gelditu nintzen. Ea hurrengora joatea daukadan!

blogak lagungarriak izan ahal zaizkigu, baina uste dut oraindik ere noraezean gabiltzala

Oso ondo ikusten dut proposatutakoa. Neu ere prest egongo nintzateke

Ondo segi

Unitateen nondik norakoak

Iñigo (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 26 - 09:27-(e)an bidalia.

Ostiralean komentatu genuen gehiena Benitok eta Josuk aipatu dutenez ez dut askorik komentatzeko. Halere hona hemen beste gauzatxo batzuk: unitateei buruzko azalpenak, hots materialaz gain zelan erabili behar den, edota zelan erabil daitekeen idatziz eman beharrean, sarri luze eta katramilatsua dena, entzuteko fitxero batean graba daiteke. Nire kasuan errazago suertatzen zait horrela egitea (ea probarik egiten dudan).

Hurrengo hilabeteetan, eta batez ere hurrengo ikastaroaren hasieran, han hemendik daukadan materiala trukaketarako (nahi duenak erabil dezan) prest edukitzea espero dut. Ea jendea animatzen den eta materialik eskuragarri jartzeko ez badauka ere, behintzat iruzkinak eta egin diezazkieke besteok jarriko dugunari.

Eskerrik asko Mikeli oparitu zizkigun olibatxoengatik.

Oharra: Gaurko Berrian (07-06-26)Plugin <em></em> Not Found Donostian euskara ikasten daudenak. Argazkietan "Bakarka" liburua eskuetan daukatela agertzen dira. Argazkirako baino ez da, edo ikasteko erabiltzen dute? Hau da, euren euskarria izango da egingo duten ikastaroan zehar?

Haginkadatxoa

halgorri (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 26 - 14:32-(e)an bidalia.

Oso interesgarriak darabiltzazuen bideak!

Hori bai, euskara irakasle izanda jakin beharko zenuke haginkadatxoari hatxe jarri behar zaiola hasieran! Ai Benito, garagardoaren eraginez ote?

Puntuak

Benito-(e)k 2007, Ekaina 26 - 19:20-(e)an bidalia.

Argi dago, ezin da alkoholaren eraginaren menpean idatzi. Honegatik EGAtik zenbat puntu kendu? Wink

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia