06
Ira
2006

Adierazleak

Oporren aurreko azkenengo mezuan euskaltegien lanaren emaitzaz jardun nuen. Zer lortzen dugun, euskaltegiok normalizazioan zer paper jokatzen ari garen,...
Kasualitatez (karrajuaren boterea ez da handia ba!), iraileko lehenengo aste honetan HABEtik adierazleen zerrenda eta emaitza batzuk bidali dira euskaltegietara. Emaitzak denok edukiko dituzue euskaltegietan, beste baten heldu dakioke horri. Adierazleen zerrendari erreparatu diot oraingoan. Hemen daukazue (publikoa dela pentsatzen dut, beraz ez dut uste hemen jartzeko arazorik egongo denik):

1.- Adierazleak
Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen jarduera aztertzeko, honako adierazle kuantitatiboak hautatu dira:
 a) Talde-ratioa: aurrez-aurreko irakaskuntzan, taldearen iraupen-aldian izan den batezbesteko ikasle kopurua adierazten du. Ikasleei emandako orduen batura /(zati) talde orduen batura eginez lortzen da.
 b) Birmatrikula: datu honek adierazten du ikasturte bateko ikasleetatik zenbatek jarraitzen duen hurrengoan, eta ehunekotan adierazita ematen da. Jarraitze hori hiru aukeratan aztertzen da: edozeinetan, sarean eta euskaltegian.
  a. Edozeinetan: edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  b. Sarean: sare bereko edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  c. Euskaltegian: birmatrikulatze hori euskaltegi berean egin duten ikasleen ehunekoa adierazten du.
 c) Asistentzia: aurrez-aurreko irakaskuntzan adierazten du ikasle bakoitzak eman zaizkion eskoletatik zenbatetan parte hartu duen, hau ere ehunekotan adierazita.
 d) 100 ordu emanda lortu maila: urrats bat lortzeko, batez beste, ikasleei emandako zenbat ordu behar izan den adierazten da hemen. Emandako ikasle-orduen batura /(zati) lortutako urratsen batura eginez lortzen da. Ematen den kopurua absolutua da. Ondorioz, adibide gisara, Bizkaian guztirako laukian 0,56 azaltzen bada, honek adierazten du Bizkaiko euskaltegi eta zentroetan ikasleei emandako 100 orduko, batez beste, urrats baten erdia baino gehixeago gainditu dela, edo, bestela esanda, 178,6 ordu inguru behar izan dira batez beste urrats bat lortzeko.
 e) Ikasleen matrikula-orduen batezbestekoa: ikasleek egin dituzten matrikulen trinkotasuna adierazten du, matrikulen ordu teorikoen batura /(zati) matrikulen batura eginez lortzen da.
 f) Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan eta EGAko deialdi itxietan izandako emaitzen berri ematen da, honako datuak eskainiz:
  a. Euskaltegiko ikasle eta aurkeztu: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan edo EGAkoetan parte hartzeko izena eman dutenen kopurua adierazten da, ikasle bakoitza ikasturte horretan ikasten aritu den euskaltegi/edo zentro guztietan zenbatuz (eta ez azterketa egiteko izena eman zuen euskaltegi/zentroan soilik).Kopuru absolututan ematen da datua.
  b. Euskaltegiko ikasle eta gaindituen %a aurkeztuekiko: aurreko horietatik ehuneko zenbatek gainditu duen adierazten du.
  c. Gaindituen % ikasle guztiekiko: euskaltegi/zentroko ikasle guztiekiko mailaren bat gainditu duten ikasleen ehunekoa adierazten du.

Eranskin gisara eskaintzen dira ikasle-orduak eta talde-orduak, jardueraren, eta lagin bakoitzaren, neurria izateko

2.- Adierazleen denbora-esparrua
Arestian azaldu diren adierazle hauek bi ikasturtetan aztertu dira, eboluzioa ikusteko: 2004-05 ikasturtean eta 2005-06 ikasturtean. Azken honetan neguko jarduerari dagozkionak soilik, eta 2006ko uztailaren 18ko datuen egoerara mugatuta. Horregatik, eta amaierako jarraipena soilik biltzen den jardueratan (autoikaskuntzan, bereziki), hainbat ikasleren matrikulak batere ordurik gabe daude, eta agian urratsen bat gainditua eman zaio, mailen egiaztapenean parte hartu ahal izateko.

3.- Adierazleen jarduera-esparruak
Helduen alfabetatze-euskalduntzeko jarduera-eremu bakoitzean euskaltegiak izan dezakeen esku-hartzea maila ezberdinekoa denez, lau multzotan sailkatzen dira adierazle bakoitzeko datuak: autoikaskuntza, talde berezi, ohiko talde eta guztira.
Euskaltegietako datuak kudeatzeko aplikazioan kolektibo jakin bat duten talde guztiak talde berezitzat hartu dira (IVAP, IRALE, enpresa, guraso,…).
Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak izeneko adierazlearen kasuan ez dira bereiztu jarduera-esparru hauek, taula gehiegi ez luzatzearren.

4.- Adierazleen laburpenetarako multzoak
Euskaltegi-zentro bakoitzak bere datuak erkatu ahal izateko bidaltzen zaizuen taula honetan, honako multzotan laburbiltzen da euskaltegi/zentroen jarduera:
- lurraldeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den lurraldea.
- eskualdeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den eskualdea, helduen alfabetatze-euskalduntzean erabiltzen ditugun eskualdeak kontuan izanda. Horien berri datutegian bertan jasotzen da, eta hor ikus daiteke herri bakoitza zein eskualdetan dagoen kokatua. Hala ere bada eskualde bat (99), barnetegietako jarduera guztiak, bai negukoak eta bai udakoak, bereizteko erabili duguna, barnetegietan edozein eskualdetako ikasleak aritu ohi baitira.
- sareak: euskaltegi/zentro bakoitzak badaki zein saretakoa den, eta sare jakin batekoa izan ezean, federatu gabeenean dago txertatua.
- tamaina: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den herriaren biztanle-kopurua adierazten du:

  • 1: <5.000 biztanle
  • 2: 5.000-10.000 biztanle
  • 3: 10.001-25.000 biztanle
  • 4: >25.000 biztanle
  •  0: negu eta udako barnetegietako taldeak

Zer deritzozue? Gure lana baloratzeko eta ebaluatzeko adierazle egokiak dira? Nahikoa dira? Zerbait falta? Zerbait sobran?

Adierazleak adierazkor?

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2006, Iraila 6 - 20:50-(e)an bidalia.

Ez naiz ni izango datu kuantitaboek ez dutela fitsik balio esango duena, ezta gutxiagorik ere! Baina duten garrantzia aitortuta, datu kualitatiboen garrantzia ere aipatu nahi nuke. Gogoan daukat behinola egunkarian irakurri nuena: saskibaloian estatistikak eta zenbakiek duten garrantziaz ari zen artikulua eta Michael Jordan aipatzen zuen kazetariak. Kexu zen. Haren jokaldi ederrak algebra-formula bihurtzen zituztela zioen, Jordanen argia zenbakiekin itzaltzen zutelakoan. Ez gara ez Jordan, eta saskibaloian ere apenas dakigun, baina administrazioen ajea eta saskibaloiko kazetariena antzekoa izaten da, zenbakiak aldarean jartzera jotzen dute. Beste muturrera egin gabe tentuz jokatu behar dugu ebaluazio kuantitatiboarekin eta beroni kualitatiboa, subjektiboa (objektiboa bezain garrantzitsua) gehitu.

Bestetik, datu batzuk falta dira bidenabar: satisfakzio-maila, tituluetan (edo jasotako titulu zehatz horietan, behinik behin)islatzen ez diren helburuen lorpen maila, Bogara konexio denborak (autoikaskuntzaren kasuan)...

Galderei erantzun eta erantzun nabilenez, zilegi bekit niri ere galderatxo bat luzatzea:
adierazle horietan agertzen diren datuak (asistentziarena, kasu) erabat fidagarriak al dira?

Itzalak aipatzen primerakoa naiz, baina itzalak itzal edozein aitzakia da ona arnasa pixka bat hartu eta norberaren jardunari eta euskaltegiaren ibilbideari erreparatzeko. Datu hauek interpretazioa eta hausnarketa bultzatzen badute, ongi etorriak izan bitez.

Estatistika eta zenbakiak aipatzen direla eta, bi ipuintxo etorri zaizkit gogora. Bata HABEko ezagun batek kontatzen du (estatistika erlatibizatze aldera).Hona: hiru gezilari ei ziren ituaren erdi-erdian nork joko. Lehenengoak metro bat gora bota omen zuen gezia, bigarrenak metro bat behera, eta hirugarrenak (estatistika zalea bera) uko egin ei zion jaurtitzeari, hiruren arteko estatistika eginez gero berak bete betean jo zuela argi zegoelakoan.
Bigarren ipuinean arkularia geziak ilargiari jaurtika ageri zaigu, ilargia ehizatu nahian. Herritar guztiek barre egiten zioten, zorotzat jo. Agi danez, gure gezilariak ez zuen inoiz ilargia botako baina munduko arkularirik onena bihurtu omen zen.
Erantzunen bat eta bi alegia, gaurkoz nahikoa delakoan nago. Burokraziatik ezer onik aterako ahal dugu!

Zer lortu behar da?

Benito-(e)k 2006, Iraila 7 - 00:23-(e)an bidalia.

Hortixik egingo nuke interpretazioa. Helduen euskalduntzeak zer lortu nahi du? Eta berori lortzen ari garela zerk diosku?

Galderari autoerantzuten saiatuz, sinple-sinple esango nuke Euskal Herriko populazio erdaldunak edo sasi euskaldunak euskara erabiltzeko kapaz izatea dugula helburu. Adierazle horietatik zeinek erantzuten dio galdera horri? Birmatrikula eta asistentzia oso zeharkakoak nire ustez. Efizientzia neurtzeko adierazleak izan daitezke, baina emaitzarik ez dute islatzen.

100 orduan lortutako maila eta mailen egiaztapenaren emaitzak izan daitezke adieragarriago alde horretatik. Edonola ere,  ebaluazio bideen inguruan zalantza asko dabiltza, bai euskaltegietako mailakatzearekin (mailak eta urratsak), bai egiaztatze proben inguruan (azterketak). Ez nieke hala ere balio guztia inondik ere ukatuko.

Nire ustez bi motako adierazleak falta dira. Adierazle mota baino hobeto, informazio iturriak esango nuke. Bateko ikasleak berak eman dezakeen informazioa: satisfakzioa, ikastearen inguruko pertzepzioa, ikasitakoaren balioa,... Besteko, euskaltegiok inguru sozialean daukagun eraginarekin lotutakoa: hiztun kopuruetan eragina, hizkuntz ohituretan, ...

Badakit kasu hauetan askok zer esango luketen, "Hori ezin da neurtu". Ez dut sinesten. Gaur egungo soziologiak eta marketing-ak horiek baino gauza konplexuagoak eta subjektiboagoak aztertzeko tresnak eta metodoak garatu dituzte, merkatu ikerketetan egiten dena adibidez.

Azken baten, arazoa beste nonbait dagoela uste dut. Gaur egun euskaltegien errendimendu ekonomiaz gehiago arduratzen dira bai administrazioa bai euskaltegiak eurek. Dirutza dabil hemen eta halako kostoen optimizaziora gehiago jotzen da sarritan, eta ez hainbeste euskaltegiek bete behar duten funtzioa aztertzera eta berau optimizatzera.

Ez naiz kexatuko hala ere, adierazle batzuk edukitzea aurrerapausoa dela uste dut eta. Hemendik aurrera adierazle horien garapena gure betekizunaren gaineko hausnarketarekin batera egiteko pauso gehiago ematen badira ez da kalterako izango, bestela, edozein negozio montatzen amaituko dugu.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia