albisteak

07
Ots
2007

(Mintza)lagunak

Bi albiste heldu zaizkit gaur agregatzailera mintzalagunekin lotuta.

Lehenengoa Hizkunea-tik etorri da (hemen daukazue jario artisaua: http://feed43.com/hizkuneartikuluak.xml). Oskar Zapata, Topaguneako Mintzapraktika Saileko arduradunak artikulua argitaratu du berton, Mintzapraktika programak: Euskararen erabileran eragiteko tresna eraginkorrak. Honelako programek erabileraren sustapenean zer paper daukaten zehazten eta euskara elkarteetatik egin den lana kokatzen saiatu da. Ondorio-proposamen interesgarria amaieran:

Egitasmo ezberdinen artean harremana sortzea eta koordinazioa bermatzea ere erronka da. Hasita gaude bide horretan (prestakuntza, Mintza eguna, ekintza bateratuak,...), baina askoz gehiago egin daiteke. Matrikulazio garai berdintsuak ditugula eta garai batzuetan antzeko ekintzak egiten ditugula kontuan hartuta, zergatik ez gauza berriak proposatu? Urrats garrantzitsuak eman daitezke arlo honetan.

Bigarrena albiste samina izan da, auzotik bertotik. Mahatserriko Berbalagunaren blogean gure berbalagun baten heriotzaren berri eduki dugu, Alberto. Patxi Lurra blogari ezaguna ibili da bi urtez haren taldean, eta Patxik berak kontatu digu lehengo astean atsekabez amaitu zen harreman horren istorio polita:

Alberto (berba)lagunari.

Hasier blogariaren berbak ekarriko ditut hona: Berbearen berotasunak hartu daiala.

06
Ots
2007

Diru laguntzen murrizketari aurre egiten lagunduko du Korrikak Nafarroan

Diru laguntzen murrizketari aurre egiten lagunduko du Korrikak Nafarroan - ... Diru laguntzen murrizketari aurre egiten lagunduko du Korrikak Nafarroan Nafarroako AEK-ko arduradunek Korrika Nafarroan nola garatuko den azaldu zuten atzo (5). Martxoaren 27an Sakanatik sartuko da Korrika Nafarroan eta herrialde horretan 730 kilometro egin ostean apirilaren 1ean Iruñean emango zaio amaiera aurtengo ekitaldiari. Nafarroan ...Sareko Argia

Ez dut uste inork zalantzarik izan duenik, baina Korrika txandala jantzi eta tropelean kilometro bat(zuk) egitea baino gehiago da. 

01
Ots
2007

Berandu baina zorionak


Ikteroei eman dieten Argia Saria (Zorionaaaaak!) gora eta behera ibili gara blogosferan, eta Karrajuan ahaztuta eduki dugu Aizu! aldizkariari eman diotela merezimenduzko saria.

Zorionak ba Aizu! 25 urteengatik, sariagatik eta oraindik ekarri behar dituzuen guztiengatik.

Hona saria emateko Argiakoen argudioa:

Merezimenduzko ARGIA SARIA merezi duen komunikabide honetan mende laurdena daramate lanean, 1981eko abenduan Durangoko Liburu eta Disko Azokan beren aurkezpena egin zutenetik.

Euskarazko prentsa krisi betean zegoen garai hartan, aldizkari berri bat sortu eta biziarazteko oso argi eduki behar zen xedea: euskararen irakaskuntza bultzatzea eta euskara ikasten ari ziren helduei beren neurrira egindako komunikabide berri bat eskaintzea.

Une garratzak bat baino gehiago jasan behar izan dituzte urte guzti hauetan. Klase guztietako zailtasun eta oztopoak gainditu beharra ere bai. Baina beti lortu dute beren zerbitzu-lana burutzen jarraitzeko adorea, unerik neketsuenean ere ironia eta umorea ahaztu gabe, euskara ikasten ari diren pertsonen zerbitzuan.

30
Urt
2007

Itzulpen saila: Talde dinamika hizkuntz-ikasgelan

HABEren Itzulpen Saila bildumaren azkenengo alea heldu zait: Talde-dinamika hizkuntz ikasgelan, Zoltán Dörney eta Tim Murphey dira egileak, eurek dioten legez, Britainia Handian bizi den hungariarra eta Ekialde Urrunean bizi den amerikarra. Uxoa Larramendik itzuli du.

Liburuaren helburua sarreran diotenaren arabera, talde-dinamikaren pintzipioak hobeto ulertzeko aukera ematea da, era praktiko eta, aldi berean, sistematiko baten.

Jatorrizko bertsioaren informazioa:


27
Urt
2007

Aste honetako albisteak

Karrajuaren etenaldiarekin aste honetako konturik ezin izan dugu zabaldu. Ez naiz luzatuko, albiste bi eta blog berriak, labur-labur:

Blog berriak: ez dira aste honetakoak baina orain arte ez ditugu aipatu, eta sarean azkenotan gure munduaren inguruko blog hauek aurkitu ditugu:

23
Urt
2007

885.000 euro 2006an maila egiaztatu duten ikasleentzat

885.000 euro 2006an maila egiaztatu duten ikasleentzat - [Ikasbil: gogoan hartu]

Gaur zabaldu da informazio hau:

2006an HABEren mailak egiaztatzeagatiko dirulaguntza prozesua amaitu da dagoeneko. Maila egiaztatu zuten 3.476 ikaslek zuten dirulaguntza eskatzeko aukera. Horietatik 2.083 ikaslek egin dute dirulaguntza jasotzeko eskaera (%60), eta guztien artean 885.000 banatu ditu HABEk.

Galdera inozoak igual, baina, aukera eduki eta eskatu ez duten 1.393 horiek zergatik ez ote dute eskatu? Gutxiago tokatuko zen orduan, ala gehiago gastatuko zen?

19
Urt
2007

Miranda de Ebron euskarak baditu 138 ikasle [Onintza Irureta]


Miranda de Ebron euskarak baditu 138 ikasle [Onintza Irureta] - Miranda de Ebroko Hizkuntza Eskola Ofizialean duela bi urte hasi ziren euskara irakasten. Espainiako Eskolen artean, euskara ikasle kopuru handienetakoa duena da Burgosko (Gaztela eta Leon) herri hau: 138. Alvaro Ravelli bertako irakasleak esan duen moduan, «Araban arrakastatsu dabilelako hurbildu da euskara Ebrora». [Argia astekaria]

Aste honetako ARGIAn Miranda de Ebroko hizkuntz eskolako euskara ikasten dabilen talde baten gaineko erreportajea daukagu, Onintza Iruretak eginda. 

Euskal Herriaren auzo herrietan ere jendea ibiltzen izan da euskara ikasten, Castro-Urdialesen euskaltegia egon ei zen sasoi baten eta Logroñon ere zerbait dagoela daukat entzunda. Ipar aldetik ere duela gutxi eduki genuean Tolosaren berri. Ikasle hauek ez dira Argentina edo Poloniakoak bezain exotikoak, baina interesgarria erreportajea.

Gutxitan ikusi dut euskara ikasten dabilen jendearen gaineko hain erreportaje zehatzik, taldekide bakoitzaren interesak eta asmoak kontatzen dituena. Miranda baten euskara ikasten nor-zergatik dabilen, EAEko lan kontuak nagusi izango direla pentsa daiteke. Halakoak aipatu dira erreportajean, baina bestelakoak ere bai. Ez dut nabaritu euskararekiko halako jarrera ultrapraktikorik oro har, euskaltzaletasun sutsurik gabe ere jarrera positiboa igarri dut, tentsio eta kontzientzia kargu bakoa. Taldean giro ona dagoela dirudi.

Tira ba, Mirandako talde hori ez zait iruditu euskal-lurraldean diharduten talde askotatik oso desberdina. Irakasle modura, inbidia apurtxo bat ere eman didate hango irakasleek. Erreportajea irakurtzea gomendatzen dizuet.

16
Urt
2007

Euskara ikasleak Argentinan milara iristear

Euskara ikasleak Argentinan milara iristear - HABEk eta FEVAk (Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa) urteroko hitzarmena sinatu berri dute, Argentinako 40tik gora euskal etxeetan euskarazko eskolak sustatzen jarraitzeko. Ia mila heldu ari da uneotan Argentinako euskal etxeetan euskara ikasten. [Erabili.com berriak]

Euskal Etxeen inguruan ikasle-mogimendu handia dabil azkenotan. Argentinan mila lagun euskara ikasten ez da gutxi. Kanpoan gero eta gehiago, etxean gero eta gutxiago? 

Sindikatu edukia