euskalduntzea

07
Urr
2006

Erdieletasuna

BabelEl Pais-en irakurri dut Juan Carlos Moreno Cabreraren De Babel a Pentecontés liburuaren erreseina hau, J.A. Millanek egina. Hizkuntzen bizikidetzaren eta aniztasunaren aldeko apostua egiten omen du Morenok, horretarako "sesquilingüismo" izeneko planteamendua dakar. Hizkuntzaren oinarrizko gaitasuna (ulertu, formula eta hitz klabeak eta arruntenak ezagutu....) izango litzateke "sesqui" (latinez erdi) hori, Europako markoko maila baxuenak adibidez. Gaitasun ez-oso hori hizkuntzen eta pertsonen bizikidetzarako giltzarria izango litzateke haren aburuz. Bigarren hizkuntzen lanketa sakonaren kaltean hizkuntza gehiagoren azaleko lanketa-edo proposatzen du. Hemen Millanen erreseinako aipu pare bat:

La propuesta de Moreno Cabrera es que en vez de gastar ímprobos esfuerzos en adquirir la comprensión y la producción de una lengua considerada necesaria o prestigiosa (por ejemplo el inglés), y además conseguirlo imperfectamente, éstos se inviertan en adquirir la capacidad de entender tres, cuatro o cinco lenguas del entorno.

¿Por qué no hay cursos, títulos o diplomas que formen en el dominio puramente pasivo de una lengua, o certifiquen su posesión? La ideología monolingüista desprecia estas posibilidades, y se centra excluyentemente en el dominio "completo" de una lengua, que además suele ser más costoso, en esfuerzos y dinero, que las habilidades pasivas en varias.

Espainiako egoera linguistikoaz dioen honek orain arte hortik behetik etorri denaren aldean berritzailea dirudi sikieran, deigarria.

En la España actual el tema de las lenguas está especialmente cargado de tensiones políticas, y sorprendentemente ningún gobierno se preocupa por promover la convivencia lingüística (lo que sentaría las bases para otros tipos de convivencia). Personalmente no entiendo por qué en nuestras escuelas no se enseña sistemáticamente un puñado básico de palabras en cada una de las lenguas cooficiales en el Estado (saludos, despedidas, números, el nombre de alimentos u objetos frecuentes...).

Ez dakit proposamenari zer jaramon egingo dioten Iberiar penintsularen erdi aldean. Ikusi beharko.

 

Gurera etorrita, berriz, gauzatxo batzuk etorri zaizkit burura.

Euskaldun osoaren kontzeptua.

Duela urte batzuk han eta hemen erabiltzen zen helduen euskalduntze-alfabetatzearen xede modura. Gerora haren inguruan eztabaida batzuk gertatu ziren eta ez dakit kontua gaurkoan zertan den.

Euskara normalizatzeari begira argi dago ahalik eta hiztun konpetenteenak eta ahalik eta gehien behar direla. Horren haritik, HEAren barruan seguruenik, gaur egun duela hogei urte ez zeuden erronkak dauzkagu: hizkuntza espezializatuan trebatzea, hizkera informala eta bizia landu, erabilera-esparru berrietarako (hau adibidez) lantzea,...

"Bezero" hauek aldiz, gero eta gutxiago dira geurean euskaldundutakoak, eskolan eta familian euskaldundu ostean gurera behar izan zehatzetarako datozenak baino. Euskaldun ahalik eta osoenak izan behar dutenak.

Bestalde, edadean gero eta aurrerago joango den populazio multzo handia edukiko dugu, euskaraz oinarrizko trebakuntza eskuratu ez duena eta hizkuntzaren inguruko oinarrizko behar izanak gero eta gehiago (paisaia linguistikoa, familia,...)izango dituena, baina inoiz trebakuntza "osoa" behar izan gabe, eta eskuratzeko gero eta gaitasun gutxiagorekin. Hemendik aurrera multzo hau "erdi" euskalduntzea hartu beharko dugu helburutzat, harago joan barik? Horrek normalizazio prozesua erraztuko du?

Auzoko hizkuntzak edo euskara zabaldu

Morenoren ekarpena pentsa daiteke espainiarren (ustezko) txobinismo linguistikorako pentsatuta dagoela, baina egia esanda, gurean ere ez dut uste askoz hobeto gabiltzanik. Adibidez, Hegoaldean frantsesez mintzo den lurraldetik hain hurbil, gero eta nekezago topatzen da frantsesez apurtxo bat sikieran dakien norbait. Zer esanik ez inguruko hizkuntza "minorizatuak": katalana, galiziera, okzitaniera, asturiera, aragoiera,... edo hain urrun ez ditugun hizkuntza "sendoak": portugesa, arabiera,... eta gurera etortzen direnen hizkuntzetara (errumaniera, wolofa, amazigh,...) apur bat hurbiltzea okurritu ere ez.

Orain baten bat egongo da pentsatzen: "Honek zer nahi du, gurea ondo jakin ez eta horiek guztiak ikastea? Alaporai!". Ikastea kontzeptuak ñabardura asko dauzka. Gurera inor etortzea nahi badugu (eta etorri badatoz), geuk ere lantzean behin bisitatxoa egitea estimatuko luke, haren etxean enpadronatu gabe jakina.

Bururari emandako buelta pare bat baino ez dira hauek hala ere, inork ideiak argiago baditu,...

27
Ira
2006

Ikasleentzako diru-laguntza

Irailaren 5ean euskara ikasleei mailako probak gainditzeagatik emango zaizkien diru-laguntzen berri eman zen. HABEren webgune berrian daude xehetasunak.

Emango diren gehienezko kopuruak hauek dira:

  • a) HABEk deitutako 1. maila: 600 euro
  • b) HABEk deitutako 2. maila: 400 euro
  • c) EGAko deialdi itxiak: 400 euro
  • d) HABEk deitutako 4. maila: 400 euro

Ikasle batek normalean maila bakoitza gainditzeko behar duen denbora ezagututa kontuak ez dira berdin irteten. 1. maila gainditzeagatik adibidez 600 euro (gehienez beti ere), kontuan izanda 1 maila horretara heltzeko ikasle gehienek bizpahiru urte egin dutela euskaltegian, eta ikasturte bateko matrikula prezioa zein den ikusita (500 eurotik gorakoa euskaltegi askotan), askok ordaindutakoaren erdia baino apur bat gehiago baino ez lukete berreskuratuko.

Goi mailetan ordea matrikularen %100 berreskuratu daiteke erraz, 4. mailako ikastaroak egin dituztenek adibidez. Ikastaro horiek laburragoak izanda matrikula prezioa diru-laguntzaren parean geratzen da sarritan.

Honi gehitzen badizkiogu udalen eta bestelako erakunde publikoen laguntza-politikak eta euskaltegi publiko eta homologatuen tarifak, euskara ikasi nahi duenak erraz asko pentsa dezake legerik gabeko azoka baten sartu dela.

Ezagun batzuen kasua adibidez. Bata enpresa pribatu bateko langilea, soldata proletarioarekin. Aurten euskaltegiak 600 euro inguru kenduko dizkio. Bigarrena funtzionaria, besteak baino 1.000 euro gehiago hilean, euskaltegia debalde eta liberatuta egon da, orain gainera ikastaroak ordaintzen dizkiote. Hirugarrena, langabezian egon da, euskaltegia ordaintzeko laguntza lortu zuen (ondo kostata). Total, hilabetea egin, lanerako deitu, euskaltegira ezin eta galdu. Eta hirurak hor dabiltzala laugarren bat - Gure auzoan Udalak euskara ikasteko klaseak 50 eurotan ipini ditu urte guztian.

Ez dut gehiago entzun, niganantza kontuok argitzen etorri orduko hobe alde egin. Ergatiboarena ulertarazteko gauza izan ninteke, baina hau 5. mailakoa da.

26
Ira
2006

Teknologia=metodologia?

Teknologia berriak ikasgelan: Ulibarri euskaltegiaren proiektu berritzailea | Ikasbil

Ulibarri euskaltegiak azpiegitura teknologiko berria instalatu du. Haririk gabeko sarea, ordenagailuak gela guztietan, dena zerbitzari bati lotuta,... Apustu interesgarria eta egia esanda gaurko teknologiak gutxiago ez du eskatzen. Gaur egungo euskaltegi baten hornidura teknikoa definitzen lagundu dezakete honelako proiektuek, ze, nago arbela, kasetea eta bideo-gela joango ez diren arren, beste tresna batzuk gero eta ezinbestekoago direla.

Ez da kontu txarra, ez, ba, zoriontzekoa baino. Eman duten justifikazioak eman dit zer pentsatua hala ere:

   Ulibarri euskaltegiaren apustua prozesuan (metodologian) jauzi teknologiko sendoa ematea da, era horretan emaitzak (euskararen ezagutza) nabarmen hobetuko direlakoan.

Jauzi teknologikoak berez ekarriko du jauzi metodologikoa? Teknologia berriek eurek bakarrik ziurtatzen dute emaitzen hobekuntza? Ez dut uste, eta Ulibarrikoek ere ez dute horrela pentsatuko seguruenik. Baina ideia hori azkenotan gehiegi zabaltzen ez ote gabiltzan nago, denok, ez Ulibarrikoak bakarrik. Teknologia berriak tresnak baino ez dira azken baten, gure emaitzak sano hobetzen lagundu dezaketenak. Baina orain arteko jokaerak eta ildo metodologikoak ingurune berrietara ekartzen asmatzen ez badugu, hobetu barik kakazteko boleto handiak dauzkagu, eta halakoren bat gertatu da dagoeneko. 

Gaurko ordenagailuak ez dira HAL 900 haren modukoak oraindino. Kristonak egiten dituzte, bai, eta aukerak zabaldu ikaragarri, baina eurak bakarrik euskara irakastera ailegatzeko apur bat falta zaie oraindino. Bitartean gure ardura da zer egin behar duten esatea, eta ondo azalduta gero eta hobeto egingo dute. Ulibarrin seguru horretan ari direla.

24
Ira
2006

Berezia izatea zer den!

Gara: Bigarren plan estrategikoa garatzeari ekingo dio AEK-k

Geltokia gehigarrian AEKri buruzko erreportajea dakar gaur (06/09/24) Garak. Matrikulazio kanpainan gaude eta prentsa idatzian zein sarean euskaltegien gaineko informazio eta publizitate ugari egoten da, beste sasoi batzuetan baino gehiago.

Erreportajean neure izena agertzen da, eskaintzaz berbetan, haritik tiratzeko eskaintza-talde-xede berezien inguruan zertan gabiltzan azaltzeko parada hartuko dut.

Euskaltegietan leku guztietan legez, eskaintza etengabe gabiltza berrizten. Aurten adibidez honako nobedadeak ikusten dira: AEKren idazkuntza lantegia, Mondragon Linguaren "Formazio konbinatua" (b-learning?), 4. maila euskaltegi gehiagotan (Labayrun adibidez), Osalan,... Ez ditut euskaltegi guztien katalogoak arakatu eta gehiago daude segurutik (jakinarazi mesedez, ideia ona izan daiteke nobedadeen katalogoa egitea eta komentatzea).

Kontua da gurean aspaldi jarri ginela eskaintzaz hausnartzen. Ikastaro bereziak, talde bereziak, talde txikiak, ohiko taldeak,... gerora HABEren bidez etorri zen Xede Bereziko Ikastaldeak,... Terminologia nahastosoa eta klitxez betea.

23
Ira
2006

Partikularrak

Technorati-n euskaltegien inguruan bilatzeko jarioak jarraitzen du fruituak ematen. Gaurkoan eskola partikularrak ematen dituen neska baten bloga edo space-a topatu dut. Windows live spaces-en barruan.

Bide batez, blog plataforma klasikoetan (blogger, blogsome, blogak.com, blogari.net, mundua.com...) topatzen den jendearen aldean oso bestelakoa izaten da hemen dabilena: gaztea, informalagoa,...biziagoa ere bai. Ez dira blogari klasikoak baina jeneroa egon badago, eta gauza interesgarriak topatzen dira, edo entretenigarriak, freskoak,... behintzat (Ubuntu eta Firefox erabiltzen ari naiz, zin dagizuet).

Harira joanda, eskola partikularrak ematen ditu neska honek eta bere ikasleen arazoa kontatu du post honetan. Ez da gauza berria, hemen eta beste leku batzuetan inoiz jardun dugu horretaz. Langile jende askorentzat euskara ikasteak dakarren ahalegina, titulazioa lortu beharraren presioa eta horretarako ze erraztasun gutxi ematen zaizkien. Ez diot horri buelta gehiago emango dena dela, ez zait ezer berririk okurritzen eta.

Irakasle partikularrekin akordatu naiz berriz. Ez dugu inoiz haien gainean berba egin egia esanda. Inoiz gerrilariak aipatu ditugu, baina partikularrak ez.

Zenbat jende dabil euskara-klase partikularrak ematen? Ez dut uste jakiteko modu errazik dagoenik, baina ez direla gutxi barruntatzen dut. Euskara gainditzeko arazoak dauzkaten umeak eta gaztetxoak, titulua behar duten funtzionarientzako eskola estrak, ... Era berean, partikularrak deitu dakieke hainbat karguri (politikariak, enpresariak, exekutiboak....) eskola indibidualizatuak ematen dizkietenak ere (ez dut uste Ibarretxe, adibidez, euskaltegi bateko talde arrunt baten ibili denik). Hauek ere Partikular izenpean ere sartzen dira, baina ez dut uste kategoria berean daudenik ezta?

Irakasle partikularren beharrak pentsatu liteke euskaltegion (edo eskolaren) hutsuneak uzten dituela agerian: eskaerari erantzuteko gaitasuna, emaitzak lortzeko zailtasuna,... Egia esanda ez dirudi euskaltegiok eta gure inguruko erakunde ofizialak horregatik lar arduratuta gabiltzanik.

Bestalde, irakasle partikular hauen dedikazioa eta egoera laborala zein den ere ez da erraza asmatzen. Honetatik bizi direnik badagoela dakit, ez dira gehienak izango hala ere, gehienentzako ikasi edo bestelako lana (euskaltegi baten askotan) aurkitu bitartean dirutxua lortzeko modua besterik ez da izango segurutik.

Neska honek dioenetik gauza bat igartzen da hala ere, euskalduntzearekin ardura daukate batzuek behintzat. Ez dakit zer prestakuntza pedagogiko izango duten, ezta eskolak zelan planteatzen dituzten edo zer material erabiltzen duten ere, baina sikieran errespetoa eta laguntza mereziko dute askok. Eta euskaltegion eta erakundeen partetik hutsune horietaz hausnartzea.

19
Ira
2006

Epaileak A ereduaren eta EGA gainditzearen arteko erlazioa ezeztatu du

Epaileak A ereduaren eta EGA gainditzearen arteko erlazioa ezeztatu du - [Sareko Argia]

Txelis-en blogean ere daukazue aipamena. Kontu larria ez zer esana emango du duda barik. Niri, geuretik ikusita galdera etorri zait. Eskolak ez badu euskalduntzea ziurtatu behar, nork ziurtatu behar du?  Euskaltegiok? Bufaaa!

12
Ira
2006

Blog berriak: Mari Jose eta Agurne

Aurrekoan HABEk blogen inguruan antolatu duen ikastaroaren berri zabaldu genuen. Eginekin predikatzeko eskaria zabaltzen hasi orduko blog pare bat detektatu ditut gaur: Mari Jose Lasheras eta Agurne Azpitarterena (azken hau harena dela uste dut, ez baitu aurkezpenik egin, oraindik probetan akaso) HABEko teknikariak.

Aspaldian dabiltza publikatzen Agurne urtarriletik eta Mari Jose maiatzetik, nik gaur jakin dut baina. Ez daukate gauza askorik momentuz baina etorriko dira. Animoa ba!

Ez dakit baten bat gehiago dabilen. Technorati orraztu beharko da. Inperioaren kontraerasoaren aurrean gaude Plisti.

06
Ira
2006

Adierazleak

Oporren aurreko azkenengo mezuan euskaltegien lanaren emaitzaz jardun nuen. Zer lortzen dugun, euskaltegiok normalizazioan zer paper jokatzen ari garen,...
Kasualitatez (karrajuaren boterea ez da handia ba!), iraileko lehenengo aste honetan HABEtik adierazleen zerrenda eta emaitza batzuk bidali dira euskaltegietara. Emaitzak denok edukiko dituzue euskaltegietan, beste baten heldu dakioke horri. Adierazleen zerrendari erreparatu diot oraingoan. Hemen daukazue (publikoa dela pentsatzen dut, beraz ez dut uste hemen jartzeko arazorik egongo denik):

1.- Adierazleak
Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen jarduera aztertzeko, honako adierazle kuantitatiboak hautatu dira:
 a) Talde-ratioa: aurrez-aurreko irakaskuntzan, taldearen iraupen-aldian izan den batezbesteko ikasle kopurua adierazten du. Ikasleei emandako orduen batura /(zati) talde orduen batura eginez lortzen da.
 b) Birmatrikula: datu honek adierazten du ikasturte bateko ikasleetatik zenbatek jarraitzen duen hurrengoan, eta ehunekotan adierazita ematen da. Jarraitze hori hiru aukeratan aztertzen da: edozeinetan, sarean eta euskaltegian.
  a. Edozeinetan: edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  b. Sarean: sare bereko edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  c. Euskaltegian: birmatrikulatze hori euskaltegi berean egin duten ikasleen ehunekoa adierazten du.
 c) Asistentzia: aurrez-aurreko irakaskuntzan adierazten du ikasle bakoitzak eman zaizkion eskoletatik zenbatetan parte hartu duen, hau ere ehunekotan adierazita.
 d) 100 ordu emanda lortu maila: urrats bat lortzeko, batez beste, ikasleei emandako zenbat ordu behar izan den adierazten da hemen. Emandako ikasle-orduen batura /(zati) lortutako urratsen batura eginez lortzen da. Ematen den kopurua absolutua da. Ondorioz, adibide gisara, Bizkaian guztirako laukian 0,56 azaltzen bada, honek adierazten du Bizkaiko euskaltegi eta zentroetan ikasleei emandako 100 orduko, batez beste, urrats baten erdia baino gehixeago gainditu dela, edo, bestela esanda, 178,6 ordu inguru behar izan dira batez beste urrats bat lortzeko.
 e) Ikasleen matrikula-orduen batezbestekoa: ikasleek egin dituzten matrikulen trinkotasuna adierazten du, matrikulen ordu teorikoen batura /(zati) matrikulen batura eginez lortzen da.
 f) Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan eta EGAko deialdi itxietan izandako emaitzen berri ematen da, honako datuak eskainiz:
  a. Euskaltegiko ikasle eta aurkeztu: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan edo EGAkoetan parte hartzeko izena eman dutenen kopurua adierazten da, ikasle bakoitza ikasturte horretan ikasten aritu den euskaltegi/edo zentro guztietan zenbatuz (eta ez azterketa egiteko izena eman zuen euskaltegi/zentroan soilik).Kopuru absolututan ematen da datua.
  b. Euskaltegiko ikasle eta gaindituen %a aurkeztuekiko: aurreko horietatik ehuneko zenbatek gainditu duen adierazten du.
  c. Gaindituen % ikasle guztiekiko: euskaltegi/zentroko ikasle guztiekiko mailaren bat gainditu duten ikasleen ehunekoa adierazten du.

Eranskin gisara eskaintzen dira ikasle-orduak eta talde-orduak, jardueraren, eta lagin bakoitzaren, neurria izateko

2.- Adierazleen denbora-esparrua
Arestian azaldu diren adierazle hauek bi ikasturtetan aztertu dira, eboluzioa ikusteko: 2004-05 ikasturtean eta 2005-06 ikasturtean. Azken honetan neguko jarduerari dagozkionak soilik, eta 2006ko uztailaren 18ko datuen egoerara mugatuta. Horregatik, eta amaierako jarraipena soilik biltzen den jardueratan (autoikaskuntzan, bereziki), hainbat ikasleren matrikulak batere ordurik gabe daude, eta agian urratsen bat gainditua eman zaio, mailen egiaztapenean parte hartu ahal izateko.

3.- Adierazleen jarduera-esparruak
Helduen alfabetatze-euskalduntzeko jarduera-eremu bakoitzean euskaltegiak izan dezakeen esku-hartzea maila ezberdinekoa denez, lau multzotan sailkatzen dira adierazle bakoitzeko datuak: autoikaskuntza, talde berezi, ohiko talde eta guztira.
Euskaltegietako datuak kudeatzeko aplikazioan kolektibo jakin bat duten talde guztiak talde berezitzat hartu dira (IVAP, IRALE, enpresa, guraso,…).
Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak izeneko adierazlearen kasuan ez dira bereiztu jarduera-esparru hauek, taula gehiegi ez luzatzearren.

4.- Adierazleen laburpenetarako multzoak
Euskaltegi-zentro bakoitzak bere datuak erkatu ahal izateko bidaltzen zaizuen taula honetan, honako multzotan laburbiltzen da euskaltegi/zentroen jarduera:
- lurraldeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den lurraldea.
- eskualdeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den eskualdea, helduen alfabetatze-euskalduntzean erabiltzen ditugun eskualdeak kontuan izanda. Horien berri datutegian bertan jasotzen da, eta hor ikus daiteke herri bakoitza zein eskualdetan dagoen kokatua. Hala ere bada eskualde bat (99), barnetegietako jarduera guztiak, bai negukoak eta bai udakoak, bereizteko erabili duguna, barnetegietan edozein eskualdetako ikasleak aritu ohi baitira.
- sareak: euskaltegi/zentro bakoitzak badaki zein saretakoa den, eta sare jakin batekoa izan ezean, federatu gabeenean dago txertatua.
- tamaina: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den herriaren biztanle-kopurua adierazten du:

  • 1: <5.000 biztanle
  • 2: 5.000-10.000 biztanle
  • 3: 10.001-25.000 biztanle
  • 4: >25.000 biztanle
  •  0: negu eta udako barnetegietako taldeak

Zer deritzozue? Gure lana baloratzeko eta ebaluatzeko adierazle egokiak dira? Nahikoa dira? Zerbait falta? Zerbait sobran?

Sindikatu edukia