internet

05
Ots
2012

Internet: sarean zun-zun

Plisti-plasta | 2012, Otsaila 5 - 18:43

Gizartearen historian badira zenbait asmakizun ia perfektu, apenas aldatu gabe urteak eta mendeak irauten dutenak. Gure ingurura begiratutxo bat eginda, holakoak ditugu mahaia, euritakoa edo jantzita ditugun zapatak. Beste asmakizun batzuek, ordea, bide luzeagoa egiten dute, mutazio gaitasuna dute, eta errealitatea eta historia bera ere aldatzen dute. Honelakoak ditugu telebista, inprenta edo antibiotikoak. Bada gure garaian ere halakorik, internet deitzen da.

Batzuek uste dute internet eta beronen ingurukoak bitartekoak direla, eta bitartekoak soilik tresna direla, ez dutela inguruan eraginik. Alegia, boligrafoa erosteak ez zaituela idazle bihurtzen. Eta arrazoi dute. Baina zati batean bakarrik. Nire ustez, bitartekoa ez da neutrala, are bitarteko horrek mutazio gaitasuna duenean eta hedakorra denean. Nola pentsatuko zuen, ba, AEBko Defentsa Departamentuak abian jarri zuten asmakizun hark erraztu egingo zituela Tunez edo Egiptoko herri-matxinadak? Bitartekoa ez da neutrala, ez.  Beste adibide bat  jartzearren, esan, beti izan direla sare-sozialak, gizakiaren ezaugarri dira, baina eraldatuz joan dira teknologiaren altzoan; pentsa ezazue nolako jauzia dagoen, adibide baterako, telegrafotik Twitterrera edo Meucciren telefonotik smartphonera.

Begira diezaiogun, bada, interneti. Arrastoa ateratzeko garrantzitsua da jakitea zein bide egin duen orain artean. Honetaz hitz egitean berehala hasten dira batzuk zenbakiak jartzen, dela 1.0, dela 2.0, dela… Eta ondo dago baina betiere modu lineal-kontsumista batean ulertzen ez bada. Ez, internet ez da produktu bilduma bat soilik; ez da 1.0tik 2.0ra aldatzen, eskuko telefonoa aldatzen dugun bezala. Internet mutantea da eta geruzaka hazten da, estratifikazio dinamikoa eta saretzea ditu bere hazkunde moduak. Hasiera batean informazio iturri biltegia zen, bertara jo eta iturria zabaldu beharra geneukan; ondoren, internet bera arduratzen zen gure egarria asetzeaz eta une honetan taberna handi bat da; egarria asetzeko ez ezik, harreman-gune erraldoia. Baina bakoitzak nahi duen moduan erabil dezake, oraindik orain hor daudelako geruza guztiak (iturria, etxez etxeko zerbitzua eta taberna).

Zer ote da hurrengoa? Konturatzen bazarete, internet, aurrera egin ahala, gero eta errealagoa da, birtualitatetik ihes egin nahian dabilela dirudi. Gaur egun denok gara apur bat ziborg, birtualitatea gero eta errazago integratzen dugu gure bizitza errealean. Gero eta errealagoa da birtualitatea, beraz; eta errealitatea gero eta birtualagoa. Hitz-joko honek erakusten digu mugak lausotzen ari direla eta fusioa gure begi-bistan gertatzen. Honen erakusle argia da ‘errealitate areagotua’ deiturikoa. Adibide baterako, zeruari begiratzen diogunean zalantza izaten dugu urrunean ikusten ari garen izar hura zein ote den; ba, gaur egun, eskuko telefonoa atera, izarra fokuratu eta Google Sky Mapek esaten digu zein den izarraren izena. Errealitatea eta birtualitatearen batuketak eman diezagukeen jauziaren adibide xume bat baino ez da. Oso bide luzea eta oparoa dute aurrean alor honetan eta neurologian, egiten ari diren zenbait lanek.

Baina ezin gara horretan geratu. Lehenagokoan telebistako saio batean internet burmuin erraldoia zela zioten eta berari konektatuta zituela milioika eta milioika burmuin (zurea eta nirea, besteak beste). Burmuina bezala, beraz, internet ere errealitate konplexua da. Informazio biltegi eta ekoizlea, adimen kolektiboaren egoitza, harreman eta interakzio plaza handia, orain arteko errealitatea osatzera datorrena.

Buru asko ditu internetek eta erredukzionista da nire ustean industria eta zerbitzu-gizartearen ostean, informazioaren gizartea datorrela esatea. Hori baino askoz gehiago da. Funtsean zer edo zer izatekotan, harreman eta errealitate ugalduaren gizartea izango da. Baldin eta munduan diren Heraklesen jarraitzaileetako baten batek buruok mozten ez badizkio, behintzat.

Honezkero, zuetako baten batek pentsatu du zertaz ari naizen, Karrajua euskara eta didaktikari buruzko txokoa izaki. Ba, zeharka bada ere, euskarari eta didaktikari buruz ere ari natzaizue, lagunok.

Irudia: Deventer op Stelten de Generale. Egilea: Ronald Rugenbrink. Lizentzia.

14
Ira
2011

Eitb nahierara, baina jaitsi gabe

Aspaldian aipatu genuen hemen Eitb-ren webgunea ikus-entzunezko dokumentuen iturri handia izan daitekeela euskara irakasleontzat. Bai, txukunagoa, ordenatuagoa akaso, erakargarriago eta txuloagoa askorentzat, baina dokumentu-iturri izateko arazoak izango ditugu hemendik aurrera.

Irrati saioak mp3 formatuan eta bideoak mp4-n jaisteko aukera ematen zigun lehengoan, eta orain ez eitb.com-en, ez eitb.tv berrian ez da aukera hori zuzenean agertzen, eta edukiak babestuta daudela ematen du gainera. -k oharatarazi digu tweet honetan.

Badirudi audioa eta bideoa RTMP protokoloan eskaintzen direla orain, beste telebista kate askok egiten dutenaren antzera, bideoak jaitsi edo kopiatzea eragozteko asmoz. Eta horrek konexio barik erabili behar dituztenei oso zaila jarri die jaistea eta beste leku batera eramatea, klasera esate baterako.

Bila ibili naiz, eta ez dut alternatiba errazik aurkitu. Eitb.tv-tik ("nahierara") programa hau erabilita jaitsi daitezkeela dirudi, ez eitb.com-etik ordea. RTMP protokolo horretan eskaintzen diren edukiak jaisteko beste alternatiba batzuk daude munduan, baina ordenagailuen erabiltzaile arruntarentzat konplikatuak edo astunak izan daitezke gehienak.

Audioei dagokinez, lehengo podcast-ak mantentzen dira, eta hortik bai, mp3 formatuan jaitsi daitezke edukiak, behar dugun entzungaia podcast-etan badago behintzat.

Bideoei dagokienez, lehen aipatu dudanaz gainera, ingelesezko bertsio honetan lehengo interfazea gorde dute, eta bideoak jaisteko aukera zuzena mantentzen da, baina erdarazko bideoak dira dirudienez.

Tira, ikus-entzunezko material horiek konexiorik gabe erabili behar dutenentzat jaitsi eta leku batetik bestera eramateko aukera gehiago edo errazago ezagutzen badituzue eskertuko dizuegu jakinaraztea. Hemen behintzat ez dute azaltzen.

22
Urt
2010

Atazaute

Ataza: Ikasleari hizkuntza ikasteko asmoz planteatzen zaion zeregin komunikatiboa. Ikuspegi komunikatiboaren hirugarren belaunaldiaren ardatza da. (Didakteka).

Edo beste era batean esanda, ikasteko zerbait egin behar da, hizkuntzarekin zerbait alegia. Hizkuntza "erabili" egin behar da azken batean. Hizkuntza erabiltzen ikasi hizkuntza bera ikasi baino areago. Zilegi bekit sinplifikazioa, eta atrebentzia.

Hizkuntza ikastea nahi dugu, bai. Beraz, pentsa dezagun hizkuntzarekin zer egin, pentsa dezagun nola eman esanahia, edo hobeto esanda, ekar dezagun esanahia klasera, ikaslearengana. Ez da nahikoa jendea ikasgelan batzea, ezta matrikulazio kopuru handiak, ezta hizkuntzari buruzko hamaika azalpen eta gogoeta, ezta haren inguruan bilkura hutsa, ez milaka ariketa eta material huts. Zerbait egin behar da horrekin guztiarekin.

Zertara derrepentean parrastada sasididaktiko hau?

Zu ta gu sarea aurkeztu digute gaur. Euskaraz jakintza partekatzea asmoa, euskarari bizia ematea bestalde. Batuko da jendea, asko seguraski, tresnari buruz jardungo da, dokumentuak eta fitxategiak jarriko dira... Baina inportanteena, egin dezagun zerbait horrekin, tresnei (hizkuntza zein azpiegitura) esanahia eman behar diegu, ez daitezela eurak bihurtu esanahi.

Ez litzateke lehenengo aldia izango zoritxarrez. Baina, ez dakit zergatik, oraingoan esango nuke aukera hobea dugula hizkuntza eta geure burua atazatan ipintzeko.

Horixe, pentsa eta egin ditzagun atazak. Badakizue, identitatea eta elkarreragina behar dira, ez bilkura eta deklarazio hutsak.

13
Ots
2009

EGAko azterketak kentzearena sarean

Atzo Maite Goñik IKTeroak eta Euskaljakintzan duela gutxi sarean ipini zituen 2008ko azterketak erretiratzeko agindua jaso duela kontatu zuenetik erreakzio ugari izan dira sarean. Bistan da asuntoak euskalduntze-alfabetatzea ere ukitzen duela bete-betean, eta momentuko haserreaz gainera zer pentsatu eta zer esan asko eman dezakeela hemendik aurrera.

Ez naiz haragoko hausnarketetan sartuko oraingoz, sarean han eta hemen orain arte esan direnen loturak batu baino ez dut egingo:

Ez dakit erreakzio hau inoren ipurdia ikaratzeko bestekoa izan ote den, edozelan ere gauza bat falta da hemen, eta faltan jarraituko du seguruenik: Administrazioaren azalpen argudiatua.

Interneten gabiltzan endredanteok ez ezik, jende gehiagok ere merezi duela uste dut. "Innovation" foro eta jardunaldietan komunikazioaz, partaidetzaz eta berrikuntzaz gorbatak ondo estututa nahiz "casual" populista jantzita esaten diren horiek sinestuta eta jakitun esaten diren konprobatzeko baino ez bada ere, bestela asko oposaketetako temarioan kateatuta geratu zirela pentsatu beharko dugu.

Badakizue beraz, 300 hitzeko idazlana. Argudioak ondo antolatuta, koherentziaz eta kohesioaz idatzita, jarioa, egokitasuna eta aberastasuna. Eta lasai, inoiz baino zuzentzaile gehiago egongo dira, eta ez diete ortografia errorei eta ergatiboei gehiegi erreparatuko gainera.

15
Urr
2008

Proposamena: irakasleen sarea

Egun luzea eta riki-rakaz betea izan dut gaur irakasleen prestakuntza, irakasle berriak, irakasleentzako laguntza eta irakasleen jarduera dela eta ez dela. Internet eta katxarroen artean hainbeste ibilita badakizue, ultramoderno bihurtzen gara eta okurrentzia xelebreak egosten hasten gara, eta badakizue, behin hasita ez dago hainbeste konplikaziorik ez zegoeneko Arkadia hartara bueltatzeko modurik. Ai! Txanka, zaldia eta erregebastoaren erresuma gogoangarri hura!

Natorren harira ba! Honez gero, titulua eta aurrekoa irakurrita baten bat pentsatzen hasi da: "Hemen zer konspirazio klase darabilte hauek?" Trankil, ez gabiltza joko handian, txikira akaso.

Azkenotan ideia zaharberritu asko dabiltza zabaltzen ezagutza, komunikazioa eta abarren gainean:

Ondo. Beraz euskara irakasleek ikasi egin nahi dugu, gure lana hobetu nahi dugu, eta horretarako bide ona izan daiteke egiten dugunaren gainean norekin jardun topatu, eta jarduteko kantxa izan.

Sare sozialak dira interneten dabilen bost hogerlekoko azken berbetako bat. Berba berriak sortzeko mania gero! Horiek ez dira interneteko betiko foroak ba? Baliteke, baina orain bakoitzak berea bota eta besteak erantzun ez ezik, argazkiak, bideoak eta halakoak ere bota ahal dira, eta gainera bakoitzaren "fitxa" ere egiten da. Badakizu, nor zaren, nongoa, zer gustatzen zaizu, harrikadaren bat... Internet ligatzeko asmatu zela eta bizioak geratzen dira.

Duela hilabete batzuek ikastoletan dabiltzan irakasle batzuek (gure IKTeroak tartean, esan egin behar da, mila mersi ideia, itzulpena eta guztiagatik) ZirIKTeroak izeneko txiringoarekin eman ziguten sorpresa. Halako txoko bat non teknologia, konpetentziak, katxarroak, internet eta hezkuntzaren gainean diharduten gustura eta alai. Interneten endredatzen ausartuko ote da jendea? Pentsatu nuen neure artean. Beinke! Koadrila elegantea dabil gaur hor ba! Gainera debalde eta asko zoratu barik. A ze inbidia!

Eta zelan montatzen da horrelako bat? Ea ba. "Sortu zeure sarea" klikatu eta txiringoa daukazu momentuan. Ene! Euskara irakasleentzako sare soziala egin dut ia-ia nahi barik bata!

Bai, baina gurean horrelako bat... Ez dakit ba. Baten batek zalantza daukala eta igual beste batek badakiela, edo beste batek klasean egin duela marabila bat eta kontatzeko deseatzen dagoela, edo urliak euskaltegiaren inguruan dauden salatu beharreko guztiak salatu behar dituela, edo berendiak demandarako gogoa daukala eta mezu dinamitero batekin eztabaitaeztabaida probokatuko duela, edo "nire ikasleek konpletibari mania diote" eta kontsolamendu soziala behar duen hura.... Egin, egin daitezke horrelakoak eta gehiago, teknikoki ez dago arazorik. Baina egingo genituzke benetan?

Probatzea debalde da, Ning-ek ipintzen digu txosna eta eszenatokia. Orain publikoa behar da. Inor animatzen da asuntu honi buelta pare bat ematen?

PD. A! Kontua da Ning-en sortu dudala sare bat, Euskara irakasleak deitzen dena, eta sare sozial indibiduala kontzeptua apur bat oximoronikoa da, eta baten bati ideia gustatu eta saltsa ipintzen animatzen bada, erromeria polita egin dezakegu agian.

Zer dago han?

Zer egin behar da?

Ikusteko ezer ere ez, joan, ibili eta ikusi. Parte hartzeko (idazteko, gauzak bidaltzeko eta abar)  Partaide egin ipintzen duen lekuan sakatu, eposta helbidea sartu, pasahitza aukeratu, jaiotze-data ipintzen duen lekua gezurra sartu, beheko kodea tekleatu eta partaide egin botoian sakatu. Listo!

Proposamentxoa da, gehiago barik. Bestela kartak eskatzen jarraituko dut txanka-zaldia-erregea etorri arte.

16
Ira
2008

Internet? Tiraaaaaa!

Irailaren ekuadorra pasatu dugu gaur. Aste pare bateko sprint-a urrirako, hau da, gure eskola gehienak hasteko. 40.000 etorriko ei dira aurten ere, eta publizitate kanpainak hasita daude. Etxeko buzoian hasi dira paperak agertzen, kalean ere kartelen bat ikusten da, metroan ere ikusten dira, telebista-irratietan agertu da spot-en bat edo beste.

Tira ba! Bueltatxo bat egingo dut euskaltegien webguneetara aurten zer nobedade dabilen edo. Webslides-en prestatuta daukadan aurkezpena entxufatu eta orriak pasatzen utzi dut. Kaka! Iaztik hona ez da ezer mugitu apenas, edo batzuek oraindik segitzen dute udako matrikulazio kanpainarekin edo beste batzuek webgunearen aingura aspaldian inkatu zuten, eta hortxe dago "matrikula zabalik" eternoa.

Baina ibili, bagabiltza, kalean, metroan, telebistan, buzoian... Eta interneti ez diogu kasurik ere egiten! (salbuespenak salbuespen)

Teknologia, webdosazero, webtresazero, sare sozialak, mundu birtualak, sarearen botere gero eta ikaragarriago eta ikaratzekoagoa omen... Mundua, komunikazioa, pertsonak, harremanak, portaerak aldatzen ari (omen) direla... O gu hemen!

Kartelak bilatu, kanpainak aztertu, kuxkuxeatu, saltsa apur iraileko sasoi kritiko honetan. Sarean behintzat ez dago modurik.

Gure "target-a", 40.000 horiek denak, analfabeto digitalak ote dira? Internetekoa matraka baino ez da? Teknologiarena ahoa ederto betetzeko berba potoloa besterik ez? Akaso hemen azken batean balio duena betikoa da, eta kitto? Akaso bai.

Baina sarean, geu barik, bada gure kanpainei kasu egiten dionik. Eskerrak!

03
Ira
2008

Do you remember?

Bufa! Aurtengo udakoa bai relaxa! Tontamentean irailean paratu gara derrepentean eta karraju nagusia ziku daukagu. September, Earth, Wind & Fire-en kantu zaharra etorri zait gogora eta tarareatzen hasi naiz: Do you remember....?.

Eta lehengo iraila "erremenbratzen" hasi naiz. Ia ahaztuta. Zenbat gauza pasatu dira urtebetean!

Ikasturtearen naturaltasuna aurrerantzean hain naturala izango ote zen galdetzen hasi ginen. Urtebetea joanda une honetan naturala ez den bakarra neure galbana da, hala ere, esango nuke ez dela berrikuntza handirik agertu oraindik.

"Aprender euskera" hura internet-en bilatuta zer aurkitzen genuen kexaka ibili ginen gero. Urtebetegarrenean Google-en emaitzen lehenengo orrialdean Gabriel Aresti euskaltegia eta Eusko Jaurlaritzaren erreferentzia hau ikusi dut online metodoen artean. Gainerakoetan ez da egon posizionamendu lan handirik.

Kolpetxoa egin diet euskaltegien webguneei, eta ez dago nobedade handirik han ere. Publizitate kanpaina gehienak box-etan daude oraindik nonbait. Gipuzkoako Udal Euskaltegien sheriff-ak eta AEKren laguntxoak orain arte aurkitu ditudan bakarrak. Aste pare bat edo itxaron beharko da seguraski.

Ikasturtea hasteko dagoela. Seinale gutxi oraindik. Karrajuko alfonbrari hautsa kendu eta seinaleak aurkitu eta ematen hasi beharko dugu, ezta?

Ummm. Bizkortuko gaituen zerbait behar dugulakoan nago. Estimulanteren bat aurkitu duzue udan?

10
Eka
2008

Larrabetzuko buelta

Zapatuan Larrabetzun izan nintzen azkenean, Basquecamp-en. Ez dut kronika zehatzik egingo. Han zer izan zen eta zer ez, Patxi Gaztelumendik egin digu narrazioa Sustatun: Basquecamp, interakzioa euskaraz eta arratsaldez, Larrabetzu.org-en ere beste bat daukagu: #basquecamp Hori Bai gaztetxean. Haren inguruko iruzkin batzuk neure partetik.

Aurrekoan komentatu nuen modura, asmo birekin arrimatu nintzen Larrabetzura:

  • Barcamp bat zer den eta zelan funtzionatzen duen bertan ikusi.
  • Han azaldu zirenak ikusi-entzun eta hangoekin jardun.

Lehenengoari dagokionez, formatua interesgarria dela pentsatzen jarraitzen dut. Azalpenak laburrak izatea alde batetik erritmoa bizkortu eta arreta mantentzen laguntzen du, eta bestetik, azalpean egiten duenrari zentratzera eta zehatza izatera behartzen du. Elkarrizketa eta jakin mina pizten du aldi berean. Dena dela, han ikusitakotik antolatzeari begira ideia batzuk apuntatu nituen:

  • Konfidantza hartzea garrantzitsua da horrelakoetan. Jendea ezaguna ez bada areago. Dinamizazio lana garrantzitsua da beraz, berriketa probokatzea eta publikoari xaxatzea. Patxi ibili zen ahaleginean, baina, ez dakit euskaldunak izateagatik ote den, kostatzen da izotza apurtzea. Beharbada, hasieran elkar ezagutzeko denbora gehiago emanda. Pentsatzeko puntua uste dut.
  • Interakzioa garrantzitsua da, informalitate giroa izan daiteke halakoen indargunetako bat, eta informalitate giroa zabaltzeko komenigarria izan liteke tarteak eta atsedenak egitea, agurtzeko, komentatzeko, giroa berotzeko azken batean. Bilkura formaletan askotan esaten da onena pasiloetan gertatzen dela, edo bazkarietan. Larunbatean adibidez, merienda-legetxo bat egongo zen ondo (seguru aurretik abisatuta, denok ekarriko genuela zeozer partekatzeko, webdosazerista porrokatuen modura).
  • Gaien blokeak egin ziren, dena dela jende desberdinaren interes desberdinak batzen direnean zaila izaten da arreta mantentzea. Igual komenigarria izan liteke horrelakoetan interesen distantzian oreka bat gordetzen saiatzea, edo jendea bloke desberdinetan banatzea.

Halakoak antolatzeari begira okurritu zaizkidan ideiak baino ez dira. Basquecamp bera edo halakoren bat antolatzen denerako aintzat hartzekoak. Hurrengo barcamp-en seguru hemengo ikaskizun asko aplikatuko direna.

Bestalde, han plazaratu direnen inguruan zertzeladatxo batzuk:

  • Herritarrak+teknologia. Bi ideia. Teketenen mashup-ek erakusten duten bidea. Norberak informazioa hautatu eta erakusteko tresnak asko dauzkagu eskura. Mashup-a hori da azken batean, sarea nork bere behar-interesera egokitzea eta iragaztea, ezagutza eta informazioa bilatzeko modu pertsonalizatuak, PLEari buruz jardutean halakoak agertzen dira askotan adibidez. Herri baten inguruko informazioa zelan hautatu eta erakuts daitekeen adibide ona jarri zigun. Eta erabili egin dugu: larrabetzu ipintzen duen lekuan euskaltegia jarri eta hara zer daukagun.
  • Bestalde, informazioaren zabalkundean aurkeztutako proiektuek, uste dut euskararen ikaskuntzatik baino ez bada ere, aukera interesgarria zabaltzen digutela: eskura ipintzen dizkigu hainbat "input" (albisteak, kontakizunak, iritziak...) hizkuntza ikasteko orduan interes berezia izan dezaketenak: hurbileko gaiei buruzkoak, eskuragarriak, baliabide grafikoez hornituak. Azken batean, hizkuntza erabiltzeko (eta ikasteko ondorioz) aukera hurbila ematen dio ikasleari (irakurtzea edo bideoak ikustea ere hizkuntza erabiltzea da) alde horretatik erakargarria, eta gainera teknologiak norberaren parte hartzea ere errazten du (iruzkinak egitea adibidez). Kasu apur bat egiteko modukoak dira honako proiektuak.
  • Mapen txanda heldu zen segidan. Gari Araolazak OpenStreetMap-en kolaboratzeko gonbitea egin eta Xabi Erkiziak soinumapa.net-en nondik norakoak kontatu zizkigun, berdin egin zuen Aintzane Agirrebeñak ahotsak.com-ekin. Ideia ibili zitzaidan buruan soinumapa eta ahotsak.com-en artean. Euskara mintzatuaren ahozko laginak edo hobeto esanda, testuak mapeatzeko modurik atondu liteke nolabait? Ez nabil bakarrik, ahotsak.com-ek egiten duen bezala, euskararen testigantzak, jende nagusiarenak batzeaz soilik. Ahozkotasunaz eta hizkera biziaz hainbeste hitz egiten den honetan, berriketak, hizkuntza kolokialaren laginak jasotzeaz baino. Uneko harrikada izan zen, hor dago norbaitek tiratzen jarraitu nahi badu edo.
  • Maitek ikasleen lan-koadernoak wikispaces-en zelan atondu dituen kontatu zigun ondoren, wikia zelan erabili klaseko lanak bideratzeko eta jarraitzeko. Sinplea eta bistan dago. Maiteren esandakoetatik gauza bi apuntatu nituen: Wiki hitza ez du erabili ikasleekin, eta seguruenik horrek hasieratik kendu dio zailtasun bat, eta ikasleak zer eginean gehiago zentratu dira, terminologia berritzailearekin ikaratu barik. Eta bestetik, lehendik ondo ezagutzen dugun Euskaljakintzaren izpiritua laburtu zigun, eginez ikasten dira gauzak, eta bloga ikasleek ikasi behar dituzten gauza horiek egiteko erabili da, egiten dutena publikatzeko. Akaso lekzio bikoitza, irakaskuntzan teknologia berriak hobetoen erabiltzeko modua teknologiari pisua kentzea eta zer eginean zentratzea da, inportanteena azken batean, ezta?

Gauza gehiago egon ziren, esan bezalak Patxik kontatu ditu Sustatun eta dagoeneko badabiltza argazkiak eta bideoak sarean. Ea honelako gehiago egitera animatzen garen, ordenagailu eta proiektore barik bada ere.

Sindikatu edukia