11
Ira
2006

Formazio eskaintza negurako

Euskaltegietako irakasleen etengabeko prestakuntzarako ikastaroak udazken, negu eta udaberrian | [HABE-Ikasbil]

HABEtik formazio eskaintza berria etorri zaigu derrepentean. Ikasturtean zehar egiteko on-line ikastaroak. Bi lehendik ere eginda daude.: Entzumena lantzen eta Irakurmena lantzen. Eta ikastaro berria: Internet didaktizatzen: blogosfera euskararen ikas-irakaskuntzan.
Ez dakit matrikula data hauetan jendea zelan ibiliko den. Urria hasi orduko izena eman eta matrikula eginda eduki behar da. Iraila (h barik) hil tontoa izaten da, eta asko oraindino oporretan edo euskaltegi askotako plantilak finkatu barik ere egongo dira.

Agurne Azpitarte eta Natxo Gillen teknikariak izango dira blogosferaren ikastaroaren arduradunak. Interneten aplikazioaren inguruan ibili dira lanean azkenotan dirudienez. Hizpiden artikulu pare bat argitaratu ere egin dituzte.

Ikastaro hauek guztiak on-line egingo dira. Badirudi era berean HABEk lehengo plataforma (Kanpusa) prestakuntzarako alde batera utziko duela eta Moodle-en aldeko apustua egin duela. Webgunea ere aldatu egin dute. Eusko Jaurlaritzaren web guztien diseinuaren barruan sartu dira.

Ez da albiste txarra. Hasieratik gabiltza hemendik euskaltegien inguruko blogosferari jarraipentxoa egiten. Lehenego euskaltegi-blogak eta gero ikasle-blogak. Ikastaroaren programan zerrenda atondu dute. Den-denak ez daude, azkenengo batzuk faltan topatu ditut (bide batez, erdarakadekin arduratuta ibiltzen zaretenok irakurri hau).

Falta diren horien artean ikasle-blogak deitu genituen horiek daude: Itsaspepinoak edo Erandioko Udal euskaltegikoena adibidez. Eta irakasleon blogen artean plisti-plasta ez digute aipatu (Inperioaren kontraerasoa ote?). Ez da erraza denak kontrolatzen hala ere eta hemen daukazue gure zerrenda.

Gure mundu honetan ez dakit blogosfera, internet eta teknologia berriekin norainoko jakinmina eta interesa dabilen. Urrutiko kanpaiak entzun eta ezagutu nahia izan daiteke, gauza berriak plazaratzeko gogoa, modaren tiradizoa,...

Blog didaktikoen eta on-line irakaskuntzaren mundua dudetan dabilela dirudi. Bidea urratu guran, baina iparra ondo markatu gabe oraindino. Etengabeko esperimentazioa (beta jarraia?), proba-errakuntza metodoan bigarrenetik asko, baina aurrera egiteko gogoa itzela.

Tira ba, zortea ikastaroa eman-egin behar duzuenoi, eta nahi duzuen eta ahal dugunerako badakizue non gauden.

Ea technorati, del.icio.us eta halakoetan euskaltegiak jarioa animatzen den.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia