aprender euskera

26
Ira
2007

Aprender euskera (bis)

Lehengo "aprender euskara" harena bota genuenetik hogei egun inguru pasatuta, beste kukutxu bat egin diegu bilatzaileei, eta gauzak apur bat aldatu dira, ez asko baina.

Google-en bilaketaren lehenengo orrian gaur (09/28) euskaltegi bakarra agertu da, Gabriel Aresti, 4. postuan. Top10ean kokatu den bakarra. Ez dakit posizionamendu lana egin duten ala ez, baina eskalan gora egin dute sano.

Yahoo-n lehengo lepotik. 4. orrialdera arte joan behar dugu Santurtziko Udal Euskaltegia topatzeko.

Hori bai, bi artikulu agertu dira bi zerrendotan. Bata, Karrajuan berton publikatu genuen hura: Aprender euskera - Search eta bestea Sergio Mongek egin zuen iruzkina (eta eskaintza): Aprender Euskera.

Blogek arinago eskalatzen dutela dirudi. Gehiago bisitak, iruzkinak eta link-ak egiten badira. 

Probatxua egin dut dena dela, orri berezi bat atondu dut Karrajuan etiketa eta tituluekin. Ea noraino heltzen den.

Bide batez. AZK komunikazioa blogean ere iruzkina eta hausnarketatxo interesgarria egin zuten kanpainen gainean.

Eta gaur Pasalo saioan erreportaia hau eman dute matrikulazioa, euskaltegiak eta euskara ikastea dela ez dela.

25
Ira
2007

Txis...pun!

Ez naiz berri-emale izateko jaio, horretan abilagoak eta profesionalak direnek bihar kontatuko dizuete gaur EAEn 0708 euskaltegiaren tenporada ofizialaren irekiera ofiziala egin dela. Lehenengo aldia izan ei da horrelako bat egiten dela. Autoritateak, zeremonia, hitzaldia eta konpintxeoa (pintxo jana konpainian, alegia).

Honako gauzak egiteak sustapen publikoari begira edukiko dute arrazoia, ez dut ukatuko. Baina, zer nahi duzue esatea? Ez naiz eroso egoten. Formalitate eta zeremonia gehiegi akaso. Azken batean han egon garenok lankideak gara neurri batean, eta giro informalagoa estimatzen dutenetakoa naiz. Norberaren kontuak azken batean.

Moreno Cabreraren hitzaldia entzun dut. Eta egia esanda apur bat hotzik geratu naiz. Gehiago espero izan dut (bai, Iñaki, nirea konstantea da). Haren gogoeten gainean Karrajuan berton jardun genuen aspaldian. Eta orduan proposatu zuen sesquilingúismo haren haritik tiratu du, eta orduan bezala hausnartzeko moduko ideia iruditzen zait, hala ere irakurketa arriskutsuak eduki ditzake gurea bezalako testuinguru batean.

Euskaraz egin behar dela, eta euskarari behar zaion onarpena eman behar zaiola bezalako ideiak azaldu dizkigu. Ondo, baina ez zait gauza berria iruditu, geure ohiko aldarrikapenak ez dira horiek guztiak? Seguru nago Morenok ideia eta hausnarbide interesgarriagoak jorratu ditzakeela. Beharbada inguru informalago batean kantxa eta saltsa gehiagorekin...

Bestela, pintxoak onak, blogarien topaketa ez hain kasuala... Baina hurrengo batean halako bat zeremonia gutxiagorekin... ikasturtearen hasieran ez bada ere.

Bide batez

Tenporadaren inauguraziorekin batera sarean agertu diren kontutxu bi:

Albiste hau agertu da El Pais-en

Konpetentzia nondik etorri eta...

Vaya Semanitakoen berri eman genuen lehengoan. Euskaltegiarena seriea izango dela dirudi. Dagoeneko bigarren kapitulua agertu da Youtuben. Hemen daukazue bada:

18
Ira
2007

0708 kanpaina eta doakoak

Aurrera doa matrikulazio kanpaina. Joan den larunbatean gehigarri hau banatu zen Vocento taldeko egunkariekin. Euskaltegi talde batek sustatu du gehigarria Ikusi, ikasi. Da el paso hacia el euskera leloarekin.

Barruan Mertxe Mugika (AEK) eta Gurutze Sarasolarekin (IKA) elkarrizketa, informazio-artikulua eta euskaltegien zerrenda.

Ikasbilen ere agertu da albistea.

Dena dela gaurko slogan indartsuena Santurtziko Udal Euskaltegiko webgunean ikusi dut: Euskara doan ikasi!! Argudio komertzial eztabaidaezina.

Santurtzin ez dituzte klaseak debalde emango hala ere. Albistea bestelakoa da, baina ez horregatik interes gutxikoa. Baliabide Zentro Birtuala antolatu dute santurtziarrek, han gunean erregistratu ostean, testuak, ikastaroak eta kontsultarako baliabideak eskainiko dituzte doan, norberak bere kontura erabiltzeko hala ere.

Era berean, gaur Maite Goñi ikteroak aspaldian zabaldu zuen EGA ikastaroa osatu eta berrantolatu duela kontatu digu. Lan polita egiten dabil Maite. Susmoa daukat hala ere euskaltegietako jendearen kolaborazio gehiago bereziki estimatuko lukeela.

Publizitateaz hasi gara, baina Santurtzikoak eta Maite ez dut uste publizitateagatik ari direnik. Baten batek pentsatuko du horrelakoekin jendea ez dela euskaltegietara etorriko akaso. Nik kontrakoa uste dut, baliabideen zabalkundeak euskara ikastera animatzeko eta euskaltegietara etortzeko gehiago egingo du animatu uxatu baino.

Hori bai irakasleari buruko min bat ekar diezaioke honek guztiak, ezin izango da materiala banatzera mugatu.

Tira ba, neuk ere egingo dut neure ekarpen txikitxoa.

Bide batez, zorionak Iruñeko Donibaneko Irrintzikoei.

11
Ira
2007

0708 kanpaina

0708ko matrikulazio kanpainako lehenengo perretxikoak hasi dira irteten.

ZATOZ_EUSKALTEGIRA_070910_1234_0001

HABEk aurten "Zatoz euskaltegira!" leloa hautatu du, bideoa, irratirako iragarkia eta afixa prestatu ditu. Hemen daukaue Ikasbileko albistea. Eta hemen behean bideoa.

Udal Euskaltegiek ere diseinatuta daukate kanpaina, "Nahi baduzu, egingo duzu" leloa, eta hau da kartela. Azpeitiko Udal Euskaltegikoek eman digute kanpainaren azalpena erabili.com-en.

AEKn webgunea berritzen ari direla dirudi, helbidea ere aldatu da: www.aek.org da oraingoa, www.aeknet.net zaharrera joanda helbide berrira bidaltzen da hala ere. Kanpainarako flash animazioa jarri dute bertan, leloa "Euskara, zure altxorra/ Euskara, tu secreto".

aek0708

Elkarlanen blogean "Bilbon euskaraz" irakurtzen den kartela daukagu, eta Gabriel Aresti euskaltegiaren webgunean banner hau ikus daiteke, haren 25. urteurrenaren karira.

matrikulazio-kanpainia

Besteen webguneetan ez dut kanpaina edo lelo berririk ikusi oraingoz. Datozen egunotan jarraituko dugu kukutxua egiten.

Bide batez, alboko barran aurkitu ditudan publizitate kartelak ipini ditut bistan. Zuena ez badago eta agertzea nahi baduzue, bidali eta ipiniko dut.

Sindikatu edukia